Etxebizitzak berritzeko plan bat abiatuko dute Bilbon auzo kalteberetako…

Etxebizitzen obrei dirulaguntzak emateko ezohiko programa jarri dute martxan Bilbon, auzo zaurgarrietan kokatutako higiezinei lehentasuna emango diena.

Bi lantegi eraikiko ditu Petronorrek Bilboko portuan, teknologiak probatzeko. Batetik, teknologia berrien probaleku izango den fabrika, non karbonoan neutroak izango diren erregai sintetikoak ekoitziko dituzten. Horretarako, bi lehengai izango dituzte: iturri berriztagarrietako argindarrarekin uretatik elektrolisi bidez lortutako hidrogenoa, eta Muskizko findegian sortzen den karbono dioxidoa.
Gerora fabrika horrek inguruko enpresek eta lantegiek —altzairutegiek eta abarrek— sortutako CO2 erabiltzeko aukeraz, oraingoz Petronorren isuriak hartuko dituela zehaztu zuen Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak. «Baina teknologia zabaltzen den heinean gauza izango ginateke beste industria sektoreen isuriak hartzeko eta erabiltzeko, eta, ondorioz, industria horiei irtenbide bat emateko deskarbonizatutako ekonomia batean».
60 milioi euroko inbertsioa eskatuko du lantegi horrek, eta lau urteren buruan lanean ariko da, egunean 50 upel erregai likido sintetiko ekoitziz. Beste ekoizpen bat ere aterako da lantegi horretatik, enafta direlakoak —deskarbonizatutako naftak—, kimika industrian eta lubrifikatzaile gisa erabiliko direnak.
Imazek azaldu zuen teknologia hori garatzeko Repsolek Saudi Aramcorekin akordioa daukala. Lantegiaren garapenean, berriz, Petronor bera eta Energiaren Euskal Erakundea izango ditu bazkide.
Lantegi horren ondoan beste bat eraikiko dute Bilboko portuan. 20 milioi euroko inbertsioarekin, pirolisi instalazio bat egingo dute, hiri hondakinetatik gasa ateratzeko, zeina gero erabiliko den Muskizko findegian, gaur egun erabiltzen diren erregaien zati bat ordezkatzeko.
Hiri hondakinak nondik etorriko diren galdetuta, Imazek esan zuen negoziatzen ari direla, eta zehaztu zuen kartoiak, paperak, plastikoak eta oihalak izango direla, eta aurrez prozesatuta iritsiko dira lantegira, gai inerte gisa.
Imazen arabera, proiektua aitzindaria da Europan. Halako erregaiak ekoizten dituen lantegi handienetakoa izango da, eta uste du «bidea erakusten duela, deskarbonizazioa egin daitekeela gure industria bermatuz eta berrituz». Repsolek askotan eskatu du energia politika erabakitzeko kontuan hartzea gaur egungo industriaren ahalmena eta neutraltasun teknologikoa, hau da, ez baztertzea teknologiarik trantsizio energetikorako.
«Etorkizuneko Petronor»
Imazen arabera, «trantsizio energetikoaren bidean gure industria ehunarekin bateragarriak diren irtenbideak behar ditugu, ehun hura berrituz, eraldatuz, bermatuz ekarpena egingo dutela ekonomia suspertzeko, eta egungo enplegua mantentzeko. Industria eraldatu behar dugu, baina garenetik abiatuta. Krisi honek erakutsi du industria inoiz baino beharrezkoagoa dela, industriako enplegua mantentzea beharrezkoa dela».
Imazek uste du proiektuak Petronorren etorkizuna bermatzera datozela. Petronorreko presidente Emiliano Lopez Atxurrarentzat, berriz, iragartzen dute «etorkizuneko Petronor» zer izango den. «Pandemia honetan sortu diren galdera unibertsalei erantzutera datoz. Zein mundutan nahi dugu bizi? Zein rol jokatuko dugu? Petronorrek inbertsio arduratsuarekin erantzuten die, jasangarritasuna bihotzean, errentagarritasun ekonomiko eta soziala zainetan eta Itun Berdea memorian».
Lau ataletan banatuko dute: ekonomia eta etorkizuneko lanpostuak; klima aldaketa eta ekonomia berdea; ongizate estatuaren eta zaintza ereduen etorkizuna; eta kultura politiko berria. «Ez da bideratuta egongo gogoetara eta jakintza aurreratua sortzera soilik; esperimentazio kooperatiboa ere egingo du», Markel Olano ahaldun nagusiak esan duenez.
