2021eko EAEko aurrekontua 12.442 milioi eurokoa izango da

2021eko EAEko aurrekontuak 12.442 milioi eurokoak dira. Gastu erreala % 7,1 hazi da aurreko ekitaldiarekin alderatuta.236,6 milioi euroko hazkundea aurreikusten dute
‘Brexit’-aren akordioa egiteko «bide mehar bat» ikusten du EBk
Iganderako «erabaki irmo» bat iragarri zuten Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Baina erabaki bakarra izan zen negoziatzen jarraitzea; zerbait aldatu zen seinale.
EBko iturrien arabera, Londresek funtsezko puntu batean amore eman izanak handitu du merkataritza akordio bat hurrengo egunotan ixteko aukera. Haren merkatu bakarra irekita izatearen truke, Bruselak nahi du bi aldeetako enpresek antzeko arauak bete behar izatea lan eta ingurumen kontuetan, eta estatu laguntzak mugatuta izatea. Horrela eragotzi nahi du haren auzo batek lehia desleiala egitea, enpresak diru publikoz laguntzen dituelako edo ekoizpen arau malguagoak dituelako. EBk arau horiek inposatu nahi zituelako kexu izan da Londres, baina orain badirudi printzipio hori onartzen duela, eta agindu duela ez dituela berehalakoan aldatuko.
Baina arazoa da zer gertatuko den etorkizunean, norbaitek arauak aldatu nahi dituenean. EBk eskatu du tresna bat sortzeko, etorkizunean izan daitezkeen desorekak zuzentzeko, eta alde biei eskubidea emateko neurri zuzentzaileak alde bakarreko erabakiz hartzeko —muga zergak, esaterako—, arbitratze epe bat gainditu ondoren. Orain arte ezetz esan izan du Erresuma Batuko Gobernuak, baina asteburuan iritzia aldatu zuela diote Bruselako iturriek.
Arrantzan, atzera
Beste eztabaidagune nagusia arrantzarena da, hau da, zenbateko sarbidea izango dute EBko ontziek Erresuma Batuko kala oparoetan. Urtero berritzen den kuota sistema nahi du Londresek, eta urte batzuetarako konponbidea eta trantsizio epe luze bat nahi ditu Bruselak, haren ontziak errealitate berrira errazago egokitzeko. Puntu horretan aurrera baino atzera egin dutela azaldu zuen atzo Barnierrek. Edonola ere, zaila dirudi arrantzaren gaiak merkataritza ituna eragoztea, besteak beste, eskualde zehatz batzuetan soilik duelako garrantzi ekonomikoa.
Argi dagoena da, oraingoz behintzat, ez alde batek ez besteak ez duela elkarrizketak etetearen arduradun agertu nahi. «Gure ardura da elkarrizketei arrakastarako aukera guztiak ematea», esan zuen Barnierrek. «Inoiz ez da halako akordio zabal bat —merkataritza, energia, arrantza, garraioa, polizia eta justizia kooperazioa eta abar— horren gardentasun handiarekin eta horren denbora gutxian negoziatu».
Akordioarekin ala gabe, urtarrilaren 1ean amaituko da trantsizio epea, eta Erresuma Batuak de facto utziko dio Europako Batasuneko kidea izateari.
Bilbo hegoaldeko saihesbideak hesirik gabeko lehen bidesaria izango du

Supersurrekoa izango da Bizkaiko teleordainketadun lehen autobidea. Free-flow bidesariarekin, ibilgailuak ez du gelditu beharko, ezta martxa moteldu ere.
Iruñeko Udalak 119 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du

Iruñeko Udalak 119 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du 2020rako. Erretiratu direnen 40 lanpostu betetzea eta 79 lanpostu egonkortzea da helburua.
Jaurlaritza: ‘Pandemiak ez du aitzakia izan behar soldata arrakala…

Koronabirusa eta emakume eta gizonen arteko soldata-desberdintasunak EAEn. Jaurlaritzaren kanpainak emakumeak lan-merkatuan duen egoera zein den azalduko du
Erretiroaren adin legala 66 urtera igoko da 2021eko urtarrilean

Pentsioa kalkulatzeko 24 urte kotizatu beharko dira, eta ordaindutakoaren araberako gutxieneko pentsioen zenbatekoak 2 eta 11 euro artean igoko dira.
