Petrolioaren eskaria aurreikusi baino txikiagoa izango dela uste du…
IEA Nazioarteko Energia Erakundeak iragarri du herrialdeak koronabirusaren hedapena eragozteko hartzen ari diren neurrien ondorioz hurrengo hilabeteak «aurretik uste baino ahulagoak» izango direla petrolio merkatuarentzat. IEAren ustez, «petrolio eskariaren suspertzea nabarmen geldotuko da 2020. urteko bigarren zatian, irabaz zitekeena jada irabazita». Eta ahultasun horren erakusle dira 40 dolarren azpiko upelaren azken egunetako salneurriak.
Pandemiaren lehen olatu bete-betean daude India eta beste herrialde handi batzuk, eta, aldi berean, bigarren olatuak hedatzen ari dira Europan. «Gero eta garbiago dago COVID-19a gurekin egongo dela denbora batez», dio IEAk. Neguarekin ere kezkatuta dago erakundea: «Negua ipar hemisferiora iristear, esploratu gabeko lurralde batean sartuko gara, COVID-19aren birulentziari dagokionez».
Txinaren eskaria geldotzen ari dela dio agentziak. Berdin gertatzen ari da findegien eskariarekin ere: irabazi tarte txikiekin, ez die merezi petrolioa erosi eta fintzen aritzea. Salerosketa bitartekari batzuk hasiak dira petroliontziak alokatzen, uda aurrean egin zuten bezala, saldu ezin duten edo prezio jakin batean saltzea merezi ez dien petrolioa itsasoan gordetzeko.
Energia erakundearen arabera, Txinarekin zer gertatzen den giltzarria izango da. Herrialdearen erosketek eutsi diote neurri batean petrolio merkatuari. Hala ere, IEAren iritziz, eskari hazkunde hori nabarmen moteldu da. Baina horrekin bateragarri ez diren analisiak ere badaude, aintzat hartzen dituztenak aste honetako Txinaren jarduera ekonomikoari buruzko datu batzuk. Urte honetan lehen aldiz, abuztuan Txinan hazi egin dira txikizkako salerosketak, eta industria ekoizpenak ere uste baino gehiago egin du gora.
Dena dela, suspertzea baino, jaitsiera etetea izango litzateke Txinaren eskariak petrolio merkatuan izan dezakeen ondorioa.
Kopuru deigarri bat ere eskaini du energia erakundeak. Kontuan hartuta munduan egiten diren bidaien %20 lan arrazoiengatik egiten direla, IEAk kalkulatu du OCDEko herrialdeetan telelanaren ondorioz eguneko 600.000 upeletan txikitu dela gasolina eta diesel eskaria.
Eskaintza handia
Eskaria egonkor mantendu arren, prezioek behera egitea normala da, batez ere eskaintzan ez delako murrizketarik espero. Lurralde Petrolio Esportatzaileen kartelak bilera du bihar, pandemiaren lehen hilabeteetan upelaren prezioari eusteko ekoizpen murrizketak nola doazen aztertzeko.
Eskaria pixka bat berreskuratu orduko, murrizketa horietako batzuk arintzea erabaki zuten LPPEko herrialdeek eta haien aliatuek —Errusia tartean—. Baina badirudi goizegi ibili zirela. LPEEren ustez ere, eskaria uste baino pattalago dabil.
Gainera, kartelaren kontrolpean ez dagoen petrolio ekoizpena ere hor dago, batez ere berriz lanean ari diren AEBetako fracking putzuen produkzioa.
Zerga bilketa % 16 jaitsi zen abuztura arte EAEn

EAEko hiru ogasunen zerga-bilketa % 16,6 jaitsi da abuztura arte, 8.068,4 milioi euro jaso baitituzte, aurreko urteko epe berean baino 1.610,8 milioi euro gutxiago.
Sindikatuek “ikasgeletara itzulera seguru eta adostu” bat eskatu dute…