Lau ordu iraun zuen bilerak, baina akordiorik gabe bukatu zen. Agentzien iturrien arabera, adostasunari lehentasuna ematea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, nahiz eta joan den astean akordioa lortzeko asteartera arteko epea eman zion Yolanda Diaz Lan ministroak. Oro har, gobernuaren planteamenduarekin ados egon arren, CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek nahiago dute aldi baterako erregulazio bereziak abenduaren 31 ra arte luzatzea. Argudiatu dutenez, jarduera ekonomikoa nekez hurbilduko da aurten koronabirusaren aurretik zegoenera, eta beharrezkoak dira enpresei eta langileei laguntzeko neurri bereziak.
Epe laburragoak nahiago ditu, ordea, gobernuak, aukera ematen diotelako luzapen bakoitzean enplegu erregulazio berezien baldintzak pixka bat gogortzeko. Hori egitea proposatu du oraingoan. Horrela, Diazek nahi du erregulazioan dauden langileen Gizarte Segurantzaren kotizazioen zati handiago bat hartzea enpresek beren gain. 50 langiletik beherako enpresetan, jarduerara itzuli badira, lanean dauden langileen kotizazioaren %60 aurreztuko lukete enpresek uztailean, %50 abuztuan eta %40 irailean. Langileak lanean ez badira, %35, %25 eta %15 gutxituko litzaieke kotizazioa. 50 langiletik gorakoetan, berriz, %35 aurreztuko lukete uztailean, %25 abuztuan, eta %15 irailean.
ABEE bereziek beste ezaugarriak gordeko dituzte: erregulazioan dauden langileek langabezia saria jasoko dute —kotizazio oinarriaren %70 da—, baina ez dute gastatuko. Hau da, nahikoa kotizatu dutenek ere izango dute eskubidea, eta besteei ez zaie beren langabezia sarirako eskubidetik kenduko orain jasotakoa.
Filtratutako informazioaren arabera, gobernuak beste baldintza batzuk jarri nahi dizkie aldi baterako erregulazioak erabili nahi dituzten enpresei: jarduera berreskuratu ahala jarri beharko dituzte langileak lanean, eta ezingo dute beste langilerik kontratatu, ezta langileei aparteko ordurik eskaini ere. Horrekin, asmoa da enpresek ez baliatzea laguntza publikoa lan kostu batzuk aurrezteko nahiko lan eta diru sarrera badituztenean.
Gainera, langileak arrazoi objektiboengatik kaleratzeko oztopoek irailaren 30era arte iraungo dute. Horren ondorioz, enpresak kaleratze bidegabeak erabiltzen ari dira, eta kalte-ordain handiagoa ordaindu behar dizkiete botatako langileei: 33 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, eta ez hogei egunekoa, kaleratze objektiboetan bezala.
Jaurlaritzaren osagarria
Aldi baterako erregulazioen inguruan badago lotu beharreko beste hari bat: langabezia sariaren osagarriarena. Erregulazioan dauden langileen sariak osatzeko proposamen bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta hari buruzko adostasuna bilatzen ari da Elkarrizketa Sozialerako Mahaian. Joan den astean akordioa oso gertu zegoela iragarri zuten, baina azkenean ez ziren ados jarri, eta gaurko ipini zuten hitzordua.



Bada erabateko adostasun bat aurtengo udari buruz: ate joka dagoena ez da beste uda bat izango. Koronabirusak goitik behera baldintzatu du turismoaren jarduera, eta ikusteko dago sektorearen barruan zein diren kalte handiko helmugak eta kalte txikikoak. COVID-19ak eragindako egoeran bigarren etxe ugariko helmuga horiek onurak izan ditzaketela dioen teoria zabaltzen ari da azken egunetan; batetik, urrutira joango diren turistak ez direlako beti bezainbeste izango; eta, bestetik, pandemiak jotako munduan, gertuko turismoa izango delako abantailekoa.
Alegia, etxekoek etxean edo etxetik gertu egingo dituztela oporrak inoiz baino gehiago, hegazkina hartu gabe, ahal dela; oporrak gozatzeko direnez, segurtasuna sentitzea ezinbestekoa baita. Hala, bigarren etxe turistikoetako herriek asko dute irabazteko, hondartzak, igerilekuak eta beste ingurune batzuk erabiltzeko ohiz kanpoko baldintzak ezarriko diren arren. Segurtasun faseak amaitu aurretik bigarren etxera joateko irrikan dauden milaka euskal herritarren testigantzak hor daude.
Birusaren presentzia apala
«Lizarraldera gertuko bisitariak etortzen zaizkigu urtero, Euskal Herritik bertatik gehienak, eta Madrildik eta Kataluniatik ere bai. Esan daiteke lasaitasun pixka bat badugula, uste baitugu aurten ere etorriko zaizkigula». Koldo Leoz Lizarrako (Nafarroa) alkateak nabarmendu du Lizarraldea «leku lasaia» dela oporretarako, eta segidan aurtengo mezurik garrantzitsuena izan daitekeena helarazi du: «COVID-19 kasu gutxi izan ditugu: helmuga segurua gara. Nafarroako osasun eremu handi bat gara, Gipuzkoa osoaren neurrikoa, eta apenas izan den kasurik Lizarraldean: 85 bat guztira. Koronabirusa oso kontrolatua izan dugu, eta bisitariei argi esan nahi diegu».
Leozek berretsi du uda ezohikoa izango den arren bisitari kopuru txukuna espero dutela. «Bigarren etxe asko daude eremu honetan, eta pentsatzekoa da aurten egun gehiago igaroko dituztela etxe horietako jabeek. Kanpin ugari ere badira, eta udako programazio zabal bat egituratzen ari gara, ahalik eta bisitari gehien erakartzeko. Bisita gidatuak eta beste hainbat ekitaldi prestatzen ari gara».
Lizarra eta haren inguruak, Iratxe, Aiegi… familia osorako turismorako dira egokiak. Zer gertatuko da igerilekuekin? Bada, segurtasun neurriak hartuta, zabaldu egingo dituztela. «Txanda eskatuta, erabilera jakin batekin eta beste zenbait mugekin, baina igerilekuak zabaldu egingo ditugu; garbi dugu haurrei zor diegula ahalegin hori, haiek sufritu baitute gehien itxialdian», esan du Leoz alkateak.
Turistaren gozamenaren ifrentzua tokiko negozio askoren etekina da. Tokiko ostalaritzak eta merkataritzak aurtengo urte beltza txukuntzeko balioko ote du udak? Leoz baiezkoan da. «Lizarrako jendea gehiago erosten ari da Lizarran, bertakoa zaintzeko ildo horrekin bat eginda, baina bisitarien ekarpena oso ondo etorriko zaie denei. Behar-beharrezkoa dugu ekarpen hori, eta guk Lizarra helmuga seguru gisa ongi kokatzeko ahalegin guztia egingo dugu. Animatu dadila jendea gurera etortzen, ongi baino hobeto hartuko dugu eta».
Leketio: klasiko bat
Lekeitio da bigarren etxe asko dituen beste euskal udalerri bat; turismoaren aitzindaritzat jo daiteke Bizkaian. Uda partean 25.000 pertsona inguru izaten dira kostaldeko herri horretan, eta neguan ez dira 8.000ra iristen. Turismoak pisu handia du herriko BPGan, eta Kitto merkatarien elkartean hadi daude udak eman dezakeenari begira. «Guk hondartza daukagu, herri polita ere bai, lasaia, eta guretzat oso garrantzitsua da turistak etortzea, ez baitugu industria handirik», esplikatu du elkarteko idazkari Agurtzane Escribanok. «Itxialdia oso gogorra izan da, eta udan zer gertatuko den ez jakiteak ere asko sufriarazi digu».
Escribano, ordea, gustura dago herritarrek tokiko merkataritzari emandako laguntzarekin. «Hemen kontsumitzeko ekinaldia ondo joan da, baina bigarren etxeak dituztenen zain ere bagaude, ekarpen handia egiten baitute. Badakigu aurten agian inoiz baino egun gehiago etorriko direla, hasteko oso kasu gutxi izan ditugulako hemen. Gertuko jendea etortzen da gurera, Bilboko asko, eta hementxe gaude, haiek hartzeko prest».
Lekeiton slow turismoa egiten dela esan du Kitto merkatarien elkarteko kideak, eta uste du aurten turismo mota hori nahiko duela jende gehienak, «gertukoa, segurua, etxe-etxekoa». Lekeitioko eta inguruko landa turismoko etxeetan erreserba ugari egiten ari direla kontatu du, «batez ere abuzturako», baina uztailerako ere hasi direla gelak hartzen. «Gainera, ematen du hiru edo lau gau hartu beharrean, astebeteko eta hamar eguneko erreserbak egiten ari dela jendea». Turistak «patrika beterik» ote datozen ikusteko dagoela erantsi du. «Desiratzen gaude bisitariak hartzeko; badakigu ez dugula urte on bat izango, baina, fakturak pagatzeko moduko uda izanez gero, besterik ez bada enpleguari eusteko, helburu bat beteko genuke».
