EAJ garaile izango litzateke Eusko Legebiltzarrerako bozetan, bi hautetsi…
Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko azken inkesta argitaratu du, eta, horren arabera, EAJ izango litzateke bozen irabazlea, 29 hautetsi lortuta: bi legebiltzarkide galduko lituzke 2020ko emaitzekin alderatuta, bat Gipuzkoan eta beste bat Araban. EAJk PSE-EErekin duen ituna berrituz gero, koalizio gobernua ez litzateke arriskuan egongo: izan ere, inkestaren arabera, PSE-EEk 11 hautetsi lortuko lituzke, orain baino bat gehiago, eta bien artean 41 legebiltzarkide izango lituzkete, orain baino bat gutxiago, baina gehiengo osoaren langa ezartzen duen kopurua (38) aise gaindituz. EH Bildu oposizioko lehen indarra izango litzateke, 25 hautetsirekin: orain baino lau gehiago. Gipuzkoan bederatzi eserleku lortuko lituzke, orain baino bi gehiago, eta herrialde horretan lehenengo indarra izango litzateke, botoen %38,6 lortuta. Araban eta Bizkaian ere legebiltzarkide bana irabaziko luke koalizioak. Inkestaren arabera, PSE-EEk irabaziko lukeen hautetsia Araban lortuko luke, eta lautik bostera pasatu. Elkarrekin Podemos eta Sumarren arteko koalizioak galera handia izango duela aurreikusten da inkestan, EP-IUk gaur egun dituen emaitzekin alderatuta: orain dituen sei legebiltzarkideetatik erdiak galduko lituzke. PPk zazpi hautetsi lortuko lituzke, orain baino bat gehiago, eta Voxek duen hautetsi bakarra galduko luke; beraz, ez luke ordezkaritzarik izango Eusko Legebiltzarrean.
Zaintzaz hitz egiteko mahai bat osatzeko eskatu diete feministek…
Mobilizazio eta aldarri eguna izan zen atzokoa Hego Euskal Herrian: lehen aldiz greba feminista orokorra egin zuten, zaintza eskubide kolektiboaren alde, eta milaka lagun batu ziren protestetara hiri eta herri guztietan. Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak agerraldia egin du gaur Gasteizen eta Iruñean, lehen balorazioa egiteko, eta berretsi du atzokoa «historikoa» izan zela: itxaropena dute mugarri bat izango dela zaintzaren aldeko aldarriak agenda politikoaren lehen lerrora eramateko. Horregatik, taldeak etorkizunean jarri nahi izan du arreta orain, eta atzoko manifestazioetako ekitaldi politikoetan egindako eskaera berretsi dute gaur: «Askotariko sektoreak ordezkatuko dituen eztabaida mahai bat eratzea» galdegin diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, «herri akordioaz eta aurrera begirako urratsei buruz hitz egiteko». Zorion eta esker on mezuekin abiatu dituzte agerraldiak, bai talde feministentzat, bai grebara batutako eragile sozial eta sindikalentzat: «Beste behin ere, kaleak hartzeko, proposamen integralak egiteko eta antolatzeko dugun gaitasuna erakutsi dugu». Halere, mugimenduko kideek argi dute atzokoa hasiera baino ez dela izan: «Orain, herriz herri sortutako su txikiak piztuta mantentzea dagokigu». Adierazi dute atzo bezala hemendik aurrera ere lanean jarraituko dutela zaintza eskubide kolektiboaren eta zaintza sistema publikoaren alde. Horretarako, mobilizazio berriak antolatzen jarraituko dute: «Badugu zer asmatu, zer irabazi, zer sortu eta zer mantendu». Eta etorkizunera begirako lanaren lehen pausoetako bat segituan egin dute: agiri bana helaraziko diete Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakariei, sektore arteko mahai bat sustatzea galdegiteko, eta horren nondik norakoez hitz egiteko bilera bat eskatzeko. Hain justu, bi gobernuen egoitzen aurrean egin dituzte gaurko agerraldiak, eskaerok erregistratzeko; prozesuan eragileen batera landutako herri akordioa ere helarazi diete. Erantzun handia Mobilizazio oso jendetsuak izan ziren atzokoak, baina mugimendu feministako kideek greba egunaren aurreko asteetan eta hilabeteetan ibilitako bidea ere nabarmendu dute. Izan ere, eguna ez ezik, prozesua ere «historikotzat» jo dute. «Askotariko lanek elkartu gaituzte: asanbladak sortu, aliantza berriak josi, zaintza eskubide kolektiboa sozializatu…», adierazi dute. «Amaigabea