Petronorreko aldi baterako lan erregulazioaren aurkako txistualdia, astelehen honetan

Beharginen herenari eragingo dion aldi baterako lan erregulazioaren aurka protesta egiteko, mobilizazioei berriz helduko diete Petronorreko langileek.



Navalen nekez egingo dira berriro itsasontziak, Belgikako VGP logistika enpresaren eskuetan dela. Haserre azaldu da Itsas Foroa auzi horrekin.
Ezustean harrapatu gaitu, industriarekiko konpromiso bat azaltzen dela uste baitugu; industria pisudunaz ari naiz, metalarekin, mekanikarekin lotuaz; behintzat lurren %51entzat. Horregatik, onartezina iruditzen zaigu adjudikazioa egiteko modua. Ezin dugu ontzat jo ontziolekin lotutako jarduera industrialik jasotzen ez duen proiektu bat onartzea irabazle gisa. Orube nahikoa dago oil&gas, itsasontzien konponketa edo beste edozein jarduera egiteko, beti industriaren barruan. Eta horrekin batera, logistika edo nahi dutena jar dezatela gero.
Zergatik Navalen? Ezin da beste leku batean egin hori guztia?
Euskadi osoan ez dago Naval baino leku hoberik, ur laminarekin, amarratzeekin, azpiegitura guztiarekin… Bigarren geratu den eskaintzak jasotzen du jarduera hori; ezin da alferrik galtzen utzi. Naval ez dago museo bat izateko, industriari eusteko baizik. Lanpostuak behar ditugu, bizi kalitatea eta soldata onak; ez dakit zertan ari garen. Gu garenaren aldeko apustua egin behar dugu, egiten dakigunaren aldekoa. Ez gaude jakinduria galtzeko. Irabazlea zerbitzuei buruzko jardueraz ari da, zerbitzuak…
Zertarako erabili beharko litzateke Naval?
Jarduera interesgarri asko daude, hidrogenoa hor dago; Bizkaiaren erdian gaude, sekulako abantailekin; zer dakit nik, sekulako industria parkea egin zitekeen, hemen.
Konkurtso bati buruz ari gara, baina hartzekodunei beren dirua itzuli behar zaie
Ba hori lehenesten ari da, baina berdin lehenets daiteke instalazio horiek beste modu batera baliatzea proposatzen ari direnen bidez ere. Bagenekien ontziolarekin jarraitzea oso zaila zela, baina gertatu den hau ez genuen espero ere. Azpiegitura horiek ez daude alferrik galtzeko zerbitzuetan; orain ez.
Navalen porrotak, ordea, ez du islatzen sektorean dagoen errealitatea gaur egun. Nola daude euskal ontziolak?
Pandemiak mota guztietako arazoak eragin dizkigu, noski, baina ontziolak ondo ari dira, oro har; sei ontzi berri egiteko kontratuak sartu dira 2020. urteko lehen erdialdean, eta, orain, urte berriarekin batera, Zamakonaren beste hiru lotu dira. Eskaera poltsan hemezortzi bat ontzi daude; beraz, estatuaren sektore osoaren %30. Horrek esan nahi du, zenbait ontziolatan 2023. urtera arteko lana bermatu dutela.
Garapen teknologikoan urratsik egin gabe ezin da lehiatu. Ari dira enpresak pauso bat ematen alor horretan?
Zalantzarik gabe. Egin dituzten azken akordioak garapen teknologikoan aurrerapausoak islatuko dituzten ontzien inguruan izan dira. Propultsioaz ari gara, adibidez, hidrogenoarekin, edo propultsio hibridoarekin. Pandemia oztopo bat izan da teknikariak ekarri eta azken egokitzapenak egiteko, soldatak hirukoiztu egin dira joan-etorriak egitea oso garesti bihurtu delako; derrigorrezko berrogeialdiak direla eta, adibidez. Atzerapen batzuk badira, baina jakintza teknologikoan urrats handia egiten ari dira, orain eta hemen.
Trantsizio ekologikotik kanpo geratzen denak zaila izango du aurrera egitea, ezta?
Euskal ontziolen ezaugarririk nabarmenena da ontzioak neurrira egin dituztela beti. Oso ondo jakin dute merkatuaren behar eta gustu berriei egokitzen, eta orain ere horretan ari dira. Armadoreak nahi duena egiten dugu, gaitasuna dugu horretarako. Eta horrek emaitzak ematen ditu. Armadore berak 23 ontzi egin ditu Balenciagan; beste batek, hamasei Muruetan. Bermeoko atunontziak etxean egiten dituzte beti.
Ez du ematen krisiak askorik jo zaituztenik?
