Gehiegizko hipoteka gastuak itzultzeko exijitu du EBko Justizia Auzitegiak

Abusuzko klausula baten ondorioz ordaindutako hipoteka-gastuak kontsumitzaileari itzuli behar zaizkio, tokian tokiko Estatuko Zuzenbideak kontrakoa agindu ezean.

Iritzi zabaldua da COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoa gainditzeko berebiziko garrantzia izango duela asteburuko goi bileran adostu dezaketen suspertze plana. Eta haren atarian jakinarazi du ELAk bere iritzia, agiri luze-zabal baten bidez. Sindikatuak onartu du Next Generation EU planak berritasunak badauzkala, orain arte Batasunak laguntza emateko izan duen irizpideei begira. Hasteko, Batzordeak Batasunaren aurrekontua indartzea proposatu du 2021-2027ko aldirako, 750.000 milioi euroko ekarpenarekin. Hauxe da proposamena: 500.000 milioi euro, transferentzia edo diru laguntza gisa, eta 250.000 milioi, mailegu gisa. Baina ELAk uste du aldaketa horien arrazoia ez dela «bat-batean Europako Batasunak norabide neoliberal eta austerizidari buelta ematea»; errealitate jakin baten ondorioa dela dio: «Krisi ekonomiko orokorra eta sakontasun handikoa da, eta hegoaldeko herrialdeetan Europarekiko baztertze sentimendua areagotu da».
ELAk badaki orain ezagutzen dena «proposamen bat» baino ez dela, eta eztabaida «hasi berria» dela ere bai. Izan ere, plan horren aurka daude Batasuneko kide batzuk, xuhurren taldea buru dela: Herbehereak, Austria, Danimarka eta Suedia. Haiekin batera, beste hainbat ez datoz bat kopuruarekin; 750.000 milioi euro zenbateko handiegia iruditzen zaie; ezta transferentzia eta maileguen proportzioarekin ere. Kreditu gehiago eta zuzeneko diru laguntza gutxiago nahi dute. Gainera, laguntzak jasotzeko baldintza gehiago eskatzen dituzte, eta egutegiarekin eta ordaintzeko epeekin ere ez daude konforme. «Negoziazioa gogorra izango dela espero da, eta, aldaketak egiten badira, ez dute proposamena hobetuko, kontrakoa baizik».
Berandu eta eskas
ELAren ustez, krisi honek ez du aurrekorik, eta «erakunde publikoen erantzun azkarra eta sendoa behar du». EBk diru kopuru handiagoa jarri beharko luke mahai gainean, sindikatuaren arabera. «Berreraikuntzaren 0,75 bilioi euroak motz geratzen dira Europako Parlamentuak eskatutakoaren aldean (2 bilioi)». Zergatik dio ELAk hori? «2020an eurogunean aurreikusitako zor publikoaren igoera 2,4 bilioi euro da. 0,75 bilioirekin zulo horren heren bat baino ez litzateke estaliko».
Sindikatuak uste du funtsak ez liratekeela banatzen hasiko datorren urteko urtarrila baino lehen. «Epe horiek ez datoz bat gobernuek odolusteari aurre egiteko duten premiarekin. Herrialdeek dirua berehala behar dute, eta Europako burokraziak hori horrela izatea eragozten du».
Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak aurreikusten duen beste arazo handi bat da laguntzek izango duten baldintza maila. «Batasunaren aukera austerizidan sakontzen dute». Aurreikus daiteke, ordea, baldintza horiek desberdinak izango direla aurreko hamarkadakoen aldean; alegia, Troika eta beltzezko gizonak ez lirateke azalduko orain; «egia da, halaber, COVID-19aren pandemiaren eta 2008ko krisiaren irakaspenek ondorio batzuk utzi dituztela».
Baina ELAk argi dauka Batasuneko kide askok oraindik ere lotzen dutela baliabide ekonomikoak jasotzea, hala transferentziak nola maileguak, doikuntza politiken aplikazioarekin eta egiturazko erreformekin. «Funts horiek eskuratzen dituztenek Europako Egonkortasun eta Hazkunde Ituna bete beharko dute gero, eta beren politika publikoak baldintzatuko dituzte. Kontrakoa esatea herritarrak engainatzea da».
