Volkswagenek 452 behin-behineko langile kontratatuko ditu Nafarroan

Nafarroako Volkswagenek 452 langile kontratatuko ditu Wolfsburgeko markaren eskaerari erantzuteko. 5.000 auto gehiago ekoiztea eskatu du. 2020ko abuztuaren 25a.

«Espero dugu erabaki guztiak azkar hartzea, maileguak lehenbailehen ordaintzen hasteko», adierazi zuen atzo Valdis Dombrovskisek, Europako Batzordeko lehendakariorde ekonomikoak. Ursula von der Leyen lehendakariak, berriz, «urrats handia» egin dutela azpimarratu zuen, eta orain arteko bidetik jarraitzeko deia egin zien estatu kideei. «Ahal dugun guztia egin behar dugu Europan ahalik eta enplegu gehienari eusteko».
Sure programaren bidez emango dituzte laguntza horiek, eta atzo jakinarazi zituzten zenbatekoak. Guztira, 17 estatuk egin dute eskaera, baina hamabostenak ezagutarazi dituzte —Portugalen eta Hungariaren kopuruak zehazteko dituzte—. 100.000 milioi eurokoa da funtsa, eta Bruselak diru hori merkatuetan eskuratuko du, 27 estatu kideen abalekin.
Atzo ezagutarazitako kopuruen arabera, funtsaren ia %20 erabili gabe geratu da; Batzordeak azaldu duenez, hori utzi da beste herrialde batzuek etorkizunean egin ditzaketen eskaerentzako. Bruselak 81.400 milioi banatuko ditu momentuz, eta zatika egingo du hori: eskatzaileek udazkenean jasoko dute lehen ordainketa, eta gainerakoa 2021. urtean zehar. Aurreikusi da estatuek oso baldintza onetan jasotzea maileguak, merkatuek Bruselarekin duten konfiantzaren arabera zehaztuko baitira interesak —egun kalifikazio mailarik handiena du—, eta ez estatuen arabera.
Espainian jada agortua
Italiak eta Espainiak jasoko dute funtsaren zatirik handiena: %60. Madril izan zen programan izena eman zuen lehen herrialdea, eta galdegindako kopuru bera jasoko du azkenean. Izan ere, Frantziak erabaki du funtsera ez jotzea; horri esker, denek jaso ahal izango dute eskatutakoa. Espainiari, baina, motz geratuko zaio egokitutako kopurua. Airef kontu publikoen Espainiako agintaritzaren kalkuluen arabera, irailerako 23.000-25.000 milioi euro inguru gastatuko ditu aldi baterako enplegu erregulazioetan eta autonomoentzako laguntzetan.
Zapi gorria da pentsiodunen mugimenduko ikurra, eta hark bete zuen urdinen zuloa Plaza Eliptikotik Areatzarainoko bidean. Antolatzaileen esanetan, «lau mila pertsonatik gora» elkartu ziren, adin guztietakoak. Bilboko Konpartsek euren egitarau guztia bertan behera utzi dute, baina ordezkaritza bidali zuten mobilizaziora, eta konpartsetako atorra batzuk ikus zitezkeen. Osasun neurri guztiak zaindu zituzten mobilizazioan. Manifestariek lau ilaratan banatuta egin zuten ibilbidea —burua Areatzara iritsi zenean atzeko muturra irteera puntutik oso gertu zegoen—, maskarekin, eta behar adina gel hidroalkoholiko eraman zuten.
«Gu gelditzen bagara, bihotza gelditzen zaigu. Pandemiak ezin ditu gure aldarriak gelditu, kalera atera behar ditugu arazoak», azaldu zuen Xabier Isasa BPMko kideak martxa hasi aurretik. Plazan zen Pentsio publiko duinak zioen pankarta handia zabaldu zutenean. Geroago manifestarien leloak iritsi ziren. Besteak beste, «lapurrak kanpora erakundeetatik» eta «terrorismoa hilabete bukaerara ez iristea da» oihukatu zuten. Kale Nagusiaren erdi aldera Bizkaiko Aldundiaren egoitza dago, eta orduan hasi ziren zahar etxeen egoera hobetzearen aldeko oihu ozenenak.
