Osasunak bana berdindu du Las Palmasen
Osasunak ontzat eman dezake gaur Kanaria Uharteetan eskuratu duen puntua. Jagoba Arrasateren taldeak ez du arrisku gehiegirik sortu, baina markagailuan aurrea hartzea lortu du eta arazo handiegirik gabe eutsi dio berdinketari. Bost atzelarirekin zelairatu dira nafarrak, eta etxekoena izan da baloiaren jabetza: lehen zatiaren une batzuetan ia %90. Kontraerasoren bat baliatzea zen bisitarien asmoa, eta minutuek aurrera egin ahala berdindu egin da lehia. Bi taldeek izan dituzte aukerak, baina gutxi. Bigarren zatiaren hasiera zoroa izan da neurketako une azpimarragarriena. Korner baten aldaratzea jaso, eta Mojicak hegaletik egin du jokaldia. Jarraian gertatu denak zur eta lur utzi ditu zale gorritxoak: area barruan, Unai Garcia atzelariak aurrelari onenen gisara jo du baloia, boleaz, eta zuzenean bidali du sareetara. Ikusgarria izan da. Eta pozak tentelduta edo, ohartzerako jaso du gola Osasunak. Kirianek egin du berdinketarena, hark ere area barrutik eta boleaz. Ez sinestekoa. Zoramen minutu horien ostean, berriz ere baretu dira urak. Orduan ere aukerak bientzat, baina gutxi. Sailkapenaren erdialdean eroso dabiltzan bi taldeek berdinketa ontzat ematen zutela zirudien. Eta horrelaxe amaitu da partida.