Horregatik, ELAk alternatiba bat eskaini du, hainbat esparrutan neurriak hartuz. «EBZk gobernuen zuzeneko finantzaketa baimendu behar du; defizitaren, zor publikoaren eta gastu arauaren mugak kendu behar dira; eta funts europarrek ez dute inolako baldintzarik izan behar lan eta gizarte eskubideak murrizteko».
Zor publikoaren auditoretza bat ere nahi sindikatuak, ordainketa atzeratzea eta «legitimoa ez den zatia kitatzea». Halaber, proposatu du krisiaren kostu ekonomikoak, funtsean, errenta handiek, enpresek eta kapitalak ordaintzea, «zergen gehikuntza baten bidez».



Joerak antzekoak izan dira hiru lurraldeetan. Aurreko hilabeteetan baino askoz ere zerga gehiago bildu dituzte ekainean, baina ez jarduera ekonomikoa berrabiarazi delako soilik. Koronabirusaren krisia hasi zenean, aldundiek hainbat neurri hartu zituzten «herritarren likidezia hobetzeko eta ekonomiako sektore ahulenek kalte handiak ez izateko»; besteak beste, zergak ordaintzeko epeak malgutu zituzten, eta BEZaren bidez likidezia eman zitzaien enpresa eta norbanakoei. Ekainean hasi ziren atzeratutako ordainketa horiek jasotzen.
Zehazki, BEZaren eta zeharkako beste zergen bilketan izandako beherakadaren ondorio dira orain arteko emaitzak. Araban %29,5 murriztu da zeharkako zergen bilketa, Bizkaian %16,6 eta Gipuzkoan %12,5. Zeharkako zergen artean, nabarmentzekoa da hidrokarburoei ezarritakotik jasotzen dutenak zenbat egin duen behera: %30 inguru.
Arabako Ogasunak nabaritu ditu gehien krisiaren ondorioak. Han, zergen bidez 695,6 milioi euro jaso dituzte, 2019an baino 142,2 milioi gutxiago (-%17). Hala ere, datua ontzat jo daiteke maiatzekoekin alderatuz gero: Araban, urtarriletik maiatzera, iaz baino %36 zerga gutxiago bildu zituzten. Han ere zeharkako zergek egin dute zuloa: besteak beste, BEZaren bidez %34,2 gutxiago jaso dute.
Ekaineko berpiztea
Bizkaiko ogasunak biltzen ditu zerga gehien: 3.012,6 milioi euro aurtengo lehen seihilekoan. Iazko bilketarekin alderatuta, %12,8 izan da jaitsiera.
Gipuzkoan ere nabarmena izan da ekaineko berpiztea: joan den urtean baino %23,9 gutxiago bildu zuten urtarriletik maiatzera bitartean, eta, ekaina kontutan hartuta, %11,6 izan da beherakada —1.402,5 milioi euro bildu dituzte—.
Dena den, urtea amaitu bitarteko aurreikuspenak ez dira baikorrak. Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak atzo azaldu zuenez, zerga bilketa %20 murriztuko da: «Jarduera ekonomikoa murriztu egingo da, kontsumoa jaitsi, eta langabezia igo».
Bestalde, gogorarazi zuen 2019an zerga bilketaren langa guztiak hautsi zituztela, eta hori kontuan izan behar dela alderaketak egiteko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru ogasunek 15.469,5 milioi euro bildu zituzten 2019an.
Zer aldarrikatu nahi izan duzu manifestazioarekin?
Nik ezagutu izan dudanaren lekukotza ematera nator, sindikatuetako ordezkariok pairatzen dugun jazarpenaren lekukotza ematera. Benetan dihardugu Mercadonako langileen eskubideen alde. Hori da sindikaliston betebeharra.
Mercadonak bere langile bat salatu du bide penaletik.
Laguntza eman nahi diogu salatu duten kideari. Muturreraino iritsi ziren [enpresakoak] kasu honetan bide penalera jotzean; marra gorria zeharkatzea da hori. Haien helburua da bidegabeko kaleratzea onar dezala, eta, ahal badute, isiltasun klausula lortzea. Ez dute nahi bertan zer gertatzen den jakitea.
ELAkoek gonbidatu zaituzte manifestaziora. Zer helarazi nahi diezu?