Agian, gehiago eragin die ontziolen inguruan dabiltzanei: balbula egileak, motor egileak, ingeniaritzak, garabien zerbitzuak… Haiek nazioarteko merkatuetan ere ibiltzen baitira, eta merkatu batzuk nabarmen jaitsi dira. Uste genuen aurten izango zela suspertzearen urtea, baina aurreikuspena baino askoz apalago doa errealitatea, eta kezkagarria da benetan. Dagoeneko 2022. urteaz ari dira susperraldia aipatzean, eta gogor borrokatu beharko dugu denok itsaso zakar honetan.
Lanpostuak galtzen ari dira ontzioletan?
Ontzioletan ez; alderantziz, jendea hartzen ari dira, Zamakonan, Muruetan eta Balenciagan, baina osagaiekin dabiltzanak gehiago sufritzen ari dira, hori egia da. 2019. urtean, 13.705 langile ari ziren sektore honetan.
Txina, Hego Korea eta Japonia nagusi dira petroliontzi eta gasontzietan. Europan, aldiz, gurutzontzi turistikoetan. Baina hori ere aldatzeko bidean dago. Itsasontzi handien merkatua irensten ari dira Asiako hiru handiak. Europan, Alemaniak, Finlandiak, Frantziak eta Italiak egiten dituzte luxuzko gurutzaontzi turistikoen ia %80. Baina horretan ere sartu nahi dute asiarrek. Txina lehenengo luxuzko gurutzaontzi turistikoa egiten ari da gaur egun —ia 5.000 bidaiari izango ditu, Titanic famatua baino hiru aldiz handiagoa—, eta halako beste hiru ontzi ditu proiektatuta.
Sea Europe klusterra «oso kezkatuta» agertu da horrekin, eta azpimarratu du bereziki tentuz hartzekoa dela sektorearentzat eta EBrentzat Txinak daukan «anbizio oldarkorra». Izan ere, gurutzaontzi turistikoekin batera, merkatuko beste esparruetan ere ari da burua sartzen: 2025erako lider bihurtu nahi du puntako teknologiadun itsasontzi handien eta goi teknologiadun ekipamenduen arloan, hala jaso du Pekingo gobernuak bere Bost Urteko Planean (2021-2025).
Xede horrek kontinente osoan izango du eragina: izan ere, azken urteetan Asiako erraldoiaren inguruko herrialdeetan enpresa laguntzaile eta ontziola txiki ugari sortu dira, eta merkatuko beste esparru batzuk erakarri dituzte. Horrek asko murrizten ditu Europako ekoizleen aukerak. Europako ontziolen klusterrak azaldu duenez, Asiako hego-ekialdean egindako barkuak Europan egindakoak baino %40 merkeagoak dira. Argi dute horren atzean zer dagoen. «Laguntza oso handiak ematen dizkiete euren gobernuek».
Estatuen rola
Historikoki, estatuen laguntzak gako izan dira ontzi sektorean, eta ohikoa da gobernuak ontziolen jabe izatea. Hala izan da Europan ere. Oraindik ere haien esku daude ontziolarik handienak, baina azken 40 urteetan kapital pribatuaren sarrera etengabea izan da, kasu batzuetan Asiatik etorritakoa, gainera. Europako ontziolek eta gobernuek hainbatean aipatu dute horrekiko kezka, eta, bereziki, Asiako estatuek euren ontziolei ematen dieten laguntza handiak aurre egiteko politikak eskatu dituzte. Baina Bruselak mesfidantza handiz begiratzen die estatuen laguntzei, Europa barruko enpresen artean lehia desleiala eragin dezakeelakoan.
Sektorearen argazkia argia da: munduko produkzioaren %80 ontziolen %10en esku dago gaur egun. Bat egiteak gero eta ohikoagoak dira ontzioletan eta industria handietan oro har. Autogintzan gertatzen ari da, trengintzan, eta hegazkingintzan, Airbusekin gertatu zen bezala. Horren antzera Europan ontziolen kontsortzio handi bat sortzeko asmoak ez dira oraingoak, baina enpresak eta estatuak ez dira ados jartzen. Itsasoko legeak beste batzuk dira.
Azken bat-egite saioa duela hiru urte pasatxo abiatu zuten Italiako Fincantierik eta Bretainiako Chantier de l’Atlantiquek, baina Erromako eta Pariseko gobernuek atzera egin dute (haiek dira akziodun nagusiak); urtarrilaren 31n amaitzen zen bat egitea gauzatzeko epea, baina prozesua gehiago ez luzatzea erabaki dute. Bi gobernuek ohar bateratu bat kaleratu zuten erabakiaren berri emateko. COVID-19a turismoaren sektorean eragiten ari den krisia aipatu zuten arrazoi nagusi gisa. Biek berretsi zuten ontziola horien akziodun nagusi izango direla aurrerantzean ere.
Europako Batzordeak ikerketa bat abiatu zuen bat egiteari buruz. Kezka azaldu zuen ez ote zuen oraindik gehiago kontzentratuko Europan jada oso kontzentratua dagoen sektorea.
