Jardun Koordinadorak hartu du bere gain ekintza. Azaldu duenez, Maiatzaren Leheneko manifestazioaren amaieran ahalegindu dira Alde Zaharreko lokal bat okupatzen.
Maiatzaren Lehenean, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak aldarrikatu du badagoela «alternatiba» oligarkien eta politikari profesionalen alderdietatik kanpo. Mobilizazio jendetsua egin du Bilboko Kale Nagusian, eta militantzian eta borrokan oinarrituriko politika eredua defendatu du: «Burgesiaren boterea kolpatu eta langileen interesen menpe egongo diren instituzioen sorrera ahalbidetuko duen prozesua bultzatzeko atera gara kalera». Badago alternatiba. Langile boterea eraiki lelopean egin du martxa EHKSk. Eguneko martxarik jendetsuenetakoa izan da, eta zaratatsuena ziur. Borroka da bide bakarra, Maiatzaren Lehena borroka eguna da eta Gora iraultza sozialista oihuak izan dira Bilbon ozenen entzun direnak. Manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik atera da, eta Gasaren Plazan amaitu da, udaletxearen alboan. Bandera gorriak ziren nagusi, eta Antolakuntza komunista zioen pankartak. Bandera gorriak izan dira nagusi EHKSren Maiatzaren Leheneko manifestazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU Amaierako ekitaldian, deitzaileek gizarte kapitalistaren aurka langileriaren boterea eraikitzen jarraitzeko premia aldarrikatu dute. «Gaur egungo testuinguruan iraultza sozialistarena urgentziazko hautu politiko bat» dela nabarmendu dute, baita zergatia azaldu ere: «Burgesiak bultzaturiko austeritatearen, gerra sarraskien eta lurralde eta ekosistemen suntsiketaren aurrean». Ildo berean, salatu dute proletariotza gero eta modu nabariagoan dela pobrea, eta haren atzean burgesiak bere irabaziak «kosta ahala kosta» mantentzeko nahia dagoela. «Israel estatu genozida bat da; oinarritik hasita, haren existentziak Palestinako herriaren erailketa dakar. Horrenbestez, Israelgo Estatuaren izaera ez dela zilegia aldarrikatzea funtsezkoa da». EUSKAL HERRIKO KONTSEILU SOZIALISTA EHKSren ustez, erantzuna ezkerrak zein eskuinak hauteskundeetarako egindako promesetik kanpo dago; izan ere, haren ustez, instituzioetako «alderdi guztiak» daude gerran, eta austeritatean oinarritzen den oligarkien agenda babesten. Gerrak pisu handia izan du hitzaldian. «Espainiako Estatuaren kasua» aipatu dute, eta azaldu PSOEren eta Podemosen agintaldian 24.000 milioi eurotik gorako inbertsioa egin duela gastu militarrean. Palestinako herria ere izan dute gogoan ekitaldian. «Maiatzaren Lehenean ere, Palestinako herritarrei eta erresistentziari elkartasuna adierazi nahi diegu», eta gogor kritikatu dute Israel: «Estatu genozida bat da; oinarritik hasita, haren existentziak Palestinako herriaren erailketa dakar. Horrenbestez, Israelgo Estatuaren izaera ez dela zilegia aldarrikatzea funtsezkoa da».
Hego Euskal Herrian, aurten ere, ordezkaritza handiena duten sindikatuek bereizita egin dute mobilizazioa. Ipar Euskal Herrian, aldiz, sindikatu nagusiek manifestazio bateratua deitu dute.
Itsaso amniotikoa (Elkar) poema liburuaren muinak Karmele Igartua sormen beka jaso zuen 2022ko abenduan, Idazle Eskolak eta Aretxabaletako Udalak antolatutako ekinaldiaren 12. aldian, hain zuzen. Oihane Jaka Irizarrek (Donostia, 1985) urtebeteko epea izan du geroztik, muin hori osatzeko eta umotzeko. Tere Irastorza poeta eta Idazle Eskolako irakaslea izan du bidaide. Jakaren «minimalismoa» aipatu du Irastorzak: «Oso gauza gutxirekin egin du dena, eta formaren aldetik oso elementu sinpleekin egiten du jolas». Elementuen artean garrantzitsuena, hizkuntza bera: «Batzuek horri hitz-joko esaten diote, baina, ene ustez, pentsamendu haziak dira. Amatu eta asmatu. Ez dakit sekula asmatuko dugun ama garenok ama izaten. Horrelako asko dago». Liburu gisa, hiru zatitan dago egituratuta: 11 urte, 11 hilabete eta 11 egun, hurrenez hurren. Eta hor ere bada hizkuntzaren jokorik, 11 horiek zehaztasunaren ezaugarri guztiak hartzen baitituzte, baina indeterminazioaren antzik galdu gabe, alegia, hamaika edo asko izateari utzi gabe. Itsaso amniotikoa-k ama izateari heltzen dio. Amatasuna eta sena ageri dira, betiere idazlearen eta bere inguruaren ikuspegitik: «Hor esandako guztia ez zait niri gertatu, baina esandako guztiaren jabe naiz». Jaka amatasunaz harago doa, halere. Ama izango den horrek lehen izandako umeari begiratuko baitio, bai eta ondoren helduko direnei ere: «Poema batean diot zuhaitzaren adarraren azken puntan nagoela ni, eta nork ekarri nauen, lekukoa nori emango diodan edota adarra noraino iritsiko ote den ari naizela galdezka». Ume izan zen horrek, hain zuzen, aita galdu zuen 11 urte zituela, eta zorigaitz erabakigarria izan zen bere bizitzan, nola liburuan ere. Heriotzak zipriztindutako haurtzarotik bizitza berri baten sortzera igaroko da poeta Itsaso amniotikoa liburuan, tartean bi trantsizio direla: batetik, heriotzatik bizitzarakoa, eta, bestetik, alabaren bizipenetatik amarenetarakoa. «Poema batean diot zuhaitzaren adarraren azken puntan nagoela ni, eta nork ekarri nauen, lekukoa nori emango diodan edota adarra noraino iritsiko ote den ari naizela galdezka».OIHANE JAKA IRIZAR Idazlea Liburua zeharkatzen duen gai osagarria galera da. Hiru ataletan ageri da; ez da, ordea, galera bera hiruretan. Lehen atalean, 11 urte, heriotzaz ari da. 11 hilabete atalean haurdunaldiari buruzko poemak batu ditu, eta, hor, jaioko ez den haurra da galera. 11 egun atalak, berriz, erditzeari eta erditze ondoko egunei heltzen die, eta, kasu horretan, beteko ez diren desioak dira galdutakoa. Hirugarrena da atalen artean mardulena. Hainbat gai aipatzen dira: erditzea, erdiondoko oinazea, ondorio fisiko eta emozionalak, edoskitzea, matrioxkaren segidan non kokatu eta beste. Zuhaitza eta matrioxka Bi metafora nagusi baliatu ditu Jakak. Bata zuhaitzaren uztaia da. Irastorza: «Gorantz hazten ikusten ditugu zuhaitzak, baina biribilean ere hazten dira». Bigarren metafora matrioxka da. Eta horrek ere zuhaitzarekin egiten du bat: «Goitik begiratuta, zuhaitz bat baita matrioxka, baina emakume figura gabe». Irastorzak eboluzioa ikusi dio behinola Idazle Eskolan ikasle izan zuenari: «Hasieran biologoa zela ikusten nuen, eta orain ikusten dut badela natura bat, eta badagoela mekanika bat, erditu gabe ama izaten asmatze bat». Izan ere, Biologian doktore eta zientziari estuki lotua da Oihane Jaka, baina literaturarako eta bereziki poesiarako zaletasuna betidanikoa du. Nerabe zela hasi zen idazten: «Noizik eta behin egiten nuen, eta gauza solteak idazten nituen». Doktoretza bukatuta, Idazle Eskolan eman zuen izena, poesia landuko zuela jakitun. «Ordura arte, bakarka aritu nintzen beti, eta ezjakintasun sentsazioz egiten nuen. Irastorzaren klaseek mundu bat zabaldu zidaten, oso inspiratuta ateratzen nintzen haren klaseetatik, eta ikaskideekin aritzea ere oso aberasgarria izan zen». Itsaso amniotikoa poema liburuaren harira, Karmele Igartua bera ekarri du gogora Tere Irastorzak: «Amaiera on bat hasiera bat dakarrena dela esaten zuen hark, eta horretara bete-betean dator liburu hau, Oihane Jaka berriz ere idazten eta sortzen hasteko prozesuan jartzen baitu».
Nafarroako Arartekoak urteko txostena aurkeztu du gaur Nafarroako Parlamentuan. Oro har, Arartekoak 3.583 jarduketa jaso zituen 2023an, aurreko urtean baino zortzi gehiago. Kexa gehien jaso duten sailak ongizatea, osasuna, hezkuntza eta enplegua izan dira. Izan ere, aurreko urtearekin alderatuta, ongizatearekin eta osasunarekin lotutako kexek gora egin dute. Beste gai batzuek ere kexak eragin dituzte; besteak beste, etxebizitzak, trafikoak eta ingurumenak. Arartekoak duela hamar egun helarazi zion txostena Unai Huarte parlamentuko presidenteari, eta gaur aurkeztu du Patxi Vera Nafarroako Arartekoak Parlamentuan. «Datuez harago, garrantzitsuena pertsonak dira», azpimarratu du. Izan ere, 5.000 pertsonak baino gehiagok jo zuten iaz arartekora: «Sentitzen dute administrazioak ez dituela ondo tratatzen, ez dituzte euren eskubideak bermatuta ikusten, eta berdintasun handiagoa eskatzen dute». Jasotako jarduketen artean, besteak beste, 1.869 kontsulta eta kudeatutako 1.436 kexa jaso dituzte. Horrez gain, ofiziozko 28 jarduketa jaso dituzte; baita 19 bitartekaritza espediente, zortzi hobekuntza proposamen eta gizarte erakundeekin 34 topaketa ere. Txostenaren arabera, kudeatutako 628 kexa herritarren alde ebatzi dituzte. Veraren arabera, konponbidea bilatzeko momentuan erakundeek argudiatu izan dute baliabide falta dutela, edota kudeaketan akatsak izan dituztela. «Txostenak egiaztatzen du Arartekoaren zerbitzua erabilgarri, hurbil eta konfiantzakotzat jotzen duela gizarteak; administrazio horiei enpatia eta pertsonei zerbitzua emateko bokazio handiagoa eskatu behar dizkiegu», erantsi du Verak. 1 Ongizatea Ongizateari lotutakoak izan dira kexa gehienak: 155 kexa, aurreko urtean baino 61 gehiago. Bereziki, mendekotasunaren balorazioa egiteko itxaron zerrendekin daude kezkatuta herritarrak. «Araudiak ezarritako epeekin alderatuta, atzerapena neurriz kanpokoa da, eta horrek beste zerbitzu batzuk eskuratzeko denbora atzeratzen du», azaldu du Verak. Hortaz, mendekotasunaren balorazioaz gain, beste laguntza batzuk jasotzeko itxaron zerrendei buruzko kexak ere aurkeztu dituzte nafarrek. 2 Osasuna 2022tik 2023ra, %53,9 areagotu dira osasunarekin lotutako jarduketak: 2023an, 117 kexa jaso zituen Arartekoak. Ongizatearen kasuan bezala, itxaron zerrendek eragin dute haserre gehien; hau da, medikuen kontsulta lortzeko edota operazioak egiteko itxaron beharreko denborak. «Itxaron zerrendetako atzerapenengatik jarritako erreklamazioak beste urtebetez mantendu dira, Osasun Departamentuak guk bidalitako erreklamazioei erantzuten dien arren», zehaztu du Verak. Haatik, kritikatu du kexa guztiek ez dutela erantzun bera jaso: «Birus batzuen kontrako txerto batzuen inguruan galdetu diegunean, Osasun Departamentuak ez du berdin erantzun». 3 Hezkuntza Ongizatean eta osasunean ez bezala, hezkuntzarekin lotutako kexek behera egin dute nabarmen. 2022an 349 kexa jarri zituzten herritarrek; 2023an, berriz, 98. Verak zehaztu du arartekora iristen diren bullying kasuak «icebergaren punta besterik ez» direla. Beste hainbat kexa jaso dituzte garraioarekin eta jantokiarekin lotuta. 4 Enplegu publikoa Txostenean jaso dutenez, enplegu publiko baterako sarbidearekin lotutako 68 kexa jarri zituzten herritarrek 2023an. «Enplegu publiko bat berdintasun, merezimendu eta gaitasun baldintza berberetan eskuratu nahi duten herritarren kexak dira», zehaztu dute txostenean. Esate baterako, horietako kexa batzuk aurkeztu zituzten Osasun Departamentua atzeratu egin zelako 424 erizain lanposturen oposizio lehiaketa ebazten. 5 Etxebizitza Etxebizitzarekin lotutako kexa kopurua ez da asko aldatu urte batetik bestera. 68 jaso zituzten 2023an, eta 67 urtebete lehenago. Velak aitortu du «atsekabetuta» dagoela, kasu «larriak» artatu behar baitituzte: «Gela bakar batean bizi diren guraso bakarreko familiak artatzen ditugu, edota kalean bizi diren herritarrak; eta badakigu hutsik dauden etxebizitzen errolda eginda dagoela». 6 Beste kexa batzuk Trafikoa, ingurumena, funtzio publikoa, herritarren segurtasuna eta ogasuna. Kexa gehien jaso duten gaiak izan ez arren, ugariak izan dira horiekin lotutako jarduketak. Esate baterako, trafikoarekin lotutako 67 kexa bildu dituzte, aurreko urtean baino sei gehiago. Velak eman du azalpena: «Garabiak ibilgailuak kentzen ditu Iruñean; hori da gatazka iturri nagusia». Ingurumenak ere kezkatzen ditu herritarrak. «Herritarren protestak areagotu egin dira, euren etxeetan jasaten duten zaratagatik, batez ere goizaldean, aisialdiagatik zein garbiketa edo zabor bilketaren jarduerengatik», adierazi du Nafarroako Arartekoak. Ogasunari dagokionez, herritarrak kexu dira hainbat prozedura modu telematikoan egitera behartzen dituztelako.
