Lehen Mailara itzuli den denboraldia idilikoa izan da Alavesentzat. Hori esan zuen asteon Luis Garcia Plaza prestatzaileak, eta gaur berretsi du: arabarrek 0-1 irabazi diote Valentziari, eta lau jardunaldiren faltan matematikoki ziurtatu dute Lehen Mailan jarraitzea. Arazorik gabe eutsi diote mailari, beraz. Gaur neurketa ederra jokatu dute, eta Europa Ligara sailkatzeko ia aukerarik gabe utzi dute etxeko taldea. Lehen zatian kontrolpean izan dute partida, eta gola egiteko abaguneak ere sortu dituzte. Kike Garciaren burukada batek zutoina jo du. Gola, ordea, bigarrenean heldu da: Callos Vicentek ateratako korner bat ederki amaitu du Javi Lopezek. Azken minutuetan saiatu dira etxekoak, baina aukera argienak Alavesek izan ditu kontraerasoan. Hiru puntuei esker 41 dituzte arabarrek, eta 11. dira sailkapen nagusian. Azken lau jardunaldiak patxadaz igarotzeko moduan dira. Mendizorrotzan Girona jasoko dute datorren astean.
Ez ditu etxeko lanak egin Aitor Elordik, eta Buruz Buruko Txapelketatik kanpo geratu da. Gaur jokoan ezer gutxi zuen Joseba Ezkurdia garaitu behar zuen Javier Zabala kanpoan utzi eta finalaurrekoetara sailkatzeko, baina huts egin du (10-22). Puntu banarekin amaitu dute hirurek, eta berdinketa horretan Errioxakoa irten da garaile. Unai Lasoren aurka jokatuko du Iruñeko Labriten maiatzaren 18an. Ezkurdiak sekulako profesionaltasuna erakutsi du Bizkaia pilotalekuan. Esana zuen entrenamenduetan ondo sentitzen ari zela, baina orain arte ez zuen erakutsi. Presiorik gabe aritu da gaur. 0-6 irabazten hasi da, sakea berreskuratu duenean 10-7 aurreratu da egungo txapelduna, baina gero hamasei tanto jarraian egin ditu Arbizukoak. Ikusgarria, eta ezustekoa. «Zer egiteko gai naizen erakutsi dut gaur. Aurreko bi partidetan arazoa buruan izan dut, blokeatuta irten naiz partidetara, eta horrek dakidan moduan jokatzea eragotzi dit. Sentitzen dut Elordigatik, mutil jatorra da eta tratu ona dut harekin, baina nire lana egitera etorri naiz», azaldu du. Atzo, multzoko beste partidan, Artolak egurra eman zion Zabalari (22-8). Partida ikusgarria jokatu zuen, eta multzoburu sailkatu da finalerdietara. Bere aurkaria datorren asteko Altuna III.aren eta Darioren artekotik aterako da.
Lehen zantzuek erakusten dutenez, Donibane Lohizunen (Lapurdi) ostiralean hilda aurkitu zuten emakumearen hilketa «krimen bortitza» izan zen. Hala adierazi du gaur egin duen agerraldian Jerome Bourrier prokuradoreak. Gertatutakoa argitzeko ikerketak zabalik jarraitzen du; «feminizidioa» aipatu du prokuradoreak, hilketa matxistaren hipotesiari indar emanez, eta aurrez prestatutako hilketa izan daitekeelakoan dago. Delitu hori biziarteko kartzela zigorrarekin zigortzen du Frantziako legediak. Bihar egingo diote autopsia gorpuari. Hortaz gain, Bourrierrek iragarri du hildakoaren bikotekidea, ustezko hiltzailea, atxilotuta izango dutela epaiketa egin arte. Gorpua aurkitu bezain pronto atxiki zuten 37 urteko gizona, galdekatzeko; atzo atxiloaldia luzatu zioten, eta gaur jakinarazi dute momentuz ez dutela aske utziko. Baionako komisarian dago. Hilketa salatzeko, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizaziorako deia egin du: astelehenean, 19:00etan, Luis XIV. plazan. Kontzentrazioak izango dira Hegoaldeko hiriburuetan ere, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta: Iruñean bihar 20:00etan, udaletxe parean; Gasteizen asteazkenean, 19:00etan Andre Mari Zuriaren plazan. Zehazteke daude Donostiakoa eta Bilbokoa. 2003tik Euskal Herrian hil duten 119. emakumea da, eta aurtengo lehenengoa. Aurrekariak Sud Ouest-ek adierazi zuenez, apirilaren erdialdean Ziburuko eraikin batetik jausi zen emakume bera da hilda topatu zutena. Orduko hartan larri eraman zuten ospitalera; hotel bateko bosgarren solairutik erori zen. Orduan ere atxilotu zuten gizona; emakumearen gela berean zegoen. Kazetak adierazi zuen gizona jadanik «begitan» zuela Poliziak, indarkeria matxistagatik, baina, bi egunez galdeketapean izan ondoren, aske utzi zuten, zaintzapean. Hamar egun geroago, prokuradoreak esan zuen suizidioaren hipotesia lantzen ari zirela. «Pertsona horrek aurrekari psikiatrikoak eta joera suizidak izan dituela ikusirik, hipotesi horri buruz goaz», baieztatu zuen Bourrierrek. Hala ere, «hilketa saiakeragatik» abiaturiko ikerketa aurrera zihoala esan zuen, zuhurki, «eta oraindik itxi gabea» zela. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Paris hotela. GUILLAUME FAUVEAU Zauri larriak izan zituen apirilean emakumeak; besteak beste, gerrialdean. Ospitalean, hil edo bizi egon zen. Medikuek koma artifizialean izan zuten, garuneko kalteetatik babesteko. Handik bi egunera lortu zuten emakumea egonkortzea eta bizirik mantentzea. Geroztik, galdekatu ahal izan zutela esan zuen prokuradoreak, baina ez zutela ezer argirik atera. Ospitalean egon zen emakumea, joan den asteazkenean desagertu den arte. Argitu gabe dago zer gertatu den bi egun horietan, baina, Sud Ouest-en arabera, gizonezkoa Paris hotelean egon zen. Gizonak berak deitu zuen Polizia.
Baionako prokuradoreak beste 24 ordu luzatu du atzo Donibane Lohizunen (Lapurdi) hilda aurkitu zuten emakumearen bikotekidearen atxiloaldia, igande arratsaldera arte, Sud Ouest egunkariak argitaratu duenez, eta bihar goizean emango du auziaren inguruko informazio gehiago. Deialdia egiteko bidalitako oharrean, Jerome Bourrier prokuradoreak «feminizidioaren» ingurukoa dela adierazi du, hilketa matxistaren hipotesiari indar emanez. Zehazki, «Donibane Lohizunen maiatzaren 3an bikotekideak egindako hilketaren ostean irekitako ikerketaren esparruan» kokatu du. [articles:2124659] Poliziak atzo aurkitu zuen emakumearen gorpua, eta jarraian atxilotu zuten haren bikotekidea, galdekatzeko. Sud Ouest-ek argitaratu zuen apirilaren erdialdean Ziburuko (Lapurdi) hotel bateko bosgarren solairutik erori zen emakumea dela atzo hilda aurkitu zutena; hain zuzen, hura larri eraman zuten ospitalera, baina joan den asteazkenean desagertu zen. Orduko hartan, bikotekidea bi egunez galdeketapean izan ondoren, aske utzi zuten, zaintzapean; hamar egun geroago, prokuradoreak esan zuen suizidioaren hipotesia lantzen ari zirela, nahiz eta «hilketa saiakeragatik» abiatu zuten ikerketa ez itxi. Halere, orduan ere, gizonezkoa atxilotu ostean, egunkari hark, polizia iturri batzuk aipatuta, argitaratu zuen hura indarkeria matxistagatik «begitan» zutela. Hilketa salatzeko, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizaziorako deia egin du: astelehenean, 18:00etan, hiri hartako Luis XIV. plazan. 2003tik Euskal Herrian hil duten 119. emakumea da, eta aurtengo lehenengoa.
