Agur gozo eta gaziak daude bizitzan. Gaziak betira arte kamuflatuak izan ohi dira maiz; gozoak, aldiz, gero arte ez esateko eufemismo bat. Iker Muniainek eta Athleticeko zaleek gaur esan diote agur elkarri, eta gehiago izan du gozotik gazitik baino. Kapitain historikoa izan denak eta San Mameseko harmailan bildutako 25.000 zaleek besarkada kolektibo erraldoia eman diote elkarri. Malko baino barre gehiagoko ekitaldia izan da, eta katedralean bildutakoen artean inor ez litzateke harrituko etorkizunean, gertukoan edo ez hain gertukoan, Athleticen eta Muniainen bideak berriz gurutzatuko balira Muniainek 2004az geroztik bere habia izan dena uztea erabaki du, Athleticek eskaini diezaiokeena baino futbol gehiago gelditzen zaiola sinetsita. Ekitaldian beste elastiko bat janzteko baimena eskatu die zaleei, eta haiek lasai joateko esan diote, haien maitasuna inoiz ez duelako galduko. Zurrumurruak egia badira, urrun jarraituko du bidea, eta ia ezinezkoa izango da Athleticen aurka jokatzea. Dena den, Jon Uriarte presidenteak hitzak jarri dizkie Athletic familia osoaren sentimenduei: «Beti izango zara ongi etorria, hau zure etxea da». «Azken hilabetean ia egunero egin dut amets Gabarrarekin. Egun hartan mundu guztiari erakutsi genion zein handia den Athletic». IKER MUNIAIN Athleticeko jokalaria Athleticek agur ekitaldi dotorea antolatu du, erdilari nafarrak taldeak utzi duen arrastoaren tamainakoa. Traje eta gorbatarekin zelairatu da, bi seme-alabak eskutik hartuta. Athleticen azken bi hamarkaden ikurra izan denak denetarik bizi izan du: galduriko finaletatik eta mailari eusteko komerietatik; Europako bide luzeetara, bi Superkopak eta Sevillako azken finaleko estasiraino. Azken garaipen hori liberazio bat izan dela onartu du Muniainek, «zama» bat kendu zuela, eta hura lortuta lasaiago utziko duela taldea. Lasai utziko du koadrila, eta ez bakarrik koparengatik: «Taldea esku onetan uzten dudala badakit», esan dio Iñaki Williamsi. Besokoa erantziko du, baina oinordeko onak ditu. Oskar De Marcosen etorkizuna argitu bitartean, Iñigo Lekueren eta Iñaki Williamsen besoak estaliko ditu ikurrindun zapiak. Agur ekitaldian ere hura izan da lotura. Hitza hartu duten gehienek baitzeramaten ospakizunerako espresuki eginiko omenezko besokoa. 20 urteko ibilbidea Agur ekitaldiak atzera begiratzeko aukera dira, eta Muniainen ibilbidearen errepasoa egin dute. 559 partidak askorako eman dute, eta ibilbide luzeaz harro agertu da mitoa: «Pribilegio bat izan da Athleticen jokatzea, batez ere belaunaldi ezberdin askoren aurrean jokatzeko aukera izan dudalako». Alboan izan ditu lehen taldeko kideak, zuzendaritzakoak eta bere taldekide izandako jokalari ugari. Bere entrenatzaile ohien zorion mezuak jaso ditu —Marcelo Bielsa ez beste guztiena—, baita Joaquin Caparrosen besarkada estua ere. Muniainek bere esker ona adierazi dio 2009. urtean 16 urteko nerabe bat lehen taldera igotzeko ausaria izateagatik. Taldekideek airean ibili dute Iker Muniain. M.T. / EFE Euskarak presentzia urria izan du agurrean. Muniain ez da euskal hiztuna eta gonbidatu guztiek gaztelerara jo dute. Eurijasa galantak ere ekitaldia behar bezala entzun zedin zaildu du une batzuetan. Muniainek orbain handi bana du belaun bakoitzean, lesioek gogor erasan dute, eta berak onartu du ikasgai handi izan zirela. «Bi belaunak hautsi nituen, eta kanpoan ikusi nuen nire burua. Halakoetan baloratzen duzu zein handia den jokatzen igarotzen duzun segundo bakoitza». Esan bezala, baina, agurrak gehiago izan du gozotik gazitik baino. Garaipenek tarte handia izan dute ekitaldian. Irabazitako bi Superkopei garrantzia handia ematen diela nabarmendu du, «inoizko zailenetakoak» izan zirelako. Trofeoen zerrendan, baina, Espainiako Kopak txoko berezia izango du Muniainen oroitzapenean, eta Gabarraren eguna ekarri du gogora: «Egun hartaz geroztik, ia egunero egiten dut amets ospakizunarekin. Surrealista izan zen, izugarria. Egun hartan mundu guztiari erakutsi genion zein handia den Athletic». Etorkizunaz ez da mintzatu, agian ez zen unea, baina mezu argia utzi zuen: «Beti egongo naiz inguruan, hau nire etxea da. Behar banauzue dei nazazue eta arrapaladan etorriko naiz». Partiden ostean ohikoa denez, zaleek eta jokalariek Txoriak Txori abestuz elkar agurtu zuten. Iker Muniain Espainiako Kopako garaikurrari muxu ematen. M.T. / EFE
1936ko gerran hildako 86 gudariren gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadi zientzia elkarteak Zornotzako hilerrian (Bizkaia) egindako indusketa lanetan: 54 pertsonaren gorpuzkiak topatu zituen iazko abenduan, eta beste 32renak topatu ditu aurtengo martxoan. Horietako bi identifikatzea lortu du Aranzadik, eta Eusko Jaurlaritzak senideei itzuli dizkie gorpuzkiak gaur, Zornotzan bertan egindako ekitaldi batean. Adolfo Zengotitabengoa Izurza eta Jaime Iñiguez Nieva dira identifikatutako bi milizianoak. Muskizen (Bizkaia) jaio zen Zengotitabengoa, eta Barazarko frontean borrokan ari zela zendu zen, artean 31 urte zituela. Iñiguez, berriz, Ortuellan jaiotakoa zen (Bizkaia), eta 19 urte baino ez zituela hil zen, Zornotzako ospitale militarrean; uste da frontetik zaurituta eraman zutela hara. Ikerketaren arabera, 1937ko apirilaren 7an hil ziren biak. Perezagua batailoiko milizianoak izan ziren biak. Perezagua Alderdi Komunistara lotutako batailoia izan zen, eta uste da kideek 1937ko maiatzean eta apirilean Zornotza inguruan izan ziren guduetan parte hartu zutela. Egun haietan borrokak izan baitziren Saibigainen, Bizkargin, Ganzabalen eta Solluben. Hildakoen gorpuzkiak gero eraman zituzten Zornotzako hilerrira, eta han lurperatu zituzten, beste batzuekin batera, hobi komun batean. Adituek uste dute hobi hori Bizkaiko handiena izan daitekeela. Kutxa batean jaso dituzte senideek gorpuzkiak, eta horiekin batera, miliziano bakoitzaren desobiratzeari buruzko txostena eta Duintasuna izeneko eskulturaren erreplika bana ere eman dizkiete. Jaime Iñiguezen gorpuzkiak jaso dituzte haren senideek, gaur, Zornotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Bi milizianoen familiako kideez gain, Zelaieta zentroan egindako ekitaldian parte hartu dute Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; Jose Antonio Rodriguez Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzaren sailburuordeak; Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak; eta Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. DNA uzteko deia Melgosak adierazi du Zornotzako hilerriko hobian aurkitutako beste 84 gudari eta milizianoen gorpuzkiak identifikatzeko ahaleginean ari direla oraindik. Gogora institutua DNA laginak biltzen ari da horretarako. Martxoaz geroztik, 56 familiak utzi dituzte beren lagin genetikoak Gogora institutuaren DNA bankuan; uste dute euren senideren bat inguru hartan desagertu zela. Horri esker lortu dute, hain zuzen ere, Zengotitabengoaren eta Iñiguezen gorpuzkiak identifikatzea. Aranzadik uste du hurrengo asteetan ere identifikazio gehiago egingo direla. Lan horiek errazteko, baina, 1936ko gerran senideren bat desagertu zitzaien herritarrei DNA laginak eman ditzatela eskatu die Melgosa sailburuak. Izan ere, Melgosaren hitzetan, gerran desagertutakoen gorpuzkiak bilatzea eta haien senideei itzultzea «konpromiso demokratikoaren» parte da: «Bizikidetza ezin da ahanzturan oinarritu; egiazko konkordiak hiru oinarri baino ezin ditu izan: egia, biktimen oroimena eta askatasunaren eta justizia sozialaren ideal demokratikoak». Gerran hildakoen gorpuzkiak senideei itzultzearen garrantzia nabarmendu du Salterainek ere: «Egin zuten sakrifizioa aitortzen ari gara, eta hari balioa ematen». Eta erantsi zuen halako ekitaldiek balio dutela «gizartean oraindik irekita dauden zauriak leundu eta sendatzeko». 1936ko gerran hildako 331 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ditu Eusko Jaurlaritzak azken hogei urteetan, Gogora institutuaren bitartez. Horietako 54ri izen-abizenak jarri dizkie.
CAFek 43.646 euro ordaindu beharko dizkio langile ohi bati amiantoak eragindako gaixotasun batengatik. Gizonak amiantoaren eraginpean lan egin zuen legeak agintzen zuen “arnasketa babesik eta osasun zaintza espezifikorik gabe”.
