“Murrizketa garaia” datorrela eta “prestatuta egoteko” esan du Lakuntzak

COVID-19aren pandemiaren ondorioz zerga-bilketan izan den beherakadari eusteko, neurri fiskal berriak ezartzea ezinbestekoa da Mitxel Lakuntza ELAko kidearentzat.

Navalen ontziola historikoaren azken txanpa izan daitekeena 2018ko irailean hasi zen, enpresaren jabe nagusiek, Ingeteam eta Murueta ontziolak, amore eman eta epaileari enpresaren likidazioarekin hasteko eskatu ziotenean. 150 miloi euro inguruko zor onartuarekin, eta 2012 eta 2018 bitartean 212 milioi euro galdu ondoren, konponbide bakarra zirudien. Merkataritza arloko Bilboko Epaitegiko bigarren salak hartu zuen auzia, eta konkurtsoko administratzailea jarri zuen lanean balizko erosleen bila. Lehen epea aspaldi amaitu zen, eta epaileak hiru aldiz luzatu du, sindikatuek eta administratzaileak hala eskatuta. Tartean, besteak beste, hasieran izendaturiko administratzailea hil zen eta azken hilabeteetako pandemia izan da.
Eroslerik agertuko den izan da azken hilabeteetako zalantza. BERRIAk konkurtsoaren inguruko iturrietatik jakin ahal izan duenez, «jende askok agertu du interesa», baina gaur-gaurkoz ez dago eskaintzarik mahai gainean. Dena den, horrek ez du esan nahi egongo ez denik; «prozesua irekita dago», nabarmendu dute iturriek, eta halakoetan «oso ohikoa» omen da azken egunetara arte eskaintzarik ez izatea. Eta nortzuek aurkeztu dute interesa? Ezin da jakin: «Konfidentzialtasuna eskatu dute guztiek». Behin epea amaituta, administratzaileak hamabost egun ditu eskaintza horiek epaileari aurkezteko. Hark du azken hitza. Eskaintzarik ez balego, administratzaileari dagokio jabetza sortatan banatzea. Bost hilabeteko epea izango luke horretarako, berriz ere eskaintzak egiteko epea hasi aurretik.
Likidazio prozesuaren ekuazioan, baina, beste aldagai bat sartu behar da. 2019ko urriaren 30ean Navaleko 174 langileak kaleratu zituzten, EAEko Auzitegi Nagusiak erabakia legezkotzat jo zuenean epaile baten boto partikularrarekin—. Aurretik, baina, enpresak erregulazio espediente bat erabaki zuen, eta ELA, CCOO eta CAT sindikatuek helegitea aurkeztu zuten tramitazioan «huts larriak» egon zirelakoan. Auzi hori argitzeke dago oraindik, eta azpiegiturari lotuta doa. Konkurtsoko iturriek diote erosleren bat baldin badago badakiela auzi hori hor dagoela. Era berean, ezin dute zehaztu atzera egin duten balizko inbertsiogileek helegitearengatik egin dutenik.
Eusko Jaurlaritzak ere artekari lana egin izan du, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak esana du «inbertsiogile handi» batzuek interesa agertu dutela, baina abian dauden helegiteak direla-eta ez dutela aurrera egin nahi izan. Sindikatuek, aldiz, behin baino gehiagotan nabarmendu dute proposamen irmo bat iritsiko balitz eurek ez luketela arazorik izango helegitea kentzeko. Transmisio arazoa al da orduan? Jaurlaritzan ez dute hala uste; bai, ordea, bi aldagaien artean harremana dagoela. Alegia, inbertsiogileek ez dutela jarraitu helegiteak jarrita daudelako, eta langileek ez dituztela helegiteak kendu proposamen irmorik ez dutelako jaso. Halere, Jaurlaritzak nabarmendu du «alde guztiekin» egin duela lan, eta berdin jarraitzen duela.
