AEBek indarrean jarri dute Irango portuen blokeoa
Bi asterako su etena ezarri ondoren, AEBak eta Iran aurrez aurre eseri ziren joan den larunbatean. Elkarrizketak, ordea, hutsean amaitu ziren, eta Ormuzko itsasartea ixteko agindua eman zuen atzo Donald Trump AEBetako presidenteak. Zehazki, helmuga edo irteera Irango portuetan duten ontziak blokeatzeko agindua eman du, eta gaur bertan sartu da indarrean, Euskal Herrian 16:00ak zirenean. Segidan, beste behin Trumpek mehatxu egin dio Teherani, eta ohartarazi berak ezarritako blokeoa geldiarazten saiatzen diren itsasontziak «desagerrarazi» egingo dituela. Erabakiak ezegonkortasuna eragin du mundu osoko merkatuetan, eta ezinegona munduko gobernu askotan. Agindua indarrean sartu eta 23 minutura, Irango itsas armada «itsasoaren hondoan» dagoela idatzi du Trumpek, Truth Social bere sare sozialean. Eta abisua bidali dio Teherani: «Oraingoz ez ditugu jo haien hitzetan eraso azkarreko ontziak diren horiek, ez baititugu mehatxutzat. Halere, guk ezarritako blokeora hurbiltzen badira desagerrarazi egingo ditugu». Neurri honekin Trumpek esan du Irani eragotzi nahi diola nazioarteari «xantaia» egin ahal izatea. Blokeoa indarrean sartu ostean emandako prentsaurreko batean adierazi du Teheran ez dela petrolioarekin negoziorik egiten ari, eta akordio bat lortu nahi duela. Hori bai, oroitarazi du iragan astean onartutako meniak indarrean segitzen duela. Iranentzat tresna estrategikoa izan da itsasartea gatazkaren hasieratik. Izan ere, bertatik igarotzen da mundu osoko petrolio ekoizpenaren %20, eta hura itxi izanak nabarmen garestitu ditu erregaiaren prezioak, baita inflazioaren beldurra haizatu ere. Hori izan da, neurri handi batean, Etxe Zuria negoziazio mahaian eserarazi duena, baita lehen elkarrizketetako gai nagusia ere. Larunbatean hasitako negoziazioek 21 ordu iraun zuten, baina ez zuten esperotako emaitzarik eman. Ondorioz, Trumpek sare sozialetan iragarri zuen atzo armadari agindu ziola itsasartera sartu edo bertatik irten asmo duen ontzi oro geldiarazteko. Noski, erabakiarekin «erabat ados» agertu da gaur Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, eta erran du Trumpek «egin behar zuena» egin duela. Trumpen agindua ez da itsasartera mugatzen. AEBetako estatuburuak iragarri du Iranekin pasabidea adostu eta nazioarteko uretara irten diren ontziak ere geldiaraziko dituztela. «Pasabidea legez kanpo ordaindu dutenak ez dira seguru izango itsas zabalean». Horrez gain, Ormuzen jarritako minak ere suntsituko dituztela iragarri du Etxe Zuriak. Trumpen asmoak ikusita, Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du itsasartera edozein ontzi militar sartzea su etena urratzea izanen dela, eta «erantzun irmoa» emanen duela bueltan. Are, azaldu du «etsaien ontziek» ez dutela eskubiderik Ormuzko itsasartea zeharkatzeko. Irango Parlamentuko presidente Mohamed Baqer Qalibafek ere ez du beldurrik erakutsi Trumpen mehatxuen aitzinean. Aitzitik, sinistuta dago haren erabakiek ez dutela «inongo eraginik» izanen Iranen. «Estatu Batuek berriz ere proban jartzen bagaituzte, are lezio handiagoa emango diegu. Laster sentituko duzue gasolinaren nostalgia, 4 edo 5 dolarretan jartzen denean». Eta ez dirudi berandu izanen denik, dagoeneko hasi baita berriro petrolioaren prezioa igotzen: Europako findegien erreferentziazko Brent upela %3 garestitu da eta 98 dolarreraino heldu. 22.000 Ormuzen itxierak zenbat milioi euroko gainkostua eragin duen erregai fosiletan. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak salatu du Ormuz itxita mantentzeak 22.000 milioi euroko gainkostua eragin duela erregai fosiletan, eta «ondorio oso-oso larriak» jasaten ari dela Europa. AEBetako presidentearen iragarpenaren ostean, atzo, armadak berak azaldu zuen blokeoa Irango itsasontzientzat izango dela, eta pasabidea libre izango dutela AEBek Golkoan dituzten aliatuen itsasontziek edo haien portuetara doazenek. Bada, blokeoa indarrean sartu baino ordu batzuk lehenago ohar bat bidali du AEBetako armadak, eta erran du «edozein ontziri» itxiko zaiola pasabidea, «daraman bandera daramala ere». Berehala iritsi dira nazioarteko erreakzioak, eta Trumpek hartutako erabakiaren kontra egin dute horietako anitzek. Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak, kasurako, argitu du ez dutela itsasartearen blokeoa babestuko: «Itsasartea ixteak esan nahi du petrolioa eta gasa ez direla merkatura iritsiko, prezioak igoko direla, eta jendeak energia faktura altuagoei egin beharko diela aurre. Nik ez dut hori gertatzerik nahi; gastuak jaistea nahi dut». Erruaren zati handi bat, baina, Iranen gain utzi du, argudiatuta hura izan zela lehena Ormuzko itsasartea ixten: «Iran da itsasarteko trafikoari eta ontziei murrizketak eragin dizkiena eta nazioarteko zuzenbidea urratzen ari dena». Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere nabigazio librea exijitu du Ormuzko itsasarterako. Europako Batasuneko herrialdeen zorrak mugatzen dituzten arauen gainean ere solastatu da, eta esplikatu du oraindik ez direla «baldintzak» betetzen arau horiek bertan beheiti uzteko. Eta honakoa gaineratu du: «Ekialde Hurbilean ez da bakerik egongo Libanok sutan jarraitzen duen bitartean». Puntu gatazkatsua Teheranek balizko akordio baterako aurkeztutako hamar puntuko dokumentuko eskakizun nagusietako bat zera da, hain zuzen ere, Ormuzko itsasartearen erabateko kontrola bereganatzea. Iranek iradoki ere egin du itsasartea baliatzen duten ontziek ordaindu egin beharko dutela pasabidea. Nazioartearentzat «nabigatzeko askatasuna urratzea» litzateke halako zerga bat ezartzea. Trumpek berak behin baino gehiagotan esan du itsasartea zabaltzea ez dela bere ardura, baina nazioarteko agintariek berari egozten diote Iranek hura itxi izanaren ardura, Teheranen aurka hasitako gerraren ostean blokeatu baitzuen itsasartea Iranek, eta iragarri baitu ez duela irekiko Israelek Libanoren aurkako erasoaldia amaitu ezean. Hainbat herritar gaur Beiruten, Israelen erasoek suntsitutako eraikin batzuen aurrean. WAEL HAMZEH / EFE Alde horretatik, bilera garrantzitsua egingo dute bihar Washingtonen Israelek eta Libanok AEBetan dituzten enbaxadoreek, «su etena lortzeko bide bat eztabaidatzeko». Hala adierazi du Ghassan Salame Libanoko Kultura ministroak: «Jarduera militarrean etenaldi bat eragin behar dugu, eta hori prestatzeko bilduko gara bihar». Hain zuzen ere, Irango eta Libanoko gatazkak elkarrengandik bereizi nahi ditu Libanok, eta Atzerri ministroak erran du horrexegatik hasiko dela Israelekin «zuzenean» negoziatzen —bihar dute bilera—. Joseph Aoun Libanoko presidentearen esanetan, «konponbide jasangarri bat» lortzeko aukera dago negoziazioetan, baina Israeli ohartarazi dio bi aldeek eman behar dutela amore zerbaitetan. «Israelek jaramon egin behar die Libanon, herrialde arabiarretan eta nazioartean egin dizkioten eskariei, eta erasoak gelditu behar ditu eta negoziatzen hasi, adierazi du Aounek berri agentzietara bidalitako ohar batean. Baina oraingoz behintzat, Libanoko lurrak ez dira baretu. Libanoko albiste agentzia nazionalak erran du goizean goiz Israelgo armadak erasoak egin dituela herrialdearen hegoaldean, eta gutxienez bortz pertsona hil dituela. «Libanon ez zegoen su etenik», adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Hezbollah talde xiitak, jarraian, drone bidez eraso die Israelgo soldaduei, eta argitu du hark ere Israelen eta AEBen erasoak amaitu arte jarraituko duela erantzuten. Bide batez, Israelgo berri agentzia batek iturri ofizialak aipatuz erran duenez, «egun gutxi barru» eskuratuko du Israelek Libano hegoaldeko Bint Jbeil hiriaren kontrol osoa. Israelgo armadaren arabera, Hezbollah taldeko «ehunka terrorista» hil dituzte hiri horretan.