Korrika bakarra da euskaltzale asko eta askorentzat. Paregabea. Parekorik gabea. Baina Korrikak baditu ahizpak, beste hizkuntza gutxitu batzuen alde egiten diren lasterketak. Horietako bat da La Passem, okzitaniera babesteko eta hauspotzeko egiten dena. Asteartean hasi zen, Tarben, eta gaur amaituko da, Mont-de-Marsanen (Okzitania). Tartean 1.100 kilometroko ibilbidea egiten ari dira, egunez eta gauez lasterka, Ligams elkarteak antolatuta. Hirugarren aldia du aurtengoa. Kilometro horietako batean, 920.ean, AEK-ko ordezkarien eskuetan urratu du bidea lekukoak. Larunbata da, eta 16:15erako zain dira AEK-ko kideak Capbretonen (Okzitania). Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea eta Maider Hegi AEKren Ipar Euskal Herriko lehendakaria ere bertan dira. Elordiren esanetan, ezinbestekoa da euskarari ez ezik gainerako hizkuntza gutxituei ere sostengua ematea: «Beharrezkoa ikusten dugu hizkuntza gutxiagotuen sare bat antolatzea. Kasu honetan oso gertukoak dira, eta antzeko egoerak bizi ditugu. Guk 23 Korrika egin ditugu, haiena hirugarren aldia da, baina elkarren eskutik joatea beti da garrantzitsua». Izan ere, Hegiren esanetan, aldebiko lankidetza dute: «Haiek ere gure Korrika guztietara etortzen dira, kilometro bat hartzen dute; beraz, guk ere berdin, elkartasunez». AEK-ko kideak ordurako daude kilometro markatzailearen ondoan, baina norbaitek eman du abisua: «Ordubete berandu dator». Kontu kontari ari diren bitartean, bozina hotsa. Badator petoneta. Gelditu da, baina ez da petorik barruan; kamisetak eta biserak dituzte salgai. Salmenta ona egin dute. «Mila esker» esanez eskertu diete, euskaraz. «Beharrezkoa ikusten dugu hizkuntza gutxiagotuen artean sare bat antolatzea». ANE ELORDI Korrikaren koordinatzailea Baten batek ikusi du furgoneta: «Badator, badator». Banderak eskuan batu dira AEK-ko kideak: AEK-koak, Korrikakoak, ikurrinak… Itxura batera, Korrikaren nahiko antzekoa da: furgoneta bat du aurrean, musika eta esatari eta guzti. Elordik hartu du lekukoa lehenengo. «Tipi-tapa tipi-tapa, Korrika», oihukatzen dute korrikalariek. Eta festa eta aldarrikapena nagusitu dira. «Pichon-pachon, pichon-pachon, La Passem!», erantzun diete furgonetatik. Eta denek egin dute bat: «Pichon-pachon, pichon-pachon, La Passem!». Giro ona nagusi: «Hainbeste entsegu egin ditugu, eta, azkenean, euskaraz esan dugu». Eskuz esku igaro da lekukoa kideen artean. Kilometroa amaituta, eskerrak emanez agurtu dute elkar batzuek eta besteek. Ahizpa gehiago Korrikaren gisara, bi urtez behin egiten da La Passem egitasmoa. Okzitaniera transmititzeko eta hobetzeko proiektuetara bideratzen dute kilometroak salduz lortzen duten dirua. Korrikaren ahizpetako bat da; ez bakarra, ordea, Elordik azaldu duenez: «Maiatzaren 17an abiatuko da bretoieraren aldekoa [Ar Redadeg], eta AEK-k 20 goizean hartuko du kilometroa. Eta maiatzaren 17an abiatuko da Alsaziako [Frantzia] Korrika ahizpa ere [Sprochrenner]. Beraz, udaberri hau topera bizi dugu».
Ustekabe handi batekin hasi da Italiako Giroa. Ia jakintzat jotzen zen Turingo helmugan Tadej Pogacarrek (UAE) altxatuko zituela besoak. Etapak ibilbide jostalaria zuen, eta muino labur eta tente bat zegoen amaieratik hiru kilometrora. Gozokia zen Pogacarrentzat. Taldeari erritmoa gogortzeko agindu dio Maddalenan, eguneko mendaterik gogorrenean, eta garaipenaren bila abiatu da azken koskan. Ezustean, baina, gurpilera itsasi zaio Jhonatan Narvaez (Ineos). Behin ez, hiru aldiz egin du eraso esloveniarrak. Alferrik izan da, ordea. Maximilian Schachmann (Bora) batu zaie jaitsieran. Hiruren artean jokatu dute garaipena, eta kukuak oker jo dio Pogacarri. Esprinta