Fruta, barazki edo haragitan gastatzen ditugun 100 eurotik 22 baino ez dira izaten Euskal Autonomia Erkidegoko ortu edo baserrietako produktuak ordaintzeko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Sestaoko (Bizkaia) etxe batean sute bat piztu dela, eta bertan bizi zen gizona hil egin dela. Gaur goizeko 09:00ak aldera hasi da sutea. Biktima intoxikatu egin da, eta bihotza gelditu zaio. Egonkortzea lortu zutenean Gurutzetako ospitalera eraman dute, baina ezin izan dute suspertu.
Renfe eta Adif enpresetako sindikatuak akordio batera iritsi dira, eta biharko aurreikusia zuten greba bertan behera utzi dute. 30.000 langile inguru deituak zituzten lanuztera, ERCren eta PSOEren arteko negoziazioen ondorioz hartutako erabakiarengatik: Kataluniako Generalitateak Rodaliesen (Kataluniako aldirietako eta eskualdeko tren sarea) kudeaketa bere gain hartzea zen asmoa. Sindikatuek, baina, uste dute «erabaki okerra» izan dela, eta «zerbitzu publikoentzako, langileen eskubideentzako eta trenen funtzionamenduarentzako galera» izango dela. Sindikatuek diote akordioa ez dutela sinatu oraindik, baina «enpresak bere horretan mantentzeko konpromisoa dagoela, eta negoziazio mahai bat eratzekoa ere bai». Dena den, ez dago argi zein izanen den akordio hori, ERCren eta PSOEren artean adostu baitzuten tren azpiegitura guztiak Kataluniako Generalitatearen esku geldituko zirela. Deitutako lanuzteengatik distantzia erdiko eta luzeko 1.500 tren geratuko lirateke bertan behera, eta bertze 990 salgaienak. Biharkoaz gain, bertze hiru greba egun ere deituak zituzten.
«Poesia niretzat gauza apetatsua da; berak nahi duenean etortzen zait, eta, gero, alde egiten dit». Ia hogei urte eman ditu Xabier Montoiak poemarik idatzi gabe. «Zergatik? Bada, ez zitzaizkidalako bururatzen». Halako batean, ordea, poesiaren «bisita» jaso zuen berriro ere, eta idazteari ekin zion. Hiriak eta urteak izan da horren emaitza, Pamielarekin argitaratu berri duen liburua. Urteotan hamaika nobela eta ipuin liburu plazaratu ditu idazleak, baina 2005. urtetik ez zuen poema bildumarik eman. Poesiaren joera apetatsu horregatik, haren ustez. Duela pare bat urte, baina, «bolada bat» izan zuela azaldu du. «Halako batean, superheroi bat izango banintz bezala, eskuratu edo neureganatu nuen begirada poetikoa. Horrela esanda, pixka bat gogorra da [irriz], baina egia da». Begirada poetiko hori zertan datzan azaltzeko, bi adibide jarri ditu segidan, eta liburuko bi poema nola sortu zitzaizkion kontatu du. Orain bi urte, udazkenez, kalean zebilela, lurrean zeuden hostoek «ekarri» zioten Hosto izeneko poema. «Hori bizitza osoan ikusi dut, jende guztiak bezala, baina inoiz ez dut ikusi hor poema bat. Halako batean, bolada hartan, horrek poema bat ekarri zidan, ideia bat». Basurdea poeman, berriz, Mundo Deportivo-n agertutako albiste bati aipamena egin dio; hain zuzen, albiste horretan duelako hazia. Kazeta horretan irakurri zuen basurde bat itsasotik agertu zela Alacanteko (Herrialde Katalanak) hondartza batean, eta «turistei eraso» egin ziela. «Eta poema bat bururatu zitzaidan, lehenago inoiz bururatuko ez litzaidakeena, ezta orain ere». «Hori da pixka bat niretzat zer den poesia; noizbehinka bisita