Estatuak ezarritako antxoaren kuota arrantzaldi honetan 31.614.622 kilokoa da. Kantauri itsasoan (Euskadi, Kantabria, Asturias eta Galizia) 11,4 milioi kilo harrapatu dituzte, hau da, Estatuko kuotaren % 36. Antxoaren batez besteko prezioa 1,55 €/kilokoa da.
«Eleberri dokumentala» da Nuria Cadenes idazlearen Guillem. 2022an eman zuen argitara, eta Guillem Agullo militante antifaxista eta independentista valentziarraren hilketa eta haren ostekoak ditu oinarri. 1993ko apirilaren 11n hil zuten gaztea, eta belaunaldi oso bat markatu duen ikur bilakatu da geroztik. Haren senide eta lagunak elkarrizketatuta, epaiketa prozesua dokumentatuz eta sasoi hartako egunkariak kontsultatuz osatu zuen kontakizuna idazleak, eta Valencia Negra eta Lletra D’or sariak jaso ditu horri esker. Amaia Apalauza Ollok itzuliko du orain, (H)ilbeltza bekari esker. 6.000 euro jasoko ditu horretarako, eta 2025eko abenduan emango du argitara Txalaparta argitaletxeak. Antolatzaileek ezarritako testu zati bat itzuli behar zuten hautagaiek, eta hamar lagin aurkeztu dira. Apalauzarena nabarmendu du epaimahaiak guztien artean. Azpimarratu dutenez, katalanezko testuaren erritmoa euskaraz nola gorde duen da bereziki aipagarria. Horretarako joskera zaindu eta euskararen baliabide ugariak baliatu dituela ere txalotu dute. Haien hitzetan, «jario eta aberastasun handiko testua» da emaitza. Sorkuntza eta itzulpena Euskal Filologia ikasi zuen Apalauzak, eta Nafarroako euskarari buruzko doktore tesia aurkeztu zuen 2011n. Itzultzaile-zuzentzaile autonomoa da egun, eta EIZIEko zuzendaritza taldeko kidea. 2015. urtean argitaratu zuen lehen literatura itzulpena, Literatura Unibertsala bilduman: Sergei Dovlatoven Maleta ipuin liburua. Hark ekarri ditu euskarara Irene Pujadasen Puskak (Igela, 2022) eta Montserrat Roigen Gerezi-denbora ere (Consonni, 2024) . Baztanen egiten duten (H)ilbeltza jaialdiari lotuta dago (H)ilbeltza beka, eta 2019an jarri zuten abian. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen dute, eta euskarazko nobela beltza sustatzea da xedea. Horretarako, txandaka saritzen dituzte sormen eta itzulpen lanak. Orain artean, beste hiru itzulpen eman dituzte argitara beka horri esker: Patricia Highsmithen Lardaska, Josu Barambonesek euskaratua; Massimo Carlotto italiarraren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik itzulia; eta Fred Vargas frantsesaren Altxa, hildakoak, Beñat Irastorzak euskaratua. Euskaraz sortutako bi lan ere eman dira argitara, gainera: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak eta Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu. Eta 2025eko (H)ilbeltza jaialdian aurkeztu asmo dute iaz garaile suertatu zen Joxan Oizen egitasmoa.
