CEOEk proposatu du 2024an lanbide arteko gutxieneko soldata 1.124 eurora igotzea, eta 2025ean 1.145,77 eurora. Kasu bietan aplikagarria litzateke 2024rako zein 2025erako sindikatuekin hitzartutako akordioetan aurreikusitako berme klausula.
Espainiako Garraio Ministerioak aurreko astean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren esku utzi duela abiadura handiko trenaren Bilboko sarrerako tunelaren obra. Eusko Jaurlaritzak gobernu bilera egin du gaur, eta onartu egin du Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (Adif) adostutako ituna. Hala, Jaurlaritzaren esku egongo da Bilboko tren lasterreko sarrerako eraikuntza proiektua idaztea, eta zati bereko lanak egitea eta zuzentzea. Iñaki Arriola EAEko Garraio sailburuak «oso albiste ontzat» jo du itun hori, «beste bultzada» bat emango dielako tren lasterra egiteko obrei. Arriolak gogoratu du Jaurlaritzak Euskal Y-aren beste hainbat lan egin dituela, nagusiki Gipuzkoako zatian. Gogoratu du lan gehienak amaituta daudela zati horretan —Bergara eta Donostia artean—, eta Hernani eta Astigarraga artekoa bakarrik falta dela, eta Donostiako geltoki berria. Bi obra horiek 2024an eta 2025ean amaituko dira hurrenez hurren, Arriolak esan duenez. Orain, Basauri eta Abantoko geltokira arteko tren zatiaren proiektua idatzi eta gauzatu beharko du Jaurlaritzak. 6,2 kilometroko tunel bat da, jadanik bukatuta dagoen Galdakao-Basauri zatia eta Bizkaiko hiriburuko geltokia lotuko dituena. AHTaren geltoki berria egungoaren azpian eraiki nahi dute, baina hori ez da sartzen proiektu honetan. Geltokia diseinatzeko lana Idom ingeniaritza egiten ari da. Arriolak uste du pausoz pauso joango direla. Hala, lehenik eta behin, Adifekin akordioa formalizatu, eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) lehiaketara aterako du eraikuntza proiektua. Hori heldu den urteko lehen hilabeetan egitea espero dutela esan du Garraio sailburuak. Bi urte beharko dira proiektua idazteko. Hortaz, Jaurlaritzak espero du 2026. urtearen erdialdean eta amaieran hasi ahal izatea obrak. Bitarte horretan, 2027rako, Euskal Y-a jar dezaketela uste du Arriolak, prest egongo delako horretarako Basaurin eraikiko duten behin-behineko geltokia. Gasteizko geltokia ere behin-behinekoa litzateke, 2027rako ez baitago aurreikusita amaituta egotea hiriko sarrerako zatia eta geltoki berria. Basauri eta Bilbo arteko zatiaren aurrekontua 280 milioi euro da. Horietako 226,5 milioi plataformako obrak egiteko izango dira, eta 5 milioi, berriz, proiektuak idazteko. Gainerakoa —53,5 milioi euro— gainegitura, elektrifikazioa eta segurtasuneko instalazioak egiteko erabiliko da, baina lan horiek Adifek egingo ditu.