Turismoak ez ezik, Europako ontzioletan (eta mundukoetan) berebiziko garrantzia du ontzigintza militarrak ere, eta horrek eragina du hainbatetan estatuek esku hartu izana, bereziki egoera zailean zeuden enpresetan. Hala egin zuen Frantziako Gobernuak Chantier de l’Atlantiquerekin, eta argudio hori bera erabili zuen Espainiakoak 2000. urtean Izar sortu zuelarik, eta hainbat enpresa, tartean Sestaoko Naval, horretara bildu zituelarik —2006an desagertu zen Izar, Navantiari bide emanez, baina hor ez zegoen Naval—.
EBk sektorearen hiru helburu nagusien artean aipatu du itsasontzi militarrak egitea, merkataritzarako itsasontzi handiagoak egitearekin batera eta itsasoko energia eolikoan (offshore) indartzeko asmoarekin. Baina Europan defentsako arloan ere kooperazioaz hitz egin arren, ez dago bat egiterik alor horretan, estatu bakoitzak eutsi egin nahi baitio ontzigintza militarraren pastelaren bere zatiari.
Azken 40 urteetan ontzi sektoreak eraldaketa sakona izan du. Denbora horretako krisialdi ekonomikoek itxuraldatu egin dute, eta gaur egun zutik geratzen direnek beste tamaina bateko lanak eta helburuak dituzte. Barku handirik ez dute egiten gehiago. Azkenengo urteak onak izan direla eta aurreikuspenak ere baikorrak direla azpimarratu dute egun zutik dirauten hiru euskal ontziola nagusien arduradunek. Iazkoa azken urteetako onenetarikoa izan zuten, COVID-19aren krisiari izkin egitea lortu zuten: bederatzi kontratu berri egin zituzten, eta, aurtengo lehen hilabeteetan lortutako beste laurekin batera, guztira hogei itsasontzi dauzkate zorroan: hamar ditu Zamakonak Santurtzin (Bizkaia), Pasaian (Gipuzkoa) eta Las Palmasen (Kanariak, Espainia); sei Balenciagak Zumaian (Gipuzkoa); eta lau Muruetak Erandion eta Muruetan (Bizkaia). Horrek gutxienez 2023ra arteko lan karga ziurtatzen die.
Ez dute suziririk jaurti nahi, hala ere. «Gorabehera asko» dituen sektorea dela diote, eta testuinguru globalaren ezinago mendeko dela. Balenciagako iturriek azaldu dutenez, azken bost urteetan «lautada moduko bat» igaro dute, «nahiko egonkorra», baina COVID-19ren ondorioak zein izan daitezkeen jakiteko oraindik goizegi dela uste dute. «Gure sektorean krisiak beranduago nabaritzen ditugu, bi-hiru urte lehenago negoziatutako eskariekin lan egiten dugulako; iazkoak, aspalditik ari ginen lotzen. Hortaz, aurrerago nabari ditzakegu oraingoaren ondorioak. Hala ere, baikorrak gara».
Azala aldatuta
1980-1990eko hamarkadetako moldaketa industrialek irauli egin zuten sektorea. Azpimarratu dutenez, «zulotik» ateratzen jakin izan zuten ,«espezializazioaren, dibertsifikazioaren eta internalizazioaren bidez». Gaur egun, arrantza industriarako ontzietan eta ikerketa ozeanografikoko barkuetan espezializatuta daude, eta «aukera berri bat» zabaldu zaie offshore-aren merkatuan; batez ere, itsasoan haize errotak instalatzeko eta konpontzeko barkuekin, petrolio plataformena azken urteetan nabarmen murriztu eta gero.
Arrantzarako ontzirik ez dute egiten ia Euskal Herriko eta gertuko armadoreentzat, eta aurrerantzean gutxi espero dituztela diote, Bizkaiko golkoko ontzidia azken urteetan berritu egin delako ia osorik. Euskal Herriko hiru ontziola nagusiek zorroan dituzten eskari guztiak atzerrirako dira; gehienak, arrantzontzi handiak dira, Norvegiako armadoreentzakoak, nagusiki, baina baita Groenlandia, Danimarka eta Eskoziakoentzakoak ere; izokina, bakailaoa eta atuna itsasoan bertan prozesatu eta garraiatzeko ontzi handiak dira gehienak, 70 bat metro luze eta 20 metro zabal direnak. Balenciagak, adibidez, halako bat uretaratuko du laster.
Arrantzontziak izanik ere, ez dira ohiko barkuak, azken teknologiak erabiltzen dituzte, eraginkortasun energetikoa optimizatzeko eta karbono aztarna ahalik eta gehien murrizteko. Horri beste bi ontzi gehitu dizkio Zumaiako ontziolak: likido hidrogenatua erabiliko duten Euskal Herrian egindako lehenak izango dira.
Hilabete honen amaieran, Groenlandiako Nature Institute erakundeak agindutako itsasontzi ozeanografiko bat ere itsasoratuko du Balenciagak. Kontratu hori bereziki garrantzitsua da Zumaiako ontziolarentzat; izan ere, itsas ikerketara bideratutako egiten duen lehenengo barkua da, eta merkatu berri baterako ateak ireki dizkio.
Zamakonak ere baditu halakoak, baina merkatu hori oso txikia dela azpimarratu du: «Eskaera bat edo bi sar daitezke urtean. Euskal ontziolei dagokioenez, etorkizuna arrantzontzietan eta offshorea-an dago», azaldu du Pedro Garaigordobilek, Zamakona taldeko presidenteak. Hark ditu zorroan ontzi gehien. Bereziki, diesel-elektrikoan ari dira lanean, eta bateria bidezko propultsioa erabiliko duen lehen barkua ari dira egiten. Deskarbonizazioa ontzigintzara ere iritsi dela azpimarratu du Garaigordobilek, baina bide egitea kostako dela uste du. «Hazten ari den merkatu bat da, baina poliki doa».
Ingeniaritzak ere buru-belarri dabiltza itsas sektorearekin loturiko teknologia berrietan lan egiten. Horren adibide da Ortze egitasmoa. Iazko irailean egin zituzten lehen probak itsas zabalean. Hainbat enpresak eta erakundek parte hartu dute (EHU eta Mondragon Unibertsitatea, Itsas Foroa, Azti..). Prototipo bat da; barku zahar bat eraberritu dute eta zero emisio motor sistema bat garatu du Ingeteamek. Euskal ingeniaritzak azaldu duenez, halako lan gehiago ditu esku artean.?
Euskal ontziolen espezializazio maila handia izan arren, horrek ez die Europako funtsetarako ateak ireki. Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Next planean ez da haien proiekturik azaltzen, eta aurrera begira ere gobernuak ez du plan zehatzik aurreikusten sektorerako; orain artekoek emaitza onak eman dituztela uste du. Dena den, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Sailak berretsi du «sektore estrategikotzat» duela, enplegua sortzeko daukan gaitasunagatik eta beste sektore batzuk bultzatzeko daukan ahalmenagatik; sektoreko enpresekin duen harremana «etengabea» dela ziurtatu du.
Langileak ezin topa
Iaz, Iberiar penintsulako ontziolak izan ziren arrantza industriarako ontzien kontratazioan munduko lehenak, eta ikerketa ozeanografikoko ontzietan bigarrenak. Baina fokua pixka bat zabalduz gero, ikus daiteke horiek ontziolaren sektorean pisu txikien duten jarduerak direla: %5,8 Europan; eta Europa da, hain justu, halako barkuak egiten dituen munduko ekoizlerik handiena, edo izan da orain arte.
Euskal Herriko ontziolen ekoizpen ahalmena Erresuma Batuaren parekoa litzateke, Portugalen eta Greziaren gainetik, baina oso urruti dago Europako ekoizle nagusiaren kopuruetatik, eta are urrutiago Asiako erraldoienetatik. «Txina eta Hego Korea ez dira gure lehiakideak. Gertuago daude gure lehiakideak: Europan eta, bereziki, Turkian», azaldu dute Balenciagako arduradunek.
Zamakonan ere kezka bera agertu dute, eta nabarmendu Vietnamek eta Bangladeshek azken urteetan jauzia handia egin dutela, Asiako erraldoien eraginpean egotearen ondorioz. Herrialde horietako ontziola txikiek Europako ontziolen ohiko merkatu izan diren barkuetan ari dira espezializatzen: arrantzarako ontzietan, bereziki. «Etorkizuna duen sektorea da gurea, baina dagoen konkurrentzia ikusita, gutxi batzuentzako tokia baino ez da egongo», azpimarratu du Garaigordobilek.
Horri beste arazo batzuk gehitu behar zaizkio. Ontziola nagusiak «aspalditik» ari dira ohartarazten lana badagoela, baina eskulana kanpotik ekarri behar dutela, behargin kualifikaturik ez dagoelako Euskal Herrian, maila guztietan, «ez ingeniaririk, ez peoirik». «Formakuntzan ez da ahalegin handirik egin, ez dago horretarako gogo handirik», salatu du Garaigordobilek.
Zamakonako presidenteak dio lehiakorrak izateko eta gastuak murrizteko ezinbesteko baldintzak direla formakuntza eta «sektore orekatu» bat, ontziola handiagoekin batera tailer eta enpresa txikiagoak izango dituena inguruan. Horren harira, azpimarratu du Navalen itxierak galera handia ekarri duela, «enpresa laguntzaile asko berekin batera eraman duelako». Bultzada publikoa eskatu du: «Industria bat sendotzeko oinarriak daude: badugu izen bat nazioartean, badakigu barku onak egiten…Baina badirudi gobernuek ez dutela interesik ontziolen industria sendotzeko».