Gizartearen egoerarekin bat datozen aurrekontuak eskatu ditu Eskubide Sozialen…

EAE: Gizartearekin bat datozen aurrekontuak eskatu ditu Eskubide Sozialen Kartak. Aurrekontuak “errealitatetik gertu egon daitezela eskatu dute.
«Den-dena ez da txarra Amazonen»
Eta apustua ez zaie batere gaizki atera, astean 150 eta 200 liburu artean saltzen baitituzte plataformaren bitartez, Madariagak ziurtatu duenez. «Luzera begira, merezi izan digu, egia esan». Gaur egun, 30.000 liburu inguru dituzte Amazonen erakusleihoan. Hori bai, denda fisikoan baino zertxobait garestiago saltzen dituzte, plataformaren bitartez egiteak eragindako kostu gehigarriei aurre egin ahal izateko.
Izan ere, hiru ordainketa egiten dizkiote Amazoni. Tarifa finkoa da lehena: plataforma erabiltzeagatik 40 euro ordaintzen ditu negozioak hilero. Salerosketa bakoitzaren komisioa da bigarrena: erosketa bakoitzaren %15 edo %20ko komisioa kobratzen die plataformak. Eta liburuen tasa da azkena: saldutako ale bakoitzeko euro bat ordaindu behar dute. «Garestia da Amazonen saltzea», azpimarratu du Madariagak. Eta gaineratu du gainerako baldintzak ere zorrotzak direla: «Bidalketa gastuak, bidalketa epeak, bezeroen balorazioak… Baina guri funtzionatzen digu, egia esan».
Bilboko Astarloa kalean dute denda fisikoa, eta Amazonez gain beste zazpi plataformatan ere saltzen dituzte produktuak. «Guretzat, Amazon edo plataforma handiak ez dira etsaiak; alderantziz, aliatuak dira, haiei esker lortu baitugu Interneteko merkatua handitzea azken urteetan».
Bat datoz Donostiako jaki denda bateko arduradunak ere: «Amazonen den-dena ez da txarra». Ez dute izenik eman nahi izan, negozioan eragin ditzakeen albo kalteengatik. «Ulertzen dugu Amazonen aurkako jarrera, eta bat gatoz puntu askotan. Badakigu Amazonek ez dituela behar adina zerga ordaintzen, adibidez; hori aldatzea nahiko genuke. Baina Amazonek negozioari eusten eta hazten ere lagundu digu».
2015ean hasi ziren Amazonen saltzen. «Oso zaila da lehen pausoa ematea. Salmentak ez dira asko izango ongi kokatuta ez bazaude; lehia handia dago», adierazi du arduradunak. Urtetik urtera lortu zuten eskariak handitzea, eta lehen urteetan online egindako salmentak fakturazioaren %8 izatera ere iritsi ziren. «Baina pandemiak dena aldatu du», adierazi du. Izan ere, une honetan, fakturazioaren erdia da Internet bidezko salmentari dagokiona. «Argi eta garbi: salbatu egin gaitu, dendako salmentak nabarmen jaitsi baitira, eta etxera eramateko zerbitzuak ere ez digu funtzionatu».
Baldintzak zorrotzak direla iritzi dio jaki dendako arduradunak ere, baina aitortu du ez dutela inoiz arazorik izan. «Gertatzen da bidalketetan arazoak izatea paketearekin, eta berriz bidali behar izatea. Dirua galtzen da, baina hori onartu behar duzu». Egun, Europara bidal ditzakete soilik produktuak, baina mundu osoko eskariak jasotzen dituzte, Asiatik batez ere. «Aliexpress atzetik dugu, gainera; egunero bidaltzen dizkigute mezuak, baina ezin gara denera iritsi». Tokiko beste merkatu elektroniko edo plataforma batean ere saltzen baitute, baita webgune propioaren bitartez ere. Hori bai, aitortu du salmenta iturri gehigarri bat baino ez direla momentuz. «Nik neuk nahiago nuke lehengora itzuli, eta bezeroak gure denda fisikora etorriko balira. Baina, une honetan, egoera zein den ikusita, ahal dugunari eusten ari gara».