Osasun mentala lehentasun bihurtu den eta tabu izateari utzi dion garaiotan, Eusko Jaurlaritzak osasun mentala zaintzeko eta tratatzeko plana osatu du. Planak hamar ildo estrategiko ditu, baina horietatik bi dira nabarmentzekoak: haurren eta nerabeen osasun mentala, eta osasun mentaleko arazoren bat dutenen familiei eskaini beharreko arreta. Eta, ildo estrategikoen gainetik, ideia bat: osasun mentalaren zaintzak «komunitarioa» izan behar du. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Osasun Mentaleko Estrategia aurkeztu du Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, eta iragarri du Jaurlaritzak buru osasunaren arloa indartuko duela. 2023 eta 2028 urteen artean egongo da estrategia martxan. Ia 140 orriko agiria, asmo on, nahi eta helburuz betea, datozen urteetarako erabakiak, ekintzak eta neurriak biltzen dituena. Estrategiak herritarren osasun mentala hobetzea du helburu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nahasmendu mentalak dituztenen eta haien familien arreta hobetzeko ildoak eman ditu, baita osasun mentalaren arretan prebentzioa lantzeko eta kalitatea hobetzeko neurriak ere. Sagarduik espero du plana «baliagarria» izango dela, eta esan du beharrezkoa dela «pertsonen osasun mentala eta fisikoa modu integralean» artatzea. Gaixotasun mentalen prebentzioak, detekzio goiztiarrak, tratamendu eraginkorrak eta errehabilitazioa landuko duten politika publikoak bildu dituzte estrategian; baita gaixotasun mentalak jasan dituztenak gizarteratzeko neurriak ere. Prebentzioari garrantzia eman diote, bereziki elikadura portaeraren nahasmenduak dituztenei dagokienez. Arreta pertsonalizatua eskaintzea eta pertsona ardatz izatea da asmoa: planak aurreikusten du pertsona bakoitzak plan terapeutiko pertsonalizatua izango duela, bere tipologia klinikoaren arabera. Lehen mailako arretako lantaldeen jardunari eman diote balioa, eguneroko bizitzako prozesu psikosozialetan arreta jartzeko, estigma gutxitzeko, bai eta osasun mentaleko arazoei lotuta ager daitezkeen arrisku faktoreak edo sintomak goiz detektatzeko ere. Sagarduiren esanetan, plana gauzatzeko prozesua «partaidetza prozesu zabal baten emaitza» da: Euskadiko Osasun Mentaleko Aholku Batzordean egin da, eta osasun mentalaren arloan inplikatutako profesionalen, adituen eta elkarteen laguntza izan du. Komunitatea, funtsezkoa Osasun mentalaren estrategia «komunitarioa» izango dela aurreratu du Sagarduik, eta hori izango dela asistentzia emaitza hobeen giltzarri. Funtsean, osasun mentala sistema sanitarioan integratzea da planaren asmoa, eta esku hartzea indartuko da, bereziki gizarte bazterkeria, diskriminazioa, pobrezia eta marjinaltasuna izateko arrisku handia duten eremuetan. Herritarrei zerbitzuak eskaini ez ezik, modua emango du zerbitzuak kalitatezkoak izan daitezen, beste zerbitzu sanitario eta sozial batzuekin lankidetzan. Haur eta nerabeen osasun mentala Lehen urteek pertsonaren etorkizuneko osasun mentalean izan dezaketen garrantzia dela medio, Eusko Jaurlaritzaren estrategiak lehentasuna eman dio haurren eta nerabeen osasun mentala artatzeari. Osasun mentaleko sintomen eta nahasmenduen prebentzioari eta detekzio goiztiarrari bide eman nahi diote planean, eta, horretarako, hainbat jarduera jarriko dituzte martxan: profesionalekin koordinatutako ongizate emozionala sustatzeko jarduerak, osasun eta nahasmendu mentalak ezagutzeko ekintzak eta sentsibilizazio kanpainak. Azken bi urteetan haur eta nerabeen osasun mentala tratatzeko giza baliabideak eta materialak «bikoiztu» dituztela ziurtatu du Sagarduik. Iragarri du 2024ko lehen hiruhilekorako hamasei lanpostu berri sortuko dituztela Gipuzkoako eguneko ospitaleetan. Osasun mentalean artatutako adingabeen erregistro diagnostikoa ere hobetu eta homogeneizatu nahi du Jaurlaritzak: nahasmendu mentalak dituzten haur eta nerabeentzako arreta azkarra indartuko da, bereziki nahasmendu mental larrien adierazle diren sintomak identifikatzen direnean. Horretarako, adingabeekin aritzen diren profesionalak etengabe prestatuko dira, nahasmendu mentalak goiz detektatzeko, eta baliabideak eskainiko zaizkie: familiekin tratamendu terapeutikoak edo etxeko tratamenduak egingo dituzte, besteak beste. Familiaren esku hartzea Familia da Jaurlaritzak landu nahi izan dituen beste ildoetako bat. Kontuan hartuta familiak zenbateko garrantzia daukan buru osasunean, planak barne hartu ditu haientzako informazioa, aholkularitza, prestakuntza, zaintza eta tresnak. Familia osasun mentaleko arreta komunitarioaren osagai bat izango da, elementu aktiboa osasun mentaleko arazoak dituenaren errekuperazio psikosozialerako. Bide beretik, familiek elkar laguntzeko taldeak bultzatuko dira.
