Gizon bat atxilotu dute Basaurin, bikotekidea indarrez hiltzea egotzita
Emakume bat hil zen pasa den asteazkenean Basaurin (Bizkaia), eta gaur haren bikotekidea zena atxilotu dute. Atxilotua gizonezko bat da, 45 urte ditu, eta indarkeriazko hilketa egotzi diote. Ertzaintzak ohar batean jakinarazi du, gaur. 2003az geroztik 135 andre eta hamahiru haur hil dituzte gizonek. Biktimak 44 urte zituen. Asteazkenean, ondoezik zegoela eta, larrialdi zerbitzuak deitu zituzten bere etxera joateko. Haiek ezin izan zuten ezer egin, eta bertan zendu zen emakumea. Geuria Basauriko hedabideak jakitera eman duenez, biktima eta atxilotua San Migel auzoan bizi ziren. Gorpuari egindako azterketen ondorioz, ertzainek ikusi zuten indarkeriazko hilketa bat izan zela. Hortaz, gaur goizean atxilotu dute gizona, giza hilketa leporatuta. Europa Press berri agentziak baieztatu du, Ertzaintzarekin hitz eginda, atxilotutako gizonak aurrekariak zituela genero indarkeriagatik, baina ez dute zehaztu hildako emakumeak jarritako salaketarik ba ote zen lehenagotik. Basauriko Udalak, berriz, baieztatu egin du gizonak bikote harreman horren barruan zituela «genero indarkeriari buruzko aurrekariak»; are gehiago, Polizia kasuaren jarraipen bat egiten ari zela zehaztu du. Erantzuteko deiak Basauriko Asanblada Feministak eta Emakumeok Bat Koorinakundeak elkarretaratze bat antolatu dute, gaurko, hilketa gaitzesteko. 18:30ean elkartu dira, Azaroak 25 plazan. Indarkeria matxistari aurre egin nahi bazaio, gaitzespen orokorrak ez direla aski ohartarazi dute, baliabideak behar direla: «Ez ditugu isiltasun minutu hutsak nahi, baliabideak nahi ditugu, koordinazioa, formazioa, etxebizitzak, arreta duina, eta erantzun feminista. Ez da aski gaitzestea, ekin behar da, prebenitzeko, babesteko eta baliabide guztiak jartzeko emakumeen bizitzen eta askatasunaren alde». Udaleko Bozeramaile Batzordeak premiazko bilera egin du, eta deitoratu egin du hilketa. Asier Iragorri alkateak adierazi du «ausardiaz» jokatzeko ordua dela, indarkeria matxista amaitzeko. Udalak eta Berdintasun Kontseiluak beste elkarretaratze batera deitu du; bihar larunbata izango da, 12:00etan, Azaroak 25 plazan. Udaleko talde politikoek adierazpen bat onartu dute, eta ohartarazi dute azken aldian «gero eta maizago» aditzen direla indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak, eta zehaztu dute, horren aurrean, instituzioek eta gizarteak elkarlanean aritu behar dutela, «jokabide horiek normalizatzeko edozein modu» eragozteko. «Erabat jasanezina eta oso kezkagarria da, egunez egun, eraso edo hilketa matxisten berri izatea», adierazi dute udaleko bozeramaileek: «Ezin dugu indarkeria hori normalizatu, eta, esparru guztietatik, erabakitasunez jokatu behar dugu indarkeria desagerrarazteko eta legearen pisu guztia erasotzailearen gain gera dadin». Instituzio publiko, alderdi eta ordezkari publikoek hilketa deitoratu dute, orobat. Emakundek indarkeria matxistaren kontrako prokoloa aktibatu du; hilketa gaitzetsi, eta elkartasuna adierazi die biktimaren senide eta lagunei. Hala egin du Bizkaiko Foru Aldundiak ere: «erabat» gaitzetsi du eraso matxista, eta senideei doluminak eman, eta «arreta eta laguntza zerbitzu guztiak» eskaini dizkie. Eudelek ere gaitzetsi du hilketa, eta iritzi dio halakoek emakumeen kontrako indarkeriaren arazoaren zati bat besterik ez dutela azaleratzen, eta oinarrizko arazoa dela emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna. Bizkaiko Batzar Nagusiak ados daude Eudelek esandakoarekin, bidalitako oharraren arabera, eta udalaren elkarretaratzean parte hartzera deitu dute.