abiatzen lehena izan da, eta helmugara iristen hirugarrena. Narvaezek hezur-haragizkoa dela gogorarazi dio. Bere txarrean, Pogacarrek atzean utzi ditu sailkapen nagusiko arerio guztiak: hamar segundo atera dizkie Geraint Thomasi (Ineos), Daniel Felipe Martinezi (Bora), Cian Uijtdebroeksi (Visma) eta Ben O’Connorri (Decathlon), besteak beste. Are galera handiagoa izan du Romain Bardetek (DSM): 57 segundo galduta iritsi da helmugara. Maddalenan gora gelditu da atzean. Thymen Arensmanek (Ineos) eta Florian Lipowitzek (Bora) ere ezin izan diote erritmoari eutsi, eta bi minututik gora galdu dute. UAEk hasieratik hartu du tropeleko aginte makila. Pogacarren taldeak kate motzean lotu ditu lehen kilometroetan alde egin duten txirrindulariak. Sei lagunek osatu dute Giroko aurreneko ihesaldia: Lilian Calmejanek (Intermarche), Amanuel Ghebreigzabhierrek (Lidl), Filippo Fiorelik (Bardiani), Louis Barrek (Arkea), Nicolas Debeaumarchek (Cofidis) eta Andrea Pietrobonek (Polti). Tropelekoen arnasa hotsa hurbil entzun dute beti. Kostata gainditu dute bi minuturen langa. Superga mendatea igotzen hasi dira helmugatik 70 kilometroren faltan. Igoera berezia izan da, gaur duela 75 urte mendate horretan hegazkin istripua izan baitzuen Torino futbol taldeak. Grande Torino ere deitzen zitzaion, eta Italiako historiako talderik loriatsuenetako bat izan zen, baina ezerezean gelditu zen egun hartan. Ezbeharrean hil ziren 31 lagunei omenaldia egin diete iheslariek, suziriak piztuta. Ghebreigzabhier ibili da txinpartatsuen, eta bakarrik iritsi da tontorrera. Jaitsieran Calmejane elkartu zaio. Eritrearrak gehiago zirudien, baina frantziarrak atzean utzi du Maddalenan. Tropela sakabanatu egin da han, UAEren joaren ondorioz. Lehenik Arensmanen ezina bistaratu da, eta jarraian Bardet eta Lipowitz gelditu dira jokoz kanpo. Calmejanek ez du amore eman, eta segundo apur batzuekin iritsi da tontorrera. Hamar kilometroren faltan bukatu da haren abentura, zenbait ziklistak tropeletik alde egin ondoren. Tartean ziren Schachmann, Damiano Caruso (Bahrain) eta Nicola Conci (Alpecin), besteak beste. Concik aurrea hartu du azken aldapara bidean. Han, berea egiten saiatu da Pogacar, baina Narvaezek bikain eutsi dio, egoskor. Gero, esprinta urrunegitik hasi du esloveniarrak. Narvaezek, ordea, ginga jarri dio aurrez egindako igoera ikusgarriari. Bigarren garaipena du Giroan. Oraingo honek arrosaz janzteko aukera eman dio. Faboritoek beste azterketa bat izango dute bihar, Oropako santutegian amaituko den etapan. 160 kilometroko ibilbidea osatuko dute, guztiz laua lehen erdian. Gero, zenbait koska eta hirugarren mailako bi mendate topatuko dituzte. Bukaeran, Oropa izango dute zain. Ia hamabi kilometroko mendatea da, eta %6,2ko pendiza du. Etzana da hasieran, baina nabarmen gogortzen da bosgarren kilometrotik aurrera. Gaurko arantza atera nahiko du Pogacarrek.
Azken lau partidetan bi puntu bakarrik lortu ostean, Athleticek hiru puntuak batu ditu berriz ligan. 0-2 irabazi du Getaferen zelaian. Talde zuri-gorriak ez du partida ona egin, baina Iñaki Williamsen bi golek garaipena eman diote. Sufritu egin du Athleticek, bederatzi jokalarirekin amaitu baitu partida. Gil Manzanok talde zuri gorriaren bi erdiko atzelariak egotzi baititu, bi akatsen ostean: Yeray aurrena (58. min) eta Paredes 79. (79, min). Unai Simonek, gainera, penalti bat geratu du. Hura izan da zuri-gorrien jokalari onena, bata bestearen atzetik geratu baititu etxekoen erremateak. Orain, talde zuri-gorriak Atletico Madrilek egiten duenaren zain egon beharko du, Txapeldunen Ligako postuetara gerturatzeko. Espainiako taldeak Mallorcaren aurka jokatuko du