INEk argitaratutako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) datu aurreratuaren arabera, elektrizitateak ere behera egin du, prezioa 2024ko maiatzean baino gutxiago igo baita.
Eduardo Coudetek Alaves zuzentzen jarraituko du. Klubak eta teknikariak akordioa egin dute, eta 2026 arte luzatu diote kontratua argentinarrari. Aste honetan bertan Sergio Fernandez kirol zuzendariak esan zuen segitzea nahi zutela, egokiena iruditzen zitzaielako taldea zuzentzeko. Entrenatzaileak ere duela egun batzuk eman zuen bere asmoen berri. «Mailari eustea lortu genuen arte horretan nuen jarrita arreta. Behin hori lortuta, datozen egunetan bilduko gara, eta ez da arazorik egongo akordioa lortzeko. Ni oso gustura nago hemen». Coudet amaitu berri den denboraldiaren erdialdean iritsi zen taldera. Emaitzak ez ziren onak, eta Luis Garcia Plaza entrenatzailearen tokia hartu zuen. Hasiera batean hainbat zalek erabaki hori kritikatu zuten, eta taldeak Mendizorrotzan jokatutako zenbait norgehiagokatan Garcia Plazaren aldeko oihuak entzun ziren. Gainera, taldeari kostatu egin zitzaion jaitsiera postuetatik ateratzea. Lortu zuen, ordea. Azken aurreko jardunaldian eutsi zion kategoriari, Valladoliden kontra. Azken neurketan arabarrek berdindu egin zuten Osasunarekin, eta hamabosgarren tokian amaitu zuten denboraldia. Orain, Sergio Fernandezekin batera hurrengo denboraldia prestatzen hasi beharko du Coudetek.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kezka adierazi du EHUk erabaki duelako datorren ikasturtean Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean soilik 16 plaza gehiago eskaintzea euskarazko lerroan. Izan ere, sailburuak gogorarazi du iaz aurreko errektoretza taldearekin 40 plaza gehiago eskaintzea adostu zutela, eta orain %60 gutxiago eskainiko direla. Alberto Martinez Osasun sailburuak nabarmendu du 16 plaza horiek «beharrezkoak» direla, baina ez «nahikoak». Martinezen esanetan, konpromisoa ez betetzeak «hezkuntza kalitatea murriztea» dakar. Aldiz, EHUk kaleratu berri duen ohar baten arabera, iazko urriak aurreko errektoretzak eginda bileran dagoeneko aurreratu zioten sailburuari 40 plaza gehiago eskaintzea ez dela bideragarria, ez behintzat egungo baliabideekin: «Gaur egun euskaraz 40 plaza gehiago eskaintzea ez da errealista, kalitatezko irakaskuntza bermatu nahi baldin bada euskaraz. Kopuru hori datozen ikasturteetan urtetik urtera handitzea proposatzen du unibertsitateak; sailburuari martxoan izandako bileran azaldu bezala». Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatean datorren ikasturtean euskarazko 40 plaza gehiago eskaintzeko akordioa izan zen iaz Osasun sailburu berriak eta EHUk lortutako lehen akordioetako bat. Ordu hartan sailburua bera bildu zen EHUko orduko errektore taldearekin. Akordioaren azken helburua zen orotara 400 plaza eskaintzea, eta gazteleraz nahiz euskaraz eskaintzen diren plaza kopurua parekatzea.
Euskal Herri osoan are gehiago murriztuko dira erretzea baimentzen duten eremuak, Espainiako eta Frantziako gobernuek prestatu dituzten neurriak bere horretan indarrean sartzen badira. Kerik gabeko eremu batzuk orokorrak izango dira: esate baterako, autobusen markesinak eta kirol instalazioak. Beste batzuk, berriz, mugaren alde banatan bakarrik ezarriko dira. Adibidez, Hego Euskal Herrian terrazetan erretzea debekatu lezakete, Espainiako Gobernua prestatzen ari den tabakoaren aurkako lege aurreproiektuaren arabera. Iparraldean, berriz, hondartzak, parkeak eta eskola inguruak hartuko ditu debekuak, besteak beste. Murrizketak aplikatzen hasteko data bat ere ezarri du Frantziako Gobernuak: uztailaren 1a. Espainiako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, erretzea debekatuta dagoen eremuak areagotzea da legearen helburu nagusietako bat. Horiek horrela, aurreproiektua lege bihurtuko balitz, Hego Euskal Herrian ezingo da terrazetan erre; baina ezta markesinetan, lanerako diren ibilgailuetan, unibertsitate campusetan, institutuetako patioetan, kirol instalazioetan, erabilera kolektiborako igerilekuetan eta aisialdirako aire zabaleko guneetan ere. Dena den, Osasun Ministerioak oraindik ez du «guztiz zehaztu» zer eremutan galaraziko duten erretzea. Aurreproiektua lege bihurtzeko, zirriborroa aurkeztu ostean, Ministroen Kontseiluak onartu behar du, eta, gero, Kongresuak onetsi beharko du. Frantziako Gobernuak, berriz, dekretu bidez ezarriko ditu neurriak. Catherine Vautrin Osasun ministroak Ouest-France egunkarian eman du bere asmoen berri. Uda hasieran sartuko dira indarrean, eta arauak urratzeagatik 135 eurora arteko isuna ezar dezakete. Espainiakoek bezala, Frantziako murrizketek ere aire libreko eremu handiak hartuko dituzte, eta ministroak ikastetxeen kanpoaldeetan debekatzeari garrantzi berezia eman dio, «ikasleek ez dezaten erre egoitzaren aurrean». Frantziako Gobernuak oraingoz ez du terrazetan erretzea debekatzeko asmorik.
