Etxeko langileentzako itun kolektiboa sortzeko eskatu du LABek
Etxeko langileen %30 inguruk ezkutuko ekonomian lan egiten dute Euskal Herrian. Langile zaurgarriagoak dira, «eta legea ez betetzeko arriskuak zabaltzen dira kasu horietan», LABen arabera. «Bizitza sostengatzen duen oinarrizko lan bati buruz ari gara: etxeko lanez eta zaintza lanez. Elkar zaintzeko beharra dugula eta izango dugula onartzen dugunean, lan horiei dagokien balioa eta lekua ematea ezinbestekoa da. Baina, oraingoz, etxeko langileak ikusezin, zapaldurik eta eskubiderik gabe daude».
Sindikatuetatik kanpo
Antolaketarako zailtasunak dituen sektore bat da etxeko langileena, bakarrik lan egiten dutelako, bakoitzak etxe batean, eta nork bere enplegatzailearentzat. «Baina etxeko langileak historikoki antolaturik egon dira, nahiz eta ez sindikatuetan», LABek dioenez. «Sindikatuak ez gara izan etxeko langileak antolatzeko tresna orain arte, eta orain zor historiko hori gainditzeko helburua daukagu». Hala, LAB lanean ari da «eredu sindikal tradizionala gainditzeko» eta etxeko langileek sindikalismoa beren tresna gisa ulertzeko. «Sindikatuaren egitura aldatzen ari gara etxeko langileak bertan txertatzeko, helburu argi batekin: beren lan eta bizi baldintzak hobetzea».