Langileentzat etsigarria izan da egoera hori. «Guk ez dakigu balizko inbertsiogilerik dagoen. Administratzaileak baietz dio, baina ez dugu inoiz izenik jaso. Sindikatuek ehunka aldiz esan diegu haiei helarazteko hitz egin nahi dugula. Naval berpizteko balioko duen eskaintzarik badago, helegitea kenduko dugu», azaldu du Miguel Angel Carrasco langile ohi eta CCOOko ordezkariak. Iñigo Uriarte ELAkoa antzera mintzo da: «Ofizialki ez dago ezer. Niri mingarria iruditzen zait helegitea sinatu ez zuen sindikatuko ordezkaria hedabideetan agertzea, esanez helegiteak inbertsiogileak uxatzen dituztela, haiek izan zirenean hau guztia pribatizatzea babestu zutenak. Helegitea ez da mendeku gosez egin; guk nahi dugun gauza bakarra da inbertsiogile bat baldin badator langileak kontuan har ditzala. Ez dugu nahi norbaitek dena dohainik eramatea eta langileak 500 kilometrora egotea». 500 kilometrora? Bai, kaleratze kalte-ordaina onartu ez zuten langileek Ferrolen (Galizia) eta Cadizen (Espainia) jarraitzen dute lanean, Navantian. Uriarte bera, esaterako, Ferrolera doa astero.
Txatarra baino gehiago
Iruditeria orokorrean ugerrak jandako ontziola zahar bat dirudi Navalek, geldirik dauden hemezortzi garabi ikonikoekin, baina errealitatea oso urrun dago. Carrasco eta Iriarte bertan lan eginikoak dira, eta azpiegituraren balioa goratu dute, batez ere orubearena. «Logistikoki oso ondo loturiko gunea da, ezin hobeto. Ziur nago gero eskaintzak egongo direla», esan du Iriartek: «Pentsa, trenbidea iristen da hara, autobidea bertan, metro geltokia, 300 metroko bi kai daude, pabiloiak, dikeak, ura xurgatzeko punpak… Eskaintzak egongo dira, ziur».
Kasu argigarri bat gehitu dio kontakizunari: «Enpresa batek dikea kudeatzeko nahia aurkeztu zuen, erosita edo alokatuta. Oso ona da: bi orduan husten da, bizkor. Frantziako ontziak zatikatu nahi zituzten, negozio borobila, baina ez dakit zer pasatu zen. Itxieraren kontua bili-bolo zebilen ordurako». Iriarte Galizian da, eta dioenez, euskal ontziola batzuk hara eramaten dituzte ontziak konpontzera. Haientzat pagotxa litzateke Naval. Urrunago joan gabe, uda honetan Muruetak ontzi bat izan du bertan.
Carrascok beste eredu bat jarri du: «Garabiek ahalmen handia dute, itxi zen arte ontziola bete-betean egon zen lanean. Mantenua eginez gero, puntako makineria dago. 2018an Urssak Suediara eraman beharreko zubi zati erraldoi bat kargatu zuen gurean. Ezin zen errepidez eraman, eta Navalen egoerak eta garabiek ahalbidetu zuten». Langileek aipatzen dutenez, Euskal Forging enpresak ere pabiloi bat alokatua zuen, hilabetean behin pieza erraldoiak Navalen ontziratzeko. Azken ontzia 2018 irten zen Navaletik, eta egun beste bat geldirik dago bertan. Azken enkargua bukatzeke gelditu zen, eta egin zuen Herbehereetako enpresak dagoeneko ez du nahi.
Konkurtsoko iturriek ere lursailaren balioa nabarmendu dute. 300.000 metro koadro inguru dira; hori bai, bertan erabilera industriala egin daiteke bakarrik. Sestaoko Udalak «babestu» egin zuen 2018ko urrian eginiko osoko bilkura batean: «Atea ixten diogu Naval dagoen lursailak birkalifikatzeari, haien helburua etxegintza operazio bat bada», dio ebazpenak. Carrascok uste du jardun industriala egongo dela orubean, «Hori bai, ez dakit ontziola izango den, edo beste zerbait. Jardun bakar bat baino gehiago ziur asko». Iriartek ere susmo bera du, baina urrunago doa: «Interesa dagoela ziur nago, gu handik botatzeko horrelako lana egin badute zerbaitegatik da. 2006ra arte EAJ ez zen bustitzen, baina harrezkeroztik argi lerratu zen gu handik ateratzeko. Lurra lortzeko enkantea iristen denean mugimendu handia egongo da».