Burtsan aritzearen gisakoa
Maialen Bordarentzat ere diru gehigarri bat baino ez da Amazoneko salmentei esker irabazitakoa. «Ez dut kontuan hartzen normalean, gehigarri bat baino ez da niretzat». OUKA arropa dendako arduraduna da. Gipuzkoan, Arrasaten eta Beasainen denda bana dauka, eta badira lau edo bost urte produktuak saltzeko Amazonen erakusleihoa baliatzen hasi zela. «Saldu ez dugun stock-a kentzeko erabiltzen dugu, oinetakoak batez ere. Ez dugu Amazonen negozioa bilatzen».
Izan ere, Bordak uste du Amazonen saltzea «burtsan aritzearen gisakoa» dela. «Diru asko irabaz daiteke, baina galdu ere bai». Eta horregatik ohartarazi du ongi asmatu behar dela noiz erabili, zertarako, eta zer produkturekin. «Informazio asko lor dezakezu bertan, beste webgune batean izango ez duzuna, eta hori garrantzitsua da». Hala ere, iritzi dio kontrako bidean ere etor daitekeela hori; izan ere, arrakasta duen produktu bat izanez gero, Amazonek berak merkeago jartzen du, eta saltzaileak «elkarren lehian» jartzen ditu. Argi du, nolanahi ere, etorkizuna merkatu elektronikoetan dagoela.
IRRIBARREAK HASERREA EKARRI DU
Amazonen aurkako jarrerak eta mezuak ez dira berriak, ezta inondik ere; baina pandemiak lehen lerrora ekarri ditu berriz ere, eta gero eta ozenagoak dira plataformari boikot egiteko eskatzen dutenen ahotsak. Euskal Herrira ere iritsi da haien oihartzuna. Hitzetatik ekintzetara igaro dira, esaterako, Lapurdin. Baionako Monoprix supermerkatuan Amazonen banaketa gune baten kontrako ekintza egin zuen Bizi mugimenduak azaroan, enpresa erraldoiak komertzio txikien parean dituen «pribilegioak» salatzeko.
«Bazuen bizpahiru aste konfinamenduan ginela, eta inguruko batek abisatu gintuen banaketa gune hori ezarria zutela. Frantzian Attac-ek eta beste talde batzuek ekintzak egin dituzte azkenaldian Amazonen inplantazioa salatzeko, eta guk ere egin behar genuela erabaki genuen», esplikatu du Thibaut Godin Bizi-ko militanteak. «Supermerkatuek sail batzuk itxiak dituzte, eta komertzio txikiak itxiak dira. Absurdoa baldintza horietan Amazonek banaketa egin ahal izatea». Egun batzuetan, saltegiak banaketa gunea ixtea erabaki zuen, mezu honekin: «Ez genuen gogo handirik hemen saldu ezin duguna bertan jasotzeko».
Ipar Euskal Herrian gai horiekiko kontzientzia badelakoan, Godinek uste du biztanleak ohartarazteko modu bat dela. Izan ere, azkenaldian Amazon gero eta leku gehiago hartzen ari da Euskal Herrian. «Ulertarazi behar dugu erosketa erraztasun horrek arazo handiak sortzen dituela. Kontsumitzaileei eta saltzaileei ulertarazi behar diegu. Ez da erraza. Jakin behar dugu erakusten zer den Amazon, eta klik baten atzean diren arazo horiek guziak».
Hain zuzen, Godinek dio Amazonen «alternatibak» erakutsi nahi dituztela, komertzio txikietgun guzia» badutelako. «Baiona, adibidez, biztanleko liburu denda gehien dagoen herrietako bat da. Ez dugu Amazonen beharrik liburuak erosteko. Amazonek erraten du errazagoa dela haiekin erostea, baina funtsean ohitura kontua baizik ez da».
Hego Euskal Herrian ere entzun dira Amazonen aurkako mezuak azken asteetan. AEBetako banaketa enpresak Oiartzunen (Gipuzkoa) zabaldu asmo duen gune logistiko berriak kezka eta haserrea piztu dizkie inguruko merkatariei. «Lehenago edo beranduago etorri behar zuen. Eta iritsi da, zoritxarrez. Eta, etortzearekin batera, nire herrira etorri da, gainera. Kezka handia daukagu etorkizunari begira», esan du Bitor Lizarribarrek. Harakina izateaz gain, Euskaldendak merkataritza elkarteko lehendakaria ere bada.