Navalen likidazioan gertatutakoari buruz ez dute adierazpenik egin nahi izan euskal ontzioletako arduradunek, ezta Eusko Jaurlaritzakoek ere, oraindik erabat argitu gabe dagoelako auzia. Ontzioletakoek, baina, uste dute aintzat hartu beharko liratekeela azpiegitura batzuk sektoreak erabil ditzan egindako eskaintzak.
Hiru krisi
1980-1990eko hamarkadetako moldaketa industrial handiaren ondoren, azken hamar urteetan euskal ontziolek beste hiru krisiri egin behar izan zioten aurre: 2008koak erdira murriztu zituen lan eskariak Europa osoan, baina euskal ontziolentzat aspaldiko urterik onenak izan ziren horiek, 2014ra arte inguru.
Urte batzuk geroago jaso zuten kolpea, tax lease auziarekin eta 2016ko petrolioaren krisiarekin. Baina hori ere neurrikoa izan zen. «Gure krisia aurreko hamarkadetan izan zen; sektorea berrantolatu egin zen, eta hiru baino ez ginen geratu», azaldu du Garaigordobilek.
Tax lease-aren kasuan, Bruselak debekatu egin zuen finantzaketa sistema hori, eta bi urtez ia hutsik geratu ziren euskal ontziolen nasak. Alarma guztiak piztu ziren. Baina 2014an finantzaketa sistema berria sartu zen indarrean, eta bueltatu ziren eskariak. «Guk tax lease-aren eragina ez genuen gehiegi nabaritu. Ordu hartan lan kargarekin harrapatu gintuen, eta ongi irten ginen», zehaztu dute Balenciagako arduradunek.
Auziak, halere, bere bidea egin du epaitegietan. Iazko irailean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegi Orokorrak legez kanpoko estatu laguntzatzat jo zuen, hain zuzen, Espainian 2007tik 2011ra indarrean egon zen sistema hori. Espainiako Estatua laguntza horiek berreskuratzera behartzen du ebazpenak, baina Pymar Espainiako ontziolen patronalak helegitea jarri du.
Berez, ontziolek ez dute dirua itzuli behar, ezta ontzi hori merkeago erosi ahal izan zuten armadoreek ere. Ekonomia intereseko taldeak izenekoei dagokie hori, haiei egin baitzizkieten deskontuak, %20 eta %30erainokoak. Bankuak eta enpresa handiak dira horiek, ontziolei ontzia egin ahal izateko beharrezkoa zaien dirua aurreratzen dieten erakundeak. Ontziolen beldurra da orain diru bat itzuli behar izateak betiko urrun ditzakeela sektoretik.
Azken ebazpenak ez du zehaztu zenbat milioi euro berreskuratu beharko lituzkeen Espainiako Gobernuak. Gaia azaleratu zenean, 3.000 milioi euro izan zitezkeela aipatu zuten, baina gero Madrilek asko jaitsi zuen faktura hori: 125 milioi ingurura.
Ekonomiaren Garapeneko Sailarentzat, «neurriz kanpokoa eta diskriminatzailea» izan zen erabakia, baina gogoratu du gaur egun ontziak egiten laguntzeko dagoen finantza sistema legezkoa dela eta Europako Batasunak ontzat jo duela. Hortaz, arazoa balego, 2007tik 2011ra egindako ontziei dagokie.
Garaigordobilentzat, erabakia ez zen bidezkoa izan, eta salatu du beste estatu batzuen laguntzak ikertu gabe daudela oraindik ere. «Europan estatu guztiek dute laguntzen sistemaren bat, eta ongi iruditzen zait, baina batzuenak oso ilunak dira».?

Europako agintari gehienek muga anitz jarri dizkiote ostalaritzari azken urtean, baina Martinezek bereziki kaltetua ikusten du sektorea Gipuzkoan, Jaurlaritzaren politika dela eta. «Euskadiko sektore ekonomiko handienen artean kaltetuena da ostalaritza, enpleguari, jardueraren beherakadari eta galerei dagokienez». Duela urtebete baino 2.364 langile gutxiago ari dira alorrean Gipuzkoan (-%10), eta fakturazioaren %40,9 galdu dute; jatetxeek, gehiago: %43.
Gipuzkoako ostalarien bozeramaileak atzerrira begiratu du, Jaurlaritzaren laguntza eskasak agerian uzteko. «Europako herrialde aurreratuak, hala nola Frantzia, Alemania eta Herbehereak, ostalaritzari laguntzen ari zaizkio etengabe, urrian itxi zirenetik». Euskal Herrian bertan, beste politika bat egiten ari den administrazio bat ere bada, haren ustez: Nafarroa. Eta Espainiako «Murtzia eta Extremadura» aipatu ditu «laguntzetan Euskadi nabarmen gainditzen duten erkidegoak» zerrendatzean. «Kasu batzuetan, berariazko planak egiten dira sektore kaltetuenentzat». Kataluniako gaueko aisialdia eta Valentziako goi mailako sukaldaritza dira horren adibide batzuk.