Zarautz (Gipuzkoa) ere goi-goian dago Euskal Herriko herri turistikoen artean. Surfak munduko erreferentzia bilakatu du azken hamarkadetan. Udan bikoiztu egiten da han ohiko populazioa, eta herriak eta inguruek (Getaria, Orio…) ziztada ekonomiko handia jasotzen dute turistei esker. «Bertako jende ugari etortzen da bere bigarren etxera, Gipuzkoako asko, baina baita Bilbokoak ere; eta Madrildik eta Kataluniatik ere bisitari asko etortzen da», esplikatu du Zurekin ostalaritza elkarteko bozeramaile Julen Olazabalek.
«Ematen du jendeak ez duela oso urrutira joan nahi aurten, eta baliteke Zarautzera etortzen direnek beren egonaldiak luzatzea». Uste du, gainera, agian jende gehiago geldituko dela bere etxean, eta Zarautz herri egokia dela egunpasak egiteko. Esperantzarik ez du galdu. «Badakigu aurten hondartzak muga batzuk izango dituela, eta hondartzak pisu handia daukala Zarautzen, baina beste hamaika altxor ditugu hemen, naturagune ikusgarrietatik hasita».
Gipuzkoako kostaldeko surfaren mekan ez dira agian beste urte batzuetan bezainbeste atzerritar ibiliko; «hori badakigu», dio Olazabalek, baina, hala ere, sinetsita dago herriko ostalariek eta dendariek, oro har, uda txukun bat lor dezaketela. «Kalitatezko gastronomia dugu, eta beste gauza asko, eta denon artean lortu behar dugu aurtengoari eustea. Etorriko dira urte hobeak, baina lehen-lehena aurtengo uda da». Surfaren deiari erantzunez atzerritarrak irailerako irits daitezkeenik ez du baztertu Olazabalek. «Jendea gogoz dago, eta orain dela gutxi uste zen baino uda askoz ere hobea izan daiteke. Gu, behintzat, dena ematera goaz».
Lapurdiko kostaldean, zain
Donibane Lohizunen (Lapurdi) ere aski ohituak daude turistak jasotzen, baina aurtengo udak sortzen duen ezjakintasuna azpimarratu du Jean François Irigoien herriko auzapezak. «Ez naiz gai etorkizuna iragartzeko. Uda honetan turista anitz etorriko ote dira, batzuek dioten gisan? Ala beren etxean geldituko dira?», galdetu du. Haren hitzetan, enpresa anitzek uztailean eta agorrilean «errekuperatuko» dute «galdutako denbora», eta langile anitz «egoera zailean» dira. Hala ere, turistak etorriko direla espero duela erran du. «Frantziarrek ideiak aldatzeko beharra dute bizi izan dugun garai zailaren ondotik». Uda sasoian, gainerako garaietan halako bost izaten da Lapurdiko kostaldeko herri askotako populazioa, eta aurten ere horrela izan dadin nahi dute merkatariek.
Irigoienek zehaztu du bere herriko komertzio anitz «biziki egoera zailean» daudela. «Anitzek, maleruski, itxi egin beharko dute; beste batzuek langileak kanporatu beharko dituzte». Horregatik, herriko etxeak sostengu plan «handia» ezarri duela esplikatu du, komertzioei dagozkien zergak eta gastuak apalduta.
Donibane Lohizuneko bizitegien %40 bigarren etxebizitzak dira; konfinamendu garaian horietako anitz beteak egon direla kontatu du Irigoienek. «Bordeleko batzuk, Parisko batzuk, Donibane Lohizunera etorri dira garai horretan. Pentsa daiteke uda honetan ere egoiliarrak beren bigarren etxeetara etorriko direla».
Uztailaren 1ean ireki behar dute Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga, eta horri begira ere bada Irigoien. «Gure lagun espainolak itzuli ahal izatea nahi dugu. Badakigu [Ipar] Euskal Herriari eta gure herriari bereziki atxikiak direla. Ez dugu dudatzen gure auzokoak kopuru handian etorriko direla».
Konfinamenduak gogor jo du sektorea, baina ba al da alderik?
Badago aldea, bai. Landetxe gehienak ez dira hortik bizi, eurentzat jarduera osagarria baita. Badute beste diru sarrera bat. Aldiz, hotelei askoz ere kalte handiagoa egin die. Aldi berean, udari begira, landetxeak lehenago ari dira erreserbak jasotzen, naturaren eta lasaitasunaren bila baitoa jendea. Hiriko hotelek, bereziki Iruñekoek, berriz, irtenbide zailagoa dute, eta ohartarazi dute eskas daudela erreserbatan.
Azken urteetan bilakaera ona zeraman turismoak. Zein egoeratan harrapatu du pandemiak ?
Azken urteetan poliki-poliki gorantz ari zen. Iaz, kasik 1,5 milioi turista izan ziren, eta egonaldiek 2019an inoizko daturik hoberenak lortu zituzten, %5eko igoera batekin. Aldi berean, sasoikako joera hautsi, eta turismoa urte osoan izateko joera hartu genuen. Hori dena erabat moztu da.