Hileta bat toki egokia izan liteke atzera begiratu eta gogoeta egiteko. Eta hildakoa maitale izandakoa bada, baita maitasunari buruz pentsatzeko ere. Abagune horretan girotu du Karmele Jaiok bere azken nobelako protagonista. Nola maitatu nuen? Nola maitatu ninduen? Zein maitatzeko modu irakatsi zidaten? Erantzunak eman baino gehiago, ildo bereko galderak plazaratuko dizkio Maitasun kapitala eleberriak irakurleari ere. Emakumezko protagonistaren bizipenei jarraituz, maitasunari buruzko gogoetak harilkatu baititu idazleak liburuan, «hitz potolo horren azpian zer ezkutatzen den» jakin nahian. Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana. Artelanetan, musikan, literaturan eta beste diziplina askotan «maitasunaren gaia etengabe» jorratu izanak adierazten du gizartean zer-nolako garrantzia duen, Jaioren ustez. Halere, iruditzen zaio ez dela erraza zehazki zer den esatea. «Maitasuna deitzen diogu, adibidez, sexu erakarpenari edo desioari; maitasuna deitu ahal diogu bakarrik egoteko beldurrari ere; maitasuna hitzaren azpian askotan ezkutatzen da norberaren autoestimurako bitamina baten beharra, nolabait maitasun batean ispilu bat bilatzea zu ederrago ikusteko… Nik esango nuke nobela gonbidapen bat ere badela, irakurleak bere buruari zera galdetzeko: ‘Zure maitasunean, zuk maitatzeko duzun modu horretan, zer ezkutatzen da? Edo zer dago zure maitasun horren azpian?’». Olga da kontakizuneko protagonista, eta Martinen hiletan dagoela abiatzen da nobela. Maitale izan zuen Martin, eta, urtebete atzera, gizonak eten egin zuen bien arteko harremana. Aldi berean, unibertsitatean Literatura irakaslea izanik, Olga tesi bat zuzentzen ari da, eta, hartan, aztertzen da emakumeei nola irakatsi zaien maitasuna beren bizitzaren erdigunean jartzen. «Horrek ere lagunduko dio argi gehiagorekin ikusten Martinekin izan zuen harremana nolakoa izan zen». «Esango nuke nobela gonbidapen bat ere badela, irakurleak bere buruari zera galdetzeko: zure maitasunean, zuk maitatzeko duzun modu horretan, zer ezkutatzen da? Zer dago zure maitasun horren azpian?». KARMELE JAIO Idazlea Hain zuzen, eszena horretan, maitatzeko era baten amaieran eta beste era baten hasieran kokatu du protagonista idazleak. Bestela esanda, pauso bat atzera egin, pentsatu, eta maitatzeko modu berri baten bila abiatuko da. Pixkanaka, Martin nolakoa izan zen eta Olga nola maite izan zuen ere jakingo du irakurleak, baita trama nagusiarekin batera garatuko diren beste pertsonaia eta istorio batzuk deskubritu ere. Jaiok aurreratu duenez, protagonistaren eta beste bi emakumeren arteko harremanak pisu handia hartzen du nobela osoan; izan ere, «bikotearen maitasunak duen zentralitatea pixka bat deszentralizatu», eta maitasuna zentzu zabalago batean hartu nahi izan du, eta adiskidetasunari ere garrantzia eman. Zailtasunak eta lagunak Liburua maitasunari buruzkoa dela zehaztu du idazleak, baina bereziki emakumeen maitasunean zentratzen dela. Izan ere, «hor, kasu askotan, badago