Hezkuntzan greba dago deituta 2020ko irailaren 15ean. Sindikatuen arabera, jarraipena % 65ekoa da; Hezkuntza Sailaren hitzetan, sare publikoan % 45ekoa da.
Nafarroak 715 lanpostu eskainiko ditu 2020ko lan eskaintza publikoan

Nafarroako Gobernuak enplegu publikoko 715 lanpostu eskainiko ditu 2020ko Lan Eskaintza Publikoan (LEP), % 74 osasun eta hezkuntza arloetarako.
Sestaoko ACB altzairutegia irekiko du Arcelor Mittalek urriaren hasierarako
ACB Sestao urriaren hasieran esnatuko da sei hilabeteko lozorroaren ondoren. Altos Hornos de Vizcaya zenaren oinordekoa aldi baterako erregulazio espedientean zegoen apirilaren 1az geroztik. Berez, urte bukaera arte luzatzeko asmoa zuen, baina enpresak «errekuperazio zantzu» batzuk ikusi ditu merkatuan, eta balizko eskaera horri erantzuteko egin du. Lantokian diharduten 205 langileak itzuliko dira, eta, haiekin batera, enpresa osagarrietako eta azpikontrataturiko beste 50 langile.
Hilaren 20an hasiko dira lehen langileak, eta urriaren hasierarako txanda guztiak martxan izan nahiko lituzke enpresak. Enpresak luze gabe hartu du erabakia, hori baita Sestaoko instalazioak dituen bertute handietako bat. Hainbat burdin urtu eta altzairu salda egiteko labea elektrikoa da, eta horrek azpiegitura arin pizteko edota itzaltzeko modua ematen du. ACBk martxoan zuen ekoizpen maila berean berrekingo dio jardunari. Hilabetean 40.000 tona altzairu ekoitziko ditu, 120.000rako ahal izan arren. 2019an, ACBko zuzendaritzak 300.000 tona ekoizteko helburua jarri zion bere buruari, baina 275.000 izan ziren bakarrik eta galerekin bukatu zuen urtea.
Ongi Etxebarri, besteak ez
Sestaokoa irekitzean Arcelor Mittalek martxan izango ditu Euskal Herrian dituen planta guztiak. Bizkaian Etxebarrin du beste bat, eta hura ahal betean ari da, jakientzako metala ekoizten baitu. Gipuzkoan, Bergaran eta Olaberrin ditu lantegiak; irekita daude, baina lan karga handiagoa hartu ahal izango lukete, eta, enpresako iturrien arabera, eskaeretan motelaldi bat sumatu dute azken asteetan. Nafarroan, azkenik, hiru planta ditu Arcelorrek: Lesakakoa, Legasakoa eta Berriobeitikoa. Lankarga badute, baina ahalaren «%50aren eta %60aren» artean daude egun. Lesakakoa geldirik egotera iritsi zen konfinamendu garaian. Arcelor Mittalek dio batez besteko ekoizpenak merkatuaren eskuetan daudela.
Aldi baterako erregulazioak urtarrilera arte luzatzeko prest dago gobernua
Aldi baterako erregulazioei buruzko araudia luzatzeko negoziazioetan ari dira Espainiako Gobernua, CCOO eta UGT sindikatuak, eta CEOE patronala. Atzo berriro batu ziren, eta akordiorik gabe bukatu zuten. Aste honetan egunero elkartzeko asmoa dute, «lehenbailehen» nahi baitute akordioa. Oraingo araudia irailaren 30era artekoa da.
Akordio bat lortzea eragozten duten atalen artean dago langabezia sariarena. Orain arte, erregulazioan egon diren langile guztiek jaso dute langabezia saria, beharrezkoa kotizatu duten kontuan izan gabe. Gainera, ez dute langabezia saririk agortu. Espainiako Gobernuak, ordea, nahi du urriaren 1etik aurrera erregulazioan daudenak dagokien saria gastatzen hastea. Sindikatuak ez daude ados.
Lotzeko dauden gaietako bat da nolako saria jasoko duten erregulazioan sei hilabetetik gora daramatenek. Langabezia sariarekin bezala, epe hori igarota, kotizazio oinarriaren %70 jaso beharrean %50 jasoko lukete. Sindikatuek ez dute jaistea nahi, eta eskaera hori aintzat hartzeko prest dagoela iradoki du Diazek.
Patronala, kaleratzeei so
Patronalak, berriz, beste puntu bat aldatu nahi du, erregulazioa eskatu duten enpresek ezin dutela langilerik kaleratu sei hilabeteko epean. Dekretuaren zirriborroak eutsi egiten dio kaleratze objektiboak egiteko debekuari —lan egindako urte bakoitzeko, hogei eguneko soldataren adinako kalte-ordaina ematen dute—, eta kaleratze guztiak bidegabekotzat jotzea —33 eguneko kalte-ordaina—.
Udalek gehiago gastatu ahal izango dute, Madrilek gastu araua…
2021ean ere gastu araua alde batera uzteko aukera onartu du Maria Jesus Montero Ogasun ministroak, La Sexta telebista katean. Azaldu zuenez, lege dekretu bat landu nahi dute orain, «ustez adostasun handiena jaso zuten» aurreko dekretuaren neurriekin. Ministerioak kalkulatu duenez, atzera botatako dekretuaren %85 joango da dekretu berrian. Kanpoan geratuko da udalek beren kutxetan dituzten soberakinak Espainiako Gobernuari mailegatzeko aukera. PSOEko alkate batzuek baizik ez zuten ontzat hartu aukera hori.
Gastu araua aldi baterako bertan behera uztea jada agertzen zen Kongresuak atzera botatako dekretuan. Zehazki, Aurrekontuen Egonkortasun Legeak ezohiko egoeretarako aurreikusten duen artikulu bat baliatu nahi zuen Madrilek gastuaren araua aldi baterako indargabetzeko.
Egonkortasun Legeak mugatzen du, hain zuzen ere, erakundeen gastu publikoa, lehentasuna ematen baitio kontu publikoak orekatzeari. 2012an jarri zuen indarrean orduko Espainiako Gobernuak, PPrenak, eta, orduz gero, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Hegoaldeko beste erakunde publikoek ezin dute nahi beste gastatu, eta defizit muga batzuk bete behar dituzte. Udalen eta tokiko beste erakundeen kasuan, zero defizita. Oraingo dekretuak ez du debekua kenduko, eta, hortaz, tokiko erakundeek soilik daukaten dirua gastatu ahal izango dute.
Pilatutako superabitak
Espainiako Ogasun Ministerioa k azaldu duenez, 2019. urtean pilatutako superabita gastatzeko aukera izango dute udalek aurten, betiere jasangarritzat jotzen diren inbertsioak egiten badituzte. Gainera, 2018ko superabitarekin finantzatzen ari diren inbertsio horietako batzuk 2021ean bukatu ahal izango dituzte.
Foru aldundiei bereziki eragiten dien puntu bat ere aipatu du Ogasun Ministerioak: 2019ko superabita erabili ahal izango dute aurten zerga bilketan izandako galera konpentsatzeko.
Pentsiodunen bi manifestazio deialdi, bat erresidentzia eredu publikoa eskatzeko

Euskal Pentsiodunen mugimenduak bi manifestazio deitu ditu Bilbon, irailaren 19an eta urriaren 5ean, Adinekoen Nazioarteko Egunean.
Sindikatuen greba deialdia 1.200 zentrotan, ikasgela seguruak eskatzeko

EAEko Unibertsitatetik kanpoko 1.200 hezkuntza zentro publiko eta kontzertatu deitu dituzte grebara astearte honetan hezkuntzako sindikatu guztiek