Bexen Medicalek 20 milioi maskara egingo ditu hilero Etxebarriko…
Horiek horrela, hilero hamar milioi maskara egiten ari da Hernaniko (Gipuzkoa) Oiarso kooperatibaren adarra Etxebarrin, Cikautxo kooperatibak utzitako instalazio egokietan, eta Mondragon Assemblyk konfinamendu asteetan Txinan diseinatu eta egindako hiru ekoizpen makinari esker. Hain zuzen, herenegun iritsi ziren beste hiru makina, eta Assemblyko langileak martxan jartzen ari dira haiek ere. Ondorioz, hamar milioi ez, baina hogei milioi izango dira Bexenek hilero ekoitziko dituen maskarak aste gutxi barru, kirurgia arlokoak, 2R motakoak; babes handienekoak dira kirurgia atalekoen barruan.
Epe luzeko proiektua
Espainiako Gobernua, Osakidetza eta Europako hainbat herrialdetako ospitaleak izango ditu bezero gisa aurrerantzean. COVID-19aren aurkako txertoa aurkitzen ez den bitartean, argi dago eskaera handia izango duela Bexenek; baina gerora ere eskaera handia egongo dela uste du Carlos Arsuaga zuzendariak. Alegia, ez da ireki eta ixteko proiektu bat, epe luzekoa baizik; «beste 42 urte segitzeko asmoa daukagu», esan zuen, Hernaniko enpresa orain 42 urte sortu baitzen.
Bexen Medicalek koronabirusaren krisiak sortutako aukerak bere alde jartzen asmatu du, baina salbuespena da euskal industriaren barruan, «enpresak eta pertsonak» asko sufritzen ari baitira, Tapia sailburuak onartu zuenez. «Ez da bakarrik gogotsu ibiltzeko momentua, gaitasunez eta eraginkortasun guztiarekin aritzekoa baizik», esan zuen, Mondragonek jakintza hori duela garbi utzita. EAEko industria ekoizpena %39 jaitsi dela jakin da asteon, «datu tristea, izugarria», Tapiaren arabera, eta, horregatik, elkarlan publiko eta pribatuan sakontzeko garaia dela uste du: «Formula ezagutzen dugu; aurretik ere egin dugu, eta berriro egingo dugu; industria da gure ekonomiaren oinarria, eta horrela izaten jarraitu behar du».
Tapiak alderaketa bat egin zuen euskal ekonomiaren krisi latzetik eta zulotik ateratzeko bideak zein behar duen adierazteko. Aldapa gogorrak iristean mendizaleek isildu eta hortzak estutzen dituztela esplikatu zuen, euskal enpresetan ere hortzak estutzeko momentua dela aditzera emanez.


