Estatuak Telefonicaren % 3ko parte-hartzea erosi du

Estatuak Telefonicaren % 3ko partaidetza erosi du. Akzio-pakete horren egungo balioa 690 milioi euro ingurukoa da, eta beste % 7a erosteak 1.600 milioi balio luke.
NBEren Segurtasun Kontseiluak Gazarako «berehalako su eten bat» eskatu…
Israelgo armadak joan den urriaren 7an Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik urte erdi betetzear den honetan, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak lehen aldiz eskatu du zerrendarako su eten bat. Hilabeteotan hainbat saiakera egin dituzte, eta azkenean gaur jarri dira ados herrialdeen ordezkariak, «berehalako menia bat» exijitzeko «ramadan hilabeterako» —apirilaren 9an amaituko da musulmanen hilabete santua—. Bozketaren ondoren, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak esan du su etena abian jarri beharra dagoela: «Barkaezina litzateke huts egitea». Orain arte, NBEren Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea duten herrialdeetako batzuek oztopatu egin dute meniari buruzko ebazpen bat onartzea; kasurako, azkenekoz, joan den ostiralean, Errusiak eta Txinak AEB Ameriketako Estatu Batuen testu bat blokeatu zutenean —kontrakoa ere gertatu da hilabeteotan—. Gaur, berriz, hamar herrialdek aurkeztu dute su etenerako deiari buruzko dokumentu bateratua —tartean Aljeria, Japonia eta Hego Korea—, eta hamabost kideetatik hamalauk babestu dute; AEBak, berriz, abstenitu egin dira. Eta segidan, Israelek bertan behera utzi du gobernuaren ordezkaritza bat AEBetara egitekoa zen bidaia ofizial bat, irudituta Washingtonen erabakia «atzerapauso bat» dela. NBEren Segurtasun Kontseiluak nahi du Gazan borrokak erabat gelditzea, eta, batez ere, hori luzera begira gertatzea, kontseiluaren parte diren estatu kideek eskatu baitute «berehalako menia» horrek «bide ematea su eten iraunkor eta jasangarri bati». Eta, bitarterako, bahitu guztiak «berehala eta baldintzarik gabe askatzea» ere nahi dute. Hori guztia, Aljeriaren NBEko enbaxadore Amar Bendjamak esan duen modura, «odolusteak gehiegi iraun» baitu. Hamasek nabarmendu du, gaur, Israelekin preso trukea egiteko prest dagoela. The Security Council just approved a long-awaited resolution on Gaza, demanding an immediate ceasefire, and the immediate and unconditional release of all hostages. This resolution must be implemented. Failure would be unforgivable. — António Guterres (@antonioguterres) March 25, 2024 AEBen NBErako enbaxadore Linda Thomas-Greenfieldentzat, segurtasun kontseiluak ebazpena onartu izanak esan nahi du «babesa eman» diela Hamasen eta Israelgo Gobernuaren artean bitartekari lanak egiten ari diren herrialdeei —AEBak, Egipto eta Qatar dira— eta horiek bete nahi dituzten helburuei. Hortaz, orain, ikusteko dago gerrako bi aldeek errespetatu egingo duten segurtasun kontseiluak eskaturikoa. Hori gertatzeko, ordea, ados jarri beharko dute; urteotan, gainera, Israelgo Gobernuak askotan ez du errespetatu kontseilu horretatik eskatu diotena, nahiz eta han onarturikoa nazioarteko legedia bilakatzen den. Edonola ere, gaurko bozketak agerian utzi du, bezperan NBEren idazkari nagusiak berak esan modura, jarrera aldaketak izaten ari direla herrialdeetan Gazarako su etenaren inguruan; eta horren erakusle izan da AEBen abstentzioa bera. Zera esan du Guterresek, bozketaren aurretik: «Hasieran, gure ahotsa