Patronalak hartuko duen “jarreraren araberako urratsak” emango dituztela ohartarazi dute. Ez dute greba berriak egitea baztertzen eta bide juridikoa hastea aztertuko dute.
Rodalieseko matxurak aldrebestu egin du Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen eguna, baina, azkenean, aurreikusi bezala 20:00etan itxi dituzte hauteslekuak; eta, ezusteko handirik gabe, inkestek aurreikusitakoa bete da: PSC Kataluniako Alderdi Sozialista izan da lehen indarra, 42 eserleku bilduta, orain dituenak baino bederatzi gehiago. Botoen zenbaketa amaitu ondorengo agerraldian, alderdikideek txalo zaparradarekin jaso dute PSCko buru eta presidentetzarako hautagai Salvador Illa, eta hark harro esan du: «Katalunian etapa berri bat hasiko da». X sare sozialean, berehala zoriondu du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Enhorabuena, @salvadorilla, por este histórico resultado conseguido en Catalunya. Los socialistas volvemos a ser la primera fuerza. Desde hoy se abre una nueva etapa en Catalunya para mejorar la vida de la ciudadanía, ampliar derechos y reforzar la convivencia. Quiero… — Pedro Sánchez (@sanchezcastejon) May 12, 2024 Nolanahi ere, alderdi sozialistaren gorakadak baino, zeresan handiagoa eman du bloke independentistaren beherakadak, ganbera horretan zuen gehiengoa galdu baitu azken hamarkadan lehen aldiz. Galera horren erakusle dira ERC Esquerra Republicanak izan dituen emaitzak: azken bi urteetan gutxiengoan agindu duen alderdiak hamahiru eserleku galdu ditu, hogei aulkirekin gelditu eta hirugarren indarra bihurtzeraino. Emaitza kaskarren jakitun, hitzok esan ditu ERCko buru Pere Aragonesek: «Herriari ez zaio negoziazioaren bidea gustatu, eta iritzi dio orain beste norbaiti dagokiola etapa berri honen lidergoa hartzea». Alderdiak «lanean» jarraituko duela esan du; hori bai, «oposiziotik». Sozialisten garaipenaren antzera, inkestek aurreikusten zuten nork eskuratuko zuen bigarren postua, eta bete-betean asmatu dute. Junts (Junts + Carles Puigdemont Per Catalunya) izango da parlamentuko bigarren indarra, Puigdemont lidergoan duen alderdiak 35 aulki izango baititu parlamentuan, 2021eko bozetan eskuratutakoak baino hiru gehiago. Gehiengo osotik urruti, eta PSCren emaitza parekatzetik zazpi aulkira gelditu den arren, bloke independentistan lortutako nagusitasuna azpimarratu du Juntseko buruak: «Botoetan eta aulkietan gora egin duen alderdi independentista bakarra gara». Esquerra Republicanaren kontrara, Kataluniako Alderdi Popularrak aspaldiko emaitzarik onenak lortu ditu. Bildutako hamabost eserlekuei esker (+12), laugarren indarraren lekua kendu dio Voxi. «Kataluniako Alderdi Popularra bueltan da, eta inoiz baino indartsuago itzuli da», esan du alderdiko hautagai Alejandro Fernandezek. Alderdi ultraeskuindarrak, berriz, orain dituen 11 aulkiei eutsi die; eta, kontrara, eguna bereziki goibela izan da zentro-eskuineko Ciutadansentzat. Egun parlamentuan dituen sei eserlekuak galdu ditu, eta, hortaz, ez du ordezkaritzarik izango. Kataluniako Parlamentuan ordezkaritzari eutsi dioten beste alderdiak Comuns Sumar (sei eserleku) eta CUP (lau eserleku) dira. Halere, bai ezkerreko alderdiak, bai alderdi independentistak, 2021eko bozetan baino emaitza kaskarragoak izan dituzte; bi eserleku galdu dituzte ezkerrekoek, eta bost independentistek. Comuns Sumarreko hautagai Jessica Albiachek aitortu du ez dituztela lortu «espero zituzten» emaitzak. Antzera mintzatu da CUPeko hautagai Laia Estrada, eta hauxe ohartarazi du: «Inoizko parlamenturik eskuinekoena gelditu zaigu». Hain justu, hitz horiekin keinu egin dio Silvia Orriols buru duen Aliantza Katalana alderdi islamofoboari, lehen aldiz lortu baitu parlamentuan ordezkaritza izatea, bi aulkirekin. Aritmetikaren txanda Inkestek asmatu dute, eta alderdi sozialistak gorakada handia izan du. Edonola ere, alderdi bat berak ere ez du gehiengo osorik —68 eserleku— lortu; eta, itun posibleen aritmetikari erreparatuta, ez du irudi gobernua osatzea lan erraza izango denik. Balizko