gaur. Azken lau partidetan bi puntu bakarrik lortu ostean, Ernesto Valverdek aldaketak egin ditu hamaikakoan. De Marcos, Herrera, Berenguer, eta Unai Gomez arituko dira hasieratik; eta besteak beste,Guruzeta aulkian geratu da. Athletici kostatu egin zaio partidan sartzea, eta lehen minutuetan Getafe hobeto aritu da, nahiz eta gol aukera argirik ez sortu. Bakanetakoa, Athleticen atzealdea baloia aldentzen asmatu ez duen jokaldi batean izan da. Pixkanaka Valverdek zuzentzen duen taldeak baloiren jabetzea izatea lortu du, eta jokoa orekatzen joan da. Dena den, Athleticek ez du lortu jokoari ohikoa duen abiadura ematea, eta ez du segidarik izan jokoan. Hala, ezin izan du baloi aukera argirik sortu. Baina 27. minutuan, talde zuri-gorriak egindako lehen errematean, gola iritsi da. Iñaki Williamsek Nico anaiaren pase bat jaso du area ertzean, bizkor eman du buelta, eta haren erremate gurutzatua sareetara joan da. Gola jaso arren, Getafek bere horretan jarraitu du, eta oso gertu izan du berdinketa. Buruz buruzko jokaldia egin du Greenwoodek, eta Yeray atzean utzi ondoren, erremate ona egin du area ertzetik. Baloiak golerako bidea hartu du, baina Unai Simonek ezker esku bikaina atera du. Ia erreskadan Berenguerrek erantzun du. Aukerako errematea izan du, eta Djenek ondo atera du baloia. Aldaratzea iritsi zaio nafarrari, baina Nico Willimasi eman dion pasea ez da ona izan. Lehen zatiko minuturik onenak eta bizienak izan dira. Ondoren, berriro ere partidak erritmoa galdu du, eta atsedenaldira 0-1 iritsi da partida. Onena hori izan da Athleticentzat. Izan ere, partidaren erritmoa eta bilakaera aproposagoa izan da Getaferentzat. Williamsen bigarrena Bigarren zatiari estutuz ekin dio Getafek, eta hiruzpalau aldiz gerturatu da Unai Simonen atera. Apur bat lo atera da talde zuri-gorria. Greenwoodi beste gelditu on bat egin dio Unai Simonek. Haatik, berriro ere Williams anaiak agertu dira. Nicok bikain bideratu du eskuin hegaletik kontraeraso bat, atzean utzi du Diego Rico, eta bikain ikusi du ezker hegalean Iñaki anaia. Abiadura baliatuz, bakarrik iritsi da area txikira, eta gola egin du. Golak min egin dio Getaferi, eta batez ere Nico Williamsek min egin du bere hegaletik. Bazirudien emaitza horrekin Athletic nagusitzen joango zela, eta ez zuela aparteko arazorik izango garaipena lortzeko. Baina ez da hala izan. Zelai erdian akats bat egin du Pradosek, eta Yeray hura konpontzen saiatu da, Baina baloia eskuarekin moztu du, Gil Manzano epaileak txartel gorria atera dio. Jokaldi horrek partida aldatu du. Athleticek atzerapauso bat eman du, atzean sartu da, eta Getafek hori baliatu du arriskua sortzeko. Berriro ere aukera ona izan du Greenwoodek, baina ondo erantzun du Unai Simonek. Haren erakustaldia hasi da orduan. Athleticek atzetik atera behar zuen, sufritzen ari baitzen, eta 25 minutu falta baitziren amaierarako. Maksimoviceken eta Mataren beste bi aukera iritsi dira ondoren. Etxekoak oso nagusi ziren, eta Athletic ez zen gai, baloia izan eta jokaldi bat lotzeko. Defentsan ere ez zebilen fin. Getaferen nagusitasuna areagotu egin da. Akats baten ostean Gil Manzanok bigarren txartela horia atera baitio 79 minutuan Aitor Paredesi, Millari egindako sarrera baten ostean. Gainera, 85. minutuan penaltia adierazi du, erdiraketa batean baloiak eskuan jo diolako Raul Garciak. VARean begiratu behar izan du jokaldia, erabakia berresteko. Epailearen erabakiarekin haserretu egin da Valverde, eta protesta egiteagatik txartel gorria jaso du. Unai Simonek gelditu egin dio Greenwoodi. Getafek aukera gehiago izan ditu, baina Unai SImonekin egin du tope. Azkenean, 0-2ekoarekin amaitu da partida.
