Gasolina urteko prezio baxuenean dago. Batez besteko prezioa 1,572 euroan dago Espainiako Estatuan., eta gasolioaren kasuan, 1,543 euroan, bederatzigarren astez jarraian behera egin ostean.
Athleticek aurrera jarraitzen du Espainiako Kopan, Bigarren RFEF mailan jaitsiera postuetan dagoen Cayon apala garaitu ostean. Villalibrek atsedenaldia baino lehen sartutako bi golek, eta amaierako minutuetan Nico Williamsek sartutakoak, txuri-gorrien sailkapena baieztatu zuten. Partida Sardinero zelaian jokatu behar izan zen, etxeko taldearen zelaiak gutxieneko baldintzak betetzen ez dituelako. Faktore erabakigarria izan zen, izan ere, Athletic oso eroso egon zen, eta Cayoni oso handi geratu zitzaion berdegunea. Valverdek hamaikako eraberritu bat zelairatu zuen, baina sustorik hartu nahi ez zuenez, hasieratik ekin zion Athleticek ohiko jokoari. Lehen minutuetan, Berenguerren alboetako erdiraketek, markagailuan abantaila jartzearekin mehatxatu zuten, nahiz eta Galnares atezainak, bikain eutsi zien jokaldi haiei. Pixkanaka-pixkanaka, bisitariek Luis Fernandezen jokalariak beren eremuan giltzapetu zituzten, alboetatik erasoz eta arrisku-egoerak sortuz. Horrela, 22. minutuan, Asier Villalibrek etxeko atezainaren aldaratze bat aprobetxatu zuen Berenguerren erdiraketa on baten ondoren, baloia Cayonen atearen eskuinaldean jartzeko. Kolpea asimilatzeko denborarik gabe, hiru minutu geroago, aurrelari gernikarrak hamaika metroetatik bigarren gola egin zuen, Mierrek egindako penalti protestatu batean. 2-0koarekin, Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak presioa jaitsi zuen, eta Cayonek aukera gehiago izan zuen txuri-gorrien area ingurura hurbiltzeko, Agirrezabala urduritu gabe. Lehen zatiko azken txanpan, Galnaresek atepean gelditu bikoitza egin zion hat-trickaren bila zebilen Villalibreri, eta aukera aprobetxatu nahi zuen Nolaskoaini. Aldageletatik irtetean, argi geratu zen partidaren noranzkoa. Athleticek erritmoa jaitsi zuen, eta garrantzi handiagoa zuen jokalariek minik ez hartzea, hirugarrenaren bila aritzea baino. Mikel Jaureguizar gazteak debuta egin zuen, eta Valverdek bost aldaketak xahutu zituen nekeak saihesteko. Azkenean, tentsiorik gabeko azken minutuetan, Nico Williamsen gol bikaina sinatu zuen, jokaldi paregabe baten ostean. Eibarrek hamaika metroetatik Eibar ere abenduaren 12ko zozketan egongo da, baina gogotik sufrituta lortu zuen sailkapena. Lefen Federazio mailako Melillaren aurka, lehen 90 minutuetan 1-1ekoarekin amaitu, eta luzapenean ez ziren gai izan Joseba Etxeberriaren jokalariek aurkaria menderatzeko. Hamaika metroko jaurtiketetan erabaki zen, eta eraginkortasuna erakutsi zuten armaginek, 1-4 irabaziz. Lehen zatian, Melilla Eibar baino askoz hobea izan zen, eta bere joko onari esker markagailuan aurrea hartu zuen 21. minutuan. Ganaliren barneraldi batean, Jose Enriquek txilenaz errematatu zuen erdiraketa, modu akrobatikoan. Bigarren zatian, jokoa berdindu egin zen eta armaginek berdinketa lortu zuten 53. minutuan, etxekoen defentsa batek Mariano Sorianori egindako penalti baten ondorioz. Sestao Riverrek atzamarrekin ukitu zuen Las Llanasen mendeurrenean, Sestao Riverrek balentria egin nahi zuen Lehen Mailako Celta garaituta, baina saiakerek ez zuten fruiturik eman. 1-2 gailendu zitzaion Galiziako taldea, polemikarekin izan bazen ere. Ez zen aukera gehiegirik izan bi taldeentzat, baina Celtak efikazia erakutsi zuen Douvikasen lehen golarekin 17. minutuan. Bigarren zatian, etxeko taldeak ahalegin guztiak egin zituen, eta saria lortu ere. 73. minutuan, Celtan jokatzen duen Unai Nuñez sestaotarrak bere atean sartu zuen gola, etxekoen erdiraketa baten ostean. Baina bost minutu baino ez ziren igaroko 1-2koa iristeko. Epaileak penaltia adierazi zuen ALvaro Mateo eta Kevin Vazquezen arteko jokaldi batean. Ezin zuen inork sinetsi. Douvikasek hamaika metroetatik, bigarren gola egin zuen. Penaltiagatik oso haserre, Sestao berdinketa egiten saiatu zen eta azken unera arte estutu zuen, baina ezin izan zuen abagune bakar bat ere sortu Celtaren baloiaren jabetzak menderatuta.
Jarri dute data: datorren urteko apirilaren 2an eta 3an egingo dute Luhusoko auziarekin lotutako epaiketa. Azkenik, ETAren armagabetzean parte hartu zuten bi ekintzaile epaituko ditu Parisko Zigor Auzitegiak: Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle-Haran; armak edukitzea eta garraiatzea leporatu diete. Bakegileek «onartezintzat» jo dute epaiketa egitea, eta auzipetuei babesa adierazteko protestak iragarri dituzte. [articles:1331056] 2016ko abenduaren 16an eginiko polizia operazio batean atxilotu zituzten Luhusokoak: ETAren armategiaren %15 erabileratik kanpo uztera zihoazen, Errekarte baserrian (Lapurdi). Txetx Etxeberri Bizi-ko orduko koordinatzailearekin eta Beatrice Molle kazetariarekin batera, beste hiru lagun atzeman zituzten: Stephane Etxegarai Etxe musikari eta bideogilea, Mixel Bergouignan enpresaria eta Mixel Berhokoirigoin laboraria —Bergouignan 2017ko maiatzean hil zen, eta Berhokoirigoin, 2021eko maiatzean—. Gizarte zibileko esparru askotako pertsona ezagunak izanik, polizia operazio hark aurkako erreakzio handia eragin zuen Ipar Euskal Herrian. Guztiak askatu zituzten ondoren, baldintzapean. Luhusokoak atxilotu zituzten gau berean argitaratutako gutunetan ikusi zen ETAk gizarte zibilari emana ziola desarmatzeko ardura politikoa eta teknikoa —2011ko urrian utzia zuen jarduera armatua—. Handik lau hilabetera, 2017ko apirilaren 8an egin zen ETAren armagabetzea, Luhusoko ekintzaileen eta Frantziako Estatuaren artean elkarrizketatua eta adostua. Hala ere, ikerketa abiatu zuen Terrorismoaren aurkako Frantziako Fiskaltzak, eta aurtengo otsailean Parisko Zigor Auzitegiari eskatu zion Etxeberri eta Molle auzipetzeko; Etxegarai auzitik kanpo uztea galdegin zuen. Orduan, Etxeberriren abokatu Jean François Blancok adierazi zuen epaiketarik ez izateko eskatuko zuela, eta gauza bera egiteko asmoa erakutsi zuen Molleren abokatuak. Azken hilabeteetan zurrumurru ugari izan diren arren, gaur zehaztu dute noiz izango den epaiketa: 2024ko apirilaren 2an eta 3an. Epaiketa bera hasi arte ezingo da jakin zer zigor galdegingo duten Etxeberrirentzat eta Mollerentzat —akusatuei, lekukoei eta aldeei entzun ostean aurkezten du fiskalak zigor eskaera—, baina leporatzen dieten delituak hamar urtera arteko espetxe zigorra ekar dezake. Dena den, Blancok adierazia du «harrigarria» litzatekeela hainbestera iristea. «Ausardia politikoa» Hain justu, Blanco abokatuak otsailean iragarri zuen azkenik epaiketa eginez gero errugabetzea eskatuko duela. Izan ere, ekintzaileen «ausardia politikoa» nabarmendu zuen, armak edukitzea eta garraiatzea legez kanpokoa izanik ere: «Gaitzesgarria da intentzio kaltegarriak daudenean. Kasu honetan, goresgarria da. Bakegileen ekintzak eta ausardiak ahalbidetu zuen armagabetzea. Ausardia behar zen egin zutena egiteko. Bakegileek gure aitortza merezi dute, armagabetzea ahalbidetu baitzuten». Edonola ere, Txetx Etxeberri bera «lasai» agertu zen otsailean, fiskaltzaren asmoen berri izan berritan BERRIAri eskainitako elkarrizketan. Epaiketa iristekotan, auzitegian Luhusoko operazioa nola gertatu zen azaltzeko prest agertu zen: «Guk ez dugu gordetzeko ezer. Esplikatu dugu zer egin genuen Luhuson, eta biharamunean agerraldia egin zuten hautetsiek ere gauza bera erran zuten, guk egin genuela Parisek eta Madrilek egin beharko zuketena bost urte lehenagotik: ETArekin elkarrizketak abiatu, eta ikusi nola ematen ahal zitzaion irtenbide ordenatu eta seguru bat jadanik bukatua zen ziklo armatuari». Are, behin baino gehiagotan esan zuen Frantziako Estatuarekin adostuta garraiatu zituztela armak: «Frantziako autoritateek ahalbidetu zuten egin ahal izatea, inolako atxiloketarik gabe, errepideetan inolako kontrolik ezarri gabe, eta abar. […] Nik neuk beste bi aldiz garraiatu ditut armak eta lehergaiak autoritateekin kontaktu zuzena ukanez. Hori dena esplikatuko dut. Luhuson egindakoa ondotik ere egin dut Frantziako autoritateekin kontaktuan, jakinaren gainean emanez eta haiekin jarritako hitzorduekin. Eta hori baieztatzen ahalko duten lekuko guziak deituko ditugu». Hala, ulertezintzat jo zuen horregatik auzipetzea: «Konplikatua izanen da gure zigortzea justifikatzea, jakinez gauza bera egin dugula gerora Frantziako autoritateen adostasun osoarekin». Babesa auzipetuei Bakegileek babes mezu bat helarazi diete auzipetuei sare sozialetan: «Errugabetuak izan daitezen galdegiten dugu». Eta haiei elkartasuna adierazteko protestak izango direla aurreratu dute: «Abenduaren 16an, Euskal Herriko bake prozesuan mugarri izan zen Luhusuko ekinalditik zazpi urtera, auzipetuen aldeko babesa antolatzeko elkartuko gara». Hurrengo asteetan emango dituzte xehetasun gehiago.
Paueko Administrazio Auzitegiko epaileen esku gelditu da erabakia: Miarritzeko (Lapurdi) La Negresse auzo izena ez da «giza duintasunaren kontrakoa», auzitegiko txostengile publikoaren hitzetan. Herriko etxearen iritziarekin bat egin du Pauen (Okzitania) iragan den auzian, gaur. XIX. mendean Napoleonen soldaduek auzo horretako ostatu batean ari zen emazte beltz bati jarri izenari dagokio izendapen hori. Azken urteetan, polemika iturri bilakatu da. «Izena 1861ean hautatu zen, esklabotza abolitzen ari zirenean; bertako oroimen borondate bati erantzuten zion, ez du arrazakeriarik», azaldu du Virginie Dumez-Fauchille txostengileak, Sud Ouest egunkariaren arabera. «Terminoa gutxiesgarria da, eta herriko etxea bultza dezake bere kabuz aldatzera, baina hura atxikitze hutsa ezin da giza duintasunaren aurkako erasotzat hartu», ebatzi du. Epaileek izanen dute azken hitza. Orain dela hiru urte jarri zuen helegitea Memoires et Partages (Oroimenak eta Partekatzeak) elkarteak. «Herriko etxearekin bitartekaritzan aritzeko eta elkarrizketa demokratikoa abiatzeko egin ditugun saiakera guziak hutsalak izan dira: horregatik egin dugu», esplikatu du Karfa Sira Diallo elkarteko buruak Frantziako Sud Radio irratian egin dituen adierazpenetan. «Zailtasunak dituzte ulertzeko pertsonen duintasuna errespetatzea dela jokoan». Nabarmendu du inork ez lukeela onartuko beste komunitate edo herri batzuetzat iraingarria litzatekeen esamolde bat auzo izen bilakatzea. William Bourdon abokatuaren hitzetan, litekeena da afera Frantziako Estatu Kontseiluak ebatzi behar izatea ororen buru. Memoires et Partages herri heziketako elkartea da, eta beltzen trafikoaz eta esklabotzaz oroitzeko lana darama Bordelen, Arroxelan eta Naoneden. Badu zenbait urte Miarritzeko La Negresse auzo izenaren berri baduela, eta hura salatzeko protesta egin zuten G7ko goi bileraren harira, 2019an. Frantziako Polizia bortizki oldartu zitzaien, eta Karfa Sira Diallo, elkartearen sortzailea, bortizki arrastatu zuten. Epaiketa egin, eta errugabetzat jo zuten 2021eko urtarrilean. Euskaraz, Harausta Epaitu zutenean, La Negresse eta gisako izenek gordetzen duten zapalkuntza azpimarratu zuen Diallok, Ipar Euskal Herriko Hitza-n egindako adierazpenetan. «Jende anitzentzat zaila da onartzea auzo izen hori ezin onetsia, ahalkegarria dela; historia kriminala erakusten duela. Baina gure helburua ez da miarriztarrei leporatzea beren gain hartzerik ez duten iraganeko ardura bat». Haren hitzetan, hobena ez dute miarriztarrek, herriko etxeak baizik. «Larria da herriko etxeak erabaki izana 1986an Harausta euskal izenaren kentzea, La Negresse izena atxikitzeko. Zuzengabea da euskal kultura eta hizkuntzaren aldera —hizkuntza krimen bat da kasik, mendeetako euskal izena kendu baitzaio hola—, eta hautatu dute beste izen bat, alimale edo basa mailara azpiratu nahi den komunitate baten izendatzeko erabiltzen zutena. Parekatu daitezke bi zuzengabekeriak». Arras berriki arte oraino, euskal toponimoz izendatzen zen auzoa. Hector Iglesias ikerlariak, 2000. urtean aurkeztu zuen tesi lanean, xehe-xehe ikertu zituen Baiona, Angelu eta Miarritzeko leku izenak. Argiki erakutsi zuen nola Miarritzeko geltokiaren inguruko auzo hori Harausta, Harrausta, Heustarre edo Eguastarre deitzen zuten euskaldunek, baita dokumentuetan ere. Arbonako, Bidarteko eta inguruko beste euskaldunek Heustarre izena komunzki baliatzen zuten oraino XX. mendearen hondarrean.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak horrela ebatzita, Arrasaten egoitza duen enpresa horrek 108.622.26 euroko kalte ordaina eman beharko dio hildako langilearen emazteari, eta 27.864,42 eurokoa semeari, “heriotzak haiengan eragindako kalte moralengatik”.
Unai Laso lehiara itzuli da urte erdiz min hartuta egon eta gero. Albiste bikaina da pilotarentzat. Baina Bizkarreta-Gerendiaingoari (Nafarroa) bide luzea geratzen zaio oraindik lehengora itzultzeko. Gaur ikusi da, Tolosan (Gipuzkoa). Hura eta Aitor Aranguren ezinean aritu dira Iñaki Artolaren eta Ander Imazen aurka. Haientzat izan da garaipena, nagusitasunez: 22-11. Lehen puntua dute Binakako Txapelketako ligaxkan. Lasok eta Arangurenek ez dute alerik. «Ez nago gustura, 11 tantotan utzi baikaituzte. Partida osoan menderatu gaituzte. Ongi aritu naiz zenbait tantotan, eta beste batzuetan ez dut asmatu. Baina ez dut minik izan. Pozik nago», esan du Lasok partida amaitu berritan. Burumakur zegoen. Baina azken horri heldu behar dio: minik ez izanari. Hori zen garrantzitsuena. Argi dago koska handia falta zaiola bete-betean aritzeko. Sasoia eta jokoa falta zaizkio, baina entrenamenduek eta partidek ematen dute hori; batez ere, partidek. Eta hark urte erdi darama jokatu gabe. Pazientzia izan behar du, eta gogor jarraitu lanean. Berandu baino lehen egingo du gora. Berezkoa baitu, eta handia. Laguntza ere beharko du. Gaur gutxi lagundu dio bikotekideak. Lasok bezala, Arangurenek ondo ekin dio neurketari, baina nabarmen egin du behera tantoek aurrera egin ahala: zazpi pilota galdu ditu. Lasok, berriz, bost. Hamabi dira, asko. Nekez irabaziko dute partidarik horrenbeste huts eginda. Laso eta Aranguren, ezinean, eta Artola eta Imaz, gozatzen. Oso partida serioa egin dute alegiarrak eta oiartzuarrak. Artola oso ondo aritu da hasi eta buka. Imazi, ordea, pixka bat kostatu zaio partidan sartzea, baina, gero, sendo aritu da. Haien gorakadak eta aurkarien beherakadak itxura gogorra zuen partida desorekatu dute: hiruna berdinduta egon dira, eta jarraian hamalau tanto egin dituzte irabazleek (17-3). Artolak eta Imazek atseden hartzeko denbora oso gutxi izango dute, ostiralean bertan jokatuko baitute berriro, Donostian, hirugarren jardunaldiko lehen partidan (17:00, ETB1). Aspeko eta Baikoko bikoteen arteko lehen partida izango da: Baikokoek Aitor Elordiren eta Beñat Rezustaren aurka jokatuko dute. Elordi eta Rezusta indartsu hasi dira, nagusitasunez irabazi baitituzte jokatu dituzten bi neurketak: zortzian utzi zituzten Danel Elezkano eta Julen Martija, eta 11n Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa. ALDAIK ETA ZABALETAK JOKATUKO DUTE LAU ETA ERDIKO FINALA Amaia Aldai dimoztarrak eta Goiuri Zabaleta leitzarrak jokatuko dute Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketako finala, abenduaren 17an, Durangoko Ezkurdi frontoian (Bizkaia). Aldai eta Zabaleta gaur sailkatu dira finalerako, Abadiñon (Bizkaia). Bizkaitarrak nagusitasun handiz irabazi dio Miriam Arrillagari: 22-3. Askoz gehiago sufritu du nafarrak Leire Garai mendean hartzeko: 22-19. Orainaren eta etorkizunaren arteko lehia izango da finala: 23 urte ditu Aldaik, eta 14 Zabaletak. Aldaik hirugarrenez jantzi nahi du txapela, hirugarrenez jarraian. Zabaleta, berriz, aurreneko aldiz ariko da finalean.
2 urte inguruko haur bat logelako leihotik kanpora atera eta hirugarren solairutik erori da Astigarragan (Gipuzkoa), Arrobitxulo auzoan. Eraikinaren barruko patio batera erori da. 14:30ak aldera gertatu da ezbeharra. Ertzaintza gertatua ikertzen ari da.