Aurretik ere ahalegindu zen, baina, azkenean, ez zen akordiorik izan BBVAren eta Sabadellen artean, salerosketaren prezioa dela eta. Ikusirik Sky News Erresuma Batuko telebista kateak horri buruzko informazioa zabaldu duela, BBVAk baieztatu du berriro ere saiatuko dela Sabadell bereganatzen. CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari igorritako prentsa oharrean, berretsi du operazioa aztertzeko adituak kontratatu dituela. Oharra kaleratu eta ordu erdira, «astearteko 13:43an» bat egite baten aukera aztertzeko proposamena jaso duela baieztatu du Sabadell berak. «Administrazio Kontseiluak behar bezala aztertuko ditu proposamen honen alderdi guztiak», adierazi du Gonzalo Barettino bankuko idazkari nagusiak. Albistea baieztatu eta berehala, Ibex-35 indizean Sabadell bankuaren kotizazioa %7tik gora igo da, baina, arratsaldeak aurrera egin ahala, beherantz egin dute. Merkatua ixteko garaian eta atzoko balioarekin alderatuta, %3,37koa zen igoera. Alderantziz, BBVAren akzioak %6,65 merkatu dira. BBVAk CNMVra igorritako oharrak azaltzen duenez, «prentsak kaleratutako informazioak» bultzatu du operazioaren berri ematera. Bankuak adierazi du aholkulariak kontratatu dituela. Sky Newsek zabaldutakoaren arabera, kontratatutako finantza erakundeen artean JP Morgan estatubatuarra dago. Operazioak ustekabean hartu du finantza sektorea. Tamaina ertaineko banku bat beretzeko aukeraz hitz egin da, eta horietako bat Unicaja izan zitekeen. Lehen hiruhilekoko emaitzak kaleratu osteko egunean etorri da albistea. BBVAk urtarriletik martxora 2.200 milioi euro garbi irabazi zituen, iaz epe berean baino %19 gehiago. Bilioi bat euroko balantzea Abiapuntuan baino ez daude bi erakundeak, eta ikusiko da operazioa burutuko ote duen. Hala balitz, are handiago egingo litzateke BBVA taldea. Egun, Sabadellek burtsan dituen akzioen balorazioa aintzat hartuz gero, ia 10.000 milioi euroko kapitalizazioa du —9.900 milioi eurokoa—-. BBVA beraren kapitalizazioa gehituta, 70.000 milioi euro inguruko ondarea luke. Aktiboei dagokienez, bilioi bat euroko langa gaindituko luke, Europako finantza erakunde handienen pare —betiere lehiaren inguruko agintaritzak har ditzakeen neurrien menpe—. Duela lau urte, bi asteko negoziazioen ostean, Sabadell bankuko arduradunek ez zuten onartu BBVAren eskaintza. Operazioaren prezioa izan zen oztopoetako bat. Unean uneko argazkiaz gain etorkizuneko bilakaera baloratzerako orduan ez ziren ados jarri. Sabadellen arabera, BBVAk ez zuen kontuan izan «negozioaren potentziala eta bankuaren independentziaren galera». Hain justu, hori izan zen beste oztopoa: BBVAren asmoa zen banku berria kontrolatzen jarraitzea. Saio berri honetan ikusiko da bi aldeak gai ote diren korapilo horiek askatzeko.
BBVAk astearte honetan baieztatu duenez, Sabadelleko Bankuari bi erakundeen arteko bat-egitea aztertzeko negoziazio berriak hasteko interesa helarazi dio.