Bi sindikatuotako ordezkariekin elkartu da Yolanda Diaz Lan ministroa, Bilbon egindako bilera banatan. Egiten duten lan sindikala eskertu ondoren, euren aldarriak aintzat hartuko dituela hitz eman die. “Ondo ezagutzen ditut”, esan du.
Inbertitzaileen arreta Estatu Batuetan dago oraindik ere, eta horrek markatuko du berriz ere merkatuen norabidea gaurko egunean, erreferentzia makroekonomiko garrantzitsuak argitaratuta, hala nola lehen hiruhilekoko BPGaren berrikuspena.
Bolada eta garai onean iritsi dira Bera Bera eta Elx ligako finalera. Bada, partida kaskarra egin du Herrialde Katalanetako taldeak, eta txukuna Donostiakoak. Beraz, uste baino errazago irabazi du finaleko aurreneko partida, Gaskan: 28-19. Emozio gutxiko lehia izan da. Jokalariek partida guztietan izaten dute presioa, baina are gehiago finaletan. Hori kudeatzea funtsezkoa da ondo aritzeko. Bada, eragina izan du partida hasieran. Lehen zatian hamar baloi galdu ditu Bera Berak, eta hamabi Elxek. Hobeto kantxaratu da, halere, Donostiako taldea. Pare bat kontraerasotan asmatu du, eta 2-0 aurretik jarri da markagailuan. Defentsan sendo hasi da, gainera. Elx, berriz, ezinean aritu da erasoan, kamuts. Baloi asko galdu ditu, eta behin eta berriz egin du topo Lucia Prades atezainarekin. Meritu handiko geldiketak egin ditu. Donostiarrek, baina, ez dute hori aprobetxatu, eta ez dute lortu abantaila handitzea. Kontrara, aurkariaren ezinaz kutsatu dira minutuak aurrera egin ahala. Jokaldiak amaitzeko gehiegizko presa izan dute bi taldeek. Hamaseigarren minutuan, 5-4 aurretik zirela, partida eten du Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak, ikusten zuenarekin kontent ez: «Defentsan oso ondo ari gara lanean, baina, erasoan, bost gol eta baloi galtze asko daramatzagu». Zuzenketek balio izan diete donostiarrei, eta bueltan asmatu dute: bi alditan zulatu du sarea Maitane Etxeberriak, eta behin Marie Louisek, markagailuan aldea zabaltzeko. Hala, pixkanaka erosoago aritu da Bera Bera. Atsedenaldira 13-9 joan dira. Emaitza ez zen txarra, eta azken minutuetan egindako jokoa ere ez. Bada, bigarren zatian horri eutsi diote. Atean horma sendoa eraiki du Pradesek, eta Elxek ez du jakin nola hautsi. Herrialde Katalanetako taldeak bosgarren minutua beteta zela sartu du aurreneko gola, hamargarrena. Bera Berak, berriz, jokoa bizitu du, eta zaleak gozarazi. Behetik gora eginda, jokalariak finago aritu dira bigarren zatian, eta garaipena bideratuta utzi nahi izan dute ahal bezain laster. Hutsegiteak atzean utzi, eta golak bat bestearen atzetik sartu dituzte. 45. minuturako hautsita zuten partida (21-12), eta, panorama ikusita, lan erdiak eginda. Espero baino errazago aritu dira Imanol Alvarezek zuzendutakoak. Nicol Morales atezaina izan da Elxeko onena, baina taldekideek ez diote asko lagundu. Ez aurrean, ez atzean. Sasoi honetan sendo aritu dira, baina oso bigun gaur. Bukaerara arte, joera horixe izan du partidak. Azkenean, 28-19 bukatu da. Elkarri lepotik helduta eta saltoka ospatu dute garaipena Bera Berako jokalariek. Urrats erabakigarria falta Lehen urratsa egin du Bera Berak, baina bigarrena falta zaio, erabakigarria; eta, beraz, garrantzitsuena. Larunbatean jokatuko du bigarren partida, Elxen (18:00). Eta, beste bat behar izanez gero, Donostian neurtuko dituzte indarrak, ekainaren 5ean. Beste garaipen bat baino ez dute behar gipuzkoarrek titulua irabazteko. Lortuz gero, gainera, denboraldia biribilduko dute: Iberiar Superkopa eta Espainiako Kopa irabazi dituzte dagoeneko, eta Europan ere distiratsu ibili dira —lauko finalerako sailkatzear egon dira—. Ez dute nahi, inolaz ere, aho zapore gozo hori azken unean mikaztea. Eta agur goxoa eman nahi diete Alba Menendez eta Esther Arrojeria kapitainei ere. Horretarako, hasitakoa bukatzea baino ez zaie falta. Esku-eskura dute: Elxen edo Donostian irabazi, eta kito. Halere, badakite, ziurrenik, Gaskakoa baino zailagoa izango dela bigarren garaipena eskuratzea.
