Rolls Roycek lan berriak bideratuko ditu ITPren Zamudioko plantara
Aspaldiko partez argi pixka bat sartu zen atzo euskal hegazkingintzan. Rolls Roycek ITP Aero saldu nahi du, eta bi erabakiek are erakargarriago bihurtzen dute enpresa. Estrategikoki, Hucknalleko planta xurgatzea garrantzitsuagoa da ITPrentzat, aurretik ez zituen gaitasun batzuk lortuko dituelako. Euskal Herrira begira, baina, eragin gehiago izango du Barnoldswickeko mugimenduak. Ingalaterrako prentsan ziurtzat jotzen dute hura itxiko dutela, eta brexit-aren itzala ikusten dute atzean. Bertako langileek abuztuan greba egin zuten Rollsek lanaren zati bat Singapurrera bidali zuelako, eta orain Euskal Herria izango da onuraduna.
Rolls Roycek agiri bidez jakinarazi duenez, Barnoldswickeko mugimenduan «lan karga» igorriko diote ITPri. Besteak beste, hegazkingintza zibileko motorren estrukturak egiten dituzte. Langileak eta instalazioak kanpoan gelditzen dira; beraz, ITPrenek hartuko dute ardura hori. Baldintza horrek sartzen du Zamudio ekuazioan, besteak beste turbinak muntatzen baitituzte. Enpresako iturrien arabera, ekoizpenaren eskualdatzea faseka egingo da, eta ez da guztiz bukatuko 2023ra arte. Aurretik, Ingalaterrako enpresetako langileen ordezkariekin bildu behar dute. ELAren agirian ziurtzat jo dute lan hori Zamudiora etorriko dela; izan ere, besteak beste, hala ulertarazi diete langileei aste honetan.
Lanuzte arrakastatsuak
ITPrena argi izpi bat da, baina errealitatea oso iluna da euskal hegazkingintzan. Urrunago joan gabe, ITPn bertan, PCBn zehazki, atzo lau orduko lanuzteak hasi zituzten Sestao eta Barakaldoko (Bizkaia) plantetan. Langileen «%95ek» egin zuten etena, eta negoziazioak aldatzen ez badira, egun oso greba hasiko dute 14an. Aernnovan (Berantevilla) ere lanuzteak egin zituzten, zortzi ordukoak txandako. Langile guztiek egin zuten, bulegoetako batzuk izan ezik. 101 langile kaleratu nahi ditu zuzendaritzak.