Emakume bat hilda aurkitu dute gaur Donibane Lohizuneko hotel batean (Lapurdi). Sud Ouest egunkariak argitaratu duenez, andrearen bikotekidea atxilotu dute. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak baieztatu du ikerketa bat abiatu dutela, aldez aurretik prestatutako hilketa bat izan ote den argitzeko. Emakumeak 33 urte zituen. Sud Ouest-ek adierazi du Ziburuko eraikin batetik jausi zen emakume bera dela gaur hilda aurkitu dutena. Apirilaren erdialdean gertatu zen hori, eta larri eraman zuten ospitalera. Hotel bateko bosgarren solairutik erori zen emakumea. Orduan ere atxilotu zuten gizona; emakumearen gela berean zegoen. Egunkariak adierazi zuen gizona jadanik «begitan» zuela Poliziak, indarkeria matxistagatik. Bi egunez galdeketapean izan ondoren, aske utzi zuten, zaintzapean. Hamar egun geroago, prokuradoreak esan zuen suizidioaren hipotesia lantzen ari zirela. «Pertsona horrek aurrekari psikiatrikoak eta joera suizidak izan dituela ikusirik, hipotesi horri buruz goaz», baieztatu zuen Bourrierrek. Hala ere, «hilketa saiakeragatik» abiaturiko ikerketa aurrera zihoala esan zuen, zuhurki, «eta oraindik itxi gabea» zela. Zauri larriak izan zituen apirilean emakumeak; besteak beste, gerrialdean. Ospitalean, hil edo bizi egon zen. Medikuek koma artifizialean izan zuten, garuneko kalteetatik babesteko. Handik bi egunera lortu zuten emakumea egonkortzea eta bizirik mantentzea. Geroztik, galdekatu ahal izan zutela esan zuen prokuradoreak, baina ez zutela ezer argirik atera. Ospitalean egon zen emakumea, joan den asteazkenean desagertu zen arte. Argitu gabe dago zer gertatu den bi egun horietan, baina, Sud Ouest-en arabera, gizonezkoa hotelean egon da. Hotel de Parisen, hain zuzen, eta gizonak berak deitu du Polizia. Emakumearen gorpuak zauri handia du buruan, eta Polizia gertatutakoa ikertzen ari da. Hotelera bertaratu dira, baita Jean-François Irigoien Donibane Lohizuneko alkatea ere. Hilketa matxista bat izan dela baieztatuko balitz, 2003tik Euskal Herrian hil duten 119. emakumea litzateke.
Egiari Zor fundazioak azaldu duenez, Frantziako armadako aditu talde batek indusketa lan batzuk egin zituen Landetan apirilaren 22tik 24ra bitarte, Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ren gorpuzkiak egon zitezkeen eremu batean, baina ez dute haren arrastorik aurkitu: «Lanen emaitza, 2017an bezala, negatiboa izan da». Orain, Frantziak Espainiako Auzitegi Nazionalari igorriko dio lan horien inguruko txostena, eta hark zer erabakiko zain dago familia, auzian jarraitzeko beharrezko urratsak egiteko: «Oraintxe ez dakigu zer egin, esperoan baikaude [Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael] Morenok zer egingo. Horren arabera ikusiko dugu», adierazi du Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak. Iñaki Egaña Egiari Zorreko kide eta historialariak eta Eneko Etxeberriak eman dute egoeraren berri, Iruñean egindako prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, Frantziako armadako unitate batek, Jendarmeriaren gidaritzapean, indusketa lanak egin zituen Brocas eta Labrit udalerrien arteko baso eremu batean, «gutxi gorabehera 1.200 metro karratuko eremu batean», eta detektagailuak eta hondeamakina bat erabili zituzten horretarako. Gainera, markatutako eremuetatik at, zuhaitz arteko are eremu zabalagoa aztertu zuten detektagailuekin. Halere, emaitza negatiboa izan da. Argudiatu dutenez, Naparra desagertu zenetik hona, basoa eraldatu egin da denboraren eraginez, eta zuhaitzen kokalekua ere ez da orduko berbera. Adibidez, 1980ko hamarkadan uholde bat izan zen toki horretan. «Hortaz, zaila da zehaztea gorpuzkiak non egoten ahal diren, zeren, dauzkagun jarraibideekin, nekez seinalatzen ahal baita zalantzarik gabeko toki jakin bat». Naparraren gorpuzkiak aurkitzeko egindako lanak, apirilean. EGIARI ZOR Lan horiek bertatik bertara ikusi zituzten Eneko Etxeberriak, Francisco