David Card, Joshua Angrist eta Guido Imbens, 2021eko Ekonomiako…

Hiru ekonomialariek egindako lanak gizarte zientzien ikerketa enpirikoen iraultza eragin dute, Akademiaren esanetan.



Ematen du Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaritzan Kristalina Georgievaren agintaldia laburra izango dela. NDFk bere zuzendariari egindako galdeketaren ostean, erakundeak ez du erabakirik hartu, baina jakinarazi du «aurki» hartuko duela, eta hori albiste txarra da Georgievarentzat. Litekeena da gobernuek luze gabe kargutik kentzea, haren aldeko mezua eman ez, eta esan baitute ikerketan «modu esanguratsuan» egin dutela aurrera. Alegia, Munduko Bankua zuzentzen zuenean ustez egindako praxi okerraren auzia dela-eta, Georgieva NDFko irteerako korridorean jarri dute jadanik.
WilmerHale abokatu bulegoaren auditoretza batek duela hilabete ondorioztatu zuen Txinari aldeko tratua eman ziola Georgievak, Munduko Bankuaren txosten izarrean, Doing Business zerrendan. Bulegoak dio Georgievak «modu irregularrean» estu hartu zituela bere ardurapekoak, Txina zegokion baino gorago jar zezaten sailkapenean. Herrialde bakoitzak negozioak egiteko ematen dituen erraztasunen arabera egiten dute sailkapen hori.
2019ko urriaz geroztik da Kristalina Georgieva (Sofia, Bulgaria, 1953) NDFko zuzendaria. Christine Lagarde frantziarraren lekukoa hartu zuen, Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentetzan jarri zutenean.
EBren eta AEBen arteko idatzi gabeko itun batek dio NDFko buruak europarra izan behar duela, eta Munduko Bankukoak, berriz, estatubatuarra. Gainontzeko estatuen iritziak ez du garrantzirik izan orain arte, boto sistema Mendebaldeko potentzien alde lerratuta dagoelako.
Orain, berriz, ematen du Georgievaren patua AEBen esku dagoela, Joe Bidenen administrazioa Txinarekin nor baino nor gehiago ari delako aspaldi honetan, eta oso litekeena delako Washingtonek bulgariarraren erreleboa erabakitzea, Txinaren alde jardun duelako ustez.
Edonola ere, NDFk «xehetasun gehiago» eskatuko ditu Georgievaren auziaren inguruan ezer erabaki aurretik. Baina garbi eduki balu salaketak ez duela mamirik, auzia itxiko zuen atzo bertan. Baina salaketa «objektiboki eta zorroztasunez argitzeko konpromisoarekin» jarraitzen duela azpimarratu du NDFk.
Langileen garaipenak bi gako handi izan ditu: grebaren irmotasuna eta epaileak. Asteartean, Aiaraldeko sostengu batzordeak «Borrokak merezi du» zioen pankarta handi bat jarri zuen enpresako sarreran. Eta egia da, merezi du, eta gogoratu beharra dago borroka ez dela amaitu, lau langile eta hiru herritar epaiketa zain baitaude piketeetan izandako istiluengatik. Grebak inoiz ez dira errazak, are gutxiago zazpi hilabete irauten badute. Zazpi hilabete txakur txikirik ikusi gabe egoteak edozein etxe edo lantegiko giroa mikaztu dezake, eta ezaguna da langile batzordearen barruan tentsioak egon direla. Halere, bat eginda jarraitu dute, babes sozialaren itsasgarriarekin, eta barneko arrakalak ez dira azaleratu.
Epaileen ebazpena, mugarri
Beste gakoa handia EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena izan zen. Ebazpen irmoa, Tubacexek kaleratzeak egiteko arrazoi ekonomiko edo estrukturalik ez zuela ebatzi zuten sei epailek. Seiek enpresaren eta langile batzordearen txosten, ikerketa eta argudioak irakurri zituzten, eta seiek indargabetu zuten enplegu erregulazioa. Aho batezko ebazpena izan zen, PCBko aurrekariaren norabide berean. Patronalek gogor kritikatu zuten ebazpen hori; sindikatuentzat, berriz, gurutzatu ezinezko marra gorri bilakatu zen. Denborak erakutsi du epaileek arrazoia zutela. Denborak eta enpresaren erabakiek.
Lan gatazkak Tubacexeko zuzendaritzaren kontraesanak azaleratu ditu, eta, hainbeste luzatu bada, harengatik luzatu da. Greba hasi eta zortzi egunera Jesus Esmoris Tubacexeko zuzendari nagusia Jaurlaritzak Trapagaranen (Bizkaia) egin asmo den energia parkeko inaugurazioan agertu zen. Iñigo Urkullu lehendakariak hidrogenoaren euskal korridorean funtsezko enpresa izango zela nabarmendu zuen egun hartan. Hala ere, handik gutxira Arabako planten etorkizuna kolokan zegoela esan zuen Tubacexek. Epaiketan esan zuen hori, baita langileak sobera zituela ere. Guztientzako lanik ez zuela argudiatu zuen, eta horregatik zela ezinbestekoa 129 kaleratzea. Bost hilabete geroago, berriz, ez du langilerik sobera, eta dituen 700i berrogei orduz luzatuko die lanaldia. Are gehiago, dagoeneko esan du gasarekin zerikusia duten eskariak dituela. Norbaitek pentsatuko du, «agian azken orduko eskariak dira». Bada hori izan zen, besteak beste, langile batzordeak behin-behineko neurriak eskatzeko erabili zuen argudioetako bat; alegia, eskariak hiruzpalau hilabete lehenago jasotzen zituztela enpresan, eta ezin zela egin epe luzeagorako aurreikuspenik.
Tubacexeko ekuazioko azken aldagaia Jaurlaritza da. Enpresak eskatuta hasi zuen artekaritza, eta langileak kritikoak izan dira harekin. Piketeetan Ertzaintzak erabilitako indarkeria askotan salatu dute, eta negoziazioko azken txanpan eskaintza egun batetik bestera aldatu izana egotzi zioten Lan Sailari. Hala ere, haren esku hartzea erabakigarria izan da, enpresaren eta langileen arteko zubiek hautsita baitziruditen. Tubacexek bi arrazoi handi zituen alde Jaurlaritza erakartzeko. Batetik, kasu mediatikoa zen, eta, bestetik, sektore estrategiko batekoa. Hala ere, Elena Perez Barredo sailburuordeak esan zuen artekaritza lan hori ez zela aurrekari bat izango. Albiste txarra da hori, bi urte greban daramaten Novaltiako langileek edota Guggenheimeko garbitzaileek gustura jasoko lukete haren bisita.
Garraio sektoreak ohartarazi du, hala ere, gaia Erresuma Batuan azaleratu bada ere, arazo orokorra dela: kontinentean ere txoferrak falta direla, alegia. «Arazoa bera da», adierazi du Ismael Baranda Transportes Insausti enpresako arduradunak. «Frantzian, esaterako, milaka kamioilari falta dira, baita Alemanian eta Polonian ere. Eta esango nuke Espainia osoan ere kamioilariak falta direla, baita hemen ere». Bat dator Iban Madina Oñatrans logistika eta garraio enpresako kidea ere. Azpimarratu du ez dela «oraingo kontua»: «Hemengo elkarteek aspaldi salatu zuten kamioilari falta dagoela. Bidaia luzeak egingo dituzten txoferrak falta ditugu».
Pandemiak eragindako krisiak «estali» egin du eskasia hori, sektoreko langileen esanetan; ekonomia ere erdizka ari zenez, ez da lanik egon garraiolarientzat. «Baina ari da pixkanaka mugitzen eta suspertzen, eta, lehengo abiadurara itzultzen bagara, orduan nabarituko dugu beharra: ez dugu aski txofer izango eskaerari erantzuteko», adierazi du Madinak.
Soldata eskasa
Baina zergatik dago kamioilari falta hori? Zer arrazoi daude gidari faltaren atzean? Sektoreak, bereziki, hiru azpimarratu ditu: lan baldintzak kaskartu izana, lanbidea arautu gabe egotea eta erreleborik eza. Hain zuzen ere, arrazoi horiek eraman dute sektorea langile atzerritarrak kontratatzera. Izan ere, Erresuma Batuan gertatzen den moduan, Europa mendebaldeko herrialdeetan ere ekialdeko langileek izan dute kamioien bolantea hartzeko ardura: errumaniarrek, ukrainarrek eta poloniarrek batez ere, Barandak gogora ekarri duenez. «Eskulana inportatzen aritu gara urteetan. Gaur egun, hemen inguruan nazioarteko garraioan lan egiten duten gehienak atzerritarrak dira, bertan bizi direnak baina garai batean lanak erakarrita familia hartu eta hona etorri zirenak. Beren herrialdean baino lan baldintza eta soldata hobeak eskaintzen zizkieten, eta askok migratzea erabaki zuten».