bakar samar zegoen, baina orain ikusten ari gara nazioarteko komunitateko geroz eta gehiago gauza bera aitortzen ari direla». Ebazpenaren inguruan hitz egiteaz gain, Guterresek Gaza iparraldeko egoera humanitarioan jarri du arreta gaur. Haren iritziz, «erabat ezinbestekoa» da zerrendako eremu horretara laguntza «hornidura masiboa» bidaltzea, aintzat harturik, besteak beste, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak joan den astean ohartarazi zuela balitekeela datorren maiatzerako iristea gosea hara. «Horrek esan nahi du sarrera puntu gehiago ireki behar direla, ahaleginak elkartu egin behar direla, eta Israelek ez duela ez oztoporik ez mugarik izan behar», adierazi du Guterresek. «Hasieran, gure ahotsa bakar samar zegoen, baina orain ikusten ari gara nazioarteko komunitateko geroz eta gehiago gauza bera aitortzen ari direla [meniari buruz]». ANTONIO GUTERRES NBEren idazkari nagusia Eta adierazpenak zeresana eman du beste arrazoi batengatik ere: agerraldi horren aurretik, NBEko beste agentzia batek, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, jakinarazi du Israelek debekatu egin diola elikagai konboiak bidaltzea Gaza iparraldera. Philippe Lazzarini UNRWAko zuzendariak atzo X sare sozialean idatzi zuenez, Tel Avivek ez du onartuko laguntza gehiagorik zerrendako eremu hartarako, eta jada bi egun dira blokeoa indarrean dagoela: «Onartezina da, eta erakusten du nahita ari direla oztopatzen gizakiak eragindako gosete batean biziak salbatu ditzakeen laguntza hori». Horren ondorioz, UNRWAk espero du jende gehiago hilko dela Gaza iparraldean. 250.000 lagun daude han «harrapatuta», eta, Sam Rose NBEren agentzia horretako Planifikazio zuzendariaren arabera, Israelgo Gobernuaren erabakia «heriotza sententzia bat» da pertsona horien gehiengoarentzat. Zerrendako Osasun Ministerioak ez du kopururik eman goseagatik hil direnen gainean; aldiz, egunero jakinarazten du Israelgo armadak Gazan zenbat lagun hil dituen joan den urriaren 7an erasoa abiatu zuenetik. Azken datuen arabera, 32.300 pertsonatik gora dira —gaur gutxienez beste 50 hil ditu hainbat erasotan—. Israel, kexu aitortza posibleengatik Iragan asteko Europar Kontseiluan, Esloveniak, Espainiak, Irlandako Errepublikak eta Maltak jakinarazi zuten Palestinako Estatua aitortzekoak direla. Horregatik, haserre agertu da Israelgo Gobernua, eta Lior Haiat Atzerri Ministerioko bozeramaileak lau herrialde horiek kritikatu ditu gaur, argudiatuta onarpen sorta hori «terrorismoarentzako sari bat» dela. Europako Batasuneko 27 estatuetatik bederatzik aitortu dute Palestinako Estatua: Bulgariak, Errumaniak, Eslovakiak, Hungariak, Maltak, Poloniak, Suediak, Txekiak eta Ziprek. Gainera, beste hamahiruk bulego diplomatiko bat dute Jerusalem ekialdean edo Ramallahn.
Moody’s-ek Euskadiren kreditu-arriskuaren hobekuntza berretsi du, bere perspektiba positibora…

Moody’s-ek Euskadiren kreditu-arriskuaren hobekuntza berretsi du, bere perspektiba positibora igaro baita. Kalifikazio-agentziaren ustez, Euskal Autonomia Erkidegoak “kreditu-sendotasun nahikoa” du.
Akordioa lortu dute Siemens Gamesa Arazurin, hilabete eta erdiko…

Akordioa lortu dute Siemens Gamesa Arazurin, hilabete eta erdiko greba mugagabearen ostean. Akordioan jasotako hobekuntzen artean KPI igoerak daude: % 4,8koa 2023an eta % 3,75ekoa 2024an, 2025ean eta 2026an.
Hitzarmena berritzeko borroka betean, Bilbobuseko langileek greba eguna dute…

Hilaren 18ko eta 20ko greben ostean, astelehenekoa hil honetako hirugarren greba eguna izango da, eta hilaren 27koa izango da 24 orduko azken greba eguna; izan ere, negoziazioan aurrerapenik egon ezean, greba mugagabeari ekingo diote apirilaren 9an.
Korrika milaka lagunen artean iritsi da Baionara
Argitu da 23. Korrikako lekukoak 11 egunez gorde duen mezua. Garazi Arrula idazlea izan da egilea, Txalaparta argitaletxeko editore tafallarra. Joaldunen eta txalapartarien doinu artean igo da Baionako Askatasunaren plazako oholtzara. Milaka lagun elkartu dira han, aurtengo Korrika jendetsuaren erakusle. Garazi Arrula idazleak eta Txalapartqko editoreak idatzi du aurtengo Korrikaren mezua. Hauxe da 23. Korrikaren amaiera. @berria pic.twitter.com/g8etfryTDJ — Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 24, 2024 Arrularen mezuak azpimarratu du «Korrika dela herri bat gose: euskaraz harro bizitzeko gosea»; eta herri horrek ez duela euskararekiko «kontingentzia planik» nahi; baizik eta «egiazko trantsizioa». Halaber, mezuak esaten duenez, «desira transmisiorako bide behinena» izanagatik, ez da ahaztu behar «hizkuntzaren auzia politikoa dela; eta urgentziazkoa». Euskararen komunitatea zabaltzeko gura ere aipatu du mezuaren egileak: «Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Garenak eta izango direnak, etorri direnak eta etortzen ari direnak, dagoeneko bagarenak/badirenak». Euskal Herriko hainbat eragilek egin dituzte azken kilometroak. Lekukoa hauek eraman dute: Gure Esku, Etxerat, Sare eta Bakebidea, Errigora eta Agerraldia, alderdi politikoak, sindikatuak, UEMA eta Udalbiltza, Hekimen, hezkuntza eragileak, Azterketak euskaraz kolektiboa, Kontseilua eta Euskal Konfederazioa eta AEK. AEK-ren amaierako mezua Goizean goizetik hasi dira animazioak. Korrikalariek azken kilometroak egin dituzten bitartean, dantza jauziak eman dituzte Patxi eta Konpainiak Santizpiritu auzoko Gambetta plazan. 13:30ean hasita, «jai handia» egingo dute. Egunean zehar, hiru gune nagusi dira Baionan barna: Merkatuko plazan, San Andres plazan eta Patxa plazan izanen dira kontzertu nagusiak. Horrez gain, haurren xokoa eta EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberak prestatutako zikiroa ere badira dira Xaho plazan —Korrikaren webgunean eros daitezke sarrerak—. Azkenik, karrikako animazio andana ere izanen da, eta jateko eta edateko eskaintza zabala izanen da. Eraso sexista, arrazista eta homofoboen kontrako protokoloa ere plantan ezarri dute, erasorik gabeko gune bat sortzeko xedez. Prebentzio lana ziurtatuko du protokoloak, eta, erasorik gertatuko balitz, horiei erantzutea. Martxoaren 14tik 24ra, 2.700 kilometro, ehunka herri, milaka euskaltzale eta milioika taupada euskararen alde. Euskal Herria alderik alde zeharkatu du 23. Korrikak.