Etxeberria auzi medikuak eta Iñigo Iruin familiaren abokatuak. Etxeberriaren arabera, apirilaren 22an ekin zioten, 09:00etan, eta bi egun geroago eman zioten amaiera, apirilaren 24ko 18:00etan. Erabakiaren berri Jendarmeriako koronel batek eman zion Naparraren familiari. «Telefonoz hitz egin nuen harekin, eta esan zidan lana amaitutzat ematen zutela. Azaldu zidan txosten ofiziala egingo dutela eta [Ismael] Moreno epaileari bidaliko diotela. Horrela dago kontua». Egiari Zorrek eta Etxeberria familiak adierazi dute ez dutela alde batera utziko «Jose Miguelen gorpuzkiak berreskuratu eta etxera ekartzeko» helburua: «Gertatu zen guztia jakitea eta justiziarako eskubidea gauzatzea, horrenbeste zor baitzaigu». Hala, auzia zabalik mantentzeaz gain, eskatu dute 1968ko Sekretu Ofizialen legea indargabetzeko, egun «Espainiako Estatuko demokraziaren kalitateari buruzko eztabaida» irekita dagoela baliatuta. Hori Naparra auzia argitzeko baliagarria izan daitekeelakoan. Oinarrian, CESID Indusketa lanak egitearen oinarria zera da, 2015. urtean CESID ─egun, CNI─ Espainiako zerbitzu sekretuetako ustezko agente ohi batek emandako testigantza, Iñaki Errazkin kazetariak jasoa. «Estatu terrorismoarekin» lotura zuen hark, orduan Iñigo Iruin abokatuak azaldu zuenez, eta, haren arabera, Naparra Frantziako Landetan dago lurperatuta; zehazki, Mont-de-Marsandik (Frantzia) iparraldera dagoen udalerri batean, haritzen paraje batean. Adierazpen hartatik abiatuta, Paco Etxeberriak eta haren lantaldeak eremu azterketa bat egin zuten, familiaren eskariz, eta bi eremu proposatu zituzten indusketa lanak egiteko. Hain zuzen, horrek balio izan zuen Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno instrukzio epaileak Naparraren desagertzearen auzia berriz irekitzeko, eta Frantziako agintariei indusketa lanak egiteko eskaera bat egiteko. Lehen lanak 2017ko apirilaren 4an egin zituen Etxeberriak zuzendutako taldeak, aurrez zehaztutako bi eremu horietako batean. Han, baina, ez zuten gorpuzkirik aurkitu. Honela gogoratu zuen afera Eneko Etxeberriak, BERRIAn argitaratutako artikulu batean: «Frantziako agintariek erabaki zuten txostenetan aipatutako toki bakar batean zulatzea, eta erabat baztertu zuten bigarren tokian indusketa egitea. Goizez eta arratsaldez bost orduz aritu eta gero, ezer aurkitu ez zutelarik, indusketa lanak amaitu ziren». Apirilean egindako lanak. EGIARI ZOR Hala, Auzitegi Nazionaleko Moreno epaileak eta fiskaltzak asmoa azaldu zuten kasua berriz ixteko, baina familiak ez zuen amore eman, eta errekurtsoak aurkeztu, bigarren eremuan ere indusketa lanak egin zitezen. Hala, azkenean, lan horiek egiteko eskaria egin zuen epaileak. Hori 2018ko maiatzean izan zen, eta senideek espero zuten urte hartako udazkenean egingo zirela behar horiek. Hain zuzen, urte hartako abenduan hil zen Naparraren ama Celes Alvarez, semearen gorpuzkien kokalekuaren berri izan gabe. Izan ere, lan horiek aurtengo apirilean egin dira. Jose Miguel Etxeberria Naparra ETAko kide izan zen, eta, gero, Komando Autonomo Antikapitalistetakoa. 1978an, ihes egin zuen Ipar Euskal Herrira, eta 1980ko ekainaren 11tik ez da haren berririk. EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak egindako ikerketaren arabera, «tranpazko hitzordu bat» jarri zioten Ziburun (Lapurdi), eta ez da hartaz gehiago jakin. 