«Manifestazioaren arrakastak konfiantza eta bermea ematen dizkigu helburuak lortzeko…
«Aurten ere, manifestazio honen arrakastak konfiantza eta bermea ematen dizkigu ditugun helburuak lortzeko bidean. Orain aurrera egiten jarraitzea dagokigu, euskal presoei aplikatzen zaizkien politika judizialak eta espetxe politikak amaitu daitezen». Sare Herritarrak atzo egindako manifestazioaren balorazio positiboa egin du gaur goizean, eta eskerrak eman dizkie «Bilboko kaleak aldarrikapen demokratikoz bete zituzten milaka eta milaka lagunei». (BALORAZIOA) Gure lehen hitzek eskerrak eman behar dizkiegu atzo Bilboko kaleak aldarrikapen demokratikoz bete zituzten milaka eta milaka lagunei. #Giltzak pic.twitter.com/rS819uLcSO — Sare #U13Bilbora 🔑 (@sare_herritarra) January 14, 2024 Azpimarratu duenez, «euskal presoen egoerari konponbide justua emateak eta biktima guztien aitortza eta erreparazioaren aldeko konpromisoak baino ez dute ahalbidetuko hamarkadetako gatazkari amaiera ematea eta benetako bakearen alde egitea». Sarek datozen hilabeteetarako dituen helburuak ere azaldu ditu gaur Bego Atxak, eta nabarmendu du apirilaren 2an eta 3an Beatrice Molle eta Txetx Etxeberri epaituko dituztela Parisko Zigor Auzitegian, ETArekin lotutako armak, munizioak eta lehergaiak garraiatzea egotzita. Sareren arabera, akusazioa erabat bidegabea da, eta haiek egindako ekarpena «txalotu eta sustengatu zuen euskal gizartearen eta sentsibilitate politiko orotako ordezkaritza politikoaren gehiengoak». Horregatik, Sarek lan egingo du epaituak errugabeak direla helarazteko. Bestalde, Konponbiderako giltzak! dinamikari segida emango dio, uste duelako urrian Gernikan plazaratu zuen manifestua zabaltzen jarraitu behar duela. Hiru helburu nabarmendu ditu Sarek: espetxeetako salbuespen juridikoen amaiera; Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialek euskal presoak etxeratzeko bidea diseina dezaten lan egitea; eta indarkeriaren biktima guztiei babesa eta elkartasuna emateko konpromisoa indartzea.