Puntu gazi-gozoa lortu du Realak Gironan
Onetik eta txarretik izan du Realak gaur gauean Gironan (Herrialde Katalanak) hutsean berdindu duen partidak. Onetik, Imanol Alguacilek entrenatutako taldea nor baino nor gehiago aritu dela Espainiako Lehen Mailako bigarren sailkatuarekin. Haren zelaian egin du, gainera. Meritu handia du horrek. Emaitzan ez ezik, jokoaren beste zenbait alorretan berdindu dute. Biek izan dituzte oso aukera garbiak gola egiteko, baina ez dute asmatu atearen aurrean: Gironan, Yangel Herrerak; eta Realean, Brais Mendezek. Bietan atezainak bikain aritu dira. Biei ere gol bat baliogabetu diete jokoz kanpo egoteagatik: Gironan, Yangel Herrerari; eta, Realean, Oiartzabali. Azkenean, berdindu egin dute. Baina neurketak ere izan du txarretik Realarentzat, hiru jokalarik hartu baitute min: Odriozola hasi eta berehala lesionatu da; Becker, bigarren zatia hasi eta gutxira; eta, Oiartzabal, luzapenean. Hirurek utzi behar izan dute zelaia. Kezkagarria da, talde txuri-urdinak hiru egun eskas barru jokatuko baitu berriro. Gainera, oso neurketa garrantzitsua da: Mallorcan (Herrialde Katalanak) ariko da astearte gauean, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan. Ikusteko dago hiru jokalari horietatik zenbat osatuko diren norgehiagoka horretarako. Egoera ikusita, Imanolek izugarri eskertuko du gaur Afrikako eta Asiako kopetan gertatutakoa. Malik eta Japoniak agur esan dute final-laurdenetan; beraz, Realeko entrenatzaileak nahi izanez gero, Hamari Traorek eta Take Kubok Mallorcaren aurka joka dezakete. Berri oso ona da. Ikusteko dago zer-nolako sasoia duten, baina taldeak edozeinen laguntza eskertuko du.