Sektoreak salatu du horren ondorioz lan baldintzak kaskartu egin direla. Izan ere, lanbideak berezkoak ditu baldintza gogorrak, baina soldata ez da behar adinakoa. Beraz, hemen gero eta gutxiago dira hori onartzeko prest daudenak. «Argi dago: premia dago gutxi ordaintzen zaielako. Ongi ordaindutako lana balitz, ez litzateke txofer gabeziarik egongo», salatu du Jon Altuna Hiru garraio sindikatuko bozeramaileak. «Gero eta kostu handiagoak ditugu, baina gero eta gutxiago ordaintzen digute. Bidesariak jartzen dira, gasolina inoiz baino garestiago dago… Garraiolarien irabaziak jaten ari dira, eta jendea etsita dago; oso estu dago dena. Eta, gainera, kanpotik etorritakoek lan egin dezakete hemengo autonomoek egin ezin duten prezio batean».
Madina ere bat dator ideia horrekin: «Kostuak izugarri handitu zaizkigu azken urteetan. Gasolinan bakarrik izugarri garestitu da bidaia bakoitza, baina gure ordainsaria bera da oraindik». Azaldu duenez, nazioarteko garraioan aritzen den kamioilari batek 1.900-2.000 euro irabazten ditu hilean gutxi gorabehera. Kopuru horri janariaren eta bestelakoen gastua kendu behar zaio: 500-600 euro inguru. Eta, horrez gain, hamar edo hamabost egun ematen ditu gidariak etxetik kanpo. «Hilean 1.500-1.600 euro irabazi eta etxetik bi aldiz pasatzea askori ez zaie erakargarri egiten; baldintza gogorrak dira, noski. Eta hemen jendeak ez du hori nahi; oso merke ari gara lanean. Urteetan soldatak murriztu dituzte, eta orain eskasia dago», salatu du Madinak.
Euskal Herrian garraio sektorean aritzen diren gehienak ibilbide laburrekoak dira, hala ere; hau da, egunean eguneko joan-etorriak egiten dituzte batez ere. Gainera, azken urteetan bestelako lanak ere sortu dira sektorearen barruan; banaketa zerbitzuak izugarri hazi dira, esaterako, eta, soldata txikiagoa izanagatik ere, baldintzak oso bestelakoak dira lan horietan: ordutegi finko bat izaten dute gutxi-asko, eta egunero etxera joateko aukera. Horrek guztiak ere eragin du txoferrek nazioarteko bidaiak egiteari uztea. Horregatik, Barandak zehaztu du dirua ez dela arazoaren konponbide bakarra: «Asko hitz egiten da diruaz, baina dena ez da hori».
Izan ere, industriako langile batek baino soldata handiagoa izan dezake kamioilari batek gaur egun, baina lan baldintzak hori baino gehiago dira. «Arrantzaleekin gertatzen den gauza bera gertatzen da garraio sektorean ere», nabarmendu du Barandak. «Ziurgabetasuna, segurtasunik eza, bakardadea, etxetik kanpo denbora asko eman beharra, kontziliaziorik eza… Lan baldintzak gogorrak dira, eta zure ingurukoengan ere zuzeneko eragina dute. Askoz ere diru gehiago eskaintzen zaie bidaia luzeagoak egiten dituztenei, baina jendeak nahiago du gutxiago irabazi eta egunero etxera joan lo egitera. Hori ere aberastasuna baita».
Erreleborik ez
Baldintza horiek egiten dute zail erreleboa, hain zuzen ere. Enpresen eta sindikatuen esanetan, garraio sektorea ez da erakargarria gazteentzat, ez soldatagatik, ez lan baldintzengatik. «Gazteek ez dute garraioa ofizio moduan kontsideratzen; beraz, hutsune eta erronka izugarri bat dugu aurretik», adierazi du Madinak. Izan ere, txoferren batez besteko adina gero eta handiagoa da.
