«Bakarrik baino askoz hobeto goaz denok elkarrekin». Unai Agirreren hitzek deskribatzen dute Euskal Sagardoa sor-markak hartu duen norabidearen izpiritua. Orain arte, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardoak soilik jasotzen zituen; alabaina, espero dute uztailerako Euskal Herri osoko sagardoa sor-marka horren pean biltzea. Horrela, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen lehen sor-marka bihurtuko da. Gaur eman dute proiektuaren nondik norakoen berri Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen sailburu Arantxa Tapiak; Euskal Hirigune Elkargoko Mugaz Gaindiko, Europako eta Nazioarteko kontseilari Joseba Erremundegik; Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Mari Aierdik; Euskal Sagardoa sor-markako zuzendari Unai Agirrek; eta Bixintxo Aphaule sagardogileak, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan egin duten prentsaurrekoan. «Sagardoaren munduarentzako eta sagar ekoizle eta sagardogile guztientzako mugarri berezi eta garrantzitsu bat aurkeztera gatoz», iragarri du Tapiak. Mugarri hitza erabili du Erremundegik ere: «Gaurko eguna mugarri bat da; mugarri historikoa, instituzionala eta politikoa. Mugarri garrantzitsua da herrigintzan sinesten dugunontzat». Baina zergatik mugarria? Agirrek azaldu duenez, 2017an sortu zuten Euskal Sagardoa sor-marka, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Sortu zenean, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko eragileekin izan genituen harreman batzuk, baina, hala tokatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan sortu zen sor-marka. Halere, argi geratu zen egunen batean Nafarroak eta Iparraldeak jatorri izenean sartu nahi bazuten ateak irekita egongo zirela». Eta iritsi da egun hori. Iparraldeko ordezkariekin lortu dute akordioa; «oso ona», Agirren hitzetan. Hain zuzen, elkarlanean proposamen bat lantzen aritu dira azken hilabeteetan, Frantziako INAO Jatorri Izenen eta Kalitatearen Institutu Nazionalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hazi erakundearen teknikarien laguntzarekin, baita Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Elkargoaren koordinazioarekin eta babesarekin ere. Akordio hori Frantziako eta Espainiako gobernuetako ordezkariei helarazi diete, Europako Batasunera bidaltzeko. «Sagardoaren munduarentzako eta sagar ekoizle eta sagardogile guztientzako mugarri berezi eta garrantzitsu bat aurkeztera gatoz». ARANTXA TAPIA Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua Hain zuzen, Europako Batasunak adostasun horri oniritzia ematea falta zaie orain. Tapiaren hitzetan, espero dute martxotik maiatzerako tartean iristea hori, «jakinik bi estatuak [Frantzia eta Espainia] ados daudela». «Eta ekainetik uztailerako tartean erabat onartutzat emango da», erantsi du. Behin Bruselaren onespena izanda, Agirrek azaldu duenaren arabera, Nafarroa batuko da sor-markara: «Onartuta daukagu behin Iparraldekoekin dugun adostasun hau Europak onartzen digunean jatorri deituran sartuko direla, interesa erakutsi dute eta». Bat egin du Aierdik: «Administrazioek argi utzi dugu bidea batera egiteko borondatea dugula». Hori onartzen dutenean, denek araudi berbera izatea ez ezik, kudeaketa eta zertifikazioa bateratuta egitea ere adostu dute, Tapiak adierazi duenez. Aparteko ezaugarriak Tokiko sagarrez bakarrik egindako sagardoa izatea eta «kalitate berme guztiak» izatea. Horiek dira, Tapiaren esanetan, Euskal Sagardoaren ezaugarri nagusiak. Horrenbestez, herritarrei sagardo mota hori kontsumitzeko eskatu die: «Tokiko produktua da, goi mailakoa; beraz, tokiko merkataritzan eta tokiko produktuetan sinesten dugunez, kontsumitzeko deia egiten diegu kontsumitzaileei». 200 Sagar motak Euskal Sagardoan egun dauden sagar motei Ipar Euskal Herrikoak batuta, berrehun sagar mota egongo dira onartuta sor-markan. Orain, gainera, Euskal Herri osora zabaltzeak modua eman dezake ekoizpenean jauzia egiteko, berezkoa duen kalitate horri eutsita. Agirrek jakinarazi duenez, egun 106 sagar mota onartzen dituzte sor-markaren barruan. Iparraldeko barietateak batuta, berrehun sagar mota egongo dira aurrerantzean. Gehiago izango dira sagar ekoizleak ere: «Guk 250 sagargile ditugu, eta, Iparraldea sartzean, hirurehun inguru izango dira; Nafarroa sartuz gero, laurehun ere izan litezke». Halaber, Agirrek esan du 80 sagardotegi inguru daudela Euskal Herrian —horiek guztiak ez daude sor-markaren barruan—. Gaur egun 50 sagardogile daude Euskal Sagardoa sor-markan: 45 Gipuzkoan, hiru Araban, eta bi Bizkaian. Ipar Euskal Herrian zortzi sagardogile daude, eta Nafarroan lau.
Arratsaldeko lehen orduan izan da ezbeharra Santutis harrobian. Oraingoz ez dute jakitera eman istripua nola gertatu den. Asteon lanean ari zela Euskal Herrian hil den hirugarren langilea da.
Pirinioetako mugaz gaindiko jatorri deitura duen lehen edaria izango da, eta, araudi bera izateaz gain, kudeaketa eta zertifikazioa ere bateratua izatea adostu dute inplikatutako erakundeek. Europar Batasunarekin izapide administratiboak amaitutakoan gauzatuko da integrazioa.