egiten dit, eta gehienetan ez. Liburu honetan, hori gertatu da». Xabier Montoia Idazlea Azalpen horiekin hobeki uler daiteke nola bizi izan duen egileak idazteko jarduna. «Hori da pixka bat niretzat zer den poesia; noizbehinka bisita egiten dit, eta gehienetan ez. Liburu honetan, hori gertatu da». Izenburuak ematen du aztarnarik liburuak biltzen dituen gaiez: Hiriak eta urteak, edo, bestela esanda, «espazioak eta denbora». Azaldu duenez, hiriei buruzko hamar poema daude, «hiriaren kontzeptuari buruz, eta baita hiri konkretu batzuei buruz ere; batzuk benetakoak, eta beste batzuk, fikziozkoak». Denbora, berriz, «poema bakoitzean» dagoela gehitu du. Bildumako bost poema ingelesez eman ditu idazleak. Idoia Unzurrunzagak hutsik dauden hirietan ateratako argazkiekin jantzi dute lana. 40 urteko ibilbidea Duela 40 urte argitaratu zuen Montoiak bere lehen poesia liburua, Anfetamiña (Susa, 1983), Jose Angel Irigarai Pamielako editoreak gogora ekarri duenez. «Sekulako kolpea izan zen», haren ustez, euskal letretan egon ez den bestelako poesia bat ekarri baitzuen; «beste estilo bat, ikuspegi bat, lexiko bat, gauzak esateko manera bat. Kritikariek bere garaian jada esan zuten inkonformista zela, disidentea, joera estetikoaren kontrakoa, probokatzailea, estilo oso berezikoa, eliptikoa baina zehatza, indartsua, freskoa eta mikatza». Liburuan ageri den «mundu ikuskera oso etsitua eta kritikoa» ere nabarmendu ditu editoreak. Hamarkada hartan, lehenaz gain, «erreferente bezala geratu diren» beste bi lan eman zituen: Likantropo (1985) eta Narraztien mintzoa (1988). Bitarte horretan —eta gerora—, musikan ere egin zuen bere bidea. Ipuingintzan eta nobelagintzan jardun zuen gerora, baita «obra gogoangarriak» utzi ere. Baina poesiarik ez zuen idatzi hainbat urtez. Harik eta Berlinen zela poema batzuk ondu zituen arte; lehen hiru liburuak «beste begirada helduago eta autokritikoago batekin» berrikusi, eta Alemanian idatzitako poemak gehituta, Bingo (Pamiela, 2005) osatu zuen. «Poesia oraindik ere depuratuagoa, garatuagoa da, betiere dezepzioaren bazterretik idatzitakoa, estoldatik datorren lurrin horren baitan garatzen duena, baina, beste deus baino lehen, zinezkoa, benetakoa». Jose Angel Irigarai Pamielako editorea Kasik ia hogei urte igarota plazaratu du bilduma berria. «Oso berri ona» dela iritzi dio Irigaraik, Montoia «poeta puska» dela berresten duen lan bat delakoan. Poesia «oraindik ere depuratuagoa, garatuagoa» sumatu du, «betiere dezepzioaren bazterretik idatzitakoa, estoldatik datorren lurrin horren baitan garatzen duena, baina, beste deus baino lehen, zinezkoa, benetakoa». Bingo-ri ere egin dio aipamena Montoiak, eta lan berriarekin lotu du. «Nire ustez, Bingo-n dago nire XX. mendeko poesia, eta hemen nire XXI. mendeko poesia. Ez dakit gehiago egongo den, segur aski ez, baina hauxe da nire XXI. mendeko uzta».
Bi aldeek bilera egin dute arratsaldean, eta amaieran baieztatu dute greba deialdia bertan behera geratu dela. Xehetasunik eman ez badute ere, akordioa adostu dutela ziurtatu dute.
Kutxanbakek bidegabe kobratutako hipoteka gastuak itzuliko dizkie bezeroei, eta horiek faktura aurkeztu beharko dute dirutza kobratzeko, epaitegietara jo gabe.
Bilboko Epaitegiak aske utzi zuen Barakaldon (Bizkaia) ertzain bati arma lapurtzeaz akusatutako gizonezkoa, atzo. Erabakiak sortutako harrabotsaren ostean, baina, Bilboko epaile dekano Aner Uriartek jakinarazi du Ertzaintzak ez zuela arma lapurretari buruzko atestaturik aurkeztu epaitegian, baizik eta Bilboko Epaitegiko Zazpigarren Zigor Salak aurrez ezarritako atxilotze agindu bat «soilik», zitazio judizial bat egiteko helburuarekin. Gazteak ez zuen ustez lapurtutako armarik entregatu, eta aurrekariak ditu genero indarkeriagatik eta lapurretak egiteagatik. Larunbatean izan zen lapurreta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak Radio Euskadin azaldu zuenez, gizonezko bat ertzain baten etxean sartu zen eguerdian, eta bizkar zorro txiki bat eraman zuen; han zegoen arma. Ordutik, akusatuaren bila ari zen Ertzaintza. 19 urteko gizonezkoak herenegun entregatu zuen bere burua Deustuko polizia etxean (Bilbo), eta Ertzaintzak jakinarazi zuen bi delituz akusatuta atxilotu zutela: bortxaz egindako lapurreta eta armak baimenik gabe izatea. Gazteak, baina, ez zuen ustez lapurtutako armarik eraman. Ertzaintzako Sipe sindikatu korporatiboak «sinesgaitzat» jo zuen epaitegiaren jarrera, baina Uriartek adierazi duenez, akatsa izan zen ez zela kasuari zegokion atestaturik aurkeztu epaitegian: «Zaintzako epailea zitazioa egitera mugatu zen, eta horrekin, atxilotua askatzea ebatzi zuen».
Bizkaiko Batzar Nagusiek Batuz sistema abiaraziko duen foru arauaren proiektua onartu dute, gobernuko bi alderdien botoei esker: EAJ eta PSE-EE. Hala, negozioek eta enpresek Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan egin beharko dituzte kontuak. EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituzte oposizioko alderdiek egin dituzten zuzenketa guztiak. Lehen eginkizunak berehala hasiko dira, 2024ko urtarrilaren lehenean. Enpresa handiak, bankuak eta aseguru etxeak izango dira ordurako Batuz sistema erabili beharko duten bakarrak. Enpresa txikiak eta ertainak, berriz, 2024aren erdialdean hasiko dira sistema erabiltzen, eta, beranduenez, 2026aren erdialdean erabili beharko dute Batuz. Azken txanda sozietateen gaineko zerga ordaintzen ez duten entitate, irabazi-asmorik gabeko erakunde, nekazari, arrantzale eta irakaskuntzako langileentzat izango da; horiek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi beharko dute sistema erabiltzen. Sistema 2025. urtea baino lehen ezartzen duten enpresek hobari fiskalei eutsiko diete, PFEZa edo sozietateen zerga %10 murriztuko baitzaie. Batuz ezartzeagatik sortutako gastuek ere %30eko hobari fiskala izango dute. Bi zerga berri Batuz sistema ez ezik, bi zerga berri ere onartu dituzte batzar nagusietan. Berriro erabili ezin diren plastikoa ekoiztu, inportatu edo erosten duten enpresek 0,45 euro ordaindu beharko dituzte plastiko kilo bakoitzeko. Zabortegiek ere zerga berria izango dute, eta instalazioen ezaugarrien arabera aplikatuko dute. Zabortegietara doazen udal zaborrei 40 euroko zerga ezarriko zaie tona bakoitzeko, eta hondakin industrialei, berriz, tonako 10 eurokoa 2023an, 15 eurokoa datorren urtean, eta 20 eurokoa 2025etik aurrera. Bi zerga horiek 2023ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean, atzerako eraginarekin.