ezkerreko blokea —PSCk, ERCk eta Comuns Sumarrek akordioa egingo balute— gehiengoa osatzera helduko litzateke, baina, azken adierazpenei erreparatuta, ez dago argi ERCk zer egingo duen. Nahiz eta koalizioan sartu ez, eta «oposiziotik» lan egingo dutela esan duen, Aragonesek ez du baztertu Illari inbestidurarako babesa ematea. Albiachek eskua luzatu dio PSCk, ERCk eta Comuns Sumarrek osatutako aliantza bati: «Posible da Katalunian ezkerrek osatutako etapa bat hastea». Bozen emaitzen ondoren egindako agerraldian, balizko akordio hori izan du hizpide Puigdemontek. Haren arabera, «hiruko gobernu bat aukera txar bat da Kataluniarentzat»; eta zuzenean mintzatu zaio ERCri. Bigarren indar independentistari esan dio «ezinbestekoa» dela alderdi independentistek elkarrekin hitz egitea, «bateratutako estrategia bat ez izatearen ondorioen» inguruan hausnartzeko. Edonola ere, beste behin, «ondo» gobernatzen «ez asmatzea» leporatu dio ERCri, Rodaliesen izandako matxura adibide gisa jarrita. Parte hartze baxua Denera, 5,7 milioi herritar baino gehiago zeuden hauteslekuetara deituta, eta %57,8koa izan da parte hartzea; duela hiru urte egindako bozetan izandakoa baino sei puntu handiagoa; baina aintzat hartzekoa da COVID-19aren pandemia bete-betean egin zituztela 2021eko bozak, eta horrek nabarmen oztopatu zuela parte hartzea. Azken aurreko hauteskundeetako datuekin alderatuz gero, aldea nabarmen handiagoa da, hots; 2017an herritarren %80k baino gehiagok eman zuten botoa. Posta bidezko botoari dagokionez, 106.031 biztanlek eman dute botoa, Katalunian erroldatutakoen %1,95ek. Bestalde, atzerrian bizi diren 300.000 biztanleen %8k bozkatu dute. Are, aipatzekoa da boto emaileen kopuruak gora egin duela independentismoak babes gutxien duen herrietan.
«UNRWA ez da Rafahtik joango, argi izan dezatela». Raquel Marti UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko Espainiako adarreko zuzendari exekutiboa (Madril, 1966) gogor mintzo da Gazako egungo errealitatearen inguruan. Rafah —zerrendaren hegoaldean— hartzeko Israelgo armadaren ahaleginak arbuiatu ditu, eta «sarraskia egin nahi izatea» leporatu die. Gainera, adierazi duenez, «lekuko deseroso bat» delako eta hura «desagerrarazi nahi» duelako egin ditu Tel Avivek NBE Nazio Batuen Erakundearen lan bulegoaren aurkako salaketak. Marti Bilbon izan da aste honetan, Sabino Arana fundazioak gonbidatuta. UNRWAk Jerusalem ekialdean duen egoitza behin-behinean ixtea erabaki aurretik egina da elkarrizketa. Iragan otsail bukaeran, Israelek salatu zuen UNRWAko zenbait langile Hamaseko kide zirela edo haiekin elkarlanean arituak zirela. Nola erantzun zenioten horri UNRWA barruan? Azpimarratzekoa da Nazioarteko Justizia Auzitegiak Hegoafrikaren salaketa [Israeli genozidioa leporatzen zion] onartuko zuen edo ez adierazi behar zuen astean, hain justu, Israelgo Gobernuak gure ordezkari nagusiari deitu eta esan ziola gure langileetako hamabik urriaren 7ko erasoan parte hartu zutela. Horrek, jakina, ikara piztu zuen UNRWAn. Salatutako horiek gure langileak ote ziren egiaztatu genuen lehenengo, eta, behin egiaztatuta, kontratua eten genien. Izen-abizen horiek dira Israelek gaur-gaurkoz salaketaren inguruan eman duen informazio bakarra. Gainera, bi ikerketa independente eskatu genituen. Oraindik ez da jakinarazi froga nahikorik ote dagoen langile horien aurkako prozesu judizialari ekiteko, baina aurreratu dezaket jada adierazi digutela horietako lauri kontratua berriz ezartzeko. Beste zortzien egoera ikertzen ari dira oraindik ere. Bestalde, Catherine Colonnaren ikerketa dago, UNRWA neutrala den edo ez jakiteko. Barregarria da Nazio Batuen erakunde baten neutraltasuna zalantzan jartzea, horixe baita gure oinarrietako bat. Are gehiago, beste edozein agentzia baino protokolo gehiago ditugu hori ziurtatzeko. Zer nahi zuen Israelek? Arreta desbideratzea. Eta lortu zuen. Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakiaren berri zabaldu eta bi ordura, UNRWAko langileak ziren hizpide. Harrigarriena da emaileek, inolako ebidentziarik edo dokumenturik gabe, finantzaketa etetea erabaki zutela; hitzezko salaketa batean oinarrituta, gainera. Baina zergatik egin du Israelek UNRWAren aurka? Lekuko deseroso bat delako akabatu nahi du Israelek UNRWA. Hori ez da nik esana: [Israelgo lehen ministro Benjamin] Netanyahuk berak adierazi du Gazako gerra irabazteko UNRWA amaitu behar dutela. Han bertan gaude, eta Gazan gertatzen ari den horren inguruko informazio asko ematen ari gara. Are gehiago, Nazioarteko Justizia Auzitegiak UNRWAren txostenetan oinarrituta onetsi zuen Hegoafrikaren salaketa. Bestalde, palestinar errefuxiatuen eskubideak ordezkatzen dituelako ere amaiarazi nahi du UNRWA Israelek. Eskubide horien artean dago itzultzeko eskubidea, Nazio Batuen ebazpenetan jasotzen dena. Israelek ez du onartzen palestinarrek itzultzeko eskubidea izatea. Israelen ustez, UNRWA txikituta palestinarren eskubide hori ere txikituko du. Horri esker, Israelek haren helburua lor dezake: juduen estatu nazionala sortzea. Finantzaketa eten izanak eragiten dizue oraindik? Oraindik eragiten digu: izan ere, nahiz eta finantzaketa eten zuten hamasei herrialdeetatik hamahiruk berrezarri egin duten, oraindik etenda daukaten hiru horietako bat [Ameriketako] Estatu Batuak dira. Haiek egiten zuten dohaintzarik handiena: gure aurrekontuaren herena, hain zuzen. Heren hori gabe oso zaila zaigu lan egitea. «[UNRWA txikituta] Israelek bere helburua lor dezake: juduen estatu nazionala sortzea» Arazoa, baina, zabalagoa da, [Ameriketako] Estatu Batuek lege bat onartu berri baitute 2025 martxora arte UNRWA finantzatzea galarazten duena. Hortaz, 400.000 milioi dolar horiek gabe aritu beharko dugu urtebetez. Behar-beharrezkoak ditugu, ez baikaude Gazan bakarrik . Sirian, Libanon, Jordanian eta Zisjordanian —Jerusalem ekialdea barne— ere bagaude. Herrialde gehiagok parte hartu beharko dute aurrekontuetan, eta jada horretan ari direnek, berriz, dohaintza handitu. Bestela, ezingo dugu jarraitu. Rafah zen Israelek palestinarrei bizirik irauteko uzten zien azken lekua —hainbat erakundek bonbardaketak salatu zituzten arren—; baina, aste honetan, ekialdeko eremutik joateko agindu, eta pasabidea hartu dute militarrek. Zer aukera geratzen zaie gazatarrei? Bat ere ez. Gazatarrei ez zaie aukerarik geratzen. Israelek Rafahtik alde egitera behartzen ditu, aurretik bertara lekualdatzera behartu zituen arren. Rafahn dauden palestinar gehienak hainbatetan lekualdatu dituzte. Izan ere, urriaren 7a baino lehen 300.000 biztanle inguru zituen Rafahk, eta orain —lekualdatzeko agindua heldu baino lehen, gutxienez—, milioi eta erdi dira. Gaza iparraldetik ihesi joandako jendea bildu da han, Israelek esaten baitzien Rafah segurua izango zela. Azken zazpi hilabeteetan, halako tokitara joateko esan dieten bakoitzean, gune hori bera bonbardatu egin dute gero. Are gehiago, joan-etorrian zeudela ere eraso egin diete. Israelek ez du toki bakar bat ere errespetatzen Gazako zerrendaren barruan, eta, beraz, ez dago leku segururik. Rafah ekialdean zeuden palestinar batzuk handik ihesean, ostegunean. MOHAMMED SABER / EPA / EFE Hainbatetan esan duzue orain arte ez zela ikusia Gazako gatazkaren parekorik. Zergatik? Zerk ezberdintzen du gatazka hori munduko beste batzuetatik? Lehen-lehenik, argi utzi behar da hau ofentsiba militar bat dela, ez gerra bat. Gazan hil dituzten haurrak 2018tik munduan dauden 22 gatazketan hil dituztenak baino gehiago dira: 14.500 ume hil dituzte. Datu hori, halere, gutxi gorabeherakoa da, 10.000 lagun desagertuta baitaude. 