Aurten ere hazkundeari eutsiko diote Gaia klusterreko enpresek
Enpresa horien jardueraren balio erantsi handiak ahalbidetzen du fakturazioaren %42 nazioarteko merkatuetatik etortzea. Hain zuzen, % 5,8 igo da atzerritik iristen den ekarpena, eta aurten beste %6 igoko dela uste dute; datu hori ontzat jo zuen klusterrak merkatuen «ziurgabetasuna» dela eta. Gaiako enpresek 20.030 langile enplegatzen dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko ekitaldian baino % 3,9 gehiago. Enpleguaren hazkundeko ondoz ondoko laugarren urtea izan da, era berean; 754 pertsona gehiago kontratatu dituzte. Hala ere, «soslai profesionalen eskasia kezkagarria» dela uste du klusterrak; aurreko urteetako oharra errepikatu du. «Enpresek ezin dituzte bete beren behar guztiak profesionalen kontratazioei dagokienez».
Gaur, Batzar Nagusia
Atzo 2018ko emaitzak eta 2019ko aurreikuspenak jakinarazi ondoren, gaur Batzar Nagusia egingo du Gaiak Orona Ideon, Hernanin (Gipuzkoa). Sektorekoak berretsi du sasoiko dagoela, eta olatu horrekin batera lehiakortasuna sendotzeko deia egin zuten Gaiako arduradunek. Jose Etxezarraga presidenteak esan zuen klusterreko industriak «funtsezkoak» direla «Euskadiko lehiakortasun ekosisteman».
Etxezarragak azaldu zuen Gaiako enpresak izan direla lehenak teknologia esponentzialak ezartzen. Adimen artifiziala, zibersegurtasuna, Big Data, interoperatibotasuna eta abar «oinarrizkoak dira ekonomia berrirako». Eraldaketa digitalak mundu osoan hazkunde ardatz berriak sortzeko aukera eman duela erantsi zuen; «Euskadi horien artean kokatzeko apustua egin dezake eragile pribatuek eta publikoek elkarrekin egindako lanari esker». Etxezarragak uste du «geroa eraikitzeko ezagutza eta teknologiak» lantzen dituela sektoreak, eta aparteko lehiakortasuna ekar dezaketela; «balio hori eskaintzen diegu enpresa eta instituzioei. Sektorea prest dago, baita herrialdea ere».