Txupinazoa jaurtitzeko gutxi falta da, eta bost hautagai lortu dute Sanferminetako Mahaiaren babesa: AFAN Alzheimerra eta bestelako dementziak dituztenen eta haien senideen Nafarroako elkartea, Iruñeko Gaiteroen Elkartea, Nafarroako Yala, Juan Jose Martinena eta Alberto Gurrea. Txupinazoa botatzeko zazpi hautagaitza aurkeztu dira aurten. Horietako bat, Ezkirozko (Nafarroa) BSHko langileena, Balorazio Batzorde Teknikoak deuseztatu du, ezin baita aurkeztu ordezkari, erakunde edo talde «politiko, sindikal, enpresarial edo erlijiosorik». Gaur arratsaldean, Sanferminetako Mahai Orokorrean 21 erakundek bozkatu dute onartutako sei proposamenen artean, eta horietako erakunde bakoitzak gehienez 15 puntu banatu ditu: bost lehen aukerarentzat, lau bigarrenarentzat, hiru hirugarrenarentzat, bi laugarrenarentzat eta bat bosgarrenarentzat. Zenbaketa egin ondoren, seigarren aukera alde batera utzi da, bakarrik bost hautagai izan daitezke eta. AFANen hautagaitza Gurutze Gorriak, Cermin elkarteak eta Duguna Iruñeko udal dantza taldeak proposatu dute, eta 68 puntu lortu ditu osotara. Bigarrena Iruñeko Gaiteroen Elkartea izan da, 61 puntu bilduta, eta Iruñeko erraldoi eta buruhandien elkarteak proposatu du. Alberto Gurrea jotari eta ile apaintzailea Amudisnak proposatu du, eta 42 puntu lortu ditu; Juan Jose Martinena historialaria, berriz, Iruñeko sanferminetako La Escalerica peñak proposatu du, eta 41 puntu batu ditu; Nafarroako Yala Iruñeko Peñen Federazioak proposatu du, eta 37 puntu lortu ditu. Aukeratzeko garaia Sanferminetako Mahai Orokorraren bozketaren ondoren, herritarren txanda iritsi da. Aurtengo suziria nork piztuko duen aukeratzeko bozketa ekainaren 2an hasiko da, eta herritarrek ekainaren 13ra arte izango dute aukeratzeko. Urtero bezala, 16 urtetik gorakoek bakarrik eman dezakete botoa, eta ezinbestekoa izango da Iruñean erroldatuta egotea. Botoa emateko hiru aukera daude: 010 – 948 420 100 telefonoaren bidez, www.pamplona.es webgunean, edo aurrez aurre, Civivox zentroetan jarriko diren hautetsontzietan.
