Adegik “larrialdi industrialaz” ohartarazi du eta eragile politikoei lehiakortasuna bultzatzeko eskatu die. Industria enpresen eskaera zorroa ahul mantentzen da eta sektore horretan enplegu sorrera gelditu egin da, Gipzukoako enpresa elkartearen arabera.
Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak azaldu duenez Ministroen Kontseiluari helarazi dio erabakia hartzeko eskumena “interes orokorreko arrazoiak” medio. Gobernuak hilabeteko epea izango du erabakiren bat hartzeko.
Kaosa nagusitu da Rafahn (Gaza), laguntza humanitarioa banatzeko gune batera milaka palestinar oldean sartu, eta Israelgo soldaduek tiro egin ostean. Nazioarteko hedabideen arabera, palestinarrek hesiak hautsi dituzte, eta pilaketak izan dira. Horiek sakabanatzeko, Israelgo soldaduek tiro egin dute; armadaren arabera, «ohartarazpen tiroak» izan dira. Eta laguntzaren bila joan direnak korrika irten dira. Gutxienez hiru pertsona zauritu dira, AP Associated Press AEBetako berri agentziaren arabera. Atzo hasi zen zerrendan laguntza humanitarioa banatzen Gaza Humanitarian Foundation (Gazako Fundazio Humanitarioa) erakundea. Israelek martxoaren 2tik galarazia zuen laguntza humanitarioa sartzea, eta, horren aurretik, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpoko erakundeek banatzen zuten laguntza humanitarioa Gazan. Aurreko astelehenean, Tel Avivek bertan behera utzi zuen blokeoa, baina Gaza Humanitarian Foundationen esku utzi zuen laguntza banatzeko ardura. Erakunde horrek Israelen eta AEB Ameriketako Estatu Batuen babesa du, eta AEBetako militar ohiek eta segurtasun enpresa pribatuek osatzen dute. Hiru hilabeteko blokeoak are eta gehiago larriagotu du gosetea Gazan. Laguntza humanitarioa banatzen hasi berritan, milaka herritar joan dira banaketa guneetara. Gaza Humanitarian Foundationek bi gune ezarri ditu, eta, ohar batean adierazi duenez, horietako bat itxi egin behar izan dute jende gehiegi joan delako. Halere, erakundeak esan du berriz ere hasi direla laguntza ematen, eta guztira 462.000 otordu banatu dituztela. Israelgo armadak esan duenez, «kontrola berrezarri» dute pilaketak izan diren gunean. NBErentzat ez da egokia Gaza Humanitarian Foundation erakundea arduratzea laguntza humanitarioa banatzeaz. Stephane Dujarric NBEko idazkari nagusiaren bozeramaileak gaur salatu du erakunde horrek ez dituela betetzen «independentzia eta inpartzialtasun printzipioak», eta, horrez gain, gaurko gertakariak gaitzetsi ditu: «Ikusitako irudiak lazgarriak dira». Bestalde, Gazako Gobernuak —Hamasen menpe dago— ohar batean gezurtatu du Hamaseko kideek laguntza humanitarioaren banaketa oztopatu izana. Izan ere, Gaza Humanitarian Foundationen beste ohar batean, talde islamistari egotzi dio banaketa blokeatzea. Gazako Gobernuaren arabera, erakunde horren kudeaketa txarraren ondorio izan da kaosa.
