Futbol entrenatzaile bat kanporatu dute Hendaian, haur bati sexu…
Hendaiako (Lapurdi) Les Eglantins futbol taldeak entrenatzaile bat kanporatu zuen asteburuan, epaitegi batek zigorra ezarri baitio Vendee departamenduan (Frantzia) haur bati sexu abusuak egiteagatik. Hala jakinarazi du Antxeta irratiak. Zehaztu du entrenatzaileak harremana zuela adin txikiko haurrekin, eta klubak mezu bat bidali diela bazkideei, kanporatzearen berri emateko. Klubaren esanetan, berriki jakin dute soldatapeko hezitzaile bat zigortu egin dutela, eta «haren ekintzak ez dira bateragarriak klubean dituen funtzioekin jarraitzearekin». Agintariekin eta elkarte batekin harremanetan jarri direla diote, «klubeko erabiltzaile guztiak babesteko». Asteazkeneko eta ostiraleko entrenamenduen aurretik bilerak egingo dituzte bi taldetako adingabeekin, «egoera azaltzeko eta entrenatzaile berria aurkezteko». Klubak bazkideei jakinarazi die elkarte bat dutela eskura, «nahi duzuenarekin hitz egiteko egoerari buruz». Entrenatzailea Vendee departamenduan lanean ari zen 2022ko urtarrilean, futbol talde bat entrenatzen. Hilean behin taldeko 11 urteko haur batek bere etxean lo egiten zuen. Bere ohean. Gau batean eskuak barruko arropan sartu zikion eta zakila ukitu zion hainbat minutuz, Le Journal du Pais Yonnais egunkariak jaso zuenez. Haurrak handik hiru hilabetera kontatu zion erasoa amari, eta amak salaketa jarri zuen. Zigorraren zain, lanean La Roche Sur Yoneko auzitegiak zortzi hilabeteko kartzela zigorra, adin txikikoekin lan egiteko debekua eta 3.800 euroko isuna ezarri zizkion abenduan. Hala ere, haurraren amak salaketa jarri eta zigorra iritsi bitartean, Hendaiara joan zen bizitzera, eta Hendaiako Herriko Etxeak kontratatu zuen, Antxeta irratiak zehaztu duenez. 2022ko urritik aritu da lanean Hendaian, bai futbol klubarentzat, baita herriko etxearentzat ere, Aisialdi Gunean. Epaiketan, ikusita erasoa eta gero haurrekin lanean jarraitu zuela, fiskalak galdetu zion ea ez ote zen ideia ona haurrekin lan egiteari uztea. «Banekien epaiketa hau eta gero debekatu egingo zidatela nire lanbidean aritzea», erantzun zuen zigortutako entrenatzaileak. «Beraz, maite nuena egiten jarraitu nuen zigor honen zain nengoen bitartean». Kotte Ezenarro auzapezak Aisialdi Guneko gurasoei gutun bat bidali die, esanez zigortutako entrenatzaileak ez duela haurrekin lanik egin urtarrilaren 4tik.