Oriamendi 2010 Erremonteko enpresak prest du hurrengo txapelketa: Mastersa. Gaur aurkeztu dute, Donostiako Aquariumean. Urtarrilaren 27an hasiko da hamalaugarren aldia, eta ia hilabete iraungo du, otsailaren 24an jokatuko baitute finala. Ohi bezala, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan jokatuko dituzte partida guztiak. Buruz Buruko Txapelketako lehen lau sailkatuek jokatu ohi dute Mastersa, baina, oraingoan, ez da horrela izango. Javier Urriza laugarren izan zen banakakoaren azken ekitaldian, baina uko egin dio Mastersa jokatzeari. Lehen aldia da lesionatuta egon gabe ez dela ariko banakako txapelketa batean. Xabier Azpirozek ordezkatuko du, azken buruz burukoko bosgarren sailkatuak. Mastersa jokatuko duten beste hiru erremontistak buruz burukoko lehen hiru sailkatuak dira: Imanol Ansa txapelduna —iaz hark irabazi zuen Mastersa—, Aritz Juanenea eta Endika Barrenetxea. Barrenetxea IV.ak eta Azpirozek atarikoa jokatuko dute hilaren 27an, 16:30ean. 30 tantora jokatuko dute, eta irabazlea ligaxkarako sailkatuko da. Han izango ditu zain Ansa II.a eta Juanenea. Ligaxkan ariko diren hiru erremontistek elkarren aurka jokatuko dute. Hauek izango dira datak eta orduak: otsailaren 3an, 16:30ean; otsailaren 9an, 18:00etan; eta otsailaren 17an, 16:30ean. Ligaxkako lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute otsailaren 24an, 16:30ean.
AP-8 autobidean su hartu du handik zihoan autobus batek. Bilborako bidean, ordainlekua igaro eta handik gutxira gertatu da ezbeharra, Orio parean (Gipuzkoa). 13:45 aldera gertatu da, eta ustekabean. Errepidearen 33. kilometroaren parean, su hartu du autobusak; bidaiariak eta gidaria garaiz atera dira, eta suhiltzaileak berehala joan dira lekura. Horren ondorioz, gelditu egin da trafikoa, eta zirkulazio arazoak sortu dira eguerdi parte horretan; Orioko ordainlekutik aterarazi dituzte ibilgailuak. Bizkaian, berriz, Txorierriko korridorean izan dira arazoak. 15:00 aldera, guraizearena egin du zisterna kamioi bat, Zamudio parean, eta ilara luzeak sortu dira, sei kilometrorainokoak. Lau orduz egon da errepidea itxita. Errepidean olioa zegoelako izan du kamioiak istripua, eta atzetik heldu den auto batek haren kontra jo du. Gero, beste lau ibilgailuk ere kolpeak izan dituzte. Erietxera eraman dute autoetako bateko gidaria, irauli egin baitzaio autoa. Azkenean, 19:00 aldera ireki dute errepidea; Gurutzetarako bidean egon da itxita.
Tratatu gabeko hondakinak Zaldibarko zabortegira (Bizkaia) eramateagatik zigortu dituzte Lapurdiko bi enpresa. Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isun bat ordaindu beharko du, eta CBA Artola enpresak, 100.000 euroko beste isun bat. Baionako Auzitegiak eman du sententzia, gaur. CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeak eraman zituen bi enpresak auzitara, eta joan den azaroan egin zen epaiketa. 22.000 tona hondakin legez kanpo eraman zituzten bi enpresen artean Zaldibarrera. Epaiketan, prokuradoreak adierazi zuen dirua aurrezteko asmo hutsarekin bidali zituztela hondakinak Zaldibarrera, egiten ari zirenaren jakinaren gainean. Bi enpresen jabeek ukatu egin zuten, eta ziurtatu zuten uste zutela hondakin horiek balorizatzera bidaltzen zituztela. Epaiketan, baina, erruduntzat jo zituzten; birziklatzeko modukoak ziren hondakinak zabortegira isurtzea eta hondakinak «Frantziatik Espainiara» baimenik gabe garraiatzea egotzi zieten, eta, gaur, zigorren berri eman du epaitegiak. Ingurumen auziak epaitzeko Baionako Auzitegia 2021ean sortu zuten. Etcheverry-Mindurri enpresak Basusarrin du egoitza, eta 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du —diru horietatik 50.000 euro gibelatzeko aukerarekin—. Delituaren bidez irabazitako 110.000 euroak itzuli beharko ditu, bestalde. CBA Artola enpresak, berriz, Donibane Lohizunen du egoitza, eta 100. euroko isuna ezarri diote —50.000 euro gibelatzeko aukerarekin—. Delituaren bidez irabazitako 210.000 euro itzuli beharko ditu, gainera. CADE elkarteari ordaindu beharko dizkiote epaiketaren kostuak (21.000 euro), eta, horrez gain, egunkari batean argitaratu beharko dute agiri bat. Joan den astean, bestalde, Efe berri agentziak jakitera eman zuen Irunen (Gipuzkoa) poliziak kamioiei egindako kontroletan modu ilegalean garraiatutako hondakinak atzematen dituztela. Zehazki, hiru kamioitik batean era horretako hondakinak atzeman dituzte, kontrolak eginda.
Patronalaren arabera, itunpeko eskoletako grebak % 15eko jarraipena izan du; patronalaren esanetan, % 65ekoa. Biek ala biek atzoko datu berbera eman dute bigarren greba egunean.
Euskadiko ekonomialarien % 42k uste du euskal ekonomiak okerrera egingo duela 2024an. Euskal ekonomiari kalte gehien egin diezaioketen faktoreen artean energiaren prezioa eta lan-kostuak daude.