2018. urtetik ez ziren gertatuak Gazan azken zazpi hilabeteetan bezainbat eraso osasun azpiegituren aurka. Beste ezein gatazkatan ez dira hainbeste eraikin eta azpiegitura txikitu. Datu horiek guztiak leku bakoitzaren tamainaren araberakoak dira, noski; Gaza oso txikia baita. Gainera, Nazio Batuen Erakundearen historian ez dituzte inoiz hainbeste langile humanitario hil. Berrehundik gora dira; horietatik 188 UNRWAkoak, hau da, Nazio Batuen Erakundeko funtzionarioak. Vietnamgo gerran ere ez zituzten hainbeste kazetari erail, eta hogei urte iraun zuen. Eta, horrela, beste hamaika gauza aipatu ditzaket. Hortaz, gatazka inoiz ez bezalakoa da hainbat alderdiri erreparatuta; batez ere kontuan hartuta dena oso denbora gutxian gertatzen ari dela. Piztuta urteak daramatzaten gerretan, adibidez Siriakoan, askoz jende gehiago hil da. Baina duela hamabi urte hasi zen, eta Gazakoa, berriz, duela zazpi hilabete. «Pertsonak fisikoki salbatzea besterik ez zaigu geratzen. Mentalki, denak suntsituta daude» Horiek hala, badago aukerarik Gaza osorik txikitu gabe edota exodo masiborik gabe gatazka amaitzeko? Gaza txikituta dago jada. Iparraldean, azpiegituren %80 suntsituta daude, etxeak barne. Munduko Bankuaren neurketen arabera, hamalau urte beharko dira hondakinak kentzeko, eta, Gaza berreraikitzeko beharrezkoak diren materialak zerrendan sartzerako, 2040a izango da; eta gero, eraikitzen hasi behar. Beraz, 2050 edo 2060 inguruan egongo litzateke iparraldea berreraikita. Emaileek dirua emanez gero, betiere. Soilik zerbitzuen azpiegiturak berreraikitzeko —eskolak eta ospitaleak, esaterako— 40.000 eta 50.000 milioi dolar artean behar dira. Gazan ezin da bizi. [19]48ko irudietara itzuliko gara, non palestinarrak kanpadendetan bizi ziren. UNRWAn uste dugu gatazka amaitu eta biharamunean eskolak dendetan eman beharko ditugula. Orduan, zer aukera geratzen da? Gazan geratzen diren pertsonak fisikoki salbatzea besterik ez. Mentalki, denak suntsituta daude. Gazan jada ez da trauma osteko estresaz hitz egiten, baizik eta estres traumatiko kronifikatuaz. Izan ere, zazpi hilabete daramatzate inpaktu bera jasotzen egunero. Fisikoki salba ditzakegu soilik; hau da, gehiago hiltzea galarazi. Hori nola lortzen da? Su eten baten bidez. Eta su etena nola lortzen da? Ekinez. Herrialdeak mintzatu baino ez dira egin orain arte. Baina ez dago ekintzarik. Eta ekintzarik ez badago, hitzek ez dute ezertarako balio. Gazan gertatzen ari dena benetan eten nahi badute, herrialdeek badituzte horretarako tresnak. Zer egin beharko luke Mendebaldeak? Hasteko, Israeli armak bidaltzeari utzi. Palestina estatu moduan aitortzeak lagundu dezake? Errekonozimendu hutsak ez du ezertarako balio, sinbolikoa da. Okupazioa ez bada amaitzen, ez du inporta herrialde moduan aitortzeak. Etorkizun hurbilari erreparatuta, zer hipotesik du, zure ustez, gauzatzeko aukera gehien? Rafahko lurreko inbasioa oraintxe bertan gelditzen ez bada, orain arte egon den sarraskirik handiena ikusiko dugu, 1,5 milioi lagun inguru baitaude han. Izan ere, [Tel Avivek] ez dizkie 24 ordu ere eman alde egiteko. Lekualdatzeko agindua goizean eman zuen, eta, arratsaldean, Rafah ekialdea bonbardatzen ari zen. Zerrenda iparraldean gertatu zen hori bera gertatuko da. Ura moztu, laguntza humanitarioa sartzea galarazi, masiboki bonbardatu eta lekualdatzeko aginduak eman zituen Israelek. Are gehiago, Nazio Batuen UNRWAren bulegoari eraso zion, eta, biharamunean, hara deitu eta esan zuten ezin zutela bermatu gure segurtasuna. «Izan zitezkeen agertokietatik txarrenetako batean gaude gaur egun» Palestinarrak berriz lekualdatuko dira, baina, oraingo honetan, ezer ez dagoen leku batera mugiaraziko dituzte. Arazoa, gainera, ez da soilik Rafah bonbardatzen ari direla: Gaza osoa bonbardatzen jarraitzen dute. Hildako eta zauritu gehiago izango dira. Izan zitezkeen agertokietatik txarrenetako batean gaude gaur egun. Palestinarrak Gazatik kanpo egongo balira exodo masibo baten ondorioz, zein izango litzateke zuen erantzuna? Galdera horri Nazio Batuen Batzar Nagusiak erantzun beharko lioke. Guk ez dugu eskumenik Egipton lan egiteko. Hori gertatuko balitz, teorian, UNHCR-k [Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak] arduratu beharko luke iheslariez, betiere batzarrak, egoera kontuan izanda, Egipto ere gure eskumenen artean sartuko ez balu. Hala ere, aukera hori baztertzen dut, Egiptok marra gorritzat jo baitu iheslariak bere herrialdean izatea.
Kexak eta haserrea izan dira nagusi Kataluniako Parlamenturako hauteskunde eguneko lehen orduetan; eta, beste behin, Rodalies Kataluniako aldirietako eta eskualdeko tren sarean izandako matxura batek eragin ditu. Goizeko ordu txikietan, aldirietako trenen sareko elektrifikazio sistemako kable bat lapurtu dute, Montcadan, eta eten egin dute Bartzelonako aldirietako tren zerbitzua. Gertaera horren ondorioz, egun osoan ez da hiriburura iristen den aldirietako trenik izan; atzerapenekin aritu dira gainontzeko ibilbideetako trenak; eta, oro har, trenen maiztasuna murriztu dute. Azken orduko gertaera horren harira, hauteslekuak 20:00etan baino beranduago ixteko, eta, hortaz, botoa emateko ordutegia luzatzeko eskatu diete ERC Esquerra Republicanak eta Juntsek lau eskualdeetako hauteskunde batzordeei. Tarragonako, Gironako eta Lleidako Hauteskunde Batzordeek eskaera hori Espainiako Hauteskunde Batzordera bideratu dute, batzorde horrek eskualdekoek baino erabaki ahalmen handiagoa baitu. Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak, berriz, gertatutakoari buruzko txosten bat eskatu dio Renferi. Azkenean, alderdien eskaerak eskaera hutsetan geratu dira, hauteslekuak aurreikusitako orduan itxi dituztelako, 20:00etan. Eskaeraren xehetasunei dagokienez, ERCk eskatu du hauteslekuak 21:00ak arte irekita izateko, eta Juntsek, berriz, botoa emateko aukera «aberia konpondu arte», edo, «beranduenez», gauerdira arte luzatzeko. Bi alderdi independentistek esan dute matxurak «kalte» egin diola bozketa egunaren ohiko martxari, baita «milaka herritarren mugimenduari» ere, eta tren zerbitzuak «ahalik eta lasterren» abian jarri ditzala eskatu diote Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileari. Baina Adifek esan du «denbora» beharko dutela kalteak konpontzeko. Dena den, Espainiako Hauteskunde Batzordeak erabakia eskualdeetako batzordeen esku utzi du berriro ere. Argitaratutako prentsa oharrean, azaldu du eskualde bakoitzeko batzordeak badaukala tokian tokiko hauteskundeen ordutegia luzatzeko eskumena; hori bai, nabarmendu du gisa horretako erabakiak «ezohiko kasuetan» soilik hartu behar liratekeela, eta, matxura goizean goiz izanik, herritarrek izan dutela «nahikoa» denbora hauteslekuetara hurbiltzeko «bestelako bideak» aurkitzeko. Bien bitartean, Espainiako Garraio Ministerioak uste du goizaldeko erasoaren asmoa bozei «boikota» egitea zela; besteak beste, argudiatuta ez dutela kobre asko lapurtu. Bide beretik jo du UGT sindikatuak, eta, zabaldutako prentsa oharrean, tren sareko azpiegituren eta hauteskundeen aurkako «sabotaje planifikatu bat» salatu du. Edonola ere, oraindik abian da gertatutakoa argitzeko ikerketa. Matxurak matxura, boto emaileak ari dira hauteslekuetara hurbiltzen; 18:00etan ezagutzera eman dituzten datuen arabera, bozkatzera deituta dauden herritarren %45,8k eman dute botoa. Parte hartzea 2021eko bozetan ordu berean zenbatutakoa baino 0,19 puntu handiagoa da —aintzat hartzekoa da Covid-19aren pandemia bete-betean egin zirela—, baina 2017ko bozetakoa baino hogei puntu txikiagoa. Azken orduetan Kanpainaren gakoetako bat ERCk eta Juntsek birritan leporatu diote Espainiako Gobernuari —eta horrekin lotuta, hori baliatu dute PSCren aurka ere egiteko— Rodaliesen funtzionamendu okerra. Besteak beste, kanpainan Esquerra Republicanak milaka eskuorri zabaldu ditu mezu honekin: «PSCk Katalunian kudeatzen duen zerbitzu bakarra Rodaliesena da, eta penagarria da». Gainera, aipatzekoa da tren zerbitzuaren afera ERCk eta PSOEk Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen inbestidurarako izandako negoziazioen erdigunean izan zela. Esquerra Republicanaren babesaren truke, Rodaliesen kudeaketa Kataluniako Gobernuaren esku uztea onartu zuen PSOEk; printzipioz, legegintzaldia amaitu baino lehen.
Ke zuria atera da Bilboko Zorrotza auzoko Profersa lantegi kimikoan —ongarriak egiten ditu— piztu den sutik. Hura itzali eta kontrolpean eduki arte, etxe barruan babesteko deia egin du SOS Deiak-ek, ateak eta lehioak itxita. Zorrotza, Basurtu eta San Ignazio auzoetako bizilagunak mobilizazioak egiten ari dira herri ingurutik lantegi kimikoa eramateko eskatuz. Izan ere, hau ez da istripu bat gertatzen den lehen aldia; apirilaren 26an gertatu zen azkena.
Azken jokaldian lortu du berdinketaren gola Athleticek Osasunaren aurkako partidan. 0-2 aurreratu dira nafarrak San Mamesen, Raul Garcia de Haroren eta Ruben Garciaren gol banari esker. Baina Iñaki Williamsek aldea murriztu du neurketaren ordubetea igaro denean, eta Osasunaren garaipenak ziurra zirudienean berdindu du neurketa Asier Villalibrek. Berdinketarekin amaitu da denboraldiko azken euskal derbia. Raul Garciak jokalarien zein zaleen beroa jaso du neurketa hasi aurretik. Osasunako harrobian hezitako jokalaria Athleticen ari da aspaldian, eta bere ibilbide profesionalari amaiera jarri aurretik omenaldia jaso du bi taldeen eskutik. Besteak beste, Patxi Puñal Osasunaren historian partida gehien jokatu dituen jokalari ohia jaitsi da San Mameseko berdegunean egindako omenaldira. Neurketa hasi orduko, ordea, lehia izan da nagusi. Gogo biziz hasi dute neurketa bi taldeek, eta gol bana baliogabetu die epaileak; jokoz kanpoagatik biak ere. Iñaki Williamsek eta Raul Garcia de Harok lortu dute ateak zulatzea, baina haiek errematean bezain fin aritu dira bi marrazainak banderatxoa altxatzerako orduan. Aurrez, gertu izan zuen gola Ruben Garcia gorritxoak. Baina Unai Simonen aurrean bakarrik zela, ederki gurutzatu zitzaion Iñigo Lekue errematea egin behar zuenean. Atsedenaldiaren aurretik poza aulki batetik bestera joan da poztasuna minutu eskasean. Muniainek gola egin du Alex Berenguerren pase bat baliatuz. Nafarraren azken minutuan dira elastiko zuri-gorriarekin, eta festak eztanda egin du San Mamesen kapitainaren golarekin. Epaileak, ordea, baliogabe utzi du hori ere, Berenguer jokoz kanpo baitzegoen baloia iritsi zaionean. Zuri-gorriak oraindik penatuta zeudela iritsi da Osasunaren gola, hurrengo jokaldian. Hala nola iritsi da baloia zuri-gorrien areara, eta Johan Mojicaren erdiraketa Raul Garcia de Harok bidali du sareetara. Oina jartzearekin bakarrik desbideratu du baloia sareetara. 0-1ekoarekin joan da neurketa atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala handitu du aldea Osasunak. Huts egite galanta egin dute Athleticeko atzelariek zelai erdian. Osasunak baloia urrundu du bere area inguruan, eta Athleticeko jokalariak bata besteari begira gelditu dira. Ruben Garcia izan da azkarrena, eta lasterraldi luze baten ostean sareetara bidali du baloia. Azti ibili da Xativako aurrelaria. Mutu gelditu da San Mames, gutxitan bezala. Baina jokalariek ez dute etsi, eta handik hamar minutura murriztu dute aldea. Iñaki Williams izan da gol egilea. Mojicak toki txarrean galdu du baloia. Williams anaietan zaharrenari iritsi zaio, eta horrek, sareetara bidali du baloia erremate bortitz batekin: 1-2 60. minutuan. Azken unean, berdinketa Osasunari luze egin zaio partida handik amaierara bitarte, baina ondo egin du defentsan egin beharreko lana. Athleticek bizpahiru aukera izan ditu partida berdintzeko, baina Dani Vivianen burukada kanpora joan da, eta Asier Villalibrerena Sergio Herrerak atera du atepean. Osasunaren garaipenak ziurra zirudien, baina azken unean iritsi da Athleticen berdintzeko gola. Oscar de Marcosen erdiraketa Sergio Herrerak jaso behar zuen, baina ihes egin dio baloiak, eta atzelari baten gorputzean jo ostean, oinetara iritsi zaio Villalibreri. Gernikako aurrelariak ez du hutsik egin. Hurrengo jokaldian hirugarrena egiteko aukera izan du Villalibrek berak, baina 2-2 amaitu da neurketa.