Hortaz, gobernuaren asmoak baldintzatu ditu?
Bai. 2018etik 2025era arteko gure estrategia plana berregin dugu datozen bi urteetarako. Ez dugu alde batera uzten, baina markatzen dugu egutegi bat, eta beste lehentasun batzuk jarri ditugu.
Adibidez?
Oso ondo lantzen ari ginen kongresu inguruko dinamika, baina erabat moztu da. Urtebete luze eman dezake berreskuratzeak. Berriz, kultur eta natur arloko turismoa indartuko dugu. Naturan bisitak egiteko edo zikloturismoa gastronomiarekin lotzeko egitasmoak indartuko ditugu. Adibidez, Europako laguntzei lotutako Eurovelo proiektua. Uste dugu eskaria izango duela. Osasun arloan, Iruñean, bereziki klinikek jende asko mugitzen dute, horietatik asko atzerritarrak. Eten egin den arren, estatu mailan badago turismo mota hori. Egokitu beharko gara.
Egoera aukera bat ere izan daiteke?
Bai, adibidez, produktuak egokitu daitezke, eta aldaketa batzuk eginda, arrakastatsuak izan daitezke. Nafarroak natur baliabideak ditu, eta potentzial handia: eremu irekia, masifikazio gutxi… Hala ere, kontuan hartu behar da gaizki pasatzen ari den jende ugari dagoela, eta aukera bat izanik ere mindu egin daitekeela.
Sektorea kezkaturik dago. Zer erantzun eman diezue?
Batetik, laguntza orokorrak daude: zergen ordainketak atzeratu dira; autonomoentzako 40 milioiren laguntzak banatu dira, eta askok turismoan lan egiten dute; abalak eta maileguak banatu dira… Bestetik, laguntzak eskaini ditugu sustapenean, digitalizazioan edo formakuntzan. Maiatzean, protokoloen inguruko ikastaroak jarri genituen, batik bat garbitasunari buruzkoak, eta arrakasta handia izan dute. Hilabete amaierarako, COVID-19aren ondorioz egindako inbertsioen laguntzak emango ditugu.
Digitalizazioa aipatu duzula, sektoreak baliatu behar luke aukera urratsak egiteko?
Aurretik ere askok ikusten zuten hori, baina, orain, gogo gutxirekin zeudenek ere ikusi dute behar bat dela. Lehentasun guztia hartu du. Alor horretan badugu laguntza sorta bat: batetik, aztertzeko nola dagoen negozioa eta zertan hobetu daitekeen. Bestetik, diagnosi horren ondoren, proposatutako hobekuntzak ezartzeko laguntzak daude. Aukera polita da, zalantzekin zebilena ere animatzeko. Batzuetan beldurra ematen du digitalizazio hitzak, baina bakoitzak ikusi behar du zein den helburu duen publikoa eta baliabideak egokitu bere neurrira.
Konfinamendua leundu ahala, nola hasi da suspertzen alorra?
Poliki-poliki. Ateratzeko gogo handia du jendeak. Bada mezu bat oso oso inportantea: bertakook bertakoei lagundu beharko diegu eta solidarioak izan. Garrantzitsua izan behar du ez soilik turismoari begira, baizik eta lehen sektoreari edo merkataritzari begira. Sare handi horretan, aldamenean dugunari begiratu beharko diogu, eta elkarri lagundu.
Ekainaren 22an baimenduko dira lurralde arteko mugimenduak. Horri begira zaudete?
Bai eta uztailaren 1ari, ikusteko atzerritarrek nora jotzen duten, zer merkatutara. Frantziarekin, adibidez, interes handia dugu. Sustapen kanpaina egin nahi dugu, autoz mugitu daitezkeelako eta etorri. Baina zalantza asko daude: nola mugituko garen gure artean, eta nola atzerritarrak.
Donejakue bidetik iaz 60.000 erromes iragan ziren; aurten ostatu pribatu askok ez dute irekiko. Zer neurri hartuko dituzue?
Nafarroan Donejakue bidea erabiltzen zutenetik hiru atzerritarrak ziren, eta bat, estatukoa. Orain ez da horrela izanen, eta asko eragingo du. Produktu gisa, estatu mailan mugitu beharko dugu. Egokitu beharko dugu, eta saldu inguruan. Aukera oso polita da bertakook, euskal herritarrok, bidea ezagutzekoa. Baditugu proiektuak buruan. Kultur arloa ere indartu nahi dugu: antzerkia, musika eta bisita gidatuak. Horrelako egitarauak prestatzen ari gara bidea berpizteko.
