78 urteko emakume baten hilketa matxista ikertzen ari dira…
78 urteko emakume bat hilda aurkitu dute Zizur Nagusian (Nafarroan), buruan kolpe handi bat zuela. Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira. Ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez, biktimaren senarrak berak eman du emaztearen heriotzaren berri. Guardia Zibilak biktimaren etxera iritsi direnean, emakumea ohe gainean aurkitu dute, odoletan, eta buruan kolpe handi bat zuela. Iturriek jakinarazi dutenez, 85 urteko gizonak diskurtso inkoherentea zuen, eta, lehenengo ikuskapenean, agenteek odol zantzuak zituzten toallak eta burkoak aurkitu dituzte edukiontzi batean, bikotearen etxebizitzatik gertu. Guardia Zibilak senarra atxilotu du. Ikerketaren iturrien arabera, ez da ageri indarkeria matxistarekin lotutako salaketarik senarraren aurka. Zabaldu dutenez, gizonak alzheimerra du, eta hildako emakumeak, berriz, parkinson gaitza zuen diagnostikatuta. Udalaren «arbuiorik tinkoena» Zizur Nagusiko Udalak «arbuiorik tinkoena eta saminik sakonena» adierazi du. Adierazpen instituzionala egin du udalak, eta salatu du emakumeen aurkako eraso guztiak giza eskubideen aurkako eraso onartezinak direla. «Hilketa da matxismoaren adierazpenik larriena, eta gizartearen lehen mailako arazo bat, duintasunaren eta osotasun fisikoaren eta moralaren aurkakoa, batez ere emakumeek pairatzen dutena». Senide eta lagunei erabateko babesa agertu die udalak. Indarkeria matxista oro gaitzetsi du, eta azpimarratu hori dela gizartean gizonen eta emakumeen artean dagoen ezberdintasunaren adierazpideetako bat. Udalak nabarmendu du desberdintasun horien aurka dagoela. Erlazionatutako edukia Hilketa matxisten mapa 130 hilketa 2003tik Azken hilketa matxista kontuan hartuta, denera 130 emakume hil dituzte gizonek 2003tik Euskal Herrian. Haietako bost, aurten: ekainaren 7an, Malagan (Espainia) hil zuen gizon batek andrea; Bilbokoa zen. Apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zen, eta bikotekideak hil zuen, 46 urteko gizonezko batek, labana sartuta. Urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek bere ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia) —biktimak 84 urte zituen—. Otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta. Gainera, maiatzaren amaieran 43 urteko gizon batek bere 13 urteko alaba hil zuen, eta, ondoren, bere buruaz beste egin, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera.