Michelinek kezka piztu du Frantziako murrizketekin
Izan ere, Frantziako Gobernuak «zaintza lan handia» egingo duela ohartarazi dio gurpilen merkatuko munduko liderrari. Goiz da jakiteko Parisko gobernuak zer-nolako eraginak izango dituen sindikatuek ezarpen oso handia duten konpainia horretan, eta sindikatuek beraiek ere zer indar egin dezaketen, baina ezin da baztertu zuzendaritzak martxan jarri nahi duen argaltze horrek Euskal Herrian ere eraginen bat izatea; oraingoz, ordea, enplegu galera Frantziara mugatu du konpainiak.
21.000 langile inguru ari dira beharrean Michelinen Frantziako lantokietan. Fabriketan, 1.200 enplegu kenduko ditu enpresak, bere planari jarraikiz, eta beste 1.100 beste adarretan, bulegoetan eta bestelakoetan. Lehiakortasuna %5 handitzea du xede zuzendaritzak, hala ekoizpenean nola beste adarretan. Autogintzaren merkatuak gorabehera handiak izan ditu azken urteetan, ez bakarrik koronabirusa dela eta. Konpainiak dio «egiturazko aldaketa sakonak» gertatzen ari direla, «kostu txikiko produktu andana» tarteko. Horri erantzuteko, Michelinek uste du ekoizpena «modernizatu» egin behar duela, hau da, automatizazioan beste urrats bat egin, eta produktu berezietan espezializatu, esaterako, hegazkinentzako pneumatikoetan, makina handientzakoetan eta, batik bat, gama handiko gurpiletan.
Batera edo bestera, sindikatuak negoziazio mahaira deitu ditu, hiru urteko iraupeneko akordio baten bila. Galduko diren hamar enpleguetatik sei erretiro aurreratuen bidez kentzea espero du zuzendaritzak, baina lekualdatzeak ere aipatu ditu.
3.800 langile Euskal Herrian
Michelinek bi planta handi ditu Euskal Herrian, Gasteizkoa, 3.300 beharginekin, eta Lasarte-Oriakoa, 500 langilerekin. COVID-19ak eragindako egoerak bultzatuta, zuzendaritzak aldi baterako bi erregulazio aurkeztu zituen iaz, baina abuztuan lanera deitu zituen, ezustean, behargin denak.
Euskal sindikatuek ez dute inolako jakinarazpenik izan enplegu murrizketen inguruan. Alderantziz, Lasarteko plantan «ekoizpen oso handia» egiten ari dira azken hilabeteetan, motorrentzako gurpilen atalean. Are, berriki, langile gehiago kontratatu dituzte lana aurrera atera ahal izateko. Gasteizen ere sendo doa jarduera. Gurpil erraldoiek pisu handia dute hango ekoizpenean. Michelinen pneumatikoak erabiltzen dituzte sarri asko traktoreek, anbulantziek, suhiltzaileen ibilgailuek eta bestelako kamioiek; enpresaren arabera, hornitzaile bakarrak dira kasu batzuetan.