Alokairuak merkatu dira
Martinezek uste du administrazioak ostaritza pandemiaren errudun egiten duela oraindik ere. «Gu estigmatizatzen jarraitzen dute, eta itxiarazten, beste esparruetan jardun gabe». Hala, beste estrategia bat ikusi nahiko luke Gasteizko gobernuaren erantzunean: «Susperraldia ez da murrizketekin egiten, baizik eta txertaketa eta duela zenbait hilabete iragarritako zuzeneko laguntza programak bizkortuz. Gaur egun ez dugu horien berri».
Ostalaritzak Gipuzkoan izan duen lurrikarari neurria jartzen diote datuek: herrialdean, aldi baterako erregulazioan dauden langile guztien %41,2 ostalaritzakoak dira. Eta beste datu bat gehitu du: autonomo asko dauden sektoretzat jotzen da taberna eta jatetxeena, baina alorrean diharduten beharginen %75 soldatapekoak dira. Alokairuei dagokienez, berriz, negozioen %52k alokairu bat pagatzen dute Gipuzkoan. Bada, urtebetean %21 merkatu da batez besteko alokairua, hileko 1.724 eurotik, 1.351 eurora.
Txertaketa prozesuak ere kezkatzen du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusia; sektoreko langileei txertoa lehenbailehen eman diezaieten nahi du: «Arrisku handieneko adin taldeei txertoa jarri ondoren, gure langileei berehala txertoa jartzeko eskatzen diegu, administrazio publikoek orain arte hartutako neurrien arabera kutsatzeko arrisku handiena duten taldeetako bat baitira».
Zenbat aldatu da zibersegurtasuna hogei urte horietan?
Piloa. Lehen bankuak eta halakoak zeuden mundu honetan. Baina orain industriara pasatu dira erasoak eta arriskuak. Lehen, antibirusak oso garrantzitsua zen; orain, oinarrizko zerbait gehiago dira. Erasoak berak ere asko aldatu dira; lehen hackerrak beste gauza bat ziren, erromantiko batzuk. Orain, berriz, erasoak masiboak dira, eta negozio bat bihurtu dira. Estatuek ere ziberrerasoak erabiltzen dituzte besteei arazoak sortzeko.
Zibersegurtasunean esperientzia handikoak eta puntakoak diren enpresak daude Gipuzkoan, nahiz eta batzuetan ez garen konturatzen, ezta?
Ez da publizitate handirik egiten, ez. Baina estatuan zibersegurtasunean sortutako lehen enpresa Donostian sortu zen, S21, 2000. urtean. Aitzindaria izan zen, eta orain hainbat daude, baita oso aurrean dabiltzan start-up-ak ere. Zibersegurtasun ekosistema Euskal Herrian eta Gipuzkoan nahiko inportantea da.
Eta, hala ere, enpresa industrialek ez dituzte haien zerbitzuak erabiltzen?
Bai, erabiltzen dituzte, baina batez ere enpresa handiek. Ziurren enpresa ertainetara eta txikietara heldu nahi dugu. Pentsatzen dute ez direla erasoen jomuga, baina ez dira konturatzen erasoak masiboak direla. Haiekin lanean ari gara, ikus dezaten zibersegurtasuna inportantea dela, baita euren lehiakortasunerako ere, bezeroek hori ere aintzat hartzeko eskatzen hasi zaizkielako.
Ziur sortu eta hilabete gutxira hartu zenuen haren gidaritza, duela hilabete batzuk. Urtarrilean zabaldu zen laborategia. Nola doaz gauzak?
Balorazio positiboa egiten dugu. Adibidez, aholkularitza zerbitzua dugu, eta aurten 70 enpresa etorri zaizkigu laguntza bila. Trebakuntza tailerrak ere egiten ditugu, eta egun hauetan 45 enpresa sartu dira ezagutzera nolakoak izaten diren kontrol sistema industrialen kontrako erasoak. IT [informazio teknologia] eta OT [operazio teknologia] sareen segmentazioa nola egiteko tailerretan 35 enpresa egon ziren. Eta eskualdeetako sustapen agentziarekin ere lan piloa egiten ari gara, kontzientziazio arloan.
Europako funtsak erakartzeko Euskadi Next programan dago Ziur. Zer egingo duzue Europatik dirua lortzen baduzue?
Orain bost zerbitzu ditugu: bideraketarako laguntza, behatokia eta azterketak, produktuen laborategia, prestakuntza tailerrak, eta sentsibilizazioa. Europatik dirua etorriz gero, zertifikazio laborategi bat eratzeko inbertsioak egin ahalko lirateke. Ziurrenez, bestela ere egingo litzateke, Ziur plan estrategikoan jasota dago helburu hori, baina Europatik dirua etortzeak guztia bizkortu luke.
Sare hartako beste ordenagailu batzuetan, ordea, bai, bazeuden behar zituenak; Windows eta ezaugarri zehatz batzuetako Siemens etxearen software industrialak. Haien fitxategietan aldaketatxoa egin, eta kito, nahi zuen tokian zegoen: SCADA ordenagailu sistema gainbegiralearen eta zentrifugagailuen PLC kontrolatzaile logiko programagarrien arteko komunikazioan, mozorrotuta. Hots, gai zen zentrifugagailuari agintzeko orain bizkortu orain geldotu, eta, aldi berean, ezkutatzeko sistema gainbegiraleari hori gertatzen ari zela.
Uranioa aberasteko Natanzeko plantan, Iranen, aldiro zentrifugagailu bat hondatzen zen, eta berria jarri behar izaten zuten. Zentrifugagailuen %10 aldatu behar izan omen zituzten bi hilabetean, 1.000 bat inguru. Hori bai, Stuxnet har informatikoaren helburua, dirudienez, ez zen Natanzen zentrifugagailu guztiak aldi berean hondatzea, besteak beste, sabotajeak ezkutuan jarrai zezan nahi zutelako erasotzaileek.
Zibererasoaz 2010ean jabetu ziren irandarrak. Batzuek diote Stuxnet harrak bi urtez atzeratu zuela Iranen programa nuklearra. Erasoa ez zela horrenbesterako izan diote beste batzuek, eta, gehienera, programaren hazkundea geldotu zuela. Munduan publikoki ezagun egin zen lehen eraso ziberfisikoa izan zen Stuxnetena. Eta gehiago gertatu dira orduz geroztik.
Euskal Herrian ere bai? «Bai», erantzun dute batera Koldo Peciña Ziur Gipuzkoako zibersegurtasun industrialerako zuzendari nagusiak eta Maria Penilla zuzendari teknikoak. Zenbat eraso izan diren, edo biktimek bahitutako makina askatzeko ordaindu ote zuen bezalako galdera delikatuagoei, jakina, ez diote zuzenean erantzun. Baina konpainia bateko buruzagi baten kolkoan jarri dira: produkzioa berreskuratzeko beste modurik gabe,«azkenean prest zaude edozer ordaintzeko».
Makina eta produkzio planta gero eta konektatuagoekin halako erasoentzako zelaia etengabe handitzen ari dela, konpainia asko, batez ere txiki eta ertainak, ez daude arriskuaz jabetuta. «Gure lantegian ez gara uranioa aberasten edo ezer arrarotan ibiltzen», esango luke konpainia bururen batek. Eta ez dira zerbitzu sekretu israeldarren jomuga izango, ez. Baina horrek ez du esan nahi ez direla izango eraso ziberfisiko baten helburu, zibereraso ohikoagoen jomuga diren bezala.
Hasteko, Irangoa ez bezala, gaur egun zibereraso gehien-gehienak masiboak izaten direlako. Normalean, erasotzaileak milaka mezu elektroniko bidali ditu, sarean erosi duen ramsoware-arekin, eta gosaltzera joan da. Bueltan, ikusi du norbaitek amua irentsi duela, iruzurrezko mezuko loturan klik egin, eta modua eman diola enpresako sarera ezkutuan konektatzeko.
Erasotzailea hasiko da bere biktima zein den ikertzen, ea non dauden ahulguneak, ea nola atera dezakeen dirua hortik. Milaka kilometrora dago, baina enpresa horretako norbaiten posta kontua ordezkatu dezake, eta ordainketaren bat poltsikoratu; edo enpresaren datuak zifratu eta bahitu, erreskatea eskatzeko. Edo industria enpresa bat baldin bada, iris daiteke lantegiko robot edo makina jakinen baten PCLra, eta agindu bakar batekin lantegia gelditu -eta agian arriskuan jarri langileen segurtasuna ere-.
Lantegian, jakina, harri eta zur gelditu dira. Makina hondatu dela pentsatu dute aurrena, baina ez da matxurarik ageri; dudak laster argituko dira mezua jaso dutenean, erreskate bat eskatzeko.
Ziur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan sortu da, eta haren zereginetako bat da Gipuzkoako enpresa industrialei, batez ere ertain eta txikiei, halakoak gerta daitezkeela ohartaraztea, eta mehatxuen aurrean zer egoeratan dauden jakiten laguntzea. Lehen argazki bat egiten, nola dauden jakiteko, babes eta inbertsio beharrak ikusten joateko. Normalean oso gutxi dakitelako.