Jeff Bezosen konpainiak bi urteko epean Euskal Herrian jarriko lukeen bigarren biltegia litzateke Oiartzungoa; iaz, Trapagaranen (Bizkaia) ireki zuen beste bat. Ez dago argi oraindik, halere, asmo hori gauzatzerik izango ote duen. Lizarribarrek adierazi duenez, merkataritza gune batentzako baimena beharko luke, eta ez zentro logistiko batentzakoa, AEBetako konpainiak eskatu duen moduan; bada, baimena ukatzeko eskatu diote udalari.
Lehiarako arauak
Halere, merkatariak arduratuta daude konpainiaren hazkundearekin, eta salatu dute ezin dutela harekin baldintza berdinetan lehiatu. «Lehiarako ez daude baldintza berdinak, inondik ere. Eta hori agerian geratu da konfinamendu garaian», esan du Lizarribarrek. Haren «jarduteko moduak» gaitzetsi ditu: «Gauzak ondo egingo balitu, beste lehiakide bat besterik ez litzateke izango, baina ezin da modu horiekin lehiatu».
Bat dator Godin ere horretan: «Globalki, munduaren ikuskera da jokoan. Merkataritza enpresa erraldoi bat da. Edozein modutara eta edonon jendea ukitzeko aukera horrek arazoa sortzen du». Garraio kutsagarria, lurren artifizializazioa eta enpleguen suntsitzea aipatu ditu, besteak beste. «Erraten da Amazoneko enplegu bakoitzak 4,5 enplegu suntsitzen dituela komertzioetan».
Bada, arauak indartzearen alde agertu da Lizarribar. «Beste ezeren aurretik, legeak betearazi behar zaizkie. Lehiarako sistema zuzendu behar da, arauen edo legeen bidez, eta ez diru laguntzen bidez», adierazi du Euskaldendak-eko lehendakariak. Eta kexu azaldu da, halaber, administrazioak denda txikiak laguntzeko duen moduaz. «Merkataritza txikiari laguntzak ematea ongi dago; tira, laguntza baino gehiago, nik limosna deitzen diet ematen diguten horiei, baina nik nahiago dut arauak aldatzea eta gure kabuz lehiatzea».
Zerga sistema aldatzea ere eskatu du; izan ere, Bezosen konpainiak Euskal Herrian egunero milaka produktu banatzen baditu ere, ogasunei egiten dien ekarpen ekonomikoa hutsaren parekoa da, Lizarribarrek salatu duenez. «Lege hutsune bat dago, eta ez dute ia zergarik ordaintzen. Beraz, eskatzen duguna da salerosketa egiten den tokian bertan aitortzea zergak, gainerako saltokiek bezala».
Ipar Euskal Herrian, halere, ez dute joko arauen eztabaidan sartu nahi. «Lehen-lehenik, Amazonek badu eskubidea nonahi inplantatu eta lantegi bat egiteko. Ez da debekatua. Eta badu orain bost urte baino gehiago Europan sartua dela. Bezero batek, izan dadin Euskal Herrian edo Europa guzian, noiznahi erosten ahal ditu gauza batzuk Amazonen bidez. Badu denbora bat orain aukera hori badela eta saltegi txikiei konkurrentzia egiten diela. Ez dugu deskubritzen arazoa», adierazi du Pantxoa Bimboirek, Ipar Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganberako presidentearen aholkulariak. «Merkataritza ganbera batek ez du eskua sartuko auzi horretan», erantsi du.
Frantziako Gobernua, halere, lehia betean dago aspaldidanik AEBetako sareko erraldoiekin, eta neurriak hartu ditu asteon, besteak beste Amazonen aurka. Bimboiren irudikoz, baina, merkatari txikiek beren bidea egin behar dute. «Guk Amazoni ez diogu konkurrentziarik eginen. Munstro bat da. Ez dugu hor aterabiderik. Horrek ez du kentzen gure estrategiak zer izan behar duen ondoko urteetan eta non ezarri behar ditugun indarrak gure ekonomia azkartu dadin». Tokiko ekonomia indartzeko apustua egin behar dela uste du Bimboirek, lansariak «hemen» sortzeko.
Sareko lehia
Euskaldendak-eko lehendakaria baikorra da, halere, eta uste du merkataritza elektronikoarekin denda txikiek ez dutela dena galduta. Aitortu du «arrakala» bat dagoela helduen eta gazteen artean, teknologiaren erabilerari eta erosketa ohiturei dagokienez, baina egoeraz lehenago edo geroago konturatuko direla uste du. «Jende gazteak seguruenik orain modu batera pentsatzen du, eta hemendik hamar urtera agian konturatuko dira, baina, egun, zaila da». Horren aurrean, kontzientziazioa bultzatu behar dela nabarmendu du.