Harro herri, 23. Korrikako mezua
Korrika da herri bat gose iraun baino, haginka. Herri anbiziotsu bat ez baita husten agiritan. “Mintzairaren seta guk dugu, erromantiko porrokatuok, pikuan bizi garenok, zozook”. Halaxe zioen, ironiaz, zozo egoskor batek. Hegazti harrapari guztiek ehizatzen dute zozoa, gautarrek nahiz egunekoek. Ez omen du primaderan kantatzen, eta gure lurretan urriago dira pinu eta eukalipto birlandaketetan, tokiko baso autoktonoetan baino. Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa. Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntz-politikak: basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak, iruditeria. Egunerokoa hartu behar du biziko bada, Beskoitzen, Eguesibarren zein Bizkarsoro orotan. Baina hemen gara, zozoan elean. Ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara. Ez agur bat, ez txapa bat paparrean, ez lur zatitu bat. Ez da fenomeno meteorologiko bat, ez gastronomia huts, ez borondate libreko kontsumogai. Ez da brilli-brillizko bilgarria, ez trukerako txanpona. Ez da beste, ez besteena. Eta batez ere, batez ere, ez da diskriminazio iturri, ez inposizio. Bedi gutxiago konpetentzia, eta gehiago konpromiso, norabide, zeharlerro, harrobi-de. “Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake; euskarak gu baizik ez gaitu”. Halaxe zioen beste zozoren batek. Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara: ez gehiago, ez bestelako, ez gutxiago. Oxala, hizkuntza bat balitz, eta fini. Bestela esanda, ez dugu hazkunde lasterreko espezieen industria laborerik nahi, tokian tokiko basoak nahi ditugu, hangok eta hemengok babes hartzeko et bere egiteko, non zozoak izanen duen non kukutu, ibaiak nora isuri, onddoak zeri heldu, eguzkiak zer urtu. Kontingentzia planik ez: egiazko trantsizioa nahi dugu. Eta izanen bada, kolektiboa, antolatua eta lotsagabea izan beharko du. Elkar zainduz, bidea bizigarri eginez. Afektuaz ere ari baikara, afektatzeaz. Konplexurik gabe. Erabakitasunez bezala ahizpatasun haizez. Tinko eta fermuki, ados, baina amultsu, narras, hauskor ere bai. Gorputzetik pasako baita, halabeharrez. Desira bada transmisiorako bide behinena, ez dugu ahazteko hizkuntzaren auzia politikoa dela. Eta urgentziazkoa. Desira historia batean hasten da. Gurea egunero idazten, kontatzen, egiten gabiltza, gero bat gaurdanik sortzen, euskarari bere lekua munduan eta geroan finkatzen. Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Noranahiko, euskaraz gara. Udaberrian ere kantatuko dugu zozook. Bizi gareino kantatuko dugu; bizi deino, herri honek euskara dantzatuko du. Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten. Biba korrika, harro herria! [articles:2122753]
Hau guztia zertarako?