Valogreene Paper enpresak Bergaran (Gipuzkoa) planta bat ezartzeko jaso zuen ingurumen baimen integratua baliogabe utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Ondorioz, kareharrizko materialak ekoizteko plantaren proiektuari bidea itxi diote auzitegiek. Bergarako Udalak eman du epaiaren berri, ohar labur baten bidez. Udalak nabarmendu du auzitegiak arrazoia eman diola, epaiak baieztatu baitu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Valogreene Paperi eman zion baimena legez kontrakoa dela. Azaldu duenez, epaiak zuzenbidearen kontrakotzat jotzen ditu Eusko Jaurlaritzaren hurrengo bi erabakiak: batetik, proiektuaren ingurumen eraginari buruzko aldeko adierazpena eta ingurumen baimen integratua onartzen zizkion ebazpena, eta, bestetik, ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoak ezesten zituen erabakia. Jaurlaritzak Valogreene enpresari ingurumen baimena aitortu izanari helegitea aurkeztu zioten Bergarako Udalak, Ekologistak Martxan taldeak eta Bergarako bi bizilagunek. Laurek ireki zuten administrazioarekiko auzi prozesu bat, gobernuak errekurtsoak baztertu ostean, eta auzi horri erantzun dio orain EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak. Valogreene enpresaren ingurumen baimen integratua indargabetzeaz gain, epaiak jaso du Eusko Jaurlaritzari dagokiola auziko kostuak ordaintzea. Oharrean, epaia «oso positibotzat» jo du udalak, «zalantzan jarri baititu Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimen bateratua emateko orduan jarraitu dituen prozedurak». Sententziaren aurkako kasazio helegite bat aurkezteko aukera izango du Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Auzitegi Gorenean. 30 eguneko epea izango du horretarako. Hala egingo ez balu, irmoa izango litzateke epaia. Aurreratu duenez, Bergarako alkate Gorka Artolak auziaren gaineko balorazio sakonago bat egingo du bihar, prentsa agerraldi batean, gobernu taldeko kideekin eta kasua eraman duen abokatuarekin batera. BERRIAk egiaztatu duenez, auzitegiak Valogreeneren ingurumen baimena legez kontrakotzat jotzeko azaldu dituen arrazoietako bat honako hau da: Jaurlaritzaren ingurumen eraginari buruzko adierazpenak ez duela aztertu zein beste kokapen posible egon daitezkeen halako instalazio bat hartzeko. Bestalde, epaian ohartarazi dute proiektuaren jarduera ezin daitekeela mineral industriakotzat jo, eta papergintza sektorearen hondakinen balorizazio gisa sailkatu behar dela. Gainera, nabarmendu du Jaurlaritzak ez zuela kontuan hartu Bergarako Udalak eman zuen hirigintza txostena, proiektuaren kontrakoa zena. Epaiaren arabera, gobernuak ezin zion txosten horri ez entzunarena egin. Proiektuan aldaketak Valogreenek industriarako karga mineralak modu ekologikoan ekoizteko planta bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zion udalari, 2021eko ekainean. Egitasmoaren txostenak jasotzen zuenez, instalazio horrek paper industriaren hondakinak deuseztatuko zituen pirolisiaren eta errekuntzaren bitartez. Zaldibarko zabortegiaren amiltzeak hondakin horiek kudeatzeko utzi zuen beharra bete nahi zuten modu horretan —zabortegia 2020ko otsailean amildu zen—. Udalak begi onez ikusi zuen egitasmoa, eta hura garatzeko baimena eman zion enpresari, uztailean. Atzera egin zuen, baina, hilabete gutxira. Bergarako Udalak 2021eko azaroan iragarri zuen bertan behera utzi zuela Valogreene Paper-i behin-behinean eman zion baimena. Gorka Artola alkateak argudiatu zuen enpresak udalari aurkeztu zizkion jarduerak ez zetozela bat ingurumen baimen integratua lortzeko Eusko Jaurlaritzan egin zuen eskariarekin. Beraz, enpresari eskatu zion berriz ere aurkezteko garatu nahi zituen jarduerei buruzko txostena, udalak baimena eman ala ez azter zezan. Enpresak ez zuen bestelako dokumentaziorik aurkeztu udalean, eta Bergarako Udalak 2022ko otsailean ebatzi zuen proiektua ez zetorrela bat herriko hirigintza planarekin. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ingurumen eraginari buruzko aldeko adierazpena eman zion egitasmoari, 2022ko apirilean, eta ingurumen baimen integratua aitortu zion ebazpen berean. Gaur egun Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburu den Amaia Barredok sinatu zuen baimena —Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde zen orduan—. Barredo prebarikazio delitu batekin lotu zezaketen zantzuak ikusi zituen fiskaltzak, Ekologistak Martxan taldearen informazio batzuk aintzat hartuta, baina EAEko Auzitegi Nagusiak auzia artxibatu zuen joan den otsailean, ikerketarik agindu gabe. Gauza bera egin zuen martxoan, Javier Agirre Orcajo Ingurumen zuzendari ohiarekin. Orain, Auzitegi Nagusiaren azken epaiak bertan behera utzi du Valogreenek proiektuarekin aurrera jarraitzeko behar duen ingurumen baimen integratua, eta, beraz, eten egin du, oraingoz behintzat, kareharrizko materialak ekoizteko plantaren egitasmoa. Halaber, epaiak ezbaian jarri du Eusko Jaurlaritzaren jokabidea, haren ebazpenak zuzenbidearen kontrakotzat jo dituen heinean.