Joan den apirilaren 26an, ke zuri batek aztoratu zituen Bilboko Zorrotza, Basurtu eta San Ignazio auzoetako bizilagunak. Auzokide askok telefonoz deitu zieten larrialdi zerbitzuei, eta handik gutxira ertzainak, udaltzainak eta suhiltzaileak bertaratu ziren. Bi anbulantzia ere bidali zituzten hara, bizilagunek adierazi dutenez. Eusko Jaurlaritzaren arabera, «azidoaren eta uraren arteko erreakzio batek» sortu zuen ke lainoa, eta «berez» disolbatu zen airean. Baina auzokideak ez daude lasai, eta gaur iluntzean ehunka lagun manifestatu dira Zorrotzan, Sader-Profersa Kanpora plataformak deituta, «auzoetan aire garbia» eskatzeko. Profersa izeneko lantegian gertatu zen isuria. Zorrotzan dago Profersa, hirigunean, eta ongarriak egiten ditu. Horren aldamenean Sader dago, hondakin arriskutsuak tratatzen dituen lantegia. Enpresa biak Agaleus taldekoak dira. Duela bi aste, ingurune horretako zenbait taldek, auzo elkartek eta erakunde ekologistak batzarra egin zuten Zorrotzan, eta Sader-Profersa Kanpora plataforma aurkeztu zuten. Sinadurak biltzeari ere ekin diote, bi enpresak gaur egun dauden tokitik kanpora eraman ditzatela eskatzeko. Joan den asteko isuriak hauspotu baino ez ditu egin auzokideen aldarriak: gaur arte, plataformak 2.300 sinadura inguru jaso ditu. Lucia Ortiz Kanala auzo elkarteko kidea da, eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioan ere badago. Hark dioenez, prentsan agertutakoa eta larrialdietako zerbitzuetakoek han bertan esandakoa baino ez dakite duela astebete gertatutakoaz: «Ikusi genuen kea kontrolik gabe ateratzen zela, eta larrialdietako zerbitzuetakoek esan ziguten bi gasen arteko erreakzio bat izan zela, baina ez dakigu zeintzuk ziren gas horiek, ezta zergatik gertatu zen ere; ez dakigu istripuren batek edo zerk eragin ote zuen erreakzio hura». Gertaera bat etorri da inguru horretako elkarteek abiarazitako azken kanpainarekin, baina bizilagunen kexak aspaldikoak dira. Auzokideek urteak daramatzate esaten kirats handia ateratzen dela bi lantegi horietatik, gauez batez ere; eraikinek xaflak falta dituztela eta askotan ikusi dutela kea zirrikituetatik ateratzen; eta isuriek zorabioak, eztarriko mina eta begietako azkura eragiten dizkietela. «Enpresa horien jarduera beharrezkoa da, baina leku egoki batera eraman behar da, jarduera horretara egokitutako azpiegiturekin, gutxieneko kontrolarekin eta isuririk gabe». LUCIA ORTIZ Kanala auzo elkarteko kidea Sader lantegia, esaterako, 1986koa da, enpresa kutsatzaileak hirigunean egotea hain ezohikoa ez zen garai batekoa. Urtean 100.000 tona hondakin kudeatzen ditu, Euskal Herriko beste leku batzuetatik eta kanpotik ere ekarriak: urtero 8.000 kamioi inguruk eramaten dituzte hondakin horiek enpresara, horrek dakartzan kutsadura eta arazoekin. Azken 40 urteetan ugariak izan dira protestak eta enpresa beste leku batera eramateko eskaerak. 2010 inguruan Cadagua Beheko Usainen Mahaia izeneko batzordea eratu zen, eta ikerketa bat egin zuen inguruan hedatzen ziren kiratsen jatorria atzemateko. «Gure ustez, usainak baino ez aipatzea arreta desbideratzea da, arazo larriena kutsatzaileen emisioa baita», azaldu du Ortizek. Edonola ere, azterketaren emaitzetako bat izan zen Sader usain txarren erantzuleetako bat zela. Enpresa itxi edo lekualdatzeko egitasmoari epea jarri zioten: 2018. Sei urte igaro dira, eta enpresak hor jarraitzen du. Orain, 2028. urtea aipatzen dute Sader ixteko epemugatzat, Bilboko Hirigintza Planean sartu beharreko aldaketak direla eta. 2022an, Sader Ortuellara (Bizkaia) eramateko aukera izan zuten hizpide, baina horrek Meatzaldeko herri horretako bizilagunen haserrea piztu zuen, eta mobilizazioak egin zituzten egitasmoaren kontra. Gaur egun, badirudi proiektu hori geldituta dagoela. Aste honetan bertan beste irtenbide posible bat plazaratu da: El Correo egunkariak argitaratu duenez, Agaleusek eskabide bat egin du hondakinen tratamendurako planta bat irekitzeko Bilboko portuan (Santurtzi-Zierbena). Horrek ekarriko luke Zorrotzako azpiegitura itxi eta haren jarduna hara eramatea. Neurgailurik ez Sader eta Profersa enpresen inguruko polemikak beste arazo bat azaleratu du: alderdi horretan airearen kalitatea kontrolatzeko sistemaren gabeziak. «Usainen Mahaia eratu zenean, airearen kalitatea neurtzeko hiru gune zeuden Zorrotzan, eta beste sei inguruko herri eta auzoetan», azaldu du Ortizek. «Egun, Zorrotzan ez dago airearen kalitatea neurtzeko gunerik, eta besteetatik, gehienak desagertu dira. Gainera, 2023an Eusko Jaurlaritzaren neurgailu mugikor bat suntsitu zuten ezezagun batzuek. Ez dugu ulertzen nork izan dezakeen interesa horrelako tresna bat suntsitzeko, baina emaitza da ez dakigula zer dagoen airean, neurgailurik ez dugulako». Joan den otsailaren 29an, Bilboko Udalak aho batez onartu zuen proposamen bat, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko airearen kalitatea neurtzeko bi gune ezar ditzala Zorrotzan. Suntsitutako neurgailua bi hilabeteko epean ordezkatzeko ere eskatu zuen osoko bilkurak. «Enpresa horien jarduera beharrezkoa da, baina leku egoki batera eraman behar da, jarduera horretara egokitutako azpiegiturekin, gutxieneko kontrolarekin eta isuririk gabe», azaldu du Ortizek. «Gaur egun, XXI. mendean, ez da zentzuzkoa horrelako instalazioak hirigunean egotea». Udalerri handietan emisio gutxiko eremuak ezartzeko beharrak areagotu du Sader-Profersa beste norabait eramateko premia, Ortizen esanetan: «Bilbo legez behartuta dago emisio gutxiko eremu bat ezartzera, eta Barakaldo ere bai. Nola liteke hirigunean bertan horrelako enpresak egotea, airearen kalitatea pobretu dezaketen emisioak isurtzeko modukoak, ehunka kamioi erakartzen dituztenak, eta etxebizitzen, eskolen eta Basurtuko eta Gurutzetako ospitaleen ondoan daudenak? Horrek ez du ez hanka eta ez buru». Zorrotzan daude bi enpresak, eta gaurko mobilizazioa ere auzo horretan antolatu dute, baina, Ortizek nabarmendu duenez, arazoaren eragina zabalagoa da: «Zenbait ikerketatan nabarmendu dute itsasadarrak tximinia baten funtzioa egiten duela, eta, haizearen norabidearen arabera, kea Bilboko gainerako auzoetara, Barakaldora eta Erandiora iristen da. Aireak ez du aterik. Horregatik, erakundeek benetako soluziobideak topatu behar dituzte, egoera luzatu beharrean. Auzokideak beldurtuta daude, eta logikoa da. Ez dugu beste istripurik nahi».
Astebete da gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bere buruari bost eguneko atsedenaldia eman ziola, eskuinatik eta eskuin muturretik helduriko erasoen harira zer egin hausnartzeko: kargua utzi edo agintean jarraitu. Orduan ere, inkesta plazaratu zuen BERRIAk sare sozialetan, irakurleen iritzia jasotzeko. Argi adierazi zuten horiek ustea: mila iritzi pasatxo jaso zituzten inkestek, eta erantzuleen %80k baino gehiagok adierazi zuten Sanchezek ez zuela kargua utziko. Baita asmatu ere. Joan zen astelehenean, Sanchezek adierazi zuen presidente karguan jarraitzeko asmoa zuela. «Konpromisoa» hartu zuen «lanean» jarraitzeko «eskubideen eta askatasunen arloan aurrera egin, eta haiek berma daitezen», baita «demokrazia biziberritu dadin» ere. Edonola ere, ez zuen neurri zehatzik iragarri, albiste faltsuen kontra egiteko, edo Espainiako epaileen organuak eraberritzeko. Orduan, askok ahotan hartu zuten Sanchezen jokaldia bera. Bost egunez arreta bereganatu zuen hark, eta jokabidea Ezer ez eta antzerkia izan zela idatzi zuen Amagoia Mujika Tolaretxipik, analisi batean. Adarra jo digu Sanchezek? galdetu zuen Martxelo Otamendi Egigurenek, iritzi zutabe batean. Eta Sanchez: Machiavelli edo Zizeron ote zen aztertu zuen Fito Rodriguez idazleak. BERRIAk irakurleei berriz galdetzea erabaki zuen. «Balekoak al dira Sanchezek jokaldia azaltzeko emaniko arrazoiak? Edo efektu kolpe estrategiko bat izan al da?». Aferaren inguruko lehenengo galdeketarekin gertatu bezala, erantzun dutenek argi daukate, eta antzeko proportzioetan, gainera. Denera 435 irakurlek erantzun diote galdeketari. Horietako %80k iritzi diote efektu kolpe estrategikoa izan dela, Telegram sare sozialean. %20k uste dute Sanchezek emaniko arrazoiak balekoak direla. https://t.me/berriaegunkaria/8073 Twitterren are gehiago dira efektu kolpe estrategikoaren hipotesiaren aldekoak: %84,6, eta balekotzat hartu dutenak 15,4ra jaitsi dira. Zeresana eman du Pedro Sanchezen hordagoak azken egunotan. Irakurleoi berriz galdetu nahi dizuegu horren inguruan: Balekoak al dira Sanchezek jokaldia azaltzeko emaniko arrazoiak? Edo efektu kolpe estrategiko bat izan al da?https://t.co/NLifqlv0QW — Berria.eus (@berria) April 29, 2024
Makinistei iaz egindako aparteko lanorduak konpentsatzeko, hainbat zerbitzu murriztea erabaki du Renfek, datozen zazpi egunotan. Gipuzkoan ere murriztu egingo da aldirietako zerbitzua, kasu horretan AHTren lanek eraginda.
Erreserba Federalak interes tasak mantendu ditu (% 5,25 – 5,5), inflazioaren aurkako “urrats faltagatik”.Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Erreserba Federalak % 5,25 eta % 5,5 artean utzi ditu interes tasak, eta ez du uste egokia denik horiek jaistea inflazioa % 2ra hurbildu arte.