Ipar Euskal Herriak markatu du iparra. Esnatu gara Zuberoan, bazkaldu dugu Nafarroa Beherean eta lokartu gara Nafarroan. Saltoka jarri da Iruñeko Udaletxe plaza. Erriberako lur idorrak ez zuen egarririk. Egin dugu topa Arabako Errioxan. Kasik ito gara Gasteizen. Marea biziek hartu dute Bizkaiko kosta. Eta olatuak jarraitu du Gipuzkoan barrena Baionaraino; tsunamia bi horietan. Baina hau guztia zertarako? Kulturaren soka tenkatu ohi dute instituzioek, eta sokatira horretan erre izan zaizkigu oin azpiak, zartatu eskuak. Instituzioek, eta horien politikek, balio dezakete edo beharko lukete kulturaren —eta, beraz, euskararen— hari muturrak harilkatzeko eta estropu sendoa sortzeko. Estropua korapilorik gabeko soka da. Hariak elkarrekin dantzan, trentzatuz, osatzen dena, eta haustea ia ezinezkoa den eraztuna da. Balio du kontrako korronteei eusteko, atzera begira aurrera egiteko. Top kontrakorronteei, eta arraun. Top oldarraldiei, eta arraun. Euskal kulturak eskertuko luke instituzioen babes handiagoa, Korrikaren kilometroak erosteaz harago. Lekukoa harrotasunez zeruratzeko, egunerokoan euskara zeharkakotasunez landu behar da, maitasun hitz ederretatik ekintzara pasatu. Euskara ukitu ezin den ondasun higiezin baten moduan tratatu baino, urratu egin behar da, erabili; eta horretarako bideak erraztu behar dituzte boterea dutenek, erabilarazi, iristen ez zaionari heltzeko bideak zabaldu. Iritsarazi. Baina etxea ezin da teilatutik hasi. Eta ez du balio soilik atarian «kaixo» esateak, askotan zerbitzu publikoetan gertatzen den moduan. Euskaraz artatzen diguten medikuak nahi ditugu, tramiteak euskaraz egin nahi ditugu, baita azterketak ere. Orain arte, euskal herritarrek erakutsi dute badutela nahikoa indar herri gogotik pareta zurrunak hausteko, edota zirrikituetan bidea egiteko. Honela hasi ziren lehen ikastolak, gau eskolak… herritik, eta herriarentzat. Eta muga ikusezinek —eta uste baino ukigarriagoek— jarraitzen duten bitartean, segitu beharko dugu Korrika —eta antzerako egitasmoak, antzekorik bada— antolatzen. Euskarak eta euskal kulturak behar baitu herri gogoa piztea, euskararen su txikia sute izateko. Beraz, izan piromano. Eta hamaika eguneko lasterketa honek balio du muga ikusezin baina zurrunak malgutzeko, zapaltzaileak zaizkigun estatuei bat garela adierazteko. Herri hau plurala dela, eta aniztasuna kolorea dela. Lekua duela etorkinak, adinekoak, trabestiak, haurrak, gurpil aulkian doanak, gaztetxeroak, euskara ikasleak, feministak, queerrak… eta lekua ez ezik, gure bideak ere sarri gurutzatzen direla. Eta zeharkatzen gaituen zapalkuntza komun bat dugula: euskalduntasuna. Baina zapaldu bezainbeste puzten gaitu, horrek egiten baikaitu herri, euskaldun. Eta Korrikak balio du nork bere bidetik baino norbere bideak elkarrekin zabaltzeko eta urratu beharrekoetan bidelagun izateko. Alegia, nola baxoa hala brebeta egin behar ez dutenek ere Ipar Euskal Herriko lagunek euskaraz egiteko eskatzeko. Balio du herri gogo hori pizteko. Balio du euskaran ez ezik euskal kulturan ere alfabetatzen duen AEKri laguntzeko, publikoa duina izan arte alternatibak eraikitzeko. Balio du Euskal Herria idealean bizitzeko, lekukotik atzera, baina baita aurrera ere. Elkartasuna, zaintza, bizipoza eta indarra ikusten baita furgonetako kideen zein prentsa taldekoon artean ere. Funtsean, Korrikaren ibilbideak nola, hala jostea Euskal Herria, euskal gizartea, komunitateak eta komunikabideak. Segi sua pizten.
