Arabako Aldundiak lehen sektoreak 2023an aurreratutako BEZa itzuliko du hil honetan. Nekazariek “aurrerapenak” ikusten dituzte beren eskaeretan, baina osteguneko traktororada mantendu dute.
Amaitu da Realaren bidea Txapeldunen Ligan. Multzoen fase ikusgarri baten ostean, ezin izan du final-zortzirenetako mugarria gainditu. Txuri-urdinek 1-2 galdu dute Anoetan, PSGren aurka. Urruti izan dute Parisen izandako 2-0ko emaitza iraultzeko aukera. Joanekoan ez bezala, Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea ez da gai izan Frantziako taldea estu hartzeko. Iragan astean Espainiako Kopako finalerako sailkapenak ihes egin eta gero, bigarren kolpea jaso du Realak astebetean. Orain, arreta ligan jarri beharko du, ez nolanahiko helburu batekin: bosgarren urtez jarraian Europarako sailkatzea. Horretarako beharrezkoa izango du denboraldi hasieran izan zuen distira berreskuratzea. Izan ere, gaurkoan ere azken asteetako Reala ikusi zen: txinparta gutxirekin, eta erasoan ia arriskurik sortu gabe. Batez ere lehen zatian. Hori aldatzeko lehen aukera larunbatean izango du, Granadan. Bazen balentria egiteko ametsa. Zaleek ongi beroa egin diote taldeari, eta Anoetako harmailak bete dituzte. Inoizko sarrerarik onena izan da: 39.336 ikusle. Aurrelari petorik gabe jokatzeko apustua egin du Imanolek. Aurrean Oiartzabal aritu da. Beste berritasuna Becker izan da. Haren abiadura eta buruz buruko jokaldietan duen trebetasuna baliatu nahi izan du Orioko prestatzaileak. Ondo ekin dio Realak norgehiagokari. Baina bisitariek eman dute lehen abisua, bosgarren minutuan. Berriro ere erakutsi dute gutxi behar dutela gol aukera bat sortzeko, eta Mbapperi gutxigatik joan zaio kanpora errematea, Dembeleren pase on bat eman ostean. Baina Reala ez da kikildu. Hala, minutu batzuk beranduago gertu izan du gola. Beckerrek erdiraketa ona egin du, baina bisitarien atzelari batek ondo atera du baloia, Kubo bigarren zutoinean bakarrik zegoen. Haatik, pixkanaka Luis Enrique Martinezek zuzentzen duen taldea nagusitzen joan da. Fisikoki gailendu da, eta horrek ahalbidetu dio zelaian hobeto kokatua egotea. Hala, Barcolaren abisu baten ostean, Mbapperen gola iritsi da. Ikusgarria izan da aurrelariaren gola, 15. minutuan. Espaziora baloia jaso du, eta angelurik gabe geratuko zela zirudien. Baina Zubeldiari barrura errekortea egin ostean, zutoin luzera erremate bikaina egin du Kanporaketa are zailago jarri zio talde txuri-urdinari. Hiru gol behar zituen luzapena behartzeko. Realak zelai erdia galdu du, ezdu presio altua egiten asmatu eta nabaritu egin du. Izan ere, behar baino gehiago korrika egin behar izan du, eta apenas gerturatu zen Donnarummaren atera. Bisitariak, berriz, eroso aritu da, gustukoen dutena eginez: kontraerasoan bizkor irtetea. Halako jokaldi batean, Barcolak atzean utzi du Le Normad, eta hark egindako jaurtiketa gogorra hankarekin atera du Remirok (29. min.). Reala ezinean ari zen. Atsedenaldira iritsi bitarte, abagune bakarra sortu du: Kuboren errematea gutxigatik joan da kanpora 45. minutuan. Mbapperen bigarrena Bigarren zatiari begira, Realak oso zail zituen gauzak. Are gehiago 55. minututik aurrera. Mbappek bigarren gola egin du. Dembelek pase sakona eman diio, ondo irabazi zion bizkarra Zubeldiari, eta ez du barkatu Remiroren aurrean. Errematea bikaina izan da. Reala saiatu da gutxienez gol bat egiten, eta partidaren amaiera txukun bat egiten, etorkizunari begira baliogarria izateko. Zerbait aldatu asmoz Imanolek Turrientes eta Barrenetxea zelairatu ditu, Beckerren eta Braisen ordez. Batez ere Barrenetxeak beste txinparta bat eman dio taldeari, eta gol bat ere sartu du buruz, 63. minutuan. Baina epaileak balio gabe utzi du jokoz kanpo zegoelako. PSGk presioa gutxitu du, eta Realaren minutu onenak izan dira hortik aurrerakoak. Merinok, Oiartzabalek eta Turrientesek gola egiteko aukera bana izan dute, baina ez dute asmatu. Beasaindarraren errematea Donnarummak atera zuen. Partida amaitzear zela sartu du gola azkenean Merinok. Turrientesen erdiraketa Donnarummak atera du, eta aldaratzea Merinok baliatu du gola egiteko. Burua jaso eta datorrenari begiratu beharko diote orain txuri-urdinek. Beti ere txarrenari onena aterata: egindako multzoen fase ona.
«Euskadi/ jende gutxi/ eta denok/ erdi lehengusu…». Iñaki Irazuren hitzok 1993an musikatu zituen Jabier Muguruzak, eta Les Mecaniciens taldearekin plazaratu. Ordutik, idazlearen beste hamaika poema jantzi ditu doinuz musikariak; zehazki, 32 kantu jaio dira urteotan bien arteko elkarlanetik. Horietatik 11 hautatu, «errebisatu», hainbat musikariren laguntzaz berriro grabatu, eta Lagun batek esan dit (Maramara) diskoan bildu ditu orain Muguruzak, idazle eta adiskideari omenaldia egiteko asmoz. Lana aurkezteko hainbat zuzeneko egingo dituela ere iragarri du. Azken urteotan, haurrentzako kantuak sortzen aritu da, batik bat, musikaria; esparru horretatik kanpo argitaratutako azkena Geltokiak izarretara (2019) diskoa zuen orain arte. Iaz, ordea, Irazuri «omenaldi moduko bat» egin behar ziola erabaki zuen. «Arrazoiak bat baino gehiago ziren, baina nagusia hauxe: 32 kantu nituen musikatuak, hiru hamarkadatan, Iñakiren hitzekin. 32 kantu; erraz esaten da, baina horrek zerbait esan nahi zuen, dudarik gabe». Ez da ohikoa artista batek idazle beraren hainbeste poema musikatu izana. Eta horrek Irazuren letretatik zerk erakarri izan duen pentsatzera eraman du Muguruza. Kantuok aztertu, eta hainbat gai eta giro joan zitzaizkion azaltzen: haurtzaroa, promesak, ezintasuna, giro lainotsua, maitasuna, bakardadea, kale bustiak… Baita umore fina, zoritxarra, samurtasuna eta beste ere. «Gaiak eta giroak nire interesekoak ziren, dudarik gabe, baina batez ere tratamendua, jorratzeko modua, Iñakiren begirada zen benetan liluratzen ninduena». Maitasunaz hitz egiteko modua jarri du adibidetzat musikariak: «Zerbait oso pertsonala zegoen maitasuna islatzeko modu horretan, gaurko estereotipo guztietatik urrun». «[Poemetako] Gaiak eta giroak nire interesekoak ziren, dudarik gabe, baina batez ere tratamendua, jorratzeko modua, Iñakiren begirada zen benetan liluratzen ninduena». JABIER MUGURUZA Musikaria Urteotan argitaratutako diskoetan arakatu, eta «buelta asko eman ondoren», Irazuren hitzak daramatzaten 11 kantu aukeratu zituen. Izen bereko diskoko Boza barruan abestiak ematen dio hasiera bildumari, eta Azaroak baditu gauza onak piezak, berriz, amaiera (Tonetti anaiak, 2015). Bi horien artean, beste bederatzi bildu ditu: Les Mecaniciensek kantatzen zuen Euskadi jende gutxi ez ezik, Urtain, Lagun batek esan dit (Txema Garcesek musikatua), Zure lapurra, Etxera berandu heltzean, Lausoa kristalean, Beldurrak, Jaka zahar bat, eta Mutiko arrotzaren kanta. Kantu bakoitza garai batekoa izanik, giro eta instrumentazio desberdinak antzeman daitezke haietan. Hala, abestion «nolabaiteko errebisio bat» egitea bururatu zitzaionean, horiek guztiak «punta-puntako banda batekin» grabatuko zituela erabaki zuen, «obrari batasuna emate aldera». Oraingoan, hauek izan ditu lagun: Mikel Azpiroz (Rhodes pianoa eta Hammond organoa), Jean Marie Ekai (gitarra elektriko eta akustikoak), Fernando Neira (baxu elektrikoa) eta Karlos Aranzegi (bateria). Baita bi «gonbidatu berezi» ere: kantu batean Maite Larburuk parte hartu du, eta beste hirutan Mireia Otzerinjauregik. Iazko azaroa eta abendua bitartean grabatu zuten lana, Azpirozen ardurapean, Donostiako Mamusik estudioan. Orain, zuzenean aurkezteko kontzertu gutxi batzuk egingo dituztela iragarri du Muguruzak. Oraingoz, Bilbon —martxoaren 23an—, Donostian —maiatzaren 3an— eta Bartzelonan —ekainean, data zehaztu gabe— arituko dira, eta litekeena da Irunen ere (Gipuzkoa) emanaldiren bat egitea. Doinuetara «jaioak» Irazuk ondo gogoan du Muguruzarekin elkartu zen lehen aldia. Barakaldon (Bizkaia) izan zen, Xabier Leteren kontzertu baten bueltan, duela 30 urte inguru. Haren poemen inguruko interesa agertu zion musikariak, eta halaxe abiatu zuten elkarlana. «Hor hasi zen dena, eta gero, urtez urte, harreman hori berritu izan dugu». Bien arteko harremana azaltzeko, presentzia hitza hautatu du poetak: «Urtez urte, nire baitan, nire gogoan izan den presentzia bat izan da, bidelagun bat». Eta beste hitz bat gehitu dio jarraian: Itxaro. «Harreman horrek itxaro bat sortu du nire baitan; zerbait egiten nuenean, beti nuen gogoan banuela hartzaile bat, eta itxaro horrek eragin bat izan du nigan». «Norbaitek norberak egiten duena aintzakotzat hartzen duenean, esango nuke poema horiek jaio egiten direla. Eta Jabierrek aintzat hartzean, jaio egin dira poema horietan bizi diren pertsonaiak eta haien bizipenak». IÑAKI IRAZU Idazlea Jaio hitza ere zerrendara batu du idazleak azalpenean sakondu ahala. «Nolabait, norbaitek norberak egiten duena aintzakotzat hartzen duenean, esango nuke poema horiek, letra horiek, jaio egiten direla. Eta Jabierrek aintzat hartzean, jaio egin dira poema horietan bizi diren pertsonaiak eta haien bizipenak: iluntasunaren aurka ukabilka ari den boxeolaria, kristalak lausotzen direnean zer egin ez dakien pertsona, amesgaiztoak gauaren erdian iratzarri eta loak hartzen ez duen gizasemea, eta abar». Horiek denek, gainera, jaiotza berezia izan dute, idazlearen hitzetan: «Boz batera jaio dira, musika batera, eta esango nuke, hitza edo poema bat behar bezala jaiotzeko, behar duela musika, behar duela boz batean bildua izan». Beste bi hitz, maitasuna eta osatu ere josi dizkio Irazuk azalpenari, amaitzeko. «Kantu hauek entzun ditudanean, iruditu zait, bozean bilduak izatean, poema, letra, pertsonaia edo momentu hauek osatu egin direla. Osatu, bere hainbat adieratan: falta zaiona jarri, sendatu, bere onera etorri… Pertsonaia hauek behar zuten maitasun pixka bat. Eta Jabierrek bere bozean bildu dituenean, maitasun kutsu bat sumatu dut».
Bizkaibuseko langileek greba egingo dute martxoaren 19an. Langileen aurkako eraso fisikoen eta hitzezko erasoen “errepikapena eta larritasuna” salatu dute. 1.300 langile baino gehiago deitu dituzte mobilizatzera.