Turismoaren beste erakargune bat sanferminak dira, baina festak bertan behera geratu dira. Zer eragin izango du?
Gogor jo du, bereziki Iruñeko sektorea, diru sarrera inportantea zelako. Hala ere, ezin dugu atzerapausorik eman. Jendea festa gogo handiarekin dago, baina denbora izango dugu datorren urtean festetarako. Aurten ez da unea. Kontuz ibili behar dugu. Argudio inportanteena osasuna da, baina irudia ere zaindu behar dugu. Lehendik ere sanferminen irudia oker zebilen, eta hori da orain falta zena. Ardura eskatu behar diogu jendeari. Mundua begira eduki izan dugu, eta, festarik gabe ere, aurten jende asko begira edukiko dugu. Azterketa hori dugu.
Turismoa suspertzeko mugak irekitzeak kezka eragin du.
Aireportu eta geltokiak izango dira sarbide nagusiak eta, osasun arloan hainbat neurri jada iragarri badira ere, azalpen gehiago emango dituzte uztailaren 1era bitartean. Astero bildu ohi gara Madrilgo gobernuarekin, eta aste batetik bestera aldaketa asko egiten ari dira. Erkidego batzuek berrogeialdia ezarri nahi dute, eta beste batzuek ez. Garbi dago oreka bilatu behar dela. Ekonomiak mugikortasuna behar du, baina hortik kasuak etor daitezke, eta hori ere kaltegarri da ekonomiarentzat. Oreka zaila da.
Bulegoko agenda lodia itxita du Alvaro Diazek. Izen zerrenda luzeekin beteta beharko luketen orrialdeak paragrafo zuri handi bat dira orain. «Madril eta Katalunia fasez aldatzen direnean argia ikusten has gaitezkeela uste dugu. Iaz udan Bilbora etorri ziren turisten %78 hangoak ziren, eta aurten batezbestekoa are handiagoa izango da». Ilunion hotelean du bulegoa Diazek, eta, era berean, Destino Bilbao hiriko hotelen elkarteko burua da. Maiz egiten dituzte bilerak, eta elkartekideek antzera dituzte agendak. «Erreserben informazioa dugu, eta beldurra ematen du. Iaz abuztua izan zen Bilbon okupazio maila handiena izan zuen hilabetea; ia %91 izan zen, eta aurten ez dago erreserbarik, ez behintzat oraingoz. Ea Espainian konfinamendua arintzean… Okerren, hori bai, nazioarteko bezeroekin lan egiten duten hotelak daude. Bisitari horiek ez dira etorriko».
Agenda potolodun hotelekin ere egiten du lan Mikel Ubarretxenak. Gipuzkoako Ostalarien elkarteko burua da, eta garai latzak datozela iragarri du. Udazkenari beldur dio, hari aurre egiteko koltxoia udan betetzen delako. «Urte normal batean, uda osoan ez ginateke %85eko okupaziotik jaitsiko ostatuetan; aurten, aldiz, aurreikuspenak %35ekoak dira, eta %50era iristea bikaina litzateke. Eta hori, prezioak merkatuz». Hark ere ez du espero nazioarteko turistarik, eta inguruko jenderengan du jarria fedea: «Uda agian salbatuko dugu. Gipuzkoan, turista bezain garrantzitsua da bisitaria, egun-pasa datorrena, bertakoa, Iparraldekoa eta Nafarroakoa. Hala ez bada, larria izango da; udan zakua bete behar da».
Espainiatik eta Frantziatik kanpoko turista gutxi etorriko dira uda honetan, eta haiekin «lan asko» egiten dute gida turistikoek. APIT Euskadi da haietako batzuk batzen dituen EAEko elkartea, eta Iratxe Muñoz da kideetako bat. Logikoa denez, oso arduratuta dago: «Gehienak langile autonomoak gara; horrekin dena esanda dago. Kalera irtetean lortzen dugu soldata. Krisi honetan sartzen lehenak izan ginen, eta tamalez, ziur aski azkenak izango gara putzutik ateratzen». Metafora grafikoa da, baina argia urrun dago: «Nazioarteko bisitariak galdu ditugu, eta, baldin badatoz, ez da irailera arte izango. Batzuk esaten dute etxeko turismoa eta Espainiako bisitariak mugituko direla. Ea horrela den, baina oraingoz ez dago mugimendurik».
