Europako Batasunak bere suspertze planaren blokeoa gainditu du
EBko gobernuburuen goi bileraren lehen helburuetako bat zen aurrekontuaren korapiloa askatzea, eta arratsaldearen amaieran lortu egin zutela jakinarazi zuen Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak: «Akordioa lortu dugu aurrekontuei eta suspertze planari buruz. Orain has gaitezke horiek betetzen eta geure ekonomiak berreraikitzen».
Alemaniaren lana izan da Poloniaren eta Hungariaren betoa gainditzeko modua aurkitzea, Berlini dagokiolako EBko jarduneko lehendakaritza. Asteazkenean lortu zuen akordioaren aurreko bat, eta atzo, Europar Kontseiluak ontzat hartu zuen.
Arauen errespetua
Gatazka eragin zuen arauak ez du aldaketarik izango: Next Generation planaren dirua nahi duenak zuzenbide estatua errespetatu beharko du. Klausula hori Polonia eta Hungaria buruan zituztela jarri zituzten EBko beste kideek, nekatuta baitaude Varsoviako eta Hungariako gobernuen jokaera antidemokrata batzuekin. Gutxiengoen aurkako neurriak hartzea, prentsa askatasuna bortxatzea eta epaitegien independentzia ez errespetatzea leporatzen diete, besteak beste. Kontu horiengatik hainbat zigor espediente ireki dizkie Bruselak, baina oraingoz ez dute zigorrik jaso horien ondorioz, ez delako ahobatezkotasunik izan.
Klausulak hor jarraituko duen arren, ezartzeko aukerak gutxitu dituztela uste dute Poloniak eta Hungariak. Batetik, deklarazio bat lortu dute, zeinak esaten duen klausula «objektiboki, inpartzialki eta modu justu batean» soilik ezarri ahal izango dela, eta herrialde guztiei aplika ahal zaiela. Bestetik, herrialde batek zigor prozeduraren aurkako helegitea jarri ahal izango du Europako Justizia Auzitegian, eta hark izango du azken hitza.
Poloniaren eta Hungariaren kalkulua da haiek zigortzeko prozedura hasiko balitz ere luze joko duela auzitegiak epaia kaleratu arte, eta ordurako dirua gastatuta izango dutela. Aurrekontuetan eta beste kasu batzuetan ez bezala, Next Generation planari dagozkion erabakiek ez dute EBko kide guztien onespena behar, gehiengo batena baizik.