«Pandemia hasi eta sei hilabetera, menpekotasuna duten adineko pertsonen egoitzak oraindik ez dira toki osasuntsuak», salatu zuen Fanok. «Oinarrizko prebentzio neurriak hartu gabe jarraitzen dute. Langile egoiliar ratioak ez dituzte hobetu. Ez dituzte langile gehiago kontratatu, eta ez dituzte hobetu daudenen lan baldintzak». Pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik, lau egoiliar hil dira Bizkaiko zahar etxeetan, eta atzo aurrenekoa hil zen Gipuzkoakoetan.
Pentsiodunen mugimenduak eta egoitzetako egoiliarren senideek bilerak eskatu dizkiete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei, zahar etxeen egoerari buruz hitz egiteko, baina ez dute jaso erantzunik. Bizkaikoak esan zien egoerari buruzko «txosten bat» egingo duela hiru aste barru. Uztailean, arartekoarekin bildu ziren eta fiskaltzak irailean hartuko ditu, Isasak aurreratu zuenez.
Itxialdiaren osteko bigarren mobilizazio handia izan zen atzokoa. Uztailean beste manifestazio bat egin zuten, eta irailaren 7rako kontzentrazio handi bat antolatu dute Donostian, beste bat Bilbon eta beste bat Gasteizen. «Gaur egun duela bi urte genituen arrazoi berak ditugu protesta egiteko. Gertuko erakunde publikoek arazo hauek konpontzeko eskumenak dituzte Madrilgo aurrekontuei itxaron gabe», nabarmendu zuen manifestazioaren ondoren Andrea Uña BPMko kideak.



Denda askok pertsianak jaitsi zituzten martxoan, noiz altxatuko zituzten jakin gabe. Hamaika denda txiki daude, eta hamaika traba jasan behar izan dituzte. Udan, ordea, turismoak bi eredu sortu ditu oso desberdinak; batzuei on egin diete hilabeteok, eta besteek gorriak ikusi dituzte. Dendartean Gipuzkoako denden elkarteko Xabier Aldalurrek bi soslai bereizi ditu: «Hiri handiak jendetzarekin lotu dira, eta beheraka egin du turismo eredu horrek; leku lasaiagoak irten dira irabazle». Erdibidekoak ere badaude, turismo eskaintza handirik ez dutenak, baina bertako dendak aurreko urteetako udan baino «hobetoxeago» daudela esan du, herrietan jende gehiago geratu izanak lagundu egin baitu.
Irailetik aurrera, «errealitatera» itzulita —zentzu oso zabalean ulertuta—, ikusi beharko da zein den benetako egoera. Aldalurrek adierazi du konfinamendu ostekoak eta udan izan den bultzadak «zirrara» eragin dutela hasieran, eta horrek bertako dendetan erostera bultzatu dituela herritarrak. Baita denborarekin baretu egin dela ere, eta uda amaitzean ikusi beharko dela zertan den egoera.
«Entzuten eta entzuten ari gara krisi handia dugula bertan», azpimarratu du teknikariak. Haren ustez, erosketa puntualak egiten diren dendek izango dute arrisku handiena salmentak jaisteko. Oinarrizko produktuak saltzen ez zituztenak izan ziren itxialdian kaltetuenak, eta bide beretik joan daitezke orain ere.
Modaren eta jantzien adibidea otu zaio: «[Martxoan] Udaberri eta udako bildumak erosi berriak zituzten, eta, hilabeteak itxita igaro ondoren, udan astiro-astiro hasi dira. Aurrerantzean, gutxixeago erosi beharko dute, edo pixkanaka erosten uzten dieten hornitzaileak aurkitu beharko dituzte». Izan ere, azken urteotan aldaketak izan badira ere, dendari asko hornitzaileen «esklabo» dira, Aldalurren ustez, eta, inoiz baino gehiago, hornitzaile onak aurkitzen asmatu behar dute, beharren arabera. Kontu horretan «jokatu» beharko dute, berebizikoak izango baitira aurrera begira har ditzaketen erabakiak.
Euskaldenda elkarteak aurreikusi zuen pandemiaren ondorioz denden %20 itxiko zituztela neurririk hartu ezean. Cecobi Bizkaiko merkatarien patronalak, berriz, abuztuan adierazi zuen motz geratu zirela aurreikuspenetan. Dendartean-ekoaren ustez, Eusko Jaurlaritzaren itxialdi hasierako diru laguntzak «ez dira nahikoa», oso denda gutxitara iritsi baitziren.
«Luzerako perspektiba batekin heldu behar zaio arazoari, egoerak edozein momentutan egin baitezake okerrera. Ezin duzu itxiera ahalik eta gehien luzatu, ekonomiari lehentasuna emanez, gaitza zabaltzeko arriskua baldin badago», gehitu du Aldalurrek. Itxi behar denean itxi egin behar dela deritzo, baina atzetik laguntza batzuk behar direla galerei buelta emateko.
Krisiaren eraginei aurre egiteko laguntzak eskatzeko zailtasunak izan dituenik ere izan da. Itxialdian ateak irekitzeko aukera zutenak dira, baina jarduera aldetik mugimendurik ez zutenak: tindategiak, optikak… Aldalurrek azaldu duenez, «mugatuta» egon ziren laguntzei zegokienez, ez baitzeuden derrigorrez itxita. «Nahiko kalteturik» hasi dute normaltasun berria halako negozioek.
Kanpainen «arrakasta»
Laguntzez gain, udal askok bonu bidezko kanpainak ere antolatu zituzten. Sistema hori «oso egokia» dela dio Aldalurrek, dendei lagundu bitartean herritarrei ere laguntzen zaielako, kontsumitzeko beldurra kenduz. Betiko kanpainak birpentsatzeko eta egungo bizimodura moldatzeko modua da halako kanpainena; dendak «espazio seguru» bat direla gogoraraztea da garrantzitsuena.
Beste hainbeste herritan bezala, Elizondon ere (Nafarroa) jarri zuten martxan bonu kanpaina. Zangue zapata dendako Lourdes Anduezak esan duenez, «egundoko arrakasta» izan zuten: «Berehala akitu ziren». Halako erantzuna jasota, bigarrengoz, bonu gehiago atera zituen udalak.
Maiatzeko eta ekaineko bonuen bidezko bultzadari segida emateko, Eusko Jaurlaritzak 620.000 bonu banatuko ditu irailetik aurrera, merkataritzan eta turismoan erabiltzeko —370.000 eta 250.000, hurrenez hurren—. Guztira, 5,7 milioi euro bideratuko dituzte. Bai aldundiek eta bai udalek beren ekarpenak egin ahal izango dituzte, bonu kopurua handiagotuz.
Herrietako denda txiki askok etenaldia izan arren, asteroko azokak ezinbestekoak izan dira herritarren erosketetan, eta hala segitu dute orain arte. Herrietako udalen eskumena da azokak egingo al diren erabakitzea, eta bakoitzak erabaki zuen martxoan jarraitzea edo aste batzuetan bertan behera uztea.
Ordizian eta Azpeitian (Gipuzkoa), asterokoari eutsi zioten alarma egoera aplikatu ostean ere. Leire Arandiak, D’elikatuz elikadura eta gastronomia guneko zuzendariak, adierazi du denek Ordiziako azokaren aldeko apustua egin dutela: «Hasiera-hasieratik, azoka egiten jarraitu nahi genuen, eta babes handia izan du herritarren aldetik. Beti babestu dute azoka, eta hala egiten jarraituko dute, oso gurea baita alde horretatik».
Urkome elkarteko Yurre Peñagarikano kudeatzaileak ere Azpeitiko azokaren harrera azpimarratu du: «Udalak bertako ekoizleen alde agin du une oro, eta azpeitiarren erantzuna eredugarria izan da lehen egunetik; ilara luzeak egin dira astero. Ekoizleek ere eskertu digute asteroko azoka mantentzea». Azpeitian ez ezik, Urola Kostako beste hainbat udalerritan ere jarduten da Urkome.
«Egundoko erantzuna»
Apirilean, Eusko Jaurlaritzak azoka irekiak antolatzeko debekua ezarri zuen, eta segituan utzi bertan behera. Ordizian herritarren erantzuna «egundokoa» izan zen. Konfinamenduan ez ezik hurrengo asteetan ere dezente jende ibili dela dio Arandiak, gorabeherak izan diren arren: «Uda hasierako asteak lasaiagoak izan ziren, eta fokua ere izan genuen Ordizian. Orain, abuztuan, jendetza dabil berriro asteazkenetan; jendeak jarraitzen du gure azokaren aldeko apustua egiten».