Baikorragoa da Nicolas Martin, Euskal Elkargoko turismo bulegoko zuzendaria:«Erreserbak aski ongi doaz, baina ez gara aurreko urteetako zenbakietara iritsiko, eta pazko astea galduta dago». Dioenez, espazio handia duten ostatuek jaso dute eskaera gehien: etxe handiek, kanpinek, etxolek… «Ondo egingo dute lan; hotelek, aldiz, okerrago». Halere, arduratuagoa dirudi bisita lekuekin: «Larhungo trenean ehundik gora pertsona hartu ohi dituzte bidaia bakoitzeko, hor gehienez ere 30eko kopuruak izanen dira; Sarako eta Izturitzeko leizeetan 30-40 pertsonako bisitak egin ohi dituzte, eta aurten 10-15 pertsonakoak izanen dira. Gune horietan guzietan jende gutxiago hartuko dute, eta diru galerekin lan eginen dute. Onenean, irabazirik gabe».
Martinen ildotik doa Ignacio Casas ,Bilboair Loiuko aireportuaren promoziorako elkarteko burua. Argi du urte txarra izango dela azpiegituran, hegazkin konpainientzat eta turismo sektorearentzat bezala, baina konfinamendua leundu ahala baikorragoa da. Apirilean aireportuak 1.500 erabiltzaile izan zituen bakarrik, eta ondo bidean 4.500 hegaldi beharko lituzkete. Orain, aldiz, argi printzak ikusten ditu. Bihar Frankfurterako (Alemania) hegaldiak hasiko dira, eta uztailean martxan egongo dira nazioarteko hainbat hegaldi. «Halere, uda honetan Espainiarekin lotzen gaituzten konpainiek egingo dute lan gehien. Vuelingek Loiuko trafikoaren %40 antolatzen du, eta udan bolumen hori handiagoa izango da. Nazioartean erabiltzen dituen hegazkin asko Espainian ariko dira. Euskal herritarrek hara joko dugula dirudi».
Iaz, 5,9 milioi bidaiari izan ziren Loiun, eta %40 lan kontuengatik mugitu ziren. Miarritzeko aireportuan, aldiz, turismoaren pisua askoz handiagoa da. Iaz 1,06 milioi bidaiari izan zituzten -Euskal Herriko bigarrena da-; aurten, aldiz, 330.000 inguru espero dituzte bakarrik, eta diru sarrerak %68 jaitsiko dira. Didier Riche zuzendariak esana du finantza arazo «larriak» izango dituztela.
Casasek, aldiz, ez du halakorik espero. «Gurekin lan gehien egiten duten konpainiek berdin jarraituko dutela esan digute: Vuelingek, Voloteak, Air France-KLM-k, Lufthansak, Brusselsek… Hori lasaigarria da». Haren zalantza handienak konpainia jakin baten ingurukoak dira: Easyjet. «Ez dakigu ezer haiei buruz. Egoera zailean dagoela irakurri dut. Lantaldea %30 murriztuko duela entzun dut, eta agian hegaldiren bat eroriko zaigu». Bilboko aireportuko trafikoaren %5,74 mugitzen du Easyjetek.
6.000 eurotik, 600era
Uda zalantzaz betea izango da; iritzi emaile guztiek bat egin dute hor. «Ez dakit zenbat hotel irekiko diren Bilbon; erdiak baino gehiago bai, baina ez dakit zenbat. Egun lau daude irekita, eta bosgarren batek aurki irekiko du, futbol ligak behartuta», azaldu du Casasek. Ubarretxeak sumatu du Gipuzkoan ere tabernari askok ez dakitela zer egin: «Bezero artean metro eta erdiko tartea utzi behar bada… Zaila izango da baldintza horietan lan egitea. Gau giroko dantzalekuak hilda daude; 25 mahai izatetik bederatzira igaro diren jatetxeak ezagutzen ditut, eta taberna txikiak… Donostiako Alde Zaharreko taberna baten jabeak esan dit ekaineko eguraldi oneko bi egunetan 480 euroko bilketa bat eta 600eko beste bat egin duela. Iaz, egun beretan 6.000 eurokoa egin zuen».
Gidak ere zain daude, «ez dakigu zer gertatuko den», aitortu du Muñozek. Azken hiru urteak «oso onak» izan direla dio, «turismoak gora egin du, eta gida guztiak lepo ibili gara», baina koronabirusak hankaz gora utzi ditu: «Espero genuen urte ona egun batetik bestera desagertu zen. Genituen eskaera gehienak bertan behera gelditu dira, eta beste batzuek hurrengo urtera atzeratu dituzte. Alegia, ezin dugu ezer aurreikusi». Martinek ere sumatu du kezka hori: «Orokorrean, egoera biziki konplikatua da operadore eta bisita lekuentzat. Batzuek duda zuten irekiko zuten ala ez; azkenean, Frantziako Gobernuaren laguntza sistemak konbentzitu ditu».