Enpresek Ziur zentrora jotzen dute, erasoren bat izan dutelako, edo halako edo bestekori eraso egin diotela jakin dutelako. Edo, besterik gabe, beharra ikusi dutelako. «Badakite zerbait egin behar dutela, baina ez dakite zer egin. Horretan laguntzeko gaude gu. Argazki bat egiteko jakin dezaten nola dauden eta esateko zer pauso eman behar dituzten, bidea urratzen hasteko».
Penillaren arabera, «enpresa handiak hobeto daude zibersegurtasunean, aurrekontu handiagoak dituzte, prestatuagoak daude, hasita daude urratsak egiten. Txikiagoetan, berriz, heldutasun maila oso txikia da orokorrean».
Oinarrizko galdera izaten da ea zenbat PLC dituzten euren ekoizpen plantan. «Gehienetan ez dakite, ezta horietatik zein izan daitezkeen kritikoak ere, ezinbestekoak haien jardunerako», dio Penillak. Eta ia guztiek azken urteetan fabrikak erabat konektatu dituzte. «Makinek hamar-hamabost urte dituzte, eta lantegiaren eta sistema diseinua bera ere ziurrenik egin zen zibersegurtasuna kontuan hartzen ez zen garaian. Eta orain guztia konektatu duzu, inolako babesik hartu gabe. Planta industrialena merkatu berria da zibererasoentzat, oso handia, ustiatzeko erraza eta errendimendu handia eskaintzen duena. Hurrengo urteetan eraso gehiago ikusiko ditugu».
Ahultasunen eta beharren argazki hori egiten laguntzen die Ziurrek enpresa industrialei. Gero, bitartekari lana ere egiten du, eta enpresa horiek zibersegurtasun zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresekin kontaktuan jartzen ditu. Gipuzkoan bertan daudelako halako asko, zibersegurtasunaren arloan puntakoak diren konpainietako batzuk lurraldean sortutakoak baitira.
Zibersegurtasunerako lehen lana enpresaren kudeaketa sarearen eta produkzio sarearen arteko segmentazioa izaten da. «Normalean enpresetan guztia konektatuta egoten da, eta norbait hor sartzen bada, bost segundotan sare guztian dago, zure lantegi osoan, zure Brasilgo plantan…». Guztia konektatuta dagoela esatean, hasieran bururatuak baina gauza gehiago izaten dira. Aire girotua, segurtasun konpainiaren kamerak… Handik ere sarbidea izan dezakete erasotzaileek.
Masiboak ez diren zibererasoak ere egon badaude, gutxiago badira ere. Eraso gidatuak, helburu zehatzekoak, askoz ere modu ezkutuagoan egiten dira, lehiakideen espioitzarako, jabetza intelektualaz lapurtzeko… Eta are zailagoak dira ageriratzeko.
Ziur zentroa arlo hori ere lantzen ari da. Proiektu bat dute Gipuzkoa bertako Countercraft enpresarekin, ziberengainurako teknologiak ezartzeko zenbait enpresatan, jakiteko enpresa horiek horrelako eraso gidatuen jomuga diren, eta eraso horiek jasotzen ari diren ala ez. Finean, amuak (honeypot) ezarriko dituzte halako erasoek tenk egiten duten ala ez ikusteko.
Ziurren beste lanetako bat ere hori delako, begiratzen joatea zer-nolako mehatxuak dauden industria sektorearentzat, zer gertatzen den munduan, Gipuzkoan…
Baina Ziurren laborategiak beste zerbitzu garrantzitsu bat ere eskaintzen du. Konpainiek euren produktuak eta prototipoa ziberseguruak diren ala ez frogatu ahal izango dute Ziurren. «Edozein produktu industrial izan daiteke, demagun hodeiarekin eta beste sistemekin konektatuta dagoena. Ikusiko dugu, esaterako, ea zibersegurtasun ikuspuntutik komunikazio horiek seguruak diren. Adibidez, izan daiteke Brasilgo lantegi batean instalatutako makina erreminta bat, zeinetan urruneko sarbidea duen hemengo hornitzaileak, dela datuak jasotzeko, zerbait konpondu ahal izateko… Urruneko sarbidea ere ohiko jomuga izaten da erasotzaileentzat, eta hornitzaileek lan hori ondo egin behar dute».
Badago beste arrazoi bat konpainiak Ziurrera eta produktuak probatzeko haren zerbitzura hurbilarazi dituena: gero eta gehiago direla hornitzaileei zibersegurtasun baldintza jakinetako produktuak eskatzen dizkieten bezeroak. «Merkatuak eskatu egiten dizu, baldintza batzuk bete gabe zure produktua ezin duzu saldu». Eta bada beste arrazoi indartsu bat ere: araudia. «Adibidez, automobilgintza sektorean badago zibersegurtasun araudi bat». Ziurrenez, hurrengo urteetan sektore gero eta gehiagok izango dituzte halako araudiak, eta haietara egokitu beharko dute enpresek eta produktuek.