44 urte epaitegietan Haren desagertzearen inguruan Baionako epaitegiak egindako diligentziak «oso eskasak» izan ziren, ikerketa beraren arabera, eta urte eta erdi inguru barru artxibatu egin zuten auzia, 1982an. Fiskaltzaren arabera, erakunde barruko «kontu garbiketa» baten ondorio izan zen hura desagertzea. Hipotesi hark, baina, indarra galdu du denborak aurrera egin ahala. Kontuan izan behar da ordurako BVE Batallon Vasco Español eskuin muturreko talde paramilitarrak bere gain hartua zuela haren bahiketa eta hilketa. Iñaki Egaña historialariak gogorarazi duenez, «gezurra badirudi ere, BVEk biktima gehiago eragin zituen GALek baino». Halaber, eskuin muturreko talde paramilitarrek eta parapolizialek eragindako 1.557 ekintza zenbatuak ditu Egiari Zor fundazioak. «Maiz datu hori ez da aipatu ere egiten kontakizun ofizialetan». Naparraren auzia 1982an itxi zuen Frantziako Justiziak, eta ez zen berriro ireki 1999ra arte. Orduan, Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa ildoa BVE eta Espainiako zerbitzu sekretuetara bideratu zuen. Halere, azkar itxi zuten auzia, 2004an. Senideek lanean jarraitu zuten auzia berriz ireki zedin, eta, 2014an, NBE Nazio Batuen Erakundeak ere desagertze behartu modura onartu zuen kasua, Espainiako Gobernuari hura argitzeko gomendioak eginez. Azkenik, 2015ean egindako aurkikuntzak tarteko, Baionako epaitegira eta Auzitegi Nazionalera jo zuten. Lehenak erantzun zuen auzia 1992tik preskribatuta zegoela. Bigarrenak, berriz, orain arte iritsi den prozesua zabaldu zuen 2016ko irailean. Kronologia 1980ko ekainak 11. Etxetik atera eta ustez Zibururantz (Lapurdi) abiatu zen. Han hitzordu bat zuen, baina ordutik inork ez du haren berririk izan. Ekainak 17. Naparraren gurasoek, Francisco Etxeberriak eta Celes Alvarezek, haren desagerpena salatu zuten Baionako epaitegian. Ekainak 19. Naparraren autoa aurkitu zuten Ziburutik gertu. Ekainak 20. Komando Autonomo Antikapitalistek ohar bidez jakinarazi zuten Naparra erakundeko kidea zela, eta litekeena zela hori izatea desagertu izanaren arrazoia. Ekainak 21. Batallon Vasco Españolen izenean dei egin zuten Deia egunkariaren egoitzara, eta adierazi eskuin muturreko talde paramilitar horrek bahitu zuela Naparra. Ekainak 27. Fiskaltzak Baionako epaitegiari eskatu zion ikerketa judizial bat irekitzeko; instrukzioari ekin, eta ikerketa bat egiteko agindu zitzaion Poliziari. Hura, baina, KAAko barne aferetan zentratu zen. Uztailak 3. BVEk beste dei bat egin zuen Deia-ra, esanez ekainaren 30ean hil zutela Naparra. Denera, bost aldiz hartu zuen bere gain ekintza, baina kokalekua behin eta berriz aldatuz. 1981eko maiatzak 25. Jean Pierre Foixet galdekatu zuten; espetxean zen BVEk 1980an Mont-de-Marsanen egindako atentatu batengatik. 1982ko otsailak 10. Baionako epaitegiak auzia artxibatu zuen, fiskaltzak hala eskatuta. 1999ko irailak 13. Naparraren familiak Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio epaitegian kereila bat jarri zuen. Urriak 1. Ismael Moreno epaileak aferaren inguruko txosten bana eskatu zien Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari. 2004ko martxoak 3. Fiskaltzak Gilbert Perret inputatzearen kontra eta auzia artxibatzearen alde egin zuen. Martxoak 31. Moreno epaileak instrukzioa artxibatzea erabaki zuen, eta, urriaren 4an, erabaki hura babestu zuen Auzitegi Nazionaleko 3. Zigor Salak. 2008. Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren biktimen inguruko txosten batean jaso zuen Naparraren kasua, BVE eta Perret egiletzat jota. 2014ko ekainak 13. NBEren Giza Eskubideen Goi Mandatariak afera ikertzeko eskatu zien Espainiari eta Frantziari. 2015eko abendua. Iñaki Errazkin kazetaria Brasilen elkartu zen ustez CESIDeko kide izandako batekin, eta hark informazioa eman zion Naparraren gorpuzkien ustezko kokalekuaren inguruan. 2016ko uztailak 30. Paco Etxeberria auzi medikuak txosten bat egin zuen informazio horretan oinarrituta, eta indusketa lanak egiteko bi eremu ezarri. Urriak 13. Auzitegi Nazionalak auzia berriz irekitzea erabaki zuen, kokalekuaren inguruko informazioa oinarri hartuta . 2017ko apirilak 4. Auzi medikuak zehaztutako eremu batean indusketa lanak egin zituzten, baina ez zuten gorpuzkirik aurkitu. 2018ko apirilak 11. Errazkinek esan zuen Ramon Francisco Arnau de la Nuez CESIDeko agente ohiak eman ziola informazioa. 2024ko apirilak 22-24. Paco Etxeberriak zehaztutako bigarren eremuan indusketa lanak egin zituzten, baina ez zuten gorpuzkirik aurkitu.