Eslovakiako lehen ministroa tirokatu dute, eta hilzorian utzi
Robert Fico Eslovakiako lehen ministroa tirokatu dute gaur. Eslovakiako Handlova hirian gertatu da tiroketa, Bratislava hiriburutik 150 bat kilometrora. Eslovakiako TA3 telebistaren arabera, ustezko tiro egilea atxilotu dute, 71 urteko gizonezko bat. Poliziak ez du erasoaren inguruko azalpen gehiagorik eman. Lehen informazioaren arabera, bost tiro eman dizkiote Ficori sabelean, eta oso larri eraman dute erietxera. Defentsa ministroak jakinarazi duenez «ebakuntza zail bat» egiten ari zaizkio bertan. Lekukoen arabera, hainbat tiro entzun ziren, eta jarraian lehen ministroa lurrera erori zen. Segurtasun arduradunek lehen ministroaren autoan sartu zuten berehala Fico eta erietxera eraman zuten. Gobernuburua hirian bildutako jendea agurtzera gerturata zen tiroak entzun zirenean. Erietxeko iturrien jakinaraz zutenez, gobernuburua konortedun zegoen heldu zenean. BBC komunikabideak jakinarazi duenez, Eslovakiako jarduneko presidente Zuzana Caputova «txokaturik» agertu da eraso «bortitz eta krudel» hori dela eta. Gisa berean iharduki dute Europar Batzordeko buruak, Ursula von der Leyenek; Errumaniako lehen ministroak, Marcel Ciolacuk; Txekiar Errepublikakoak, Petr Fialak; Hungariakoak, Victor Orbanek; eta Erresuma Batukoak, Rishi Sunakek. Güvenlik, yaralı Slovakya Başbakanı’nı kaldırıp (ayaklarını yerden kesip) arabaya sürüklüyor… Robert Fico’ya saldırı ilk görüntü.. Böyle son dakika işlerini çok paylaşmam, fakat hedef “Ukrayna savaşının gereksiz” olduğunu söyleyen bir politikacıysa… pic.twitter.com/StC1klJn6Q — Ahmet Yeşiltepe (@ahmetyesiltepe) May 15, 2024 Ficorena da 2003az geroztik Europako gobernuburu baten kontra egiten duten lehen atentatua —2003an Zoran Dindic Serbiako lehen ministroa hil zuten—. 2005ean, Georgian gizonezko batek granada bat bota zuen Mikhail Saakaxvili presidentea eta AEBetako estatuburu George Bush parte hartzen ari ziren ekitaldi batean, baina eszenatokitik urrun erori zen, eta ez zen lehertu. Bush eta Saakaxvili onik irten ziren. Populista Fico joan den iraileko hauteskundeen ondoren itzuli zen lehen ministroaren kargura, koalizio pupulista-nazionalista baten zerrendaburu gisa aurkezturik. Smer-SDD ezkerreko alderdiko burua da, eta hauteskundeak irabazi berri ditu esanez irabaziz gero Eslovakiak ez ziola Ukrainari gehiago arma laguntzarik bidaliko. Baina ukatu izan du errusiazalea dela. Horrez gain, Mendebaldeak Errusiaren aurka hartutako neurriei buru egiteko prest agertu da. Inork ez du esan, haatik, gaurko tiroketak iritzi horiekin loturarik duenik. Eslovakiako presidente hautatu eta Ficoren aliatu Peter Pellegrinik erran du «laztua» zela «iritzi politiko ezberdin baten aurkako gorrotoak noraino eraman dezakeen ikusirik». 2018an, lehen ministroaren kargua utzi behar izan zuen Ficok, Jan Kuciak ikerketa kazetariaren erailketaren ondotik. Langile familia batean sortu zen Fico, 1964an. Ofizioz abokatua da. Ibilbide politikoa Alderdi Komunistan hasi zuen, 1989ko Belusezko iraultza aitzin, Txekoslovakia ohian. 1994. eta 2000. urteen artean, Eslovakiaren ordezkari egon da Europako giza eskubideen auzitegian. Smer-SD alderdia 1999an sortu zuen, Ezker Demokratikoak proposatu zion ministro kargu bat ukatu ondoren. Smer alderdiarekin garaipen handia lortu zuen 2006ko hauteskundeetan, eta lehen ministro bilakatu zen, lehen aldiz. Eslovakia bi urte lehenago sartu zen Europako Batasunean. 2012an berriz irabazi zituen bozak, ustelkeria salaketa baten ondorioz zentro-eskuineko koalizio batek galdu ondoren. 2016an berriz ere garaile atera zen, baina bi urteren buruan kargua utzi zuen, Kuciak kazetariaren eta haren bizilagunaren erailketaren ondotik. Joan den urrian itzuli zen lehen ministroaren postura. Leporatu zaizkion ustelkeriak betidanik ukatu ditu. The Guardian-ek dioenez, Ficok Errusiako presidente Vladimir Putin miresten du, eta errana luke ezen nazioarteko atxilotze agindu bat balitz Putinen aurka, Eslovakiara joanez geroz, ez lukeela utziko atxilotzen. Hungariako gobernuburu Viktor Orbanen alde ere mintzatua da, Moskuren gertukoa hura ere. Taktikalari trebetzat daukate adituek Fico. Nagusi diren jarrera europazaleen eta Mendebaldearen aurkako ele nazionalista zorrotzen arteko joko abila erabili duela diote. Immigrazioaren kontrakoa da, eta, diotenez, diskurtso horrekin irabