Bizkaibusek % 50eko beherapena izango du urtarrilaren 14tik, eta urtebetez. Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi du behin-behineko abonuek (Bidai 50, Bidai 70, Bidai Oro, Gazte 70 eta Gazte Oro) % 20ko deskontua dutela, abenduaren 26tik.
2024an ere garraio publikoaren gaineko deskontuei eutsiko die Nafarroako Gobernuak. Hiri garraioak, Iruñeko billabesak barne, prezio erdian egoten jarraituko du. Bestalde, aldiriko, eskualdeko eta distantzia erdiko tren zerbitzua doakoa izango da.
Lehenengo aukeran ikusi du Pedro Sanchezek hurrengo lau urteetan gobernatzeak buruhauste franko eragingo dizkiola. Haren inbestidurari bide eman zioten alderdi batzuek ez dute aukera galdu haien babesa bermaturik ez dutela gogorarazteko, eta azken uneko negoziazio batzuen bitartez baizik ez du lortu jokoan zituen hiru dekretuetatik bi onartzea, tartean garraiorako deskontuak eta BEZ zerga murriztuak jaitsierak ezartzen dituena. Bidean geratu da, berriz, langabezia subsidioaren erreforma eta Hego Euskal Herriko lan hitzarmenei Espainian izenpetutakoen gainetik lehentasuna ematen zien dekretua, horren aurkako botoa eman baitu Podemosek. Espainiako Diputatuen Kongresuan eraberritze lan batzuk egiten ari direla eta, diputatuek Senatuaren eraikinean egin dute osoko bilkura, 2024. urteko lehenengoa. Ez da bilkura arrunt bat izan, diputatuen esku baitzegoen iazko azken asteetan Sanchezen gobernuak onartutako hiru dekretu berrestea edo horiek atzera botatzea. Oso molde desberdineko arauak ziren, eta gobernuaren aliatuek kritikatu dute arau horiek hiru dekretutan batu izana. «Kafea denentzat hark dagoeneko ez du balio», esan du Idoia Sagastizabal jeltzaleak. Bozkatzeko orduan, Sanchezen inbestidura babestu zuten taldeen artean bi bloke bereizi dira. Batetik, dekretu guztien alde bozkatu dutenak izan dira, kritika arinekin bada ere, argudiatuta haien barruan zeuden neurriak oro har onak zirela herritarrentzat. Talde horren barruan izan dira EH Bildu, EAJ, ERC, BNG eta Koalizio Kanariarra. Bestetik, gobernuarekiko distantzia bat hartzea hobetsi dutenak izan dira: Junts per Catalunya (JxC) eta Podemos. Azken horrek krisiaren aurkako neurrien aldeko botoa eman du, gobernuak onartu duelako dekretua lege proiektu gisa tramitatzea eta horietan hainbat aldaketa egitea. Besteak beste, alokairuak gehienez %2 handitzen eta supermerkatuen irabazi tartea mugatzen saiatuko dira Podemoseko kideak. Justiziaren erreforma eta ekonomiarekin zerikusirik ez zuten beste gai batzuk biltzen zituen dekretua ere onartu dute, eta, horri esker, Europako Batasuneko funtsetatik 10.000 milioi euroko ordainketa bat jaso ahal izango du Espainiak. Baina subsidioaren erreforma dakarren dekretuaren aurkako botoa eman du Podemosek, eskuineko oposizioarekin batera. «Zoritxarrez, gobernuak ez du atzera bota pentsioen murrizketa, eta, geure borondatearen aurka, ezin dugu aldeko botorik eman», argudiatu du Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak. Erreforma horrek 480tik 570 eurora handituko du langabezia subsidioa —prestazioa amaitutakoan jasotzen den laguntza—, baina txikitu egingo du subsidio horren erretirorako kotizazioa, eta hori nahikoa arrazoi iruditu zaio Podemosi aurkako botoa emateko. JxCren azken orduko aldaketa JxCk, berriz, goizetik adierazi du ez zuela lege dekretuen aldeko botorik emango, eta ezezko botoa emango zuela iradokira iritsi da. Gobernuak beren babesa nahi izanez gero derrigorrezkoa duela gai guzti-guztiak haiekin negoziatzea aldarrikatu dute Carles Puigdemonten taldekideek, eta hori gertatu da. Elkarrizketa horiek azken uneraino iraun dute, eta, azken unean fruitua eman dutenez, JxCko zazpi diputatuek ez dute bozketetan parte hartu, eta horrela erraztu dute gobernuaren lana. Alderdiak agiri baten bitartez jakinarazi duenez, hau lortu dute: garraio publikoaren deskontu osoa estatuak bere gain hartzea, olioaren BEZa %4tik %0ra jaistea, auzipetzeko kriminaleko legearen 43. artikulua bertan behera geratzea —independentisten amnistia traba zezakeela uste zuen—, immigrazioari buruzko eskuduntzak Generalitatearen esku uztea, eta balantza fiskalak argitaratzea —Katalunian zergetan biltzen denaren eta gero itzultzen denaren arteko aldea—. Atzera botatako neurriak hauek dira: Subsidioak Langabezia saria amaitua zaienek jasotzen duten subsidioaren igoera jasotzen zuen dekretua atzera bota dute. Haren bidez, sari hori orain arte salbuetsita egon diren kolektiboetara zabaldu nahi zuten, hala nola beren kargura seniderik ez duten 45 urtetik beherakoetara. Eta zenbatekoa 480 eurotik 570 eurora igoko litzateke lehen sei hilabeteetan, eta 540 eurora hurrengo seietan. Podemosen arabera, 52 urtetik gorakoen kasuan, subsidio jasotzen dutenen kotizazioak murriztu ditu gobernuak, eta horregatik eman du aurkako botoa. Hego Euskal Herrian 26.000 lagunek jasotzen dute subsidioa. Horrekin batera, bigarren dekretuak kontziliaziorako neurri bat jasotzen zuen: langile guztiei aukera ematen die edoskitze baimenak metatzeko. Lan hitzarmenak Halaber, lan hitzarmenekin lotutako beste neurri garrantzitsu bat ere bada arau horretan, eta ez da oraingoz indarrean jarriko: lurraldeetakoak estatukoen gainetik jartzea. EAJk Pedro Sanchezen inbestidura babestearen truke jarritako baldintzetako bat zen hori. 2021eko lan erreformatik kanpo geratu zen. Onartutako neurriak hauek dira: Europako funtsak Hirugarren dekretuak, berriz, Europako funtsen laugarren ordainketa eskuratzeko falta ziren erreformak jasotzen ditu: adibidez, justiziarekin, tokiko araubidearekin eta funtzio publikoaren legearekin lotutakoak. Onartu dutenez, erreforma horiei lotutako Europako funtsetako 10.000 milioi euroak jasoko ditu Espainiako Gobernuak. Hala ere, azken hitza Europako Batzordeak izango luke. Garraioa eta elikagaiak Aldiriko trenek eta distantzia ertaineko trenek ez diote doakoak izateari utziko, eta hiri garraioak diru laguntzak jasoko ditu — %30eko deskontua, eta udalek eta aldundiek gehitzen zuten beste %20 —. Ogiaren, barazkien eta oinarrizko elikagai batzuen BEZak %0an jarraituko du, eta oliba olioarena ere maila horretara jaitsiko da, gobernuak Junts per Catalunyarekin adostu duenez. Energia Argindarraren eta gasaren BEZa %5etik %10era igaro zen urtarrilean, eta hala jarraituko du urtebetez, eta ez ohiko %21era. Era berean, indarrean jarraituko du bonu sozialen deskontuen zabalpenak: %65ekoa familia zaurgarrientzat, eta %80koa oso zaurgarrientzat. Argindarraren gaineko zerga berezia %0,5etik ohiko %5,1era itzuliko da urratsez urrats: 2024ko lehen hiruhilekoan %2,5era igo da, eta bigarrenean, %3,8ra. Argindar konpainientzako sorkuntza zergak ere ezeztatuta egoteari utziko dio, eta mailaka handituz joango da. Gasaren gaineko BEZa egungo %5etik %21era igoko da, sasoirik hotzena igarotakoan. Pentsioak Kotizaziopeko pentsioen %3,8 handituko dira. Hego Euskal Herrian batez besteko pentsioa 1.462 euro da; neurri horren bidez, batez beste, 55 euro handituko lirateke hileroko sariak, 1.518 euroraino. Hamalau ordainketa direnez, urte osoan 770 euro gehiago. Gutxieneko eta kotizazio gabeko pentsioak %5 eta %14 artean handituko dira. Guraso izan direnek beren pentsioan jasotzen duten osagarria %13,8 handituko da —inflazioa gehi %10—: seme edo alaba bakoitzeko hilean 35 euro izango dira, lau seme-alabaren mugarekin. Hego Euskal Herrian, 40.000 lagunek eskuratzen dute, emakumeak haietako gehienak. Zerga bereziak Bankuen eta energia konpainiarik handienen irabazien gaineko zerga eta fortuna handiena luzatu egingo dira. Bi zergak EAErekin eta Nafarroarekin ituntzea jasotzen du arauak. Beste batzuk Bankuetatik dirua eskudirutan ateratzeagatik pagatzen diren komisioak kenduko zaizkie 65 urtetik gorakoei, etxegabetzeen debekua zabaldu egingo da, eta hipoteken ordainketa errazteko beste neurri batzuek indarrean jarraituko dute.
PPk ez du galduko Bastidako (Araba) alkatetza, Lasa Bai herri plataformak uko egin baitio Daniel Garciaren aurkako zentsura mozioari. Hala, Mañuetakoarekin batera —hura ere Arabako Errioxan—, PPk Hego Euskal Herrian duen beste alkatetzari eutsiko dio. Udal hauteskundeen osteko arretagune nagusietako bat izan zen Bastida. PP izan zen boto eta zinegotzi gehien eskuratu zuen alderdia, baina EH Bildu prest azaldu zen EAJko zerrendaburuaren alde egiteko, alkatetza jeltzaleei emateko. EAJren Araba Buru Batzarrak ez zuen begi onez ikusi, eta horren eraginak nabarmenak izan ziren: alkatetza PPrentzat izan zen, eta EAJren zerrendan aurkeztutako zinegotziek alderdia utzi eta Lasa Bai plataforma eratu zuten. Bada, EH Bilduren eskaintza jaso du asteon herri plataforma horrek PPko alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkezteko, baina ez du onartu, eta, horrenbestez, iazko ekainean EAJk uko egindako Bastidako alkatetza ez da itzuliko alderdi abertzaleen eskuetara, Lasa Bain dauden zerrendakide jeltzale ohiek ez baitute egoki ikusi. «Ez diogu uko egiten zentsura mozioaren lanabesari, baina horren arrazoiak udal gobernuari egotzi behar zaizkio», esan du Lasa Baik, ohar baten bidez. Herri plataformak esan du «ezustean» harrapatu duela EH Bilduren proposamenak, eta badutela «eskuina eta eskuin muturra egiten ari diren ekintza higuingarrien» berri, baina «arrakala handia» dagoela hori jakitearen eta «Bastidako udal gobernuari egoztearen artean». «Bulegoetako politika berriro» EH Bilduri jakinarazi diote jakin nahiko luketela zein diren koalizioak Bastidarentzat dituen proiektuak, eta informazio hori jakin nahi zutela EH Bilduk zentsura mozioaren «oharra prentsa, irrati eta telebistetara bidali aurretik». Uste dute «bulegoetako politikak lokatzetara» eraman duela berriro Bastida, azken astean herriak duen egoera dela eta. Baina, zentsura mozioa bazter uztearekin batera, Lasa Baik gogoratu bost zinegotzi lau baino gehiago direla, eta «gobernabidea gehiengoak osatzen dituztenen esku» dagoela. Asteon, EH Bilduk azaldu du maiatzeko hauteskundeetako emaitzek bide ematen dutela «udal gobernu plural eta aurrerakoi bat» eratzeko. Koalizioak azaldu duenez, Lasa Bairi egindako proposamenaren helburuak dira «eskuin muturreko jarrerei ateak ixtea» eta «udalerria biziberritzeko eta aurrera egiteko» gobernu bat osatzea: «Alderdi Popularraren politika kontserbadore kaltegarriei ateak itxiko dizkien udal gobernu bat». Izan ere, salatu du PPk azken hilabeteetan izandako jarrerak aldaketa «beharra» areagotu duela. Koalizioaren hitzetan, Bastidako herritarren gehiengoarekin bat egingo lukeen gobernu bat litzateke Lasa Bairen eta EH Bilduren artekoa, «berdintasuna, aniztasuna, feminismoa eta Euskal Herriaren nazio aitortza» defendatuko lituzkeena: «Bastidako bizilagunen ongizatea erdigunean jartzeko, bai eta udalerriaren garapena ere, unean uneko erronka nagusiei erantzuna emanez, hala nola etxebizitza, gazteria, garapen ekonomiko eta soziala edo trantsizio energetikoa». Lasa Bai plataformaren eraketa Maiatzeko hauteskundeetan, PPk bost zinegotzi eskuratu zituen; EAJk, hiru; eta EH Bilduk, bi. EAJren Araba Buru Batzarrak, baina, alkatetzara aurkeztea galarazi zion Eduardo Barinaga alderdiaren alkategaiari; EITBko zuzendari nagusi ohia ez da bastidarra, baina etxe bat dauka han aspaldian. Hark dimisioa eman zuen inbestidura saiorako 48 ordu falta zirela, eta, akta jaso gabe, EAJko zinegotziek ezin izan zuten beste hautagai bat aurkeztu. Horiek horrela, PPko Daniel Garciak eskuratu zuen kargua. Udal osaketan, ekainaren 17an, EAJko hiru zinegotziek gogor salatu zuten alkatetza, PPri errazteko Euzkadi Buru Batzarraren erabakia. EH Bilduren bi zinegotzien babesa onartu izan balute, EAJk aginte makila eskuratuko zuen, baina ABBk aukera hori baztertu zuen. Hala, hiru zinegotziek deliberatu zuten alderdia uztea. Aintzane Prieto EAJko zinegotzi ohiak udala osatzeko bilkuran azaldutakoaren ondoren, ez zegoen tarte handirik ezusterako. Durangon, Gasteizen eta Gipuzkoako Foru Aldundian, jeltzaleek PPren babesa jaso zuten, eta, babes hori gauzatu aurretik ere, Prietok argi helarazi zuen Bastidako EAJko hautagaitzaren «ezinegona eta, zergatik ez esan, nazka», egoera hori dela eta. EAJko zinegotzi ohiek herri plataforma bat sustatu zuten handik aste batzuetara: Lasa Bai.
Ezin da jakin oraindik Ahal Dugu-k eta Sumarrek lehendakarigai bakarra aurkeztuko duten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Elkarrekin Podemos koalizioan dauden alderdiak —Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak— beren primarioak egiten ari dira, Sumarrekin negoziatzen duten bitartean. Bakoitza bere hautagaitzak proposatzen ari da, eta gaur Ezker Anitza-IUk aurkeztu du berea, Jon Hernandez legebiltzarkidea buru. Halere, atzoko albistea da hautsak harrotu dituena. Sumarrek Alba Garcia Elkarrekin Podemoseko langile ohia proposatu zuen lehendakarigai izateko, Ahal Dugu-ko kideen «harridurarako». Izan ere, alderdi horrek Miren Gorrotxategi proposatu zuen horretarako. Beraz, koalizio bat lortzeko, ezinbestekoa izango dute akordioa. «Desleialtasuna» egotzi diote Ahal Dugu-koek Sumarri, «ez zelako alderdi bat sortu behar Ahal Dugu-ren lehendakarigai bat aurkezteko», Sumarri erreferentzia eginez. Alderdiko iturriek egindako adierazpenetan, esan dute halere negoziatzen segituko dutela, salatu duten arren Sumarren lehendakarigairako izen bat baino ez duela proposatu: «Ez du proiektu politikorik aurkeztu». Horrenbestez, lau alderdiak izaten ari diren negoziazio errondan, ostiralean egingo dute hurrengo ahalegina. Nork bere hautagaia eramango du. Equo Berdeak taldekoek bihar jakinaraziko dute euren hautagaia. Ikusteko dago ostiralean akordio batera iritsiko diren. Ahal Dugu-k Gorrotxategi aurkeztuko du; Sumarrek, Garcia; eta IUk, Jon Hernaez. Garcia Bilboko Udalerako Elkarrekin Podemosen zerrendan hirugarrena izan zen udal hauteskundeetan, eta atzo arte lan kontratu bat zuen koalizioarekin. Halere, Andeka Larrea Sumar Mugimenduko bozeramaileak ukatu egin du Ahal Dugu-ren kontrako mugimendu bat izatea haren izendapena: «Espazio politikoaren aldeko apustua da, eta ez Podemosen aurkakoa». Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Larreak azaldu du «Euskadi ziklo politiko berri batean» sartzen ari dela, eta alderdiak ere «berrikuntza prozesu batean» daudela: «Batez ere belaunaldiei begira». «Aitzakiarik» ez Ezker Anitza-IUko Antolaketa idazkari eta legebiltzarkide Iñigo Martinezen ustez, baina, ez dago «aitzakiarik» azken legealdian Elkarrekin Podemos-IU osatu duten taldeek berriz ere bat ez egiteko: «Ez dago arrazoi politikorik kontrako mugimendurik justifikatu dezakeenik». Haren esanetan, Garciaren eta Gorrotxategiren hautagaitzak «indartsuak» dira, baina baita eurena ere: Jon Hernandez. Era berean, azaldu du oraingoz alderdiek ez dutela «betorik» ezarri inoren gain. Hala, Martinezek espero du «laster» erabakitzea lehendakarigaia nor izango den, eta «ezker baskista eta federalak» hautagaitza bakarra aurkeztea bozetara. Hura «korala» izan beharko litzatekeela ere gaineratu du, bozeramailetza partekatuekin. Ezker Anitza-IUko kideak ez du adierazi nahi izan eurek zer egingo luketen Ahal Dugu-ren eta Sumarren artean haustura bat gertatuko balitz, eta azaldu du alderdiko organoek erabaki beharko luketela: «Martxan dagoen plan bakarra da Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU, Sumar eta Equo-Berdeak batera aurkeztea».
Ipar Euskal Herrian film bat euskaraz egitea ezinezkoa dela esan bazioten ere, Josu Martinez zuzendaria ziur zegoen bere helburuaz. Bost urteko prozesu baten ondoren, zuzendariak berak eta Gotzon Barandiaranek Bizkarsoro filma aurkeztu dute gaur Durangon. Iragarri dute estreinaldia ostiral honetan bertan izango dela, aldi berean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan: Gasteizen, Durangon (Bizkaia), Tolosan (Gipuzkoa), Baionan, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), Altsasun (Nafarroa) eta Maulen. Bizkarsoro filma 2023ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, lehendabizikoz. Gaurko aurkezpenean, Barandiaranek azaldu du «oso testuinguru jakin eta esanguratsu batean» izan zela estreinaldi hori, «2023a euskararentzat eta euskaldunontzat oldarraldi urtea» izan delako: «Gure eskubideen aurkako etengabeko oldarraldi judizial bat». Alde horretatik, Barandiaranek azaldu duenez, agerian geratu da filmean gertatzen dena ez dela iraganeko kontu bat, baizik eta gaur egun ere gertatzen den erasoaldia. Filmaren emanaldi bakoitzean solasaldi bat ere eskaini nahi dute egileek, Barandiaranek adierazi duenez: «Nahi dugu, proiekzioen ostean, dinamizatutako solasaldiaren bidez, euskaldunok gai honi buruz hitz egin dezagun». Egileek uste dute «oso garrantzitsua» dela Euskal Herriko historiari eta orainari buruz mintzatzea, euskarak pairatzen duen oldarraldia ulertzeko eta ezagutarazteko. Filma «Euskal Herri osoko ahalik eta herri gehienetan proiektatzea» dute helburu egileek. Bizkarsoro fikziozko herria da, baina, aurkezpenean adierazi dutenez, «Euskal Herriko edozein herri izan daiteke». Bai Martinezek bai Barandiaranek uste dute Euskal Herriko edonor identifikatuta sentitu daitekeela filmeko pertsonaiaren batekin edo egoera batekin: «Euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak». «Euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizitzeko gogoaren historia» kontatzen du filmak, 1914 eta 1982 bitartean gertatzen diren bost istorioren bitartez. Herriak bultzatuta Martinezek kontatu du Bizkarsoro proiektua hasterakoan, behin eta berriro esan ziotela euskarazko film bat Ipar Euskal Herrian egitea ezinezkoa zela. Horregatik, haren ustez, pelikula honek erakusten du «dena ezinezkoa dela egiten den arte». Ia film osoa Baigorrin (Nafarroa Beherea) grabatu dute, eta herritarren laguntza jaso zuten egileek. 200 herritar baino gehiagok hartu dute parte filmaketan, eta horri esker izan da posible lana amaitzea, zuzendariak aitortu duenez. BERRIAren laguntza ere izan du Bizkarsoro proiektuak. Bizkarsoro ekoitzi duen taldeak ziurtatu du filma «herri zinema» dela, herritik jasotako laguntzagatik. Martinezek sakondu du gaur egungo euskararen egoeran, eta filmarekin lotu du: «Uste dut oraindik euskaldunok ez dugula nahikoa kontatu». Zuzendariak ziurtatu du euskarak urteetan pairatu dituen oldarraldiak eta zapalkuntza kontatu behar direla, bistan jarri behar direla. Horretarako, film hau tresna egokia da, zeren eta bertan erakusten diren istorioak «ahozko eta idatzitako testuetan oinarritutakoak» dira. Filmak erakusten du Bizkarsoro herrian gertatzen den «izugarrizko aldaketa» bat. Mende hasieran, euskaldunak gehiengoa dira, eta mende bukaeran, gutxiengo eta gaizki ikusiak. Existitzen ez den herri honetan erakutsitakoa Euskal Herriko herri askotan gertatu zen. Martinezek adierazi du euskaldunek pentsatzen dutela itsasoaren kontra ez dagoela borrokatzerik. Film honekin, ordea, kontrakoa irudikatu nahi izan dute proiektuan parte hartu dutenek. Euskararen aurkako zapalkuntzari aurre egiteko tresnak badaudela erakusteko pelikula bat da Bizkarsoro.
Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak taldeen ordezkariek eta Sumar Mugimendua taldekoek bilera egin dute gaur, aztertzeko ea posible izango duten ezkerreko espazio horretan hautagaitza bakarra adostea. Baina Sumarrek ezustea eman du, Alba Garcia (Bilbo, 1988) proposatu baitu Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigai gisa. Iazko hauteskundeetan, Garcia Elkarrekin Podemoseko zerrendako hirugarrena izan zen Bilboko Udalerako, baina ez zuen lortu eserlekurik. Podemosek esan du Garciak «lan kontratua» duela Podemos Euskadirekin, eta «harriduraz» hartu du Sumarren proposamena. Espainian Yolanda Diaz eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Lander Martinez buru dituen koalizioak, ordea, hautagai egoki gisa azaldu du Garcia, haren «konpromiso feminista» dela eta. Garcia, halaber, «arrazakeriaren aurkako jardueran» aritu dela nabarmendu du Sumarrek. Izan ere, ogibidez psikologoa den politikari hori SOS Arrazakeriaren bozeramailea izan zen Bizkaian. Azken urteotan, Elkarrekin Podemosen hauteskunde kanpainetan lan egin du, eta jarduera hori Sumar martxan zegoela egin duela nabarmendu du Elkarrekin Podemosek, bere «harridura» azaltzean. Pilar Garrido idazkari nagusi duen koalizioan ez dute begi onez ikusi Sumarren mugimendu hori, eta ikusteko dago ezkerreko espazio horrek hautagaitza bakarra adosteko bidean oztopoa baizik ez ote den izango Garciaren proposamena. Gaurko bilerak segida izango du asteon bertan. Bitartean, primarioen prozesua aurrera doa Podemosen barruan eta Elkarrekin koalizioaren gainontzeko taldeetan. Martinezen dimisioa Duela lau urteko bozetan, Miren Gorrotxategi izan zen Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigaia, eta hilabete gutxi barru egingo diren hauteskundeetan ere rol hori betetzeko prest dagoela esana dauka egungo legebiltzarkideak. Rosa Martinez hautagaiarekin lehiatu ondoren lortu zuen garaipena Gorrotxategik 2020ko primarioetan, eta, gertaera haren ondorioz, Lander Martinezek eta haren taldeak dimisioa eman zuten Elkarrekin Podemosen idazkaritza nagusian. Orain, Sumar Mugimendua taldeko buru da Martinez, eta diputatua Espainiako Kongresuan, eta, haren arabera, «belaunaldien erreleboa» egitea ezinbestekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ikusita EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk hautagai gazteen alde egin dutela.
Gutxinaka argitzen ari dira Barakaldon (Bizkaia) ertzain baten pistolarekin azaroaren 18an izandako kasuaren xehetasunak. Julen Arzuagak, EH Bilduko legebiltzarkideak, hainbat galdera formal egin zizkion Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta haren erantzunak plazaratu ditu Arzuagak X-n duen kontuan. Ustez gizon batek arma lapurtu zion ertzaina Brigada Mugikorreko ofizialordea da, Erkorekak adierazitakoaren arabera. Horrez gain, Arzuagari erantzun dio Barne Arazoetako Buruzagitza gertatutakoa ikertzen ari dela, ertzainak kasuan duen erantzukizuna zenbaterainokoa den aztertzeko. Erkorekaren erantzun laburraz kexu da Arzuaga. Lehenik eta behin, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du Erkorekak erantzun epea luzatu duela, nahiz eta, Arzuagaren arabera, sailburuak hasieratik jakin erantzuna. Horrez gain, Ertzaintzaren Brigada Mugikorra «arazo iturri» dela ere adierazi du. Hainbat galdera egin zizkion Arzuagak Erkorekari; tartean, ea agenteak ez zuen mozal legea urratu: «Lapurreta egin dioten ertzainak armarekiko nahitaezko segurtasun edo arreta neurririk hartua zuen? Horrela ez bada, kode penalaren, kode deontologikoaren edo 4/2015 Herritarren Segurtasun Legearen —mozal legearen— kontrako egitatea da?». Bada, galdera horri ez dio erantzun Segurtasun sailburuak. Hala, Arzuagak iradoki du mozal legea Ertzaintzaren aurka joan daitekeela: «Martxa honetan, mozal legea, polizia tresna baino gehiago, Akilesen orpoa izango da haientzat». Pistolaren lapurreta Azaroaren 18ra egin behar da atzera kasuari buruz zer argitaratu den jakiteko, orduan hasi baitzen Ertzaintza pistola baten lapurreta ikertzen. Orduan Erkorekak Radio Euskadi irratian azaldu zuen azaroaren 18ko eguerdian gizon bat ertzain baten etxean sartu zela, eta barnean pistola bat zuen zorro bat lapurtu zuela. Ustezko lapurrak bere burua entregatu zuen. Gizon hori Bilboko Deustuko polizia etxera joan zenean, baina, ez zuen lapurtutako pistola eraman; bortxazko lapurreta eta baimenik gabe armak izatea leporatu zioten. Handik gutxira aske utzi zuten epaiketa hasi arte, eta hor izan zen auziaren hurrengo koska, epaitegien eta Ertzaintzaren arteko gaizki-ulertu batengatik utzi baitzuten aske. Bilboko epaile dekanoak azaldu zuen epaitegiak ez zuela jaso arma lapurretaren inguruko atestatua. Ostera, Ertzaintzak justiziaren bertsioa gezurtatu zuen, esanez akusatua aske utzi aurretik bidali zuela informazioa telematikoki. Antza, ustezko lapurrak, 19 urteko gizon batek, aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik. Ordutik hona ez da informazio gehiago zabaldu kasuari buruz.
Kamioilari bat hil da N-644 errepidean, Santurtzin, gidatzen ari zen kamioiak su hartu ostean. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 08:50ean gertatu da ezbeharra, Mamarigako tunelen parean, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak tarteko.