Astearteetan berdintsu ibili dira Azpeitiko azokan —ostiraletan ere egiten da azoka, ekoizle batzuekin soilik—. Duela bi asteko agerraldiaren eraginez, ordea, jende gutxiago ibili zen. «Ez da batere erraza aurtengoa beste urteekin konparatzea, baina elkarlanean jarraituko dugu orain arte bezala», gehitu du Peñagarikanok.
Uda jendetsua izan bada ere, «kezkaz» ikusten dute hurrengo aste eta hiletan datorrena. D’elikatuz guneko zuzendaria itxaropentsu agertu da, ordea: «Guk berdin-berdin jarraituko dugu azoka egiten. Optimistak gara, eta irailean azokak oso onak izaten dira; produktu aldetik, eskaintza handia egoten da».
Zalantzak izan arren, jende aldetik Ordiziako azoka ari da «betiko azoka hartara» hurbiltzen. Baina espazioei dagokienez, sakabanatu egin dituzte postuak. Izan ere, egoera desberdinen arabera joan dira azoka lekualdatzen. Orain, baserritarrak plazan daude, lehengo gisara; frutazaleak, Zuhaizpian; eta bestelako postuak, Nikolas Lekuona plazan.
Azpeitian ere beste toki batzuez baliatu dira azoka egiteko. Berdura plazan eta Plaza Nagusian egin ohi da azoka asteartero —baserritarrak lehenengoan, eta gainontzeko postuak bigarrenean—. Orain, berriz, baserritarren postuak hartzen dituzte bi plaza haiek, eta frutazaleak, arropa saltzaileak eta abar Betharrametako jolastokira lekualdatu dituzte. Ikasturte berriari begira, jolastokia libre uzteko, irailean ekoizleak Berdura plazako eraikinera itzultzeko asmoa dute, «betiere» osasun neurriak zainduta.
Datorren hilean etxez etxeko banaketa zerbitzuari ekingo diote Azpeitian. Dendartean-ek, Urkomeek eta Azpeitiko Udalak jarriko dute martxan proiektu pilotua, eta azokako ekoizleek, herriko elikagaien denda txikiek eta Elikaguneak hartuko dute parte. Herritarrei «ahalik eta erraztasun handienak» ematea da helburua, Peñagarikanok azpimarratu duenez.
Arrakasta badu, gainontzeko herrietara ere moldatuko dute, Aldalurrek adierazi duenez: «Digitalizaziorako bultzada sortu da, eta lagungarria izan daiteke herrietan halako azpiegitura bat izatea elikagaien sektorean. Azpeitian hasiko dugu proba, eta ez dugu baztertzen besteetara zabaltzea».
Itxialdian, baina, Ordizian ere D’elikatuz zentroa jardun zen ekoizleen produktuak jasotzen eta banatzen. Aurrera begira, zerbitzu harekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Arandiak, «bertakoari bultzada bat emateko», eta, herritarrek asteazkenetan ezin badute, tokian tokikoa erostera animatzeko.
BilboEstiba elkartea osatzen duten lau zamaketa enpresak —Toro y Betolaza, Berge SLP eta Cosco txinatarra— eta Coordinadora, UGT, ELA, LAB eta KAIA sindikatuetako ordezkariak hirugarren aldiz bildu ziren atzo. Abuztuaren 6ko greba bertan behera utzi osteko lehen astean bi bilera egin zituzten, eta atzokoa hirugarrena izan zen. Lan egutegiaren antolaketaren gaia eztabaidatu zuten. Aurretik, eskaintza bat aztertua zuten, eta Coordinadora sindikatuak beste bat jarri zuen mahai gainean atzo. UGTk, baina, eskaintza hori legezkoa den auzitan jarri zuen. Hala den argitu behar da, eta langileek bietako bat hobetsi beharko dute.