Aste hasiera beltza izan da Euskal Herrian, lehenengo bi egunetan hiru langile hil baitira. Azkenengoa gaur, Amurrion, Araban, Tubos Reunidos enpresan. Horren ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du astelehenean beste bat hil zela, Atxondon (Bizkaia), abiadura handiko trenaren lanetan ari zela. Eta atzo jakin zen Andosillan beste batek galdu zuela bizia, elikadura enpresa batean. Toki garai batetik erorita hil da Tubos Reunidoseko behargina, Ertzaintzak baieztatu duenez. 12:40an jaso dute deia. LAB sindikatuak adierazi duenez, beharginak azpikontratatutako enpresa batentzat egiten zuen lan. Ez dute informazio gehiago zabaldu ezbeharraren inguruan, eta Osalanek ikerketa abiatu du. AHTko lanetan hildakoari dagokionez, astelehenean izan zuen ezbeharra, baina gaur eman dute horren berri. LABek azaldu duenez, pieza bat gainera erori eta zauri larriak eragin zizkion; «odolustuta» hil zen. Sindikatuaren arabera, 49 urte zituen, eta A.H.G. ziren haren inizialak. Abiadura handiko treneko lanak egiteko azpikontratutako enpresa batentzat aritzen zen, Conprovialentzat. Segurtasun Sailak azaldu duenez, ezbeharra astelehen arratsaldean gertatu zen. Larrialdi zerbitzuak hara joan ziren, eta Galdakaoko ospitalera eraman zuten, baina ezin izan zuten ezer egin behargina bizirik iraunarazteko. Osalanek ikerketa bat abiatu du zer gertatu den argitzeko. Hamahirugarrena AHTaren obretan AHT Gelditu taldearen arabera, atzokoa kontuan hartuta gutxienez hamalau lagun hil dira abiadura handiko trenaren obretan. Otsailean Iruñean egindako manifestazio batean ere salatuak zituzten lan heriotza horiek. Lan horretan ari diren beharginen baldintzak txarretsi zituzten: besteak beste, lanaldi amaigabeak, lan egiteko ekipamendu egokirik ez izatea, eta lan ikuskatzaileen «arduragabekeria». Nabarmendu zuten langile horiek «esklaboen» pare ari direla. LABen zenbaketaren arabera, 23 langile hil dira aurten Euskal Herrian. Astelehenean beste heriotza baten berri eman zuten. Andosillako (Nafarroa) elikagai enpresa batean igeltsero ari zen bati karga gainera erori zitzaion, eta hil egin zen. 50 urte zituen, eta Calahorran bizi zen (Errioxa, Espainia). LABen ustez, lan istripu horiek guztiak eragotz zitezkeen, prebentzio neurriak «behar bezala kudeatu, integratu eta aplikatu» izan balira. «Arazoa da patronalak ez duela betetzen laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan kostuak merkatzeko». Administrazioaren «konplizitatea» salatu du. Antzera mintzatu dira gainerako sindikatuak. ELAk nabarmendu lan baldintzak «urtetik urtera» gero eta okerragoak direla, «enpresak etekinak lehenesten ari direlako langileon segurtasunaren eta osasunaren gainetik». CCOOk salatu du azken urteetan «izugarri» handitu direla azpikontratatutako langileen heriotzak.
Legearen aztertzea larunbatean bukatu zuten Frantziako Asanbleako diputatuek, zortzi eztabaida egunen ondotik, hogei artikulu eta kasik 2.300 zuzenketa berrikusirik. Gaur onartu dute heriotzarako laguntza legearen baimentzea Asanblea Nazionalean: 305 diputatuk alde bozkatu dute, eta 199 diputatuk kontra. Gero, Senatuaren txanda izanen da. [articles:2142422] Desadostasunak izanik ere, oro har eztabaida sanoak ukan dituzte diputatuek. Frantziako Osasun ministro Catherine Vautrinek erran zuen bi helburu nagusi bete beharko zituztela: lehena, heriotzarako laguntzarako aukera ukaiteko baldintza «zorrotzak» trenkatzea, eta bigarrena, prozeduraren segurtasuna bermatzeko baliabideak ukaitea. Lege proposamenaren defendatzaileek, haien aldetik, argi zuten aitzakiarik ez zitzaiela utzi behar «dena den proposamenaren kontra eginen» zuten diputatuei. Hain zuzen ere, RN Batasun Nazionaleko, LR Errepublikanoetako eta UDR Errepublikaren aldeko Eskuinen Batasuneko diputatuek zalantzan jarri dituzte eztabaidagai ziren 2.690 zuzenketetatik anitz. Haien ustez, lege testua «debeku gutikoa» da, eta baliteke «ahulezia abusuak» ekartzea. Olivier Falorni PS Frantziako Alderdi Sozialistako diputatuak egin zuen lege proposamena, eta, haren ustez, ezin da alde batera utzi «herritarren gehiengo handiak espero duen legea». Baldintzapeko eskubidea Eri handiak hiltzen laguntzeko prozedura finkatzen du Asanblean bozkagai izan duten lege testuak. Hainbat baldintza betez gero, hiltzeko produktu