da zerrenda». [articles:2117226] Baina antolaketa moduetan ez ezik, egiteko moduetan ere izan du berritasunik. Izan ere, duela gutxi arte ezezaguna zen greba orokor feministaren kontzeptua gizarteratzea eta «borroka molde berriak» plazaratzea lortu dute, eta, hala, grebaren «betiko iruditegia» iraultzea: «Greba egiteko bestelako moduak bilatzeko bideak asmatu ditugu. Zaintza eta etxeko langileen elkarteek forma berriak proposatu dituzte, egoteko moduak politizatuz». Zenbakiei begiratuta ere, adierazi dute ukaezina dela grebak erantzun eta babes zabala izan zuela. «Aipatzekoa da Euskal Herriko lan zentro gehien-gehienetara iritsi dela zaintza eredu hau eraldatzeko beharra», azpimarratu dute. Eta zenbakiak dira horren adibide: «1.500 langile batzorde baino gehiago batu dira, piketeak egin ziren eremu eta sektore askotan, eta industrialde ugari kolapsatuta egon ziren». Hezkuntzan ere erantzun «handia» izan zuen grebak. Mugimendu feministaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan, haur eskoletan eta ikastoletan, %70-75 ingurukoa; eta Nafarroako ikastoletan, %90etik gorakoa. Garraio publikoak emandako babesa ere nabarmendu dute, Euskotrenek eta Bilboko Metroak zerbitzu minimoak baino ez baitzituzten eskaini. Komunikabideei dagokienez, EITB taldean zabala izan da grebaren erantzuna. Horretaz gain, BERRIA, Argia astekaria, Gara, Hamaika telebista, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazine eta eskualdeetako Hitza-k ere grebari batu zitzaizkien. Hutsuneak eta salaketak Izan ziren «hutsuneak», baina mugimendu feministak bazuen horien berri. Greba prestatzen hasi zirenetik bai baitzekiten zailtasunak izango zituztela sektore jakin batzuetako langileak deialdira batzeko. «Jakitun geunden zaintza langile askok ezin izango zutela egun osoko lanuzterik egin, greba egiteko eskubidea urratzen zaielako», gaitzetsi dute. Bereziki deitoratu dute zahar etxeetan eta eguneko zentroetan gutxieneko zerbitzu «neurrigabeek» eguna «baldintzatu» izana, baina, hala ere, beharginen erantzuna txalotu zuten: «Greba egin zezaketenen %90ek baino gehiagok egin zuten». Atzoko protestetan antzeman zen hori; Iruñeko Erruki Etxea zahar etxean, adibidez, hala mintzatu ziren bertako langileak: «Erruki Etxea ez da zahar etxe normal bat, makroegoitza bat baizik, Nafarroako handiena. 480 egoiliar ditu, eta 272 langile ari gara hor lanean. Badakizue zenbatek egin ahal izan dugun greba? Zazpik». Osakidetzako eta Osasunbideko langileak ere ez dituzte ahaztu: haiei ere lanuzterako eskubidea «ukatu» zieten, eta greba babesteko bestelako moduak bilatu behar izan zituzten: pankartak, sare sozialen bidezko zabalpena eta babes adierazpenak, besoko laranja… Bestalde, feministek gogora ekarri dute gizonak interpelatzea eta haien parte hartzea sustatzea zela grebaren «beste erronketako bat». «Gizon batzuek gaiaren gaineko ardura hartu dute, eta asanbladetan eta kalean zegokien posizioan aritu dira», nabarmendu dute. Hala ere, beste askok ez zuten hala egin, eta atzo zabaldutako mezu bera helarazi nahi izan diete: «Hartu dagokizuen ardura!». Urkullu: «Denok izan behar dugu zaintzaile» Bestalde, «lidergo publikoan oinarritutako zaintza eredu publiko eta komunitarioa» defendatu du gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrean. Grebaren biharamunean gaiaz galdetu dio Isa Gonzalez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak, kontrol saioan; erakundeek «pribatizazioan sakontzea» deitoratu du, eta gobernuari eskatu dio «kalearen aldarriari» erreparatzeko. Urkulluk erantzun dio «kezka» dutela zaintzaileen baldintzekin, eta ikusten dutela egungo eredua gainditzeko premia: «Denok ikasi behar dugu zaintzaile izaten, ez bakarrik instituzioek». ELA sindikatuak ere gogora ekarri du grebaren «inpaktua»: «Albiste ona izan zen milaka lagun mobilizatzea». Gobernuak interpelatu izana ere txalotu du: «Gobernuek eta patronalek negozio gisa ulertzen dute zaintza».
Stop Kaleratzeakek salaketa jarri du Banco Santanderren aurka Jardunbide…

Stop Kaleratzeakek salaketa jarri du Banco Santanderren aurka Jardunbide Egokien Kodea “urratzeagatik”.
Pello Rodriguezek hartuko du Iñigo Ucinen lekua Mondragon taldeko…

Pello Rodriguezek hartuko du Iñigo Ucinen lekua Mondragon taldeko lehendakaritzan. Egun Mondragoneko lehendakariordea eta Ekipamendu-Ondasunen dibisioko zuzendari nagusia da. Lehendakari karguaz 2024ko abuztuaren 1etik aurrera izango da taldeko presidente, orduan hartuko baitu erretiroa Ucinek.
Gasteizko Michelingo zuzendaritzak borondatezko irteerak eta errelebo kontratuak proposatuko…

Gasteizko Michelingo zuzendaritzak borondatezko irteerak eta errelebo kontratuak proposatuko ditu. Multinazionalak aurreko astean iragarri zuen Gasteizko lantegiko 150 langile kaleratzeko asmoa zuela. Halaber, hitzeman du ez duela ekoizpenaren jaitsieragatik kaleratzerik egingo sei hilabeteko epean.
«Euskal zaintza sistema publiko-komunitarioa» eskatu dute manifestazio jendetsuetan
Mugimendu feministak milaka pertsona elkartu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, gaurko greba orokor feministaren harira arratsaldean eginiko manifestazioetan. Manifestazioen amaieran irakurri duten oharrean, salatu dute Euskal Herriko «zaintza erregimena erabat asistentzialista eta familista» dela. «Sinetsarazi digute familiak eta zehazki emakumeak direla zaintza lan horiek egin behar dituztenak». Esan dutenez, zaintza beharrak asetzeko gizarte zerbitzu publikoak «oso murritzak» dira, eta zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari dira. «Zaintza negozio bilakatu dute; azpikontratazioen bidez merkatu pribatuaren esku utzi dute, eta zerbitzuen langileon lan baldintzak prekarizatu dituzte». Gaurko greba orokorra «ezeren amaiera ez» dela gaineratu dute, eta lanean jarraituko dutela hitzeman dute «euskal zaintza sistema publiko-komunitarioa» lortu arte. Euskal Herriko lehenengo greba feminista orokorrak oihartzun handia izan du hainbat sektoretan, antolatzaileek adierazi dutenez. Euria ez da oztopo izan, eta aterkipean ehunka mobilizazio egin dituzte egun osoan, greba batzordeek antolatuta. Goizaldeko piketeetako deialdiak jendetsuak eta askotarikoak izan dira. Eguna argitzerako, lapiko jotzeak eta txapliguak entzun dira lantoki handi eta hiriguneetako sarrera orokorretan. Hainbat errepide itxi dituzte, eta garraio publikoan ere nabaria izan da eragina goizean goizetik. Piketeetan hainbat oldarraldi izan dira, eta Gasteizko Michelinekoan bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak. Askatu egin dituzte gero. Eusko Jaurlaritzak bidalitako datuen arabera, administrazio orokorrean %13,28k egin dute greba; hezkuntzan, %39k; osasunean, %5,6k; segurtasunean, %2k; eta justizian, %11k. Greba feminista orokorraren helburua da zaintza lanen esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren hitzetan: «Zaintza lanetan ari direlako, greba eskubiderik ez dutelako edo gehiegizko zerbitzuak inposatu zaizkielako greba egin ezin duten emakume horiek ez dira kontabilizatuko greba egin dutenen datuetan». «Eztabaida saihetsezina» eta «urrats erraldoia» Gehiengo sindikalak egin du bat grebarekin: ELA, LAB, Etxalde, CGT, ESK, EHNE eta Steilasek. ELAko Amaia Muñoak esan du gaurko grebak erakutsi duela «zaintzaren eztabaida politikoa saihetsezina dela». Milaka pertsonek kalean egindako aldarriari entzuteko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. «Emakume eta gizonentzat, gizartearentzat, funtsezkoa da beste zaintza sistema bat eraikitzea: alde batetik, pertsona erdigunean jarriko duen zaintza sistema parekidea behar da; eta bestetik, publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango dena». «Zaintzaren iraultza jada martxan da», baloratu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Uste du «zaintza iraultzeko urrats erraldoia» dela gaurkoa. Gogoan izan ditu zaintzarengatik gaur greba egin ezin dutenak, eta zaintzaren krisia eta zaintza eraldatzearen beharra mahai gainean jartzen segitu beharko dela ohartarazi du: «Grebak erakutsi du gaur egun nagusiki emakumeen gain dauden ardura horiek jendarte osora zabaltzeko beharra, datozen urteetako erronkarik handienetakoa izango da eta. Gaia politizatzen eta kontzientziak astintzen lagundu du». Zaintzarekin negozioa egiten dutenak interpelatu ditu, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, aldundia eta patronalei zuzenduz, eta euren politikak beste bide batean jar dezaten eskatzeko. «Zaintza eredua eraldatu gabe emakume eta gizonen arteko berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da» «Gaurko grebak erakutsi du zaintzaren eztabaida politikoa saihetsezina dela». AMAIA MUÑOA ELA «Zaintza eredua eraldatu gabe emakume eta gizonen arteko berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da». GARBIÑE ARANBURU LAB EH Bildu ere batu zaio greba deialdiari: jakinarazi du gidatzen dituzten udaletan geratu egin direla, eta gainerakoetan geratzeko deia egin dute. Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean osoko bilkurak zituzten, eta EH Bilduko ordezkariek aulkiak hustu dituzte; Gasteizko ganberan bi ordezkari utzi dituzte soilik. Elkarrekin Podemosek ere bat egin du feministek eskariekin. EAJren Bizkai Buru Batzarreko buru Itxaso Atutxak, berriz, azaldu du ari direla lanean «zaintza jardunaren erdigunean jarriko duen zerbitzu publikoak duintzeko», baina hori lortzeko greba egitea ez du egokitzat jo. Atutxaren esanetan, EAJk bultzatzen du zaintza lana aitortuko duen eredua, soldata duina barne, erakundeek ematen duten zaintza eta familiaren zaintza uztartuz, kasu bakoitzaren beharren arabera, erantzukizun publikotik ematen diren zerbitzu eta prestazioak areagotuz, zaintza-esparru inklusibo eta hurbilak sortuz, zaintza lanak gizonen eta emakumeen artean banatuz: «Erakundeetatik egiten dugu hori; gure politika publikoetan egiten dugu, baina baita alderdi gisa, zaintzaren alorrean parte hartze are parekatuagorako bidea egin behar dugula aldarrikatuz, eta ez soilik ordainpeko zaintza lanetan, baizik eta gure etxe barruan egiten ditugunetan ere». Zaintzaren alorrean zeresana duten eragileekin elkarrizketarako foroa irekita dutela gehitu du. Hiriburuak Hiriburuetan nabaritu da gehien eragina. Gasteizen, auto pilaketak nabaritu dira goizean goiz, errepideak itxi baitituzte, eta gauza bera gertatu da Bilbon eta Donostian. Iruñean, autobus zerbitzuak ere etenaldiak izan ditu lehen orduan, piketeengatik. Antolatzaileen datuen arabera, komunikabideei dagokienez, EITB taldean zabala izan da grebaren erantzuna, eta irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte; albistegiak bakarrik ari dira ematen. ETBn ez da programarik grabatuko, eta soilik albistegiak eta grabatutako programazioa ematen ari dira. Horretaz gain, BERRIA, Argia asteakaria, Gara, Hamaika telebista, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazine eta eskualdeetako Hitza-k ere grebari batu zaizkio. Euskotrenen eta Bilboko Metroan, grebaren oihartzuna oso handia izaten ari da, eta gutxieneko zerbitzuekin ari dira lanean. Iruñean, billabesen zerbitzuak geratu dituzte goizean piketeek. Iruñean, billabesen zerbitzuak geratu dituzte piketeek. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Hezkuntza publikoko 600 ikastetxeetan izan du eragina lanuzteak. Unibertsitatean, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako campusetan ia geratuta egongo da jarduera. Itundutako ikastetxeetan ere oihartzun handia izan du, ikastola gehienek ateak itxi dituzte, eta gainerako zentroetan ere nabarmena izan da erantzuna. Ikamak ohar batean jakinarazi duenez, ikasleak zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokara batu dira: «Ikasleak zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokara batu dira, eta argi utzi dute egungo hezkuntza sistema, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta zaintzaren antolamendu soziala erreproduzitzeko oinarrizko tresna dela». Hilabete luze daramate Ikasle Komiteetan antolatzen, zaintzaren auzia hezkuntza eremuan landu eta ikasleen artean sozializatzeko asmoz. Unibertsitateetan, campuska sortu dituzte komiteak, eta bigarren hezkuntzako heziguneetan, berriz, ikastetxez ikastetxe. Hainbat batzar egin eta egitasmo bultzatu ostean, jardun akademikoa geldiaraztea lortu dute gaur, eta mobilizazioak egin dituzte. Gipuzkoako zenbait udalek bat egin dute grebarekin: Azpeitiak, Ordiziak, Oñatik, Arrasatek, Oriok, Urretxuk, Tolosak, Bergarak eta Zumaiak, besteak beste. Gizarte ongizateko zerbitzuetan eta osasungintzan ezarritako gutxieneko zerbitzuek guztiz baldintzatu dute greba. Milaka langileri ukatu diete greba egitea, zerbitzu askotan %100ekoak baitira gutxieneko zerbitzuak. Adibidez, gaueko txandetan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. EAG edo larrialdietako langileei ere %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zaizkie. Zahar etxeetan eta eguneko zentroetan ere, gutxieneko zerbitzuek baldintzatu dute grebaren eragina. Zahar egoitza gehienetan dauden egoiliarrak dependentzia handikoak direnez, ia ezinezkoa da greba egitea; adibidez, 55 langileko zahar egoitza batean, bostek baino ezingo dute greba egin. Herrialdez herrialde Grebak oihartzuna izan du industrian ere, batez ere Gipuzkoan. Erabat gelditu da ekoizpena honako enpresa hauetan: Indar (Beasain), Arcelor Mittal (Bergara), Mondragon Assembly (Arrasate), Natra Zahor (Oñati), Jose Maria Mendiola (Andoain) eta Niessen (Oiartzun), besteak beste. Erantzuna oso handia izan du Beasaingo eta Irungo CAF enpresetan. Bizkaian, grebak eragin berezia izan du Lea Artibaiko eta Durangaldeko industrian. Microdeco edo AKT Plasticos enpresek, esaterako, jarduera eten dute. Kadaguako Lucart eta Cementos Lemona enpresetan ere nabaritu dute. Araban, Gasteizko DHL eta Ferrovial enpresetan izandako eragina nabarmentzekoa da, geldialdi handiak izan baitira industrialde osoan. Aiaraldean, Amurrio Ferrocarriles, JEZ Sistemas eta Artiach enpresetan sentitu dute greba. Nafarroan, industria sektorean askotarikoa izan da erantzuna, eta eragin gehiago izan du Iruñeko industria ingurabideko enpresetan; izan ere, piketeak egin dituzte Arazuri Orkoien industrialdean eta Berrikuntzaren Hirian. Nafarroa iparraldean eta Sakanan arrakasta handiagoa izan du, eta Magotteaux eta Torraspapel enpresetan izan du erantzun nabarmena. Grebak oihartzuna izan du merkataritzaren sektorean ere, ehungintzan eta oinetakoetan bereziki: Tendamen eta H&M-n, esaterako. Eguerdi partean, Bilboko Kale Nagusian pertsianak jaitsi dituzte kate handietako zenbait ehungintza dendak, piketeengatik. Elikagaien merkataritzaren arloan, Eroskin eragina izan du grebak. Eguerdiko mobilizazioak Eguerdian, beste horrenbeste mobilizazio eta egitasmo egingo dira herriz herri. Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, etxeko langileen eta zaintza langileen kolektiboetatik koordinatutako ekintzak egin dituzte, eta zaintza langileen aldarrikapenetan jarriko da arreta. Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean kateatu dira bost pertsona. Ertzaintzak bost horiek eta beste bat atxilotu ditu, eta iluntzean askatu dituzte. Iruñean, Erruki Etxearen aurrean egin dute protesta berezia, zaintza sektoreko langileen sostengua adierazteko. Bilbon, udaletxe aurrean udalaren osoko bilkura antzeratu eta mozioak onartu dituzte herritarrek, Zain eta Tza alkateen esanetara. Gasteizen, berriz, Deriba antolatu zute, zazpi leku jakinetan zazpi eskakizun zehatz plazaratzeko.
Uholde feminista batek zaintzen auziari «urgentziaz» heltzeko exijitu die…
Aldarri feministek Euskal Herriko hiri eta herrietako bazterrak blaitu dituzte. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituriko greba egun historikoaren ahotsa izan diren besoko more zein laranjaz apainduriko mobilizazio jendetsuak. Elkartasunak, amorruak eta ilusioak bat egin dute kale bustietan, eta ahots horrek gobernuei oihu egiteko behar duen bozgorailu bilakatu dira. Zaintzaren auziari «urgentziaz» heltzeko exijitu zieten, eta eskari hori gauzatzeko lehen pausoa zein izan beharko lukeen azaldu: «Sektore arteko mahai bat sortu behar da. Borondate politikoa eskatzen dugu gobernuetan, udaletan, foru aldundietan eta ardura postu guztietan. Ez egin entzungor gure eskaerei». Protesta eguna izan da Hego Euskal Herrian. Milaka pertsona irten dira kalera euripean, salatzeko zaintza ezin dela negozio iturri izan. Goizean herrietan eta eskualdeetan egin dira piketeak eta protestak, eta arratsaldez, manifestazioak egin dituzte lau hiriburuetan eta hainbat herritan. Azken horiek izan dira jendetsuenak; amaieran, deitzaileek argi utzi dute greba eguna «mugarri» izan dela, baina ez ezeren amaiera. «Bide luzea egiteko dugu oraindik», aurreratu dute, eta mugarri gehiago etorriko direla iragarri: «Euskal zaintza sistema publiko komunitarioa dugu irabazteko!». Deitzaileek Bilboko manifestazioaren aurretik egin dute greba egunaren lehen balorazioa: «oso arrakastatsua» izan dela esan dute, eta mobilizazioetan izandako «parte hartze izugarria» nabarmendu. Gizarteak deiari erantzun diola azpimarratu dute, atxikimendua oso handia izan dela, eta erakundeak ohartarazi dituzte mugimendu feminista kontuan hartu behar dutela zaintza sistemaren auzia eztabaidatzeko. Emakumeak nagusi Bilbon arratsaldean eginikoa izan da eguneko mobilizazio jendetsuena. Milaka pertsonak egin dute Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzatik udaletxerainoko bidea. Amaieran, udaletxe plaza eta zubia jendez bete dira, eta manifestazioaren amaiera Buenos Aires kaleraino iritsi da. Eurijasak ez ditu kikildu, eta bildutakoek gogoz oihukatu dituzte «Zaintza sistema publikoa!», «Gora borroka feminista, antikapitalista eta antiarrazista» eta «Polizia gutxiago eta zaintzale gehiago» oihuak. Manifestazioan parte hartu duten gehienak emakumeak izan dira. Arreta gune askoko manifestazioa izan da. Parte hartzaileek pintaketak egin dituzte Confebasken egoitzan, eta zaintzarekin negoziorik ez egiteko esan diote patronalari. Bizkaiko Aldundiaren aurrean, berriz, pankarta bat eskegi dute biziarekin negozioa egitea leporatuz, eta Zabalburu plazan hiru feminista gaztek ekintza deigarria egin dute, gazteen osasun mentalaren arretak dituen gabeziak salatzeko: urkamendi bat eraiki dute, eta soka lodia lotu lepoaren bueltan. Amaierako ekitaldia hunkigarria izan da. Jone Uriak, Oihana Bartrak eta Maite Sarasolak bertso bana bota dute, laugarrena aho batez abestu, eta hura «elkar zainduko duen mundu baten alde topa» eginez amaitu dute. Ondoren, Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak Elektrizitatea abestu, eta dantzan jarri ditu bertaraturikoak. Ekitaldia Zutik, emakumeak abestuz amaitu dute. Manifestazio guztien amaieran, antzeko mezua zabaldu dute deitzaileek, eta erakunde publikoei mintzatu zaizkie. Zaintzarako eskubide kolektiboa bermatuko duen sistema publiko baten alde egiteko eskatu diete, eta gogoratu dute zaintza eskubidea eta zaintzeko ardura «guztiona» dela. Zaintza larrialdian ikusten dute, eta hura konpontzeko gai hori «agenda politikoan» sartu beharra dagoela nabarmendu dute. Zaintza, baina, auzi konplexua da, eta hainbat alorretan egin beharreko aldaketak aipatu dituzte. Kritikatu dute Euskal Herriko zaintza erregimena asistentzialista izatea eta familia harremanetan oinarrituta egotea, eta sistema horrek emakumeen gain uztea zaintzaren ardura. Menpekotasun hori hausteko modua zaintza kolektibizatzea da, baina pribatizatu gabe, ohartarazi dutenez. Zaintza, «negozio iturri» Salatu dute zaintza «negozio» bihurtzen ari dela, azpikontraten bidez haren ardura eremu publikotik aterata eta «funts putreen, multinazionalen eta irabazi asmoa duten enpresen esku» utzita: «Hemendik aurrera etekin ekonomikoak dira helburua, eta ez arretaren kalitatea. Eta irabazi horiek langileen eskubideak zukutuz handitzen dira». Horren eredu bezala aipatu dituzte zahar etxeetako, etxez etxeko arretako eta esku hartze sozialeko langileen baldintzak. Pribatizazio horren arduradunak seinalatu dituzte, «izenik eman gabe». Salatu dute 2018ko eta 2019ko greba feministetara «argazkia ateratzeko» eta «garbiketa morea» egiteko gerturatu zirenak izan direla sistema klientelista sustatu dutenak, baina borroka hori utzi zutela feministen aldarrikapenek «haien txiringitoa» mehatxatu zutenean: «Zaintzaren buruzko kongresu bat antolatu zuten duela bi aste, baina ziurtatu zuten komunikabide nagusietan ez zela izango diskurtso kritikorik». Etxeko langileekin ere oroitu dira, eta gogor kritikatu dute haien jarduna historikoki «gutxietsita» egon dela, eta lan erregimen orokorrean sartuta ez egoteak haien prekarizazioa ahalbidetu duela. Etxeko langile gehienak etorkinak dira egun, eta horren atzean Atzerritarren Lege bidegabe bat dagoela: «Arrazakeria instituzional eta politikoak ez die beste aukerarik ematen». Egoiliarren egoera lazgarria aipatu dute, ez dutelako inolako eskubiderik. «Ez atseden hartzeko, ez langabezia jasotzeko, ez greba egiteko… Eta hori da haietako asko hemen ez egotearen arrazoia!». Zehaztu dute, hala ere, etxeko langile eta emakume migratu askok antolatzea lortu dutela eta greba komiteetan sartu direla. Aipamen horrek txalo zaparrada eragin du. Iruñean, motzagoa Iruñean, Gasteizen eta Donostian ere mobilizazioetan jendetza bildu da. Iruñean eguraldia are busti eta hotzagoa izan da, eta pixka bat laburtu dute ibilbidea. Tentsio handieneko uneak El Corte Ingles saltokiaren aurretik pasatzean piztu dira, eta txalotuenak Armada kalean, landa emakumeak manifestazioak sartu direnean. Lasto fardoz bete dute errepidea. Donostiako manifestazioa Antiguako tuneletik abiatu da, kostaldeko haizeteari aurre eginez. Martxaren zehar jakin dute goizean atxilotutako grebalariak askatu dituztela. Azkenik, Gasteizko manifestazioa Andre Maria Zuriko plazan amaitu da. Amaierako ekitaldia ixteko pankarta erraldoi bat zabaldu dute: Hau hasiera baino ez da jartzen zuen. Mugimendu feministak bihar egingo du balorazioa, eta orduan azalduko ditu eman asmo dituen hurrengo pausoak.
Manifestazio jendetsuak eta jarraipen desberdina zaintza eredu publikoaren aldeko…

Manifestazio jendetsuak eta jarraipen desberdina zaintza eredu publikoaren aldeko greban
Sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote ertzain bati, atxilotua…
Bizkaiko Auzitegiak sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio ertzain bati, Getxoko (Bizkaia) polizia etxean atxilotuta eduki zuten emakume bat jotzeagatik. Poliziak 12.400 euro ordaindu beharko dizkio biktimari. 2018ko maiatzean atxilotu zuten, Getxoko supermerkatu baten aurrean, gizon bat identifikatzerakoan poliziek izaniko jarrera kritikatu ostean. Ertzainek desobedientzia delitu bat leporatu zioten emakumeari, eta delitu hori berretsi du auzitegiak. Auzitegiak astelehenean hartu zuen erabakia, eta gaur jakinarazi die bi aldeei. Zigortutako ertzainari, espetxe zigorraz gain, kargu publikorako inhabilitazioa ere ezarri diote, zigorrak iraun bitarterako. Era berean, 900 euroko isun bat ordaindu beharko du, kalte moralengatik ezarritako kalte ordainaz gain. Emakumeari, berriz, 540 euro inguruko isun bat ezarri dio, desobedientzia delitu batengatik, nahiz eta ebazpenean epaimahaiak azaldu duen atxiloketaren unean emakumeak ez zuela «ekintza erasokorrik» egin. Ebazpenaren arabera, erresistentzia eta desobedientzia delitu bat egotzita atxilotu zuten ertzainek andrazkoa, eta, polizia etxean zutela, poliziek hartu zioten diru zorroa haietako bati kentzen saiatu zen. Une hartan, zigortutako agenteak besotik heldu zuen emakumea, «gehiegikeria argiz eta inongo beharrik gabe», eta zaplazteko bat eman zion. Ondoren, emakumeak «aurpegia eta lepoa atzamarkatu» zizkion poliziari, eta hark «bi ukabilkada gogor» eman zizkion. Dena grabatu zuten polizia etxeko kamerek.