Hiru garraiolari autonomoen sindikatuan ez dago gidari gazterik, adibidez, Altunak onartu duenez. «Ez da erakargarria, lan gogorra da, arauen presio asko daude… Baina nik ez dut ulertzen hainbeste jende langabezian egonda zergatik dagoen garraiolari premia. Gaizki ordaindutako lana delako izango da, ezta?». Langabezia datuetan egin du azpimarra Barandak ere; izan ere, Transportes Insausti enpresan ere apenas dago 30 urtetik beherako txoferrik, eta batez besteko adina 47 eta 52 urte bitartekoa da. «Ez da zentzuzkoa gazteen %38 lanik gabe dagoen herrialde batean hutsune horiek egotea». Eta autokritika egin du jarraian: «Zerbait gaizki egiten ari gara; ez gabiltza lanbidea jendearengana hurbiltzen».
Madinak aurreratu duenez, erretiro asko izango dira datozen urteetan, eta Erresuma Batutik kanporatu dituzten kamioilariak ere ez dira aski izango Europako egungo garraioaren beharrei erantzuteko: «Asko eta asko beren herrialdera joan dira, eta ez dira [Erresuma Batura] itzuliko. Baina, hala ere, ez pentsa hainbeste zirenik; gehiago beharko ditugu, erretiro asko egongo baitira».
Oñatransek eraikuntzako materiala garraiatzen du, batez ere; Iruña Okan (Araba) du egoitza enpresak. Gaur-gaurkoz ez dute gidari premiarik, baina ekonomiaren susperraldiari adi daude. «Lehen, egunero egiten genituen bidaiak, baina orain astean behin egiten ditugu. Gure kasuan egoera ez da horren larria, eraikuntzako materialak ez duelako hornidura arazo handirik sortzen. Autogintza martxan hasi eta lehengoratzen bada, orduan arazoak izan ditzakegula uste dut».
Barandak ere uste du kamioilarien gabeziak arazoak sor ditzakeela berandu baino lehen Euskal Herriko enpresetan, eta gazteak laneratzeko ahalegina egin beharraz ohartarazi du: «Argi dago soldatei ere erreparatu behar zaiela, baina nire ustez gazteei sarbidea erraztu behar zaie». Eta proposatu du, besteak beste, gidabaimena doan ateratzeko aukera ematea.
Bat datoz gainerakoak ere. Madinaren hitzetan, «oso garestia» da gaur egun gidabaimena ateratzea; inbertsio handia eskatzen du, eta, bere irudiko, «oztopo handi bat» da hori gazteak sektorera erakartzeko. Gainera, Altunak gogorarazi du ibilgailuak berak ere diru asko eskatzen duela: «Lehen, hamar urtean behin aldatzen zen kamioia, eta horretarako dirua izan behar da. Garrantzitsua da segurtasunari begira ere; istripu asko gertatzen dira kamioiak baldintza kaskarretan daudelako». Hala ere, biek ala biek ezinbestekotzat jo dute soldatak igotzea. «Fabrika batean egunean zortzi orduz lan eginda 1.200 euro irabazten bada, inork ez du nahiko 1.500 eurorengatik kamioi bat hartu eta aste guztia etxetik kanpo ematea; normala da hori».
Nolanahi ere, Barandak esan du badirela beste bide eta eginbehar batzuk ere: «Etxerako itzulerak erraztu behar dizkiegu, adibidez, edota atseden gune erosoak egokitu; lanbidea erakargarri egin». Kritiko azaldu da garraio sektorearekiko erakusten den irudiaz, eta salatu du desinformazio handia dagoela. «Gaur egun lanbidea dagoen moduan dago asko abusatu delako; egia da hori. Baina batzuek uste dute nazioarteko garraiolari izatea nomada izatearen parekoa dela, eta ez da horrela. Joan zaitezke Europako edozein txokotara eta astean bertan itzuli. Egin daitezke gauzak, baina ez ditugu egingo Erresuma Batuan bezala kamioilaririk gabe geratzen garen arte».