Egutegia puntu garrantzitsua da, haren banaketaren arabera zehaztu ahal izango baitute zenbat langile finko berri behar diren. Zamaketariek orain arte ez dute inoiz egutegirik izan, eta egun batetik bestera jakiten zuten zein izango zen lana eta zenbat jende beharko zen. «Egun batean, agian, ez dago ontzirik, eta hurrengoan, hamar sartzen dira», azaldu dute sindikatuen iturriek. Orain arte hamalau egunez egiten zuten lan eta gero hiruko atsedena hartzen zuten. Hitzarmen berriarekin, baina, eta, jardunaren liberalizazioa dela eta, txanden banaketa zehaztu behar dute. Enpresek irailerako nahi dute egutegia.
Egutegia adostea langile bilera bateko kontua dela uste zamaketarien ordezkariek, eta irailaren 1ean hurrengo fasean sartzea espero dute: «zenbat langile kontratatu, nola, eta zein lan eman berriei». Enpresak kontratazioak egiteko prest daude —hamabi urte dira ez dela langile finko berririk sartzen—, baina ez dute zehaztu zenbat. Aldiz, epe muga jarri diote negoziazioari: irailaren 29a. Egun horretan dute batzar orokorra, eta, langileekin akordiorik egon ezean, CPE-a delakoa desegitearekin egin dute mehatxu. CPE zamaketarien jarduna antolatzen duen zentroa da. BilboEstibak kudeatzen du.
Azken pausoa sindikatuen arteko bozketa izango da, eta negoziazio mahaiko ordezkarien banaketa ez da langile batzordeko bera. Negoziazio mahaian Coordinadorak bozen %50 du, UGTk %25, ELAk %16,5 eta LABek %8,5. Kaiak kide bat du batzordean, baina sindikatu sektoriala denez, eta bozen %10era iristen ez denez, ez du bozik negoziazio mahaian. Alegia, Coordinadora eta beste sindikatu baten babesa beharko dute hitzarmena onartzeko. Hala izan ezean, eragin mugatuko hitzarmena baino ezingo litzateke onartu.
Ohi bezala, kanpo saldo positiboa du Hego Euskal Herriak; handia, gainera. Urteko lehen sei hilabeteetan 14.320 milioi euroren esportazioak egin ditu, eta 9.936 milioiren inportazioak. Proportzionalki, handitu egin da kanpo saldoa, inportazioak are gehiago jaitsi direlako urteko lehen sei hilabeteetan.
Lurralde guztietan jaitsi dira esportazioak, baina batez ere Gipuzkoan (-%26,2), CAFek iaz baino tren eta trenetako osagai gutxiago esportatu dituelako (%60tik gorako apalaldia ekainean). Edonola ere, gorabehera handiak dituen produktu bat da trenena, bagoi saldo bat entregatzeak gorakada handia ekar baitezake hilabete jakin batean, eta ez egiteak, berriz, beherakada handia. Berez, inoizko eskari zorrorik handiena du Beasaingo enpresak, eta gehienak esportaziorako dira. Araban %22,1 jaitsi dira esportazioak; Bizkaian, %20,5, eta Nafarroan, %18,1.
Ekipo ondasunak dira Hego Euskal Herriko enpresen esportazio gai nagusia (5.203 milioi), eta haren ondoren datoz autogintzari lotutakoak (3.153 milioi). Alemania, Frantzia, AEBak eta Erresuma Batua dira, hurrenkera horretan, esportazioen helburu nagusiak.
Indizeak, behera
Uztailean oso litekeena da kanpo merkataritzaren uzkurtzea pixka bat gehiago arintzea, jarduera ekonomikoa eta industriaren ekoizpena berreskuratu egin delako. Baina ikusteko dago zer gertatuko den abuztuan eta udazkenetik aurrera. Izan ere, ekonomiaren bilakaera iragartzen duten azterketek diote COVID-19 kasuen agerraldiak giroa beltzen ari direla. Horrela, enpresetako erosketa atalen arduradunen iritziekin IHS Markit etxeak osatzen duen indizea berriro jaisten hasi da: 54,9 puntu zituen uztailean, eta 51,6 abuztuan.
Antzeko emaitzak izan dituzte euroguneko bi ekonomia handienetan egindako azterketek: Alemanian, PMI indizea 55,3tik 53,7ra erori da, eta Frantzian, berriz, 57,3tik 51,7ra. Kutsatzeak eragozteko zerbitzuetan hartutako neurriek izan dute eraginik handiena.