Espainiako Gobernuak 2021eko irailean ezarri zuen estatu barruko hondakin jarioa neurtzeko sistema berri bat. Prozedura elektronikoa ezarrita, erkidegoen artean izandako hondakin mugimenduak zehatz-mehatz zenbatu ahal izan ditu Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, eta horrek agerian utzi du Hego Euskal Herria industria hondakin esportatzaile handia dela. Hain zuzen ere, milioi erdi bat tona hondakin industrial eraman ziren Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroatik inguruko herrialdeetara 2021eko irailetik 2022ko irailera. Hondakinen gestiorako 2023-2025eko esparru planari buruzko aurrerapen txostenak jaso dituen datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik ia 400.000 tona eraman ziren, bereziki Kantabria, Errioxa eta Gaztela eta Leonera. Nafarroatik, berriz, 100.000 tona baino gehiago, gehiena Aragoira eta Errioxara. Kalkula daiteke, beraz, Hego Euskal Herriak zabortegira eramaten dituen industria hondakin ez-arriskutsuen heren bat inguru esportatu zuela inguruko herrialdeetara. Mugimendu horiek berretsi egin dute Zaldibarko zabortegia erori zenez geroztik industria hondakinen kudeaketan dagoen arazoa. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak 2022ko azaroan aitortu zuen ezen, Zaldibarko zabortegia amildu eta Larrabetzu eta Mutiloakoak ixtearekin batera, 400.000 tona geratu zirela biltegiratzeko lekurik gabe. Espainiako Gobernuak orain eman berri dituen datu horiek erakutsi dute hondakin horiek inguruko erkidegoetara eraman dituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek. Agerraldi hartan, Jaurlaritzak industria hondakinei aurre egiteko bide orria aurkeztu zuen. Hondakin gutxiago botatzea jarri zuen helburu, sortutako hondakin guztien %15 izan arte. Bestalde, 2024tik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako hondakin guztiak jasotzeko nahikoa gaitasun izatea. Horretarako, hiru zabortegi handitzeko asmoa zuen Jaurlaritzak: Igorre, Bistibieta eta Betearte; eta beste bi berriro ireki: Epele eta Artxanda. EH Bildu, kontu eske Espainiako Gobernuaren datu horiek eskuetan, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Arantxa Tapiari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik ia 400.000 tona beste herrialdeetara bidaltzen dituztela jakin ostean. Ohar baten bidez, koalizioak galdetu dio Jaurlaritzari ea zer asmo daukan egoera hori konpontzeko, EAEko Hondakinak Kudeatzeko Planaren helburua betetzeko, hau da, bertan sortutako hondakinak bertan kudeatzea bermatzeko. Mikel Oterok, «penagarritzat» jo du egoera: «Datuek agerian uzten dute hondakinen kudeaketa penagarria dela, horretarako behar diren azpiegiturak falta direlako». EH Bilduko legebiltzarkide horren iritziz, Zaldibarko zabortegiarekin kudeaketa eredu bat bertan behera erori zen, eta, ia lau urte igaro arren, ez dute beste alternatibarik ipini. «Irudia oso grafikoa da: 20.000 trailer hondakinez beteta, kamioi ilara bat Gasteiztik Madrileraino». Oterok nabarmendu du Espainiako Gobernuaren txosten horretan ageri den baino hondakin gehiago esportatu direla, bakarrik aldez aurretik jakinarazi eta prozedura elektriko bidez komunikatzen diren mugimenduak jasotzen baititu Espainiako Gobernuak. Bi enpresa auzipetuta Iparraldean Zaldibarko zabortegira ustez 22.000 tona hondakin legez kanpo eraman zituzten Ipar Euskal Herriko bi enpresatako ordezkariak epaitu zituen Baionako ingurumen delituetarako auzitegiak. Auzitegi horrek egindako lehen epaiketan —duela bi urte sortu zen—, Basusarri eta Donibane Lohizuneko SARL CBA Artola eta SARL Etcheverry-Mindurry enpresetako ugazabak epaitu zituzten, ingurumenaren aurkako delituak egotzita. Hain zuzen ere, leporatu zieten 2018 eta 2021 bitartean 22.297 tona hondakin bidali izana Zaldibarko zabortegira, jakinda ez zirela balorizatuko eta ingurumenari lotutako arauen bidez kudeatuko. Prokuradoreak 200.000 euroko isuna eskatu zuen SARL Etcheverry-Mindurryrentzat, eta 150.000 eurokoa SARL CBA Artolarentzat. Prokuradoreak azaldu zuen dirua aurrezteko asmo hutsarekin bidali zituztela hondakinak Zaldibarrera, egiten ari zirenaren jakinaren gainean zirela. Bi enpresariek ukatu egin zuten hori, eta ziurtatu zuten hondakin horiek balorizatzera bidaltzen zituztela uste zutela.