Egoerarekin kezkatuta azaldu den arren, patronalak aurreikuspen baikorra egin du. Uste du hornikuntza krisia «koiunturala» dela, Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Batzordeak eta Nazioarteko Energia Agentziak, besteak beste, azaldu dutelako datozen hilabeteetan normaltasunera itzul daitekeela lehengaien merkatua. «Tesi hori da gertagarriena, gure ustez. Dena den, egia da denbora gehiago irauten badu hazkundea mantsotu daitekeela».
Hala ere, baikor azaldu da Adegiko zuzendaria, eta gaineratu du espero dutela lurraldeko ekonomiak %6-6,5eko hazkundearekin amaitzea urtea, eta, enpleguari dagokionez, 3.000tik gora lanpostu sortzea. Patronalaren azterketaren arabera, aurrera begira, enpresa gutxik murriztuko dituzte lantaldeak, hamarretik batek, baina soilik hamarretik bik handituko dituzte. Gainerakoek berdin jarraituko lukete. Enpleguarekin loturik, lurraldeko enpresen artean oso zabalduta dagoen ideia bat azpimarratu du Aierzak: langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak. Hirutik batentzat da lehen arazoa.
Enpleguarena ez da, dena den, enpresa gehienen kezka nagusia, Adegiko buruaren arabera. Ez behintzat gaur-gaurkoz. Baina aitortu du egungo hornikuntza arazoek hala jarraitzen badute «beste aukerarik ez» ez dutela izango «produkzio kostuak kontrolatzea» baino.
Era berean, uste du energien prezioen gorakada bultzatzen ari den inflazioak ez duela ondoriorik izango lan itunen negoziazioetan; ez du «gatazkarik» aurreikusten, behintzat. «Daudenak errespetatu beharko dira. Eta berritu behar direnetan, ikusi beharko da errentagarritasun galera kontuan hartuz zer adosteko gai diren enpresak».
Grebaz: «Ez dakigu ezer»
Kazetarien galderei erantzunez, Aierzak beste gai batzuk ere izan ditu hizpide: argindarraren prezioak, zergak eta sindikatuek greba orokor batera deitzeko aukera. Baina hiruretan ez du balorazio zehatzik egin nahi izan. Argindarrari buruz, Iberdrolak jakinarazi berri du bere bezero handientzako tarifak handituko dituela; Aierzak baieztatu du Gipuzkoako enpresa ugarik jaso dituztela gutunak abisu hori emanez, eta euren kontratuak negoziatzen ari direla. Dena den, horien artean kontratu eta «egoera oso ezberdinak» daudela azpimarratu du, eta konpainia elektrikoetara ez, beste alde batera begiratu du: gobernuetara. «Europak apustua egin du trantsizio ekologikoaren alde, eta horrek bere kostuak ditu, eta deribatu batzuk».
Zerga sistemaz, Espainiako Gobernuak eta nazioarteko erakundeek gutxieneko sozietate zergari lurzoru bat jartzeko eginiko proposamenei buruz, ez du adierazpenik egin nahi izan. «Zerga sistema ez da une honetan Gipuzkoako enpresak kezkatzen dituen faktore bat». Eta antzera mintzatu da greba orokor batera deitzeko ELA eta LAB egiten ari diren mugimenduez. «Ez dakigu ezer horri buruz, eta hori ere ez dago enpresen kezken artean».
Nafarroako EHNEk eta UAGAk manifestazioa egin dute Logro-ñon (Espainia) mahastizainen egoera salatzeko. «Pandemia baliatzen ari dira askok bidezkoa dena baino askoz gutxiago pagatzeko», esplikatu du Alberto Benito Nafarroako EHNEko kideak. Sartagudan (Nafarroa) dauka mahastia Benitok, Errioxa sor-markarako lantzen duena. «Ardo salmenta %10 baizik ez zen apaldu iaz, eta mahatsaren prezioa %50 jaitsi dute». Alegia, 0,60 euro pagatzen ari dira askotan mahats kiloa, «ekoizpen preziotik behera». Egoera larriena, dena den, Nafarroan dute mahastizainek. Upategi handiek gero eta mahasti gehiago dauzkate, eta gero eta gutxiago pagatzen diete mahastizainei, baina lurrak erosteko salneurri handiak eskaintzen dituzte; «Hori da paradoxa: mahastizainak itotzen dituzte haien lurrak erosteko».