ELAko ordezkari guztiei ere animoak eman nahi dizkiegu. Jazotzen diren gehiegikeria guztien aurka elkartzen eta antolatzen bagara, gure lagunek merezi duten ordezkaritza lor dezakegu. Beldur handia dago dendetan; ez da saldu nahi digutena. Lan harremanak normalizatzea lortu behar dugu, Mercadonan ez baitaude normalizaturik. Kontua da haiekin dugun elkarrizketa ez dela konfiantzazkoa.
«Lesio fisiko larriak» salatu ditu ELAk. Zergatik pairatzen dituzte langileek halako gaitzak?
Mercadonako langile gehienok lan zama izugarria dugu. Lanorduak ez dira txandakatzen, eta, azkenean, hondaturik amaitzen duzu, fisiko zein psikologikoki. Coruñan ez dago dendarik non ezin duzun aurkitu edozein zailtasun izan ez duen langilerik. Gutxi batzuk aipatzearren: etenak, bizkarrak leherturik, karpo kanaletako sindromeak…
Ezin al duzue egokitu lan erritmoa?
Mercadonan ezin duzu lanpostua moldatzea eskatu; ezin da egin. Idatziz eskatu behar da, eta ez da ia inor ausartzen. Leher egin arte aritzen zara, eta, ezin duzunean gehiago, kalera.
Presio psikologikoa aipatu duzu. Zer-nolakoa da Mercadonan pairatzen duzuen presioa?
Izugarria da jasaten dugun presio psikologikoa. Xantaia handi eta ikaragarriena urteroko diru sariarena da, Mercadonako lan hitzarmenak jasotakoa. Zure lanaren balorazio guztiz subjektiboaren arabera ematen dizute edo ez. Haien esanetara egon behar duzu une oro; amore eman behar duzu haien aurrean. Berdin du zure bizitzak; saldu egiten duzu.
Lan sakrifikatua, beraz…
Bakarra izango balitz sakrifizioa… Nahiago nuke bakarra izango balitz. Ezinezkoa da ados jartzea Mercadonarekin. Hermetismoan datza beraien jarduna.
Langileen osasun eskubideen parte dira gaixo agiriak. Erraza al da Mercadonan hauek ematea?
Mercadonan gaixo ez egoteko idatzi gabeko debeku bat dago. Hilzorian egon behar duzu gaixo agiria emateko. Gaixo zaudenean, dendatik irten bezain laster enpresako mediku zerbitzuko dei ugari dituzu. Ea nola bururatzen zaizun gaixo agiria hartzea haiei jakinarazi aurretik. Mercadonan gaixoaldian egon aurretik derrigor hiru egun egon behar duzu etxean, justifikatu gabe, preskripziorik gabe. Halakoxea da protokoloa.
Lan hitzarmenean jasota dago aldi baterako ezintasuna dutenek diru sarrera osagarri bat izateko eskubidea dutela. Lau baldintza bete behar dira osagarri hori jasotzeko, eta bat ez bada, bestea ez duzu beteko.
Galiziako CIGeko kide ere bazara. Zer erantzun jaso zenuen bertako zerrendetara aurkezten saiatu zinenean?
Izugarria izan zen nire esperientzia. 2010ean, CIGeko zerrendetara aurkezten saiatu nintzen. Nire koordinatzaileak egunero esaten zidan sindikatua Mercadonaren aurka zihoala, eta CCOO edo UGT sindikatuetako zerrendetara aurkezteko. Argi nuen CIG sindikatuan aurkeztu nahi nuela, eta horrek are argiago utzi zidan. Prozesu sindikal bat da hura. [Koordinatzaileak] Ez du zertan muturra sartu. Langileon kontua da.
Eta zer ondorio ekarri zizkizun prozesuarekin jarraitzeak?
Ordurako lauzpabost urte neramatzan sail batean, eta, bat-batean, korridore txarrenak niretzat izan ziren; kutxa bakartu batera aldatu ninduten; ez zidaten uzten nire kideekin harremanetan jartzen, eta hiru diru sari kendu zizkidaten —azkenean, auzitara joz berreskuratu nituen—. Orain, CIG sindikatutik saiatzen naiz inork ez dezala pasa nik pasatutakoaren erdia.