gainditu gabeko azterketa bat», haren ustez. «Emakumeok espazio askotan aurrerapauso handiak eman ditugu, eremu publikoan, aktibismoan, rol eta estereotipoen kontra egin dugu, botere harremanen aurrean matxinatu gara, baina nik uste dut hor badagoela alde ilun bat, Pandoraren kutxa moduko bat, ez duguna askotan ireki nahi, eta maitasunarekin eduki dezakegun kontraesana da». Botere harremanekin lotu du hori, besteak beste. «Bizitzan botere harreman asko daude, ezberdinak, baina maitasunarenak badauka berezitasun bat: maitasunean, suposatzen da dominatzaileak eta dominatuak elkar maite dutela; horrek asko zailtzen du horri aurre egiteko aukera». Baina protagonistak izango du heldulekurik. Batetik, zuzentzen ari den tesiari lotuta, maitasunari buruzko teoria feministek lagunduko diote sentitzen dituen gauza askori izena jartzen. Jaio: «Lagunduko dio konturatzeak, batetik, bere maitasuna ez dela berea bakarrik, sozialki eraikitako zerbait dela; maitatzeko modu bat erakutsi diotela, ez berari bakarrik. Asko interesatzen zait intimoaren eta sozialaren arteko intersekzio hori; maitasunak zerikusia du bizi garen gizarte honekin, politikarekin, ekonomiarekin… denarekin dauka harremana». Horregatik eraman du idazleak kapitala hitza liburuaren izenburura: garrantzitsua denari erreferentzia egiten diolako, batetik; eta egungo gizartean «merkatuaren legeak agintzen» duelako, bestetik. Horri lotuta, gogoeta eta galdera gehiago dakartza liburuak. «Tinderren garai honetan, maitasuna konpartitzen baino gehiago, kontsumitzen ari gara? Gailuekin gertatzen den bezala, zaharkitze programatua pertsonekin ere gertatzen ari da? Gero eta indibidualistagoa den gizarte batean, gure maitasunak ez al dira gero eta berekoiagoak, gero eta nartzisistagoak? Galdera horiek ere egiten ditu nobelak». «Iruditzen zait fikzioak ere laguntzen digula normaltasunak estaltzen dituen gauza asko ikusten edo azaleratzen». Karmele Jaio Idazlea Sexuak eta desioak ere badute pisurik narrazioan, eta horren arrazoiak ere aipatu ditu idazleak. «Batetik, oso eremu intimoan gertatzen den zerbait delako, eta beste gauza asko gertatzen direlako; askotan, emakume baten gorputza gudu zelai bihurtu daiteke». Eta bestetik, azaldu duenez, emakumea maiz irudikatu izan da desio objektu gisa, eta, beraz, emakumeen desioa agertu nahi izan du. Jaioren ustez, literaturak balio dezake norberak barneratuta dituen eta modu inkontzientean agertzen dituen zenbait jarrera argiago ikusteko. «Hemen ere, protagonistak badu kontraesan bat teoriaren eta praktikaren artean, eta uste dut fikzioaren bitartez batzuetan egoera batzuk hobeto errekonozitzen ditugula teoria liburu bat irakurrita baino. Iruditzen zait fikzioak ere laguntzen digula normaltasunak estaltzen dituen gauza asko ikusten edo azaleratzen».
Kutxabankek enkargatutako txostenak egiaztatzen du bilakaera horrek “pixka bat” hobetzen duela Espainiako hipoteka-merkatuaren batez bestekoa, % 11,4 jaitsiko baita ekitaldi honen amaieran.