Naval ontziola desagertzen bada, era berean Euskal Herriko langile borrokaren ikur bat desagertuko da. «Pena handia da», laburbildu du Carrascok, «37 urte egin nituen hor, eta nola zatikatzen duten ikustea gogorra da». Carrascok 52 urte ditu, eta langabezian dago. Iriartek, aldiz, etorkizunera begiratu du, eta ezkorra da: «Niri minik handiena Ezkerraldearen egoerak ematen dit: industria dena putzura doa. Gazteak prekaritatera kondenatuta daude. Ni etxetik 500 kilometrora nago, baina enpresa publiko batean nago, eta badakit behintzat erretirora arte lana izango dudala». Sestaon, egun, %20,39ko langabezia tasa dago.



Donostiako Herrerako auzotarren jateko-beharra asetzen lagundu nahi duen auzoko-zerbitzua da Herrerako Sukalde. Kontsumo-kolektibizatu honen bitartez, jakiak prestatzeak dituen kostuak auzotarron artean berdinduz (lehengaiak, sukaldea eta langileak) eta tokiko nekazari, abeltzain eta arrantzaleok ekoitzitako produktuak landuz, elikadura osasuntsu eta goxoak prezio onetan eskaini nahi zaizkie auzotar eta kideei, elkarte gastronomikoekin lankidetzan.
Auzoko-zerbitzua erabiltzea,… [+]
Trenasako zuzendaritzak goizean izandako bilera batean jakinarazi zion langile batzordeari enpresa ixtera zihoazela. Berehala atera ziren protesta egitera. Castejondik igarotzen den N-113 errepidea itxi zuten, eta gero manifestazio bat egin zuten fabrikatik abiatuta. Datorren astean hasiko dituzte enplegua erregulatzeko espedientearen nego- ziazioak, eta baliteke orduan ere egitea grebarako deia.
Itxieraren iragarpena «lotsagabekeria galanta izan da», Josema Romeo Nafarroako CCOOko industria idazkariak salatu zuenez. Sindikatu horrek bi kide ditu Trenasako langile batzordean, eta bestea USOri dagokio. Romeok azaldu zuenez, uztailean aldi baterako erregulazio bat negoziatu zuten enpresarekin, urtea amaitu bitartean 45-60 egunez kontratuak eteteko, «eskaerak sar zitezen». CCOOko ordezkariak uste du ez dagoela itxiera justifikatzeko arrazoirik, eta horregatik «oso shock handia» izan da lantaldearentzat.
Koronabirusaren ondorioz lantegia itxi aurretik, martxoan, konfinamendua oso une txarrean zetorkiola ziurtatu zuen Trenasako zuzendari Luis Fernandezek, lan karga handia zutelako. Zehazki, Manilako metrorako eta Stockholmeko tranbiarako bagoiak egiten ari ziren Erriberako lantegian. Gainera, CAFen beste fabriketan egiten dituzten trenak soldatzen ari ziren.
Oscar Rodriguez LABeko ordezkari sindikalak, berriz, gogorarazi zuen Nafarroako Gobernuak inbertsio handiak egin dituela Trenasan. Diru hori «ezin da zakarrontzira bota multinazional baten apetarengatik».
Izan ere, Nafarroako Gobernua CAFen bazkide da Vectia autobus elektrikoen enpresan, eta Sodenaren bitartez sei milioi euro inbertitu ditu enpresan. Vectiaren egoitza Castejonen jarri zuten, asmoa baitzen autobus hibridoen eta elektrikoen txasisak ere Trenasaren lantegian egitea.
Baina aukera horrek ez du asko iraun. Kontua da 2018an CAFek apustua handitu zuela autobus elektrikoen sektorean, arlo horretako Europako enpresarik handiena erosita, Poloniako Solaris. Beasaingo multinazionalak hor jarri ditu indarrak, Polonian ekoiztea Euskal Herrian ekoiztea baino merkeagoa zaiolako, eta bigarren maila batean geratu da Vectia proiektua. Horren ondorioz, iaz erabaki zuen Vectia Solarisen barruan sartzea.
Autobus elektrikoek gero eta garrantzia handiagoa dute CAFen kontuetan. 2020ko lehen erdian lortutako kontratuen erdiak baino gehiago atal horretakoak izan dira: 305 milioi euroren eskari berriak autobusetan, eta 294 milioirenak trenetan. Jada eskaera zorroen %9 da autobusena. Aurtengo lehen sei hilabeteetan, salmenten %20 izan dira autobusak.
Renferen kontratua
CAFek inoizko eskari zorrorik handienarekin amaitu zuen 2019. urtea (9.446 milioi euro), baina aurten ez da gauza izan amaitzen ari den lanak ordezkatzeko: ekainaren 30era arte 8.928 milioiren eskariak zituen zorroan, eta orduz gero beste biren berri eman du: 40 milioi trenen mantentze lanak egiteko, eta 30 milioi Solaris autobusetan.
Zorro hori berriro betetzeko aukeretako bat zen Renferen kontratu handia lortzea. 2.700 milioi euro dira, aldiriko 211 tren egiteko. Baina, BERRIA-k joan den astean aurreratu zuenez, CAFek sindikatuei onartu die kontratu hori galtzeko aukera handiak dituela.
Zuloari neurria jarri dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: 10.000 milioi euro. Kostu hori izango du asteartean aurkeztuko duen «berreraikuntza ekonomikorako eta sozialerako» programak. Lau urtekoa izango da, eta COVID-19aren krisia dela-eta galdutako enplegua berreskuratzea eta 135.000 lanpostu sustatzea izango du xede. Urkulluk ez du argitu diru horren jatorria zein izango den, baina Europako laguntzetan jarri du begirada.
Jaurlaritzak bere programa finantzatzeko bi iturri nagusi izango ditu. Batetik, baliabide propioak. Hortik arazo gehiago izan ditzake, zerga bilketan foru ogasunek izaten ari diren arazoak direla medio -iazkoaren aldean, %20 gutxiago batez beste-. Hala, egungo inbertsioei eutsi eta berriak egiteko, gobernuak ezinbestekoa izango du gehiago zorpetzea eta, beraz, defizit muga negoziatzea: %2,6koa izatea adostu zuen Espainiako Gobernuarekin uztail amaieran, baina motz gera daitekeenez, hori berrikusteko aukera zabalik utzi zuten bi aldeek.
Bestetik, Europako Batasunaren Next Generation planeko diru laguntzak aipatu ditu lehendakariak. Baina hor ere Madrilek du giltza eta azken hitza. Horri begira, azaldu du aurki Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa biltzea espero duela, Espainiako Gobernuak irizpideak argitu ditzan funts horretatik finantzaketa lor dezaketen proiektuak hautatzeko.
Espainiak 60.000 milioi euro jasoko ditu datozen bi urteetan Europako plan horretatik. Jaurlaritzaren asmoa da bere programarentzako zati garrantzitsu bat hortik lortzea. Baina diru sailak ez dira kuota autonomikoen arabera banatuko; finalistak dira, eta Madrilek onartutako proiektu jakin batzuetara joango dira. Jaurlaritzak salatu du horretarako irizpideak ez daudela batere argi, eta susmoa du gobernuak aurrekontuen negoziazioetarako erabiliko dituela laguntza horiek.
Izan ere, Europako laguntzen kudeaketa aurrekontuen bidez egingo du Pedro Sanchezen gobernuak. Datorren urtekoak orain ari da negoziatzen, eta Bruselak datorren urterako jarriko duen kopurua aurreratu beharko du. 2021 urtean Next Generation planetik 20.000 milioi euro lortzea espero du, eta beste 23.000, 2022an.