Autokritika ere egin du, ordea. «Argi dugu guk geuk ere gure jarrera aldatu beharko genukeela pixka bat», adierazi du Lizarribarrek. Haren irudikoz, merkatari txikiek sarerako jauzia ere egin beharko lukete. «Garaiak aldatu dira, eta teknologiaren garapenak bestelako ohitura batzuk eta agertoki berri bat ekarri ditu. Eta guk, lehenengo eta behin, agertoki horretan agertu beharko genuke. Ikusgarritasuna garrantzitsua da guretzat ere». Ildo horretan ari dira lanean azken urteetan, eta ahalegin horren emaitza da DENDAgo plataforma. Euskaldendak elkarteak berak bultzatutako merkatu elektronikoa da, marketplace bat, Euskal Herriko saltoki txikiek sarean eta gune bakar batean saltzeko aukera izateko sortutako webgunea.
Denok Bat federazioak ere, Nafarroako hainbat merkataritza eta zerbitzu elkarte batzen dituenak, Toptopa izeneko plataforma berria aurkeztu berri du asteon, hain zuzen. «Nafarroako udalerri eta auzoei bizia ematen dieten hurbileko merkataritza txikiaren sektoreentzako, tokiko ekoizleentzako, ostalaritzako, hoteletako eta Nafarroako tokiko eta hurbileko zerbitzuetako establezimenduentzako tresna eta zerbitzu bat izateko helburuarekin sortu da», adierazi dute ohar bidez.
Txikiak batzea izan liteke etorkizuneko gakoetako bat Lizarribarren ustez, hain zuen ere, nahiz eta azpimarratu duen egokitzapena ez dela denentzako erraza. «DENDAgorekin gertatu zaigu: merkatari batzuk sartu dira, baina lanerako metodologia ez dute oso ongi eramaten, eta ez dute jarraitu. Lan eskerga eskatzen du horrek, eta gu txikiak gara. Ezin dugu den-dena guk egin; ez daukagu baliabiderik, ez ekonomikorik, ez pertsonalik». Bada, merkatariei ez ezik, herritarrei ere «ahalegin bat» eskatu die Lizarribarrek. «Kontua ez da dena batetik edo bestetik erostea, baizik eta oreka bati eustea».
Lan baldintzak begiz jota
Pandemiaren eragina, negozioan ez ezik, enpleguaren alorrean ere nozitu du Amazonek. Izan ere, mundu osoan ia milioi bat langile izatetik gertuago dago Bezosen konpainia orain. Lanpostu horien lan baldintzez ohartarazi du, ordea, Janire Landaluze ELA sindikatuko kideak: «Prekarizazioa bultzatzen du lan eredu horrek: urtean 365 egunez eta 24 orduz lan egiten dute, lanaldi amaiezinetan; soldata txikiak dituzte, lan karga ikaragarri handiak dituzte…».
Landaluzek onartu du, halere, lan baldintza horiei buruz «kanpotik» jakin dutela, Euskal Herrian ez baitiete utzi ordezkaririk izaten. «Gure asmoa izan da modu batera edo bestera enpresan sartzea, bertako langileekin kontaktua izan, antolatu, afiliazioak lortu eta hauteskunde sindikalak izateko. Baina ateak guztiz itxita ditugu». Hain zuzen, nazioarteko erakundeek salatu dute sindikatu bat sortzen saiatu diren langileak zelatatu eta zigortzen dituela Amazonek. ELAko kideak uste du, halere, beharrezkoa dela langile horiek izan dezaketen «antolatzeko beldurrari» aurre egitea, konpainiari aurre egin ahal izateko.
Nolanahi ere, Landaluzeren iritziz, kezkagarria da konpainiak Euskal Herrian bigarren biltegi bat jartzeko asmoa izatea, «horrek adierazten baitu euskal gizarteak Amazonen egiten duen kontsumoa handitu egin dela». Horren aurka, kontzientziazio beharra aldarrikatu du: «Gizarteari ikusarazi behar diogu zer eragiten duen horrelako plataformetan erosteak».