bat manatzen ahalko dio medikuak hala nahi duen pazienteari; baina, lege proiektuak ezarritako irizpideen arabera, adinez heldua izan beharko du, eta eri handia eta frantziar herritartasuna izan beharko du. Eritasun larri edo sendagaitz baten fase aitzinatu edo terminalean izan beharko du, sendabiderik gabekoa edo sufrimendu jasanezina duela. Azkenik, bere nahia adierazteko gai izan beharko du. Behin nahi hori adierazita, medikuari eskaera egin beharko dio pazienteak, eta hark psikologo, psikiatra edo zainketa aringarri batzuekin laguntzeko proposamena eginen dio. Anartean, pazientearen eskaera aztertuko dute elkargo batean. Medikuak eskaera ontzat ematen badu, gutxienez bi eguneko gogoeta tartea izanen du pazienteak. Ondoren, hiltzeko produktua manatuko diote, eta hura emateko eguna finkatu, eta hor izanen diren medikua edo erizaina izendatuko dituzte. Printzipioz, pazienteak hartuko du hiltzeko produktua, baina fisikoki horretarako desgaitasunik izanen balu, izendatutako osasun profesionalak emanen dio. Heriotzaren ondotik prozedura behar bezala iragan dela kontrolatuko du horretarako prestatutako prozedura batek. Medikuak eri handiaren heriotza eskaera onartuko ez balu, helegitea jartzeko aukera izanen du pazienteak. Europako herrialdeen artean, lau herrialdetan besterik ez dago onartua eutanasia aktiboa: Espainian, Portugalen, Belgikan eta Herbehereetan. Frantziak, berriz, beste zenbait herrialdek bezala, eutanasia pasiboa onartzen du: erraterako, pazienteak uko egin diezaioke bizirautea ahalbidetzen dion tratamendua edo tresna erabiltzeari. Honako honetan, eta gaur lege berriaren alde bozkatuta, eri handiei modua emanen zaie, hainbat baldintzari jarraikiz, heriotzarako laguntza eskuratzeko, hautuz. Zainketa aringarriak ere bozkagai Heriotzarako laguntza legea ez ezik, beste lege bat ere onartu dute gaur: zainketa aringarrietarako bidea hobetzeko legea. Funtsean, bi lege proiektuak batera aitzina eramatekoak direla kontsideratu dute. Heriotzarako laguntza prozesuan zehaztu duten bezala, behin pazientearen nahia jasota, medikuak zainketa aringarriekin laguntzeko proposamena egiten ahal dio. Horregatik, beraz, heriotzarako laguntza onartzen bada, «bizitza amaierarako modelo berria» beharko du Frantziak. Duela hamar egun bukatu zuten lege testuaren 673 zuzenketak aztertzen. Testu berriaren erronka nagusia zaintza aringarriaren egiazki bermatzea da: Frantziako Kontuen Auzitegiaren arabera, zaintza aringarriak hartuko lituzketen gaixoen erdiek besterik ezin dute egiazki beren nahia bete. Ez baita aski zentrorik zerbitzu horren bermatzeko. Orotara, Frantzian, hemeretzi departamenduk ez dute arta aringarrietarako sailik. 2025ean, alta, 100 milioi euro gehitu zituzten sail horren aurrekontuan.
Talgok 65 tren egingo ditu Flix Alemaniako konpainiarentzat, 2.400 milioiren truke. Espainiako tren fabrikatzaileak unitateon mantentze lanak egingo ditu 15 urtez, kontratuak jasotzen duenez.
Azken egunotan Gazako setioa bertan behera uzteko exijitu dio Mendebaldeak Israeli, eta halakorik egin ezean «neurriak» hartuko dituzten mehatxua ere egin diote, esate baterako, Erresuma Batuak, Frantziak eta Kanadak. EB Europako Batasunak ere bai: joan den astean, talde komunitarioko Atzerri ministroen gehiengo batek —27tik hamazazpik— eskatu zuten EBk Israelekin duen lankidetza politikorako eta ekonomikorako ituna berrikusteko, aztertu dezaten ea Israelek akordio horretako bigarren artikulua, giza eskubideei buruzkoa, betetzen duenetz. Hori egiteko eskaera, ordea, EBko funtzionario talde batek egin zuen duela urtebete: «Luzaroan itxaron dugun erabakia beranduegi iritsi da Gazan hildako milaka lagunentzat». Horixe salatu du EU Staff for Peacek, bakearen aldeko EBko langileen taldeak, gutun bidez, zeina talde komunitarioko zenbait erakundetako 2.000 langile eta langile ohik ere sinatu duten. Gutuna idatzi dutenetako batek adierazi du lankidetza ituna orain berrikustea erabaki izanak «kezka handiak» sortu dituela EBren erantzunaren «egokitasunari eta uneari» buruz. Talde horrek iazko maiatzean helarazi zien lehenbiziko gutuna Europako Batzordeko, Europako Parlamentuko eta Europar Kontseiluko buruei, eta, lankidetza ituna berrikusteaz gain, eskatu zien Gazarako su eten iraunkorra eta gatibuak askatzea galdegiteko, gatazkako «alde guztiek» egindako krimenak eta giza eskubideen urraketak salatzeko eta EBko estatuek Israeli armak saltzea eragozteko. Urtebete igaro da eskari hori egin zutenetik, eta taldeak, kaleratu berri duen gutunean, gaitzetsi du Palestinako gatazkaren gaineko «kezka adieraztera mugatu» dela EBko instituzioen erantzuna: «Ekintza nabarmen gutxi edo ia bat ere ez dute egin». Izan ere, EU Staff for Peaceren arabera, EBk ez du jakin bere «eragin politikoa, diplomatikoa eta ekonomikoa» mahai gainean jartzen, Gazako egoera hobetze aldera; «geldi» egoteak eta «arduragabekeriak» berekin ekarri du zerrendako erasoaldiek are okerrera egitea. Gutunean, taldeak behin baino gehiagotan gogoratu ditu EBko erakundeak sortzeko hitzarmenetako «balioak eta printzipioak» —bakea eta segurtasunaren alde aritzea, giza eskubideen babesa eta nazioarteko zuzenbideari erreparatzea, besteak beste—. Horiek aintzat hartuz jokatzeko deia egin du taldeak, EBk «partzialki» jokatzen duelakoan. EU Staff for Peacek Nazioarteko Zigor Auzitegiaren adibidea jarri du: Hagak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa atxilotzeko agindua eman zuen iazko azaroan, gizadiaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzita. Atxilotze agindua gorabehera, Netanyahu Hungarian egon zen joan den apirilean —gainera, Hungariako Parlamentuak auzitegi horren jurisdikziopetik ateratzeko prozesua abiatu zuen joan den astean; urtebete iraungo du prozesuak—. Europako Batasuneko beste hainbat herrialdek ere esan zuten uko egingo ziotela atxilotze agindua betetzeari. Bada, EBko langile publikoen taldeak Kaja Kallas klubeko diplomaziaburuari egotzi dio herrialdeen jarrera «gaitzetsi» ez izana: «Ez entzunarena egin zuen». Laguntza humanitarioa, aurrera Joan den martxoaren 2an Israelek blokeoa ezarri aurretik, NBE Nazio Batuen erakundeak eta gobernuz kanpoko erakundeek banatzen zuten laguntza humanitarioa Gazako zerrendan. Duela astebete baimena eman zuen Tel Avivek laguntza berriz zerrendan sartzeko, baina oraingoan, Gaza Humanitarian Foundationek (Gazako Fundazio Humanitarioa) ordezkatu ditu NBE eta gainontzeko erakundeak. Israelen eta AEB Ameriketako Estatu Batuen babesa du, eta AEBetako militar ohiek eta segurtasun enpresa pribatuek osatzen dute. Hain zuzen, Gaza Humanitarian Foundationeko zuzendari Jake Woodek dimisioa eman zuen atzo, argudiatuta erakundeak ezin duela aldi berean laguntza humanitarioa banatu eta «printzipio humanitarioak, neutraltasuna eta independentzia» errespetatu. Dei egin zuen zerrendarako laguntza zabaltzeko eta hura banatzeko bide berriak aurkitzeko: «Atzerapenik ez, diskriminaziorik ez». Gazako Gobernuaren ustez, «janaria arma gisa» erabili nahi du fundazio horrek, eta palestinarrak desplazatzea du asmoa: «Xantaia egin nahi die». Izan ere, laguntza humanitarioa banatzeko planak aurreikusten du gaztarrak hainbat gunetan biltzea. Zerrendako agintariek salatu dute «okupazio politiken» ondorio dela plan hori, eta biztanleria «birbanatzea» eragingo duela. Bestalde, NBEk ohartarazi du horrek arriskuan jarriko dituela gazatarrak, eta uko egin dio fundazio horrekin lan egiteari. Dena den, fundazioa prest dago laguntza humanitarioa banatzen jarraitzeko: aste amaierarako milioi bat palestinarri banatu nahi die laguntza —Gazako biztanleen erdiak—, eta hurrengo asteetan banaketa «azkartu» nahi du, laguntza humanitarioa gazatar «guztiei» heltzeko. Israelek ez du Gazaren kontrako erasoaldia eten, eta gutxienez 50 hildako eragin ditu gaur. Babesleku gisa erabiltzen duten eskola bat bonbardatu du armadak, Gaza hirian, eta 36 lagun hil dira; horien erdiak haurrak ziren. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7tik ia 54.000 lagun hil ditu Israelek zerrendan. AEb-ek UKATU egin dute hamasek menia proposamena onartu dueLA Gaur arratsaldean nazioarteko hedabide batzuek kaleratu dute Hamasek ontzat jo duela AEBek Gazarako proposatutako menia akordioa —erakunde islamistaren hurbileko iturriak aipatu dituzte—. Azaldu dutenez, AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek eta Palestinako erakundeko ordezkariek akordioa erdietsi dute. Geroago, ordea, nazioarteko hedabide horiek berria ezeztatu dute, Etxe Zuriko iturriak aipatuz: AEBen arabera, Hamasek ez du onartu mahai gainean jarritako proposamena.