«Asmo batzuen berri izan dugu, hori baino ez; arduraz…
Cristian Layko ordezkariekin eseriko zarete bihar. Zer entzun nahiko zenuke?
Kostata, baina azkenean lortu dugu bilera hori egitea, Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin batera. Lehen harreman bat izatea espero dugu, baina gauzak nahastu egin dira.
Zer nahastu da?
EAJko udal taldeak hedabideetara bidalitako oharrak nahastu du egoera. Otsailaren 18an bilera labur bat izan genuen Cristian Laykoekin; ez dago beste ezer, eta oposizioa alkate honi determinazioa eskatzen hasi da publikoki, proiektua martxan jar dadin. Benetako lehen bilera ere ez dugu izan, eta determinazioa eskatzea hanka sartze handia da.
Gehiegi puztu da puxika?
Goizegi da determinazioa eskatzeko alkateari. Oraindik ez dakigu kasik ezer. Elkarrekin joan behar dugu erakundeek, eta bihar gehiago jakingo dugu lanpostuak sortzeko aukera bat dagoen ala ez esateko. Eskumen partekatuak ditugu, eta Jaurlaritzaren eta aldundiaren konpromiso bat nahi dugu elkarrekin joateko.
Corrugados abiarazi nahi duen taldeak apustu sendo bat duen ala ez jakitea da kontua hemen, ezta?
Guretzat hori da gakoa. Arduraz jokatu behar dugu denok, ez baitakigu zer proiektu duten. Martxan jarri nahi dugu Corrugados, baina ez daukagu zeri heldu oraindik. Ez dago plan ekonomiko bat aurrean; asmo batzuen berri eman digute, baina ez dugu ezagutzen plan teknikorik edo ingurumen esparrukorik. Hori ezagutu gabe arriskutsua da ezer askorik esatea.
Industria taldeak udalari erraztasunak eskatuko dizkio agian. Zer jarrera izango duzue?
Lanpostu sorrerak interes handia pizten du, eta gu ere, udal gisa, oso interesaturik gaude. Sustapen ekonomikoa gure lehentasuna da, baina honek badu beste alde bat, eta ezin da ahaztu. Ingurumen baimenak, legezko baldintzak, hirigintza esparrukoak… zorrotz bete behar dira. Guk ezin dugu legearen aurka jo proiektuak errazteko. Kontua da ezagutu gabe zer dagoen mahai gainean ezin dugula esan zer egin daitekeen eta zer ez. Horregatik eseri nahi dugu eskuduntzak dituzten erakunde guztiekin. Proiektua ezagutu eta gero, nondik jo daitekeen eta nondik ez aztertu ahal izango dugu, baina, gaur-gaurkoz, alferrik da ezagutzen ez dugunari buruz jardutea.
Azpeitiko Corrugados erdiguneko lursail zabal batean dago. Hori aldagai garrantzitsu bat izan daiteke aurrerantzean?
Erdiguneko horrez gain, Lasaon ere badu beste fabrika bat. Azter dezagun denon artean zer den egokiena herritarrentzat. Gure prestutasunaz aritzeak, hori dena hasierako fase batean dagoenean, ez dauka ez bururik ez hankarik. Lan handia dago aurretik egiteko. Nahiko nuke bileraren ostean lanerako bide bat zabalduko balitz. Hori izan daiteke orain espero dezakegun gauzarik onena.