Balio duena exijitu
«Egia da stock garrantzitsua dagoela upategi batzuetan, eta egia da aitzakia ona dela gutxiago pagatzeko mahatsaren truke», dio Mariasun Saenz de Samaniegok. Ostatu upategiko zuzendariak uste du mahatsa saltzeko gorriak ikusiko dituztela batzuek, «eta ez luke horrela izan behar». «Upategiek gutxienez ekoizpen kostuen gainetik pagatu behar dute, eta mahastizainek ere gehiago bultzatu behar dute». Nola, ordea? «Kalitate handiagora joaz, eta ekoizpen kopurua kontrolatuz. Prezioen arazoa ez da mahastizainena, argi dago, baina produktua hobetu daiteke beti, eta, gero, kalitateak balio duena exijitu behar dute».
«Pasatu dugun urte eta erdi honen ondoren, kaos momentuen ondoren, orain esan dezakegu test izugarri gogorra izan dela guretzat, ikasgai ezin hobea», dio Mariasun Saenz de Samaniegok. Mahastitik etorri berria, Ostatu upategiko areto dotore batean eseri da patxadaz aritzeko; zuzentzen duen upategiaren harrizko pareta sendoei begira, iraganaz, orainaz eta geroaz hausnartzen hasi da. «Baikorra naiz etorkizunaz hitz egin behar badut, merkatuan eta bezeroetan ere ikusten dudalako baikortasun hori. Kontsumitzeko gogoa dago, eta jendeak, beharbada, gehiago baloratzen ditu kalitatezko produktuak orain. Enpresa gisa dugun erronka da egoera berri horretan erantzun egokia ematea».
Biltzaileen soldatak
Samaniegoko ardogileak badaki upategi guztiak ez daudela egoera berean. Pandemia iristean batzuek gertuko merkatuan baizik ez zuten saltzen, lotuegiak ostalaritzari; nazioarteko merkatuetan ere bazirenak gehiago zapaltzen ari zaizkio esportazioen azeleragailuari, baina salmenta zuzenari arreta handiagoa jarrita aldi berean. «Dibertsifikatu egin behar da; ez dago zalantzarik. Salmenta zuzena, ordea, oso garrantzitsua da, azken urteak erakutsi digunez. Garai berriari ekiteko indarra eta gogoa hartu du sektoreak, nik uste, baina oso garbi eduki behar dugu kalitatea dela hemen aldagai gakoa: ahalik eta produktu onena egin behar dugu geroa irabazteko».
Eta mahats bilketari dagokionez, prozesua erabat profesionalizatuz lortzen da ardoaren maila bikainari eustea eta hobetzea, gaitasuna duten biltzaileak kontratatuz itunak finkatutako soldaten truke. «Guk hemeretzi langile kontratatu ditugu aurten, eta horietatik gehienak gurekin aritu dira azken urteetan. Profesional onak dira. Aterpe polit bat eman diegu, telebistarekin, Internetekin eta gutxieneko erosotasun batekin, atseden orduak behar bezala egin ditzaten. Lan gogorra egiten dute, eta guk hitzarmenak jasotzen duena baino gehiago ordainduz aitortzen diegu».
Mariasun Saenz de Samaniegok garbi utzi du ez dutela jasotzen SMI Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata. «Ez, Araban hitzarmen bat dago, eta, gutxienez, hori bete behar da. Gainera, ona da denentzat ituna betetzea, guk nahi ditugulako gure mahastiak ezagutzen dituzten biltzaileak, gure lan egiteko modua ezagutzen dutenak, eta, beraz, urtez urte gurera datozenak». Formakuntza eta soldata duinak, bi gako horiekin ekin diote bilketari Ostatu upategian eta Arabako Errioxako beste hainbatean. Eta normaltasunaren zati handiena berreskuratuta ere bai. Iazko bilketa buruhauste galanta izan baitzen upategientzat, PCR testak, talde burbuilak, protokolo zorrotzak eta beste neurriak tarteko. Aurten, txertoarekin ari dira lanean biltzaile guztiak, eta upategietan ez dago horrenbesteko tentsioa, jarduera oso bizia den arren egunotan.