Neurketa handia eginda esan dio agur Baskoniak 2023-2024 denboraldiko Euroligari. Real Madrilen aurka 98-102 galdu dute arabarrek Buesa Arenan. Kanporaketetako hirugarren partida zen, eta azkeneko bala zuten arabarrek. Irabazteak soilik balio zien. Haien eskuetan zegoen guztia egin dute jokalariek laugarren partida bat jokatzeko, baina ez da posible izan. Lehen 33 minutuak aurretik egon ostean, minutu erabakigarrietan gehiago izan dira bisitariak, eta kanporaketako hirugarren garaipena eskuratu dute. Orain, ordea, ezin dira nahigabetu. ACB ligako kanporaketetara sailkatzea izango baitute jokoan datozen asteetan. Ondo abiatu du partida Baskoniak. Madrilen ez bezala, kanpoko jaurtiketetan asmatzen hasi da, eta oldarkor aritu da defentsan, madrildarren antolatzaileei asko pentsatzen utzi gabe. Gutxitan bezalako nahia erakutsi du Dusko Ivanovicen taldeak neurketa hasieran. Hala ere, espero zitekeen bezala, lanak izan dituzte Tavares eta Poirier gelditzeko. Erasoan, taktika aldatu gabe: Costello hiruko marratik Tavares zonatik ateratzeko. Ivanovicenek kanpoko jaurtiketak baliatu dituzte lehenengo abantaila lortzeko. Costellok eta Rogkavopoulosek fin hasi dute partida, eta haien bitartez lortu dute lehen abantaila: 17-11. Hala ere, ondo eutsi dio Chus Mateoren taldeak arabarren hasierari, eta defentsa onak eta trantsizio azkarrak baliatu dituzte min egiteko. 22-22 amaitu da erritmo bizian jokatu den lehen laurdena. Bigarren laurdena hasi baino lehen eten bat egin da, mahaian arazoak zituztela eta. 10 minutuz geldirik egon da partida, baina jokalariak ez dira hoztu, eta puntu jasa itzela ikusi dute zaleek. Howardek bederatzi puntu sartu ditu zaleren bat tabernatik itzuli denerako; 15-5eko partziala egin dute arabarrek hiru minutuan, eta hamar puntuko abantaila lortu dute. Arabarrak baino beranduago esnatu dira zuriak, eta ordura arte jokatu gabe zegoen Sergio Chacho Rodriguezek hartu du aginte makila. Hortik atsedenaldira bitarte, erasoko jokoan daukaten gaitasuna erakutsi dute bi taldeek. Codi Miller-McIntyrerrek eta Marinkovicek piztu dute arabarren sua, eta blokeo zuzena baliatu dute bisitariek erantzuteko: 56-52 atsedenaldian. Atsedenalditik bueltan baloia galdu ditu Baskoniak lehen bi jokaldietan, baina berehala lortu du hamar puntuko aldea berriro ere, ordura arteko handiena. Baina, beste behin, une txarra gainditzen jakin dute bisitariek. Tavaresek eta Campazzok lan handia egin dute atzean, eta haien oldarkortasunari esker 3-12ko partziala egin dute zuriek. 73-72 joan da partida azken laurdenera. Real Madrilen hordagoa Azken laurdenean izarren txanda izaten da, eta Howardek hartu zuen erantzukizuna arabarren erasoan. Zazpi puntu sartu ditu laurdenaren hasieran, eta Mateok hutsartea eskatu behar izan du. Baskoniaren enbidoa. Chacho eta Yabusele azaldu dira orduan, eta 3-16ko partziala izan da madrildarren erantzuna: hordagoa, eta zortzi puntuko aldea hartu dute markagailuan lau minutu baino gutxiago gelditzen zirenean (83-91). Zaleen bultzadak lagunduta, baina, bi puntura gerturatu dira etxekoak. Azken minutuetan erabaki da neurketa, eta hor, Real Madril nagusitu da. Bertan amaitu dira arabarren ametsak, eta Euroligatik kanpo gelditu dira. Penatuta utzi dute Buesa Arenako kantxa jokalariek, baina zaleen txalo zaparrada eta esker ona jaso dute, egindako lanarengatik. Ivanovic ere atsekabetuta agertu da partida amaitzean, baina «harro» jokalariek egin duten neurketarekin: «Gaur jokatu behar genuen bezala jokatu dugu. Baina batzuetan horma baten kontra joatearekin tematzen gara. Pazientzia gehiagorekin jokatu behar dugu. Hala ere, ezin diet ezer jokalariei ezer aurpegiratu. Lan bikaina egin dute».
