Lezoko lan istripua «ez da kasualitatea izan» gehiengo sindikalarentzat
2017. urtean, 54 behargin ziren lan istripuz, LAB sindikatuak egiten duen kontakizunaren arabera. 2018. urtean, 68ra igo zen kopuru beltz hori. Ez du ematen 2019. urtean zenbaki hori gaindituko denik: urteko lehen zortzi hilabeteetan 31 dira beharrean hildakoak, modu traumatikoan edo bestela.
LABeko Oarso-Bidasoko arduradun Kristina Geteren arabera, «lan heriotzen sarraskia bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira»; sindikatu abertzaleko kideak garbi esan zuen bizia irabazien aurretik dagoela: «Eredu berri bat gauzatu behar dugu, enpresen irabazi ekonomikoaren aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena». Getek gaineratu zuen Ipintzako industriagunean gertatutako lan istripua zorrotz ikertu behar dela, eta langileei esan zien «lan baldintza duin batzuen alde» borrokatzen jarraitzeko, «lanetik etxera salbu iristeko eskubidea dutelako».
ELA sindikatuak, berriz, esan zuen lan istripuetan islatzen dela patronalaren «diruzalekeria» eta erakunde publikoen «gogorik eza». Sindikatuak dio enpresek, oro har, produktubitateari ematen diotela lehentasuna, eta ez langileen segurtasunari. «Horrek azpikontratazioa ekartzen du».
CCOO sindikatuak ere protesta egin zuen Lezoko lan istripua dela eta, baina bere aldetik. Ipintzako industrialdean aritu zen hori ere, enpresei exijitzeko «beharrezkoak diren neurriak hartzeko, lan istripuak geldi daitezen». CCOOk esan zuen «obra edo zerbitzuen azpikontratazioa» azaltzen dela azken lan istripu hilgarrian, eta ezinbestekoa dela enpresen arteko koordinazioa prebentzio neurriak har daitezen.