Arabako Mahastiak
Ardogintzan badira prozesu batzuk mugarritzat jo daitezkeenak. Xehetasun txikienetan eragiteko gaitasuna edukitzeak edo ez, horrek egiten du aldea Ostatuko zuzendariaren arabera. «Mahatsa nola biltzen den, puskatu gabe, zapaldu gabe; nola botilaratzen den ardoa, zein kortxoarekin… hobekuntza alor guztietan egin behar dugu. Guk ezin dugu huts egin merkatura joatean. Asko garela diote, upategi asko gaudela, eta nik uste dut ez dugula beldur izan behar lehiatzeko; gure erronka dela hobetzea beti, produktu gorena lortzeko».
Baina, gero, produktu hori bereizi egin behar da merkatuan; asmatu egin behar da azaltzen ez dela dena ardo bera Errioxako sor-markaren barruan; urtekoa, ondua eta erreserbaren sailkatze soil hori baino askoz aberatsagoa dela lan moldea Arabako upategi txiki eta ertainetan. Baina eskualdeko upategi gehienen helburu den hori lortzeko modu onena zein den, horretan ez dago adostasunik. Arabako Mahastiak zigilu berriaren tramitazioa aurrera doa, eta Europako erakundeen esku dago azken baimena ematea. Errioxako erkidegoan neurriz gain aritu dira alderdi politikoak eta sor-marka bera proiektu horren aurkako kritikarekin; besteak beste «abertzaletzat» eta «baztertzailetzat» jo dute. Araban ere eztabaida bizia dago, ez baita batere erraza aurreikustea izen berriak ekar dezakeen onura edo kaltea salmentei begira.
«Errioxan beldur handia diote aldaketari, upategi txikiek burua ateratzeari. Ekimenak lurperatzen saiatzen dira lobby politiko-ekonomikoak, eta sarritan lortzen dute», dio, aho bilorik gabe, Saenz de Samaniegok. «Gu Arabako Mahastiak proiektuan hasi ginen parte hartzen, eta, gero, utzi egin genuen; arrakasta opa diot, zilegi delako negozio eredu jakin bat defendatzea. Baina uste dut iragan sendo bat dugula, marka indartsu bat, ibilbide ezaguna, eta hori guztia babestu behar dugu».
Ostatun ez daude prest «urte askoan egindako lana» bazter uzteko, baina bereizteko ekimenari uko egiteko ere ez. «Arabako Errioxa da gure marka; horixe indartu behar dugu nola edo hala, dauzkagun arma guztiekin. Negarrek eta kexuek ez digute ekarriko gure ardoa bereiztea. Geure buruei gehiago eskatu behar diegu, negozioaren atal guztietan hobetzeko eta merkatuan hobeto kokatzeko. Hori da gakoa. Arragurak ez, lan gehiago egiteak eta bikaintasunak ekarriko digu bereiztea».
Mundua da merkatua
Pandemia orainaldian ahoskatu behar den honetan, arrangura ez da ezohikoa upategien sektorean, baina Mariasun Saenz de Samaniego koherente da esplikatu berri duen estrategiarekin: «Azken urtean seko geratu ziren martxan zeuden ekinaldi batzuk, bidaiak eta abar, baina aukera berriak zabaldu ziren; miraririk ez dago, baina merkatuaren dibertsifikazioa lortzeko Singapurrera ere joango gara. Kanpora atera eta merkatua gertutik ezagutzea, saltzeko molde berriak barneratzea… hori guztia lortu behar dugu upategiok, bestela jai izango dugu. Guk, azkenerako, eta zenbait hilabetean diru sarrerak zero izanda ere, ez genuen urte txar bat itxi Ostatun».
Bada, pandemiaren mahatsa muztio ederra ematen ari da, eta 2021eko ardoak pandemia osteko merkatuetan arrakastatsu izateko oinarria badu, Iñigo Saenz de Samaniego Ostatuko enologoaren arabera. «Uste baino hobea ateratzen ari da; lehorra izan da uda, baina irailerako berpiztu da mahatsa. Pozik gaude oso fruta orekatua delako, eta, gainera, azken bi urteotakoa baino emankorragoa izango da uzta». Iazko neurri zorrotzak lausotu dira upategian, eta horrek «erraztu» egin du beharra. «Beste era batera ari gara, beste patxada batekin, eta ardo ederra aterako dugu berriro».