ELAk karga politiko handiko mezua zabaldu du aurtengo Maiatzaren Lehenean. Mitxel Lakuntzak Bilboko mobilizazioaren aurretik hartu du hitza, eta zuzenean mintzatu zaio EAJren eta PSEren arteko egunotako negoziazioetatik osatuko den Eusko Jaurlaritza berriari: «Lehendakari, gatazka soziala eta laborala irekita dago. Norabide aldaketa behar da, orain arte egin ez dena egiteko». Ezkerreko alderdiei ere egin die enkargua, eta benetako konfrontazioa egiteko eskatu die. ELAk bi manifestazio egin ditu Maiatzaren Lehenean, bat Bilbon eta beste bat Iruñean. ‘Antolatu, borrokatu, irabazi’ lelopean bi hirietako erdiko kaleak gurutzatu ditu. Zuzendaritzako kide gehienak Bilbokoan atera dira, eta haien atzetik, ohi bezala, sindikatuak irekita dauzkan lan gatazketan inplikaturiko langileak joan dira, bakoitza bere pankartarekin. Jendetza bildu da, azken urteetako Maiatzaren Leheneko manifestazioetan adina. «Konfrontazio politiko, sozial eta sindikala ezinbestekoa da. Zer akordio lortu daiteke botere ekonomikoen mesedera aritzen direnekin? Botere horien alde fiskalitate eta pribatizazioak gauzatzen dituztenekin?». MITXEL LAKUNTZA ELAren idazkari nagusia Lakuntzak «bestelako politika baten» beharra exijitu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. «Publikoaren alde egin behar dugu: hasteko, inbertsio publikoa indartuta. Baliabide gehiago behar dira zerbitzuak eta langile publikoen baldintzak hobetu nahi badira». Azken horren harira, nabarmendu du Osakidetza eta Osasunbidea direla aldi baterako lan enpresarik handienak: «Langileen erdiak behin-behinekoak dira». Halaber, erakundeek diru publikoz hedaturiko azpikontratazio sarea kritikatu du: «120.000 lagunek dihardute azpikontrata publikoetan Euskal Herrian, eta horietako asko sektore feminizatuetan». Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU Politika horiek aldatzeko eta botere ekonomikoei aurre egiteko «konfrontazio politiko, sozial eta sindikala» ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta ezker politikoari leporatu dio alternatiba sendoak planteatu beharrean herri akordioak proposatzen dituela: «Zer akordio lortu daiteke botere ekonomikoen mesedera aritzen direnekin? Botere horien alde fiskalitate eta pribatizazioak gauzatzen dituztenekin?». Gehitu du herri akordioak posible direla eskuinaren edukiak onartzen direnean, eta, haren ustez, ezkerrak ez lukeela horretarako prest egon beharko. Prekaritatea ezkutatzen Mezu politikoez gain, patronala ere kritikatu du Lakuntzak, zeinari aurpegiratu dion prekaritatea kamuflatu nahi izatea. «Confebask elkarrizketa sozialaren defendatzaile handienetako bat da; bada, esaten du gurean ez dagoela prekaritaterik; sindikatuen asmakizuna omen da». Halaber, leporatu dio lan osasunaren inguruko ardurarik ez izatea. «Lanpostuan hiltzea da tragediarik okerrenetakoa». ELAren Maiatzaren Leheneko manifestazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU Gogoratu du ELAk kanpaina bat hasi duela langile migratuek pairatzen duten esplotazioa salatzeko. Azaldu du gaur egun euskal enpresa batzuek propio hartzen dituztela langile migratuak, haien «babesgabetasun egoerari zukua ateratzeko». Confebaski galdetu dio hori ez ote den prekaritatea: «Horren aurrean isilik gelditzen da, eta hau gure herrian gertatzen ari da». Hainbat enpresatako lan gatazkak izendatu ditu: Eroski, Barcelo hotelak, Ferrovial… Gatazkekin lotuta, grebak hartu ditu hizpide, eta salatu du haien aurkako kanpaina bat dagoela. Esan du kanpainaren muinean dagoela grebak eraginkorrak direla ezkutatzeko asmoa, baina ez dela egia. «Ez diot nik, datuek baizik», zehaztu du: «Zenbat eta greba gehiago egin, orduan eta hitzarmen gehiago sinatzen dira, eta hobeak. Gure hitzarmenen soldata igoerak hobeak izan dira, %6,5eko igoera gainditzen dute, eta %7,8koa sektore feminizatuetan». Palestinaren ahotsa, OHOLTZARA Mitinaren aurretik, ELAk Bilboko Kale Nagusiko oholtza utzi dio Anis Biladi Gernika-Palestina plataformako kideari. 1948an kanporaturiko errefuxiatu palestinarren ondorengoak bere herriaren genozidioa salatu du, eta nabarmendu Europatik iristen ari diren «talde sionistak» gelditu behar direla. Esan du Euskal Herriak bere esku dituen baliabide guztiak erabili behar dituela sarraskia amaiarazteko, eta boikota sartu du tartean. Martxan, Palestinako hainbat bandera ikusi dira.