Trump, Irani buruz: «Komeni zaie akordioa egin nahi izatea;…
«Oso ondo» joan da Iranen eta Ameriketako Estatu Batuen arteko lehen bilera, Donald Trump presidentearen hitzetan. Ekialde Hurbileko herrialde horren programa nuklearraz aritzeko elkartu ziren atzo bi delegazioak, Omanen, iazko negoziazio sorta bertan behera geratu zenetik lehendabizikoz. Datorren astearen hasieran hitz egiten segitzekoak dira, Trumpek atzo kazetariei jakinarazi zienez: «Akordioa egin nahi dute, komeni zaie akordioa egin nahi izatea. Bestela, badakite zeintzuk izango diren ondorioak. Akordiorik gabe, aldapan gora egin beharko dute bidea». Horren adibide da bart sinatu duen agindu exekutiboa, Iranen eta harekin tratuak egiten dituzten beste herrialdeen aurka egiteko. Agindu horren arabera, AEBek %25eko muga zerga bat ezarriko die Iranekin tratuak egiten dituzten herrialdeei. Trumpek argudiatu du Iran mehatxu bat dela AEBen segurtasunarentzat. Etxe Zuriak eman du aginduaren berri, ohar bidez; AEBetako Merkataritza idazkariak zehaztuko du zeintzuk diren Iranekin tratuak egiten dituzten herrialdeak, eta Marco Rubio Estatu idazkariak emango du muga zergak ezartzeko agindua. Horiek kentzeko baldintza ere zehaztu du: Iranek eta harekin tratuak egiten dituzten herrialdeek AEBekin bat egitea «segurtasun nazionaleko, atzerri politikako eta ekonomiako kontuetan». «Presidenteak kontuak eskatu dizkio Irani: gaitasun nuklearra nahi izateagatik, terrorismoa babesteagatik, misil balistikoak garatzeagatik eta eskualdea desorekatuta Amerikaren segurtasuna, aliatuak eta interesak arriskuan jartzeagatik», diote oharrean. Hain zuzen ere, auzi horiexek eztabaidatu nahi ditu Washingtonek: Teheranen programa nuklearra, misilen programa, eta Ekialde Hurbilean duen eragina, babes ekonomikoa eta militarra ematen baitie eskualdeko hainbat miliziari. Abbas Araghtxi Atzerri ministroa da Irango delegazioko burua, eta Steve Witkoff AEBen Ekialde Hurbilerako mandatariarekin eta Jared Kushner Trump presidentearen suhiarekin bildu zen atzo, zeharka bazen ere. Araghtxik klaru utzi du, beste behin, «inoiz ere» ez dutela hitz egingo misilen programaz: «Defentsa kontua besterik ez da guretzat, eta ezin da negoziatu. Ez orain, ezta gero ere», esan du gaur Al-Jazeera hedabideak Dohan egin duen foro batean. «Dena den, prest gaude uranio aberastuaren maila jaisteko», erantsi du ministroak. Irani proposatutako bide orriaren arabera, ezingo luke uranioa aberastu hiru urtez, eta, ondoren, maila apalean egin ahalko luke hori, %1,5eraino, hain zuzen —2015ean adostutako akordioak %3,67ko muga ezarri zion—. Araghtxik ez du kopururik aipatu, baina esan du ez dutela onartuko «%0» izatea: «Aberasteko gaitasuna gure beharren araberakoa izango da, eta uranio aberastu hori ez da Irandik aterako». Teheranek %60 aberastutako 400 kilogramo uranio baino gehiago dauzka gordeta, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak iaz kaleratutako txosten baten arabera. AEBek beste herrialde batera lekualdatu nahi dute erreserba hori; Iranek, ordea, uko egin dio aukera horri. Bake Batzordea otsailaren 19an bilduko da Bake Batzordea estreinakoz bilduko da datorren otsailaren 19an, Washingtonen, Axios AEBetako hedabideak kaleratu duenez. Gazarako trantsiziozko gobernua gainbegiratzeaz arduratuko da nazioarteko organo hori; Donald Trump AEBetako presidenteak zuzenduko du, eta, besteak beste, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa izango da hartako kide. Hain zuzen, Trump eta Netanyahu Etxe Zurian biltzekoak dira datorren astean, Irani buruz hitz egiteko, Israelgo lehen ministroaren bulegoak jakinarazi duenez.