Osasunak irabazi egin du Alavesen aurkako, Ante Budimirrek sartu duen gol bikaina baliatuta. Joan-etorri ugari izan dira partida osoan zehar, baina Osasunak asmatu du gola egiten, eta Alavesek ez du erantzuna ematea lortu. Denboraldiko sarrera eskasena izan du Sadarrek, 17.215 ikuslerekin, baina gorritxoen zelaira gerturatu diren zaleak euskal derbi sutsua ikusi dute, gau hotz batean. Merke dago salbazioa aurtengo Espainiako Lehen Mailan, baina bi taldeen helburu nagusia beste urte batez goi mailan mantentzea da. Alaves 13. postuan zegoen partidaren aurretik, 29 punturekin, jaitsiera postuak 10 puntuko distantziara. Babazorroek Mallorcaren aurkako partidan alde hori handitzeko aukera izan zuten, baina Nastasicek, 88.en minutuan, lehia berdindu, eta bi puntu kendu zizkion Luis Garcia Plazaren taldeari. Bestalde, Osasuna 11. postuan zegoen 33 punturekin, jaitsiera postuak 14 puntura, eta nafarrek mailari eusteko helburua ia bideratuta utzi nahi zuten Alavesen aurka, bolada onari eutsiz. Alaves izan da arriskua eragiten lehen taldea, Sergio Herrera baloia alderatzea behartuz ukabilekin. Minutu gutxira ere, Herrerak geldiketa zaila egin du Guridiren burukadara, markagailuan 0-1ekoa jartzeko aukera garrantzitsuan. Gutxi balitz bezala, Kike Barjak min hartu du duela bizpahiru denboraldi lotailu gurutzatua hautsi zuen belaun berean, eta berdegunean jarraitzeko ahalegina egin badu ere, azkenean aldaketa eskatu eta Moi Gomezek hartu du bere lekua. Babazorroek ere izan dute ustekabea, denboraldi bikaina egiten ari den Abqar lurrera bota denean. Budimirrekin izan duen talka batean, aldakan min hartu du marokoarrak, eta Tenaglia sartu da bere lanak egitera. Alaves hobeto sartu da partidara, baina indarrak berdindu direnean, Siveraren atearen noranzkoan irauli da zelaia, eta etxeko taldearen momentu onena iritsi da. David Garciak egin du lehen aukera serioa, korner jaurtiketa batean egindako burukada batean. Baloia ezkerreko zutoinaren ondotik pasa da, Alavesen lasaitasunerako, baina Osasunak ahaleginetan jarraitu du. Oraingoan Aimar Oroz izan da, urruneko zutoina bilatu duena, baina Siverak eskua atera du erdiraketa bikaina eginez. Hala ere eroso sentitzen da Alaves aurkariaren menpean, eta kontraerasoan ateratzea gogoko dute Lusi garcia Plazaren jokalariek. Eta modu horretan iritsi da lehen zatiko aukerarik onena. Baloia aldendu du Alavesek bere area ertzetik, eta Sergio Herreraren ateraino joan dira hainbat jokalari. Osasunako atezainak huts egin du taldekide bati baloia ematerakoan, eta Javi Lopezek jaso du hegalean, atetik gertu. Erdiraketa ona egin du, Omorodionek errematea lortu du, baina zutoinean jo du baloiak. Ez da ez bat ezta bestea gailendu lehen 45 minutuetan, baina markagailua irekitzeko aukerak ez dira faltatu. Hala ere, Osasunak sendoago amaitu du, eta Alavesek bi aldaketa egin ditu atsedenaldian, berriro partidan sartzeko intentzioarekin. Carlos Vicente eta Kike Garcia sartu dira, Sola eta Guridiren ordez. Lehen zatiko sua itzali egin da bigarren zatian, baina 70 minutura iritsi berritan, partidako sekuentzia “eroa” iritsi da. Ruben Garcia Alavesen ate aurrean jarri da keinu eder batekin, baina Siveraren gorpura jaurti du baloiak. Alavesek, ordea, berehalako erantzuna egin du, Ruben Garciaren aukeraren jokaldi berean. Luis Riojak erdiraketa ipini dio Omorodioni, baina honek ez du errematea eroso egitea lortu, eta Herreraren gorpura jaurti du berak ere. Maskaradun heroia Berdinketa usaina zuen euskal derbiak, baina betikoa agertu da, bere agertoki gogokoenean. Ante Budimir zalantza zen partidarako, izan ere, Las Palmasen aurka kolpea hartu zuen aurpegian, baina maskara beltz batekin jokatu du, mindutako eremua babesteko. Partida osoan zehar beldurrik gabe lehiatu ditu baloi guztiak, baina Kroaziako beltxargak, aireko jokoa ez ezik, oinetan ere kalitatea duela berretsi du. Area ertzean baloia jaso, eta bitan pentsatu gabe jaurtiketa egin du Siveraren eskuin zutoinera. Gol bikaina egin du, denboraldiko 14.a, eta horrela errekor pertsonala ezarri du Espainiako Lehen Mailan. Erantzuna eman nahi zuen Alavesek, baina atzetik egin ditu markagailuan azken hamabost minutuak, eta Herreraren atea inoiz baino urrunago ikusi du. Osasuna eroso egon da emaitza babesten, eta aurkariak baino indar gehiago erakutsi du partidako fase erabakigarrian. Azkenean hiru puntuak Sadarren geratu dira, eta lehen mailan mantentzeko helburua oso gertu du Jagoba Arrasateren taldeak.