Ofizialtasun eske, erarik onenean
Euskal selekzioak ofizialtasunaren bidean neurtu ditu indarrak Uruguairen aurka San Mamesen, eta partida ofizial bat balitz bezala lehiatu dira bi selekzioak. Besteak beste, ohiko lagunarteko batetik gutxi izan baitu neurketak. Hasieratik erritmo bizia, intentsitatea, gogortasuna eta kalitatea nagusitu dira, eta bi taldeetako bat bera ere ez da arratsalde pasa zelairatu. Zelaian ez ezik, aulkian ere ika-mika bizian ibili dira bi selekzioetako hautatzaileak: Jagoba Arrasate eta Marcelo Bielsa. Serio demonio hartu dute konpromisoa, eta erakutsi dute irabaztea zutela helburu. Halere, berdinketarekin konformatu behar izan dute. Lehen zatian euskal selekzioak agindu du, eta azken jokaldian biribildu ditu lanak, Alvaro Djaloren gol bati esker. Bigarren zatiaren hasieran, hori bai, banakoa lortu du Uruguaik, Matias Vecinoren eskutik, eta ez da gol gehiagorik izan. Ikusgarri lehiatu dute bi selekzioek, eta etxekoek erarik onenean aldarrikatu dute ofizialtasuna, goi mailan lehiatuz. Harmailetan ere giro aparta nagusitu da, 34.500 zale bildu baitira San Mamesen. Deialdia osatzeko arazoak izan arren, talde duina zelairatu du hasieratik Arrasatek, eta jokalariek ez diote hutsik egin. Bi taldeek intentsitatea eta presioa izan dituzte ardatz, eta arazoak eduki dituzte baloia jokatuta ateratzeko. Lehen hogei minutuak ikusteko aski politak izan dira, baina apenas izan den gol aukerarik. Euskal selekzioak eman du lehen abisu garbia, 24.ean. Alex Solak gola sartu du, baina epaileak bertan behera utzi dio, jokoz kanpokoagatik. Arrazoi zuen. Minutuek aurrera egin ahala, nagusitzen hasi dira euskaldunak, eta ezinari ostikoka aurre egin diote uruguaitarrek. Joko itsusi samarra erakutsi dute une batzuetan. Euskal selekzioaren presioa gainditu ezinik ibili dira. Jokoan ezin zuenez, geldikako jokaldietan min egitea izan du xede Bielsaren selekzioak, eta gola ere sartu du partidako lehen ordu erdia bete denean. Kornerra atera, baloia bigarren zutoinera orraztu eta hantxe azaldu da Uruguaiko jokalari bat, baloia sareetara bidaltzeko. Ordea, epaileak txistua jo du, ustez jokoz kanpo zegoelako. Bazirudien husna hartuko zutela aldageletarako bidea bi taldeek, baina lanaren fruituak 45. minutuan jaso ditu etxeko taldeak. Gorosabalen erdiraketa baliatuta, jokaldi aparta osatu du Djalok, eta ez du barkatu ate aurrean. Aurkezpen gutun bikaina plazaratu du bizkaitarrak, hura izan baita partidako jokalari onena. Aulkietan, gorabeherak Bigarren zatiari begira, bost aldaketa egin ditu Arrasatek hamaikakoan, baina haiek partidari neurria hartzeko betarik ere ez dute izan, hamalau segundo bete direnean banakoa sartu baitute uruguaitarrek. Erdiraketa bat urruntzen ez du asmatu Aritz Elustondok, eta aldaratzean berdinketaren gola sartu du Matias Vecinok. Kolpe handia izan da euskal selekzioarentzat, eta urduri aritu dira jokalariak hurrengo minutuetan. Joera aldatu zaio lehiari, gero eta erosoago sentitu baita Bielsaren taldea. Moncayolak izan du aukera on bat beste arean, baina soilik salbuespena izan da. Zelaiko ezina gutxi ez, eta aulkian ere gorabeherak izan dituzte Arrasatek eta Bielsak. Aldaketekin ezadostasunen bat izan dute nonbait, eta haserre bizian ipini da Uruguaiko hautatzailea. Kontuak bere onera etorri direnean, hobera egin dute etxekoek, baina bigarren gola sartzerik ez dute izan. Uruguaik gertuago izan du bigarrena, zutoinera bidali baitu burukada bat partida amaieran, baina azkenean banakoarekin amaitu da lehia. Kasik lau urteren ondoren, duintasunez lehiatu da euskal selekzioa, baina garbi hitz egin du Aritz Elustondok amaieran. «Gozamen hutsa da partida hau jokatzea, eta bide egokian goaz, baina maizago aritu nahiko genuke».