Hegazkinak, beteta
Zalantzei segurtasun neurriak gehitu behar zaizkie. Ostalaritza lokaletan bezero kopurua murriztu dute, ez ordea hegazkinetan, eta horrek Casas lasaitu du. «Konpainiek hori eskatzen zuten, edukiera osoa. Maskararekin, gelak… baina hegazkina beteta joatea. Kontrakoa, hegazkin osoa business klasekoa bihurtzea zen. Prezioak ez dituzte igo, eta hegan egitea ez da luxuzko objektu bilakatuko». Hegazkinetan hiru minutuz behin berritzen da aire guztia, eta han kutsatzea ia ezinezkoa dela azaldu du. Eta aireportuan? Antzera. «Neurriak zehaztu behar dira, baina litekeena da bidaiariak bakarrik sartu ahal izatea terminalean. Loiun, esaterako, hirugarren solairua egokitu dugu iristen direnentzat». Era berean, ez du baztertzen bidaiari guztiei tenperatura hartzea.
Hotelei dagokienez, Bilbon irekitzen dutenek «erritmo erdian» egingo dutela uste du Diazek, eta horregatik ez dutela segurtasun neurriak betetzeko arazorik izango. «Zertarako ireki solairu guztiak jenderik ez baduzu? Gainera zerbitzuak murriztuta daude oraingoz. Gosariek ez dut ezer ikusirik buffet ikusgarriekin; askaritxoak dira gehiago». Gidek ere lan egiteko modua aldatu beharko dutela aurreratu du Muñozek: «Bi metroko distantzia gorde behar dugu, maskarak eraman,, gela… Eta kale estuak saihesteko esan digute». Hirietako parte zaharretatik ibiltzeko moduan…
Udazkenaren beldur
Udako zalantzek, baina, udazkenean jasoko dute erantzuna, eta Ubarretxena oso kezkatuta dago: «Uda ona ez bada, udazken eta negua beldurgarriak izango dira, are gehiago lantaldeari sei hilabetez eutsi behar izateko obligazioarekin. Enpresari askok erabaki beharko dute negozioarekin jarraitzea merezi duen ala ez». Ostalarien elkarteko buruak uste du plan berezi bat behar dela sektorea salbatzeko: «Azken urteetan gehien hazi den sektorea gara, eta hornitzaile asko ditugu inguruan. Industria eta turismoa elkarrekin bultzatu daitezke, eta, Azpeitia bezalako udalen bat salbuetsita, orain arteko laguntzak irrigarriak izan dira».
Casasek aitortu du ez duela hegaldi askorik galtzea espero, eta ez du uste erakunde publikoek salbuespen neurririk hartuko dutenik. «Hemen jada ez zaie dirurik ematen konpainiei. Promozioa egiten da, baina ez zaie ustiapen defizita ordaintzen. Mesede txikia egiten diet nire bezero fidelei beste bati dirua ematen badiot. Ryanair horregatik joan zen». Gidek ere estutuko dute gerrikoa. Dena den, Gipuzkoan dihardutenek aldundiaren laguntzak jaso dituzte, eta Bizkaikoa webgune plataforma bat sortzen ari da haien zerbitzuak kontratatzeko.
Ipar Euskal Herrian enpresa batzuek ateak itxiko dituztela ziurtzat jotzen du Martinek. Elkargoaren datuen arabera, 3.000 negoziok dute harremana turismoarekin, eta udazkenean erabaki zailak hartu beharko dituzte: «Bi neurri nagusi daude egoerari aurre egiteko: batetik, langabezia partzialaren dispositiboa atxikiko dute. Irabazien apaltze handi bat badute, langile batzuk gelditzeko aukera izanen dute, eta egitura independenteentzako diru laguntzak ere atxikiko dituzte. Tamalez, baina, hainbatek ez dute iraunen».
Hotel bat ixtea, baina, negozio txiki bat ixtea baino zailagoa da, eta Diazek horregatik ez du triskantzarik espero Bilbon. «Ez dut uste inor eroriko denik, ezta bidean dauden egitasmo horietakoren bat ere». Egun, bederatzi hotel berri eraikitzen ari dira Bilbon. Ez ixteak, baina, ez du esan nahi kolpea hartuko ez dutenik. Diazek argi azaldu du zein den aurtengo testuingurua: «Ez ditut kontuak ikusi, baina guzti-guztiek izango dituzte galerak. Bakar batek ere ez du parra egingo 2020an, argi dut. Urtarrilean eta otsailean guztiok ditugu galerak, eta gero, burua altxatzeko garaia hastean, itxi egin behar izan genuen. Orain uda kaskarra dator, eta gero, mugarik gabe ireki ahal izango dugunerako, azaroa eta abendua. Alegia, berriz ere galtzera».