Iazko greba feminista orokorraren haizeak mugituko du aurtengo Martxoaren 8aren errota. Orduko aldarrikapen eta eskaerei eutsiko die Euskal Herriko Mugimendu Feministak; batez ere, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldekoa. «Hiru hilabete inguru igaro dira azaroaren 30eko greba egun historiko hartatik; ez ziren gutxi izan azaroaren 30ean kalera ateratzeko genituen arrazoiak, eta martxoaren 8an ere, bide beretik jarraituko dugu», azaldu dute feministek, Iruñeko Gazteluko plazan eginiko agerraldian. Gure bizitzekin negoziorik ez! lelopean eginen dituzte aurtengo mobilizazioak. Urtero bezala, Euskal Herriko herri eta auzo gehienetan antolatu dituzte protestak eta mobilizazioak, eta manifestazio nagusiak hiriburuetan eginen dituzte: Bilbon, 19:00etan Jesusen Bihotzetik abiatuta; Iruñean, 19:00etan Antoniutti parketik; Gasteizen, 18:00etan San Anton plazatik; Baionan, 18:00etan Herriko Etxeko plazatik; eta Donostian, 18:30ean Antiguako tuneletik. Deialdiaren nondik norakoak azaldu dituzte Elene Lopetegik, euskaraz, eta Maite Irazabalek eta Maite Mourek, gaztelaniaz. Mugimendu feministak xede nagusitzat dauka emakumeen «lan indarra esplotatzen duen sistema heteropatriarkalari aurre egitea», hainbat esparrutan: «Etxean, enpleguan eta baita dohainik eta aitortu gabe egiten ditugun zaintza lanetan ere. Horrek zuzenean kondenatzen gaitu prekaritatera eta etengabeko zapalkuntzan bizitzera». Azaldu dutenez, soldata arrakala eta pentsio apalak «icebergaren punta» baino ez dira, «sexuaren araberako lan banaketa betikotzen» duen sistema batean: «Lan feminizatuetan harrapatuta gaude, baldintza prekarioetan, eta aitortu gabeko zaintza lanak egiten ditugu». Izan ere, egungo zaintza sistema «pribatizatuta» egoteaz gain, «guztiz familiarista» dela salatu dute feministek: «Hau da, familietan eta, beraz, emakumeon bizkar gainean jartzen da lan hori. Batez ere, emakume migratzaileen bizkar, XXI. mendeko esplotazio lazgarrienetakoa bizi dutenen bizkar. Horietako askok etxeko langile egoiliar gisara jarduten dute egunean 24 orduz, astean zazpi egunez. Hori onartezina da». Sistema hori errotik erauzte aldera, politika eraginkorrak galdegin ditu mugimendu feministak, eta gogor kritikatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaintza ituna. «Ahoa hitz politez bete dute, eta saiatzen ari dira gure diskurtsoaz jabetzen, baina guk argi diogu itun horrek ez digula ezertarako balio ez bada publifikazioaz hitz egiten, ez baldin bada pribatizazioaren aurka hitz egiten edo ez baldin bada atzerritartasun legea deuseztatzeaz hitz egiten». Nafarroako egoerari erreparatuz, beste horrenbeste esan dute: «Ez dugu itunik nahi hori betetzeko aurrekonturik eta plan zehatzik gabe». Elkartasuna Palestinari Gaurko agerraldian, palestinar herriari ere elkartasuna adierazi diote Lopetegik, Irazabalek eta Mourek: «Badakigu emakumeen gorputzak direla lehen konkista lurraldeak; beraz, Euskal Herritik elkartasun eta maitasun osoa palestinar herriari eta, gaurko egunean, bereziki emakume palestinarrei». Era berean, gogoan izan dituzte Europara datozen migratzaileak, «Atzerritartasun Legearen ondorioz, askotariko indarkerien aurrean erabat zaurgarri» daudelako. Azkenik, aipamena egin diete «indarkeria matxistaren ondorioz eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neskato guztiak». Esan dute emakumeen aurkako indarkeria sistemikoak «genero eta botere desorekak betikotzen» dituela, egitura sozial, politiko eta ekonomikoen bidez. «Egun, emakumeok oraindik ere askotariko indarkeriak jasaten ditugu egunero: fisikoa, ekonomikoa, sinbolikoa, instituzionala… Horri aurre egiteko, aldaketa kultural eta instituzional sakonak behar ditugu». Zehazki, «justizia feminista» aldarrikatu dute horretarako.