Dirua, beraz, ez zaio berehala helduko. Gainera, ezinbestekoa da Europak egokitzat jotzea estatuek aurkeztutako proiektuak. Funts horiek entregatzeko, Bruselak lehenik egiaztatu behar du Batzordeak zehaztutako egitasmoetarako direla -digitalizazioa, ekonomia berdea…-, eta martxan daudela. Gerta daiteke, gainera, proiekturen batek aurreikusi bezala aurrera ez egitea; kasu horretan Bruselak ordainketak are gehiago atxiki ditzake.
Proiektuak aurkezteko deia
Jaurlaritzak badaki hori, eta hala ohartarazi zien Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, atzo, enpresarien talde bati, Bilbon eginiko foro batean. Diru laguntza horien banaketaren inguruan «zalantzak» daudela berretsi zuen, eta nabarmendu susperraldia ez dela funts horien menpe utzi behar, ez dela krisitik ateratzeko «modu bakarra».
Europako diru laguntzak «ahalik eta ondoena» baliatu behar direla azpimarratu zuen Tapiak. Xedea dela enpresak eraldatzea, eta ez hilzorian daudenen heriotza agiria denbora labur batez luzatzea. Jakinarazi zuen jada «proiektu garrantzitsu batzuk» jaso dituztela, besteak beste, krisian dauden sektore eta konpainiak batzuetakoak, hala nola automobilgintza eta aeronautikakoak. Arlo horietan egitasmoak onartzeko aukera ugari ikusten ditu Tapiak. «Enpresak proiektu garrantzitsuak prestatzen ari dira, batzuek jada aurreikusiak zituzten inbertsioak egiteko; beste batzuek, epe luzeagorako aurreikusia zuten eraldaketa egiteko inbertsioak aurreratzeko». Sailburuak proiektuak lantzeko deia egin die enpresei, eta lehenbailehen egiteko hori, ez itxaroteko ekonomiaren susperraldia nabaritu arte.
ELA: «Propaganda hutsa»
Urkulluren iragarpena kritikatu duenik ere egon da. Mikel Noval ELAko batzorde exekutiboko kidearen ustez, «propaganda hutsa» da. Aurreratutako inbertsioaren kopuruari buruz, Jaurlaritzari galdetu dio ea nondik lortuko dituen 10.000 milioi euroak, diru bilketa behera egiten ari denean, defizitaren muga «nahikoa ez» denean, eta Europako funtsekin gertatzen denaren menpe dagoenean.
Novalen ustez, «argi» dago erantzuna: egun indarrean dauden planen eta diru sailen batura bat baino ez da plana, legealdi osora zabalduta, «lau aldiz biderkatuta». «Alegia, euro berririk ez. Gainera, badirudi murrizketak izango direla, eta horrek enplegua galtzea ekarriko duela».
Espero zen Jaurlaritzak aurreikuspen ekonomikoak aldatzea, errealitatea uste baino okerragoa izan baita udan jarduera ekonomikoari dagokionez ere. Hala, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak jakinarazi du ekainean egindako -%8,7ko aurreikuspena gaurkotu egin dutela -%10,1era. Beherakada handiagoa izango delako espero dute, era berean, susperraldi handiagoa 2021ean. Ekainean, %6,7ko hazkundea finkatu zuten datorren urterako, baina %8,9koa izango dela uste dute orain. «Susperraldi handiago hori 2020an izango den eroriko handiagoarekin dago lotua», azaldu du Azpiazuk. «Ekonomiarentzat ohiko urte bat aparteko urte batekin alderatzean» aterako litzateke errebote handiagoa.
Horiek horrela, Jaurlaritzaren hiru lurraldeen osotasunaren ekonomia ez da 2022ra arte itzuliko 2019an zuen mailara, baina 2021eko amaieran gertu egongo litzateke.
Apiril arteko kraterra
Enpleguaren alorrean antzeko bidea egingo du langabezia tasak, baina BPGaren eboluzioaren atzetik beti. %11,2 izango da aurtengo bukaeran, eta horrek esan nahi du 30.000 enpleguren galera izango dela; 2021erako, ordea, 15.100 sortuko direla aurreikusi du Ekonomia Sailak, eta horrek %10,7ko tasa utziko luke EAEn. Beraz, susperraldiaren atzetik iritsiko da orain ere enplegu sorrera. Dena den, enpleguaren aurreikuspena 2,5 puntu hobetu du Lakuak 2020rako, %13,7koa aurreikusi baitzuen ekainean.
Iragan uztailean, Ekonomia Sailak jakinarazi zuen urte arteko tasan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %20,1 apaldu zela, eta langabezia %19,8; aldagai guztien ikerketa zorrotzago bat egin ondoren, Eustatek arindu egin ditu datu horiek azken egunetan. BPGari dagokionez, %19,5eko jaitsiera egon da ekainetik ekainera; langabezian, berriz, aldea handiagoa da: %17,2koa. Horiek horrela, BPGa %16,4 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, itxialdiaren aroan alegia, eta langabezia tasa %14,3ra igo. Ikusteko dago nolako eboluzioa dagoen hirugarren hiruhilekoan, uztailetik irailerako epealdian alegia. Horrek islatuko du zenbatekoa izan den udako susperraldia, eta batez ere, Gasteizek egindako aurreikuspena, %10,1eko eroriko hori, betegarria den 2020ko amaieran.
Izan ere, Jaurlaritzak ezagutarazitako taula makroekonomikoak uste argi batean du oinarri nagusia: ez da beste konfinamendurik izango. Usteak erdia ustel gertatuko balira aldaketa sakonak egin beharko lituzketela aitortu du Azpiazu sailburuak. «Gure hipotesia hau da: ez da beste konfinamendurik izango. Ez balitz horrela, beste agertoki batean geundeke».
Azpiazuk gogoratu du aldi baterako enplegu erregulazioan 188.500 langile egon zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta abuztu bukaeran 30.000 baino zertxobait gehiago zirela. Ekonomiaren jarduera neurtzen duen termometroa, abuztuan, 35,5eko puntuazioan dagoela esan du, eta oraindik «atzeraldi sendoa» islatzen duela, baina erakusle horrek lau hilabetez egin du hobera, apur bat hobera; hori ere azpimarratu du sailburuak.
«Zuhurtzia guztiarekin, egoera larria delako, baina badira hainbat erakusle esan digutenak susperraldi ekonomikoa badagoela». Dena den, Azpiazuk ez du ezkutatu euskal ekonomia azken hamarkadetako zulorik sakonenean dagoela, eta erantsi du aurrera ateratzeko «elkarlana eta denen aliantza irmoak» beharko direla. Datorren urtean susperraldi sendo bat espero dela eta, «aholku orokor gisa», enpresei eskatu die «ahalik eta enplegu gutxien suntsitzeko» eta, ahal den neurrian, erabakiak «langileekin kontsentsu handiena lortuz» hartzeko.
Industria, 2021aren zain
Egungo argazkiari erreparatuz, zehaztu du 2020ko bukaerarako barne kontsumoa %10,8 jaitsiko dela familiei dagokienez, eta hori dela zamarik handiena; barne kontsumoa, oro har, ia %8 uzkurtuko da, baina esportazioek ere behera egingo dute, nabarmen. Aurten igoko den gastu bakarra administrazio publikoarena izango da: %3,8.
Sektoreka, industria ari da sufritzen gehien, Azpiazuk esan duenez. %14ko gainbehera izango du sektore horren balio erantsiak. Harekin batera, zerbitzuek ere beherakada latza izango dute, %9koa.
2021eko errebotea heltzean, aldiz, gora egingo dute erakusle horiek guztiak. Barne kontsumoa %7,7 haziko da, eta esportazioek positiboan bukatuko dute urtea. Kontsumo pribatuak eta inbertsioak ere gora egingo dute, %8,9 eta %9,3 hurrenez hurren. Industrian susperraldi handi bat espero du Azpiazuren sailak (%10,5), kanpo merkataritzan jarduera bizia aurreikusi dutelako. Zerbitzuak, ostalaritza adibidez, motelago joango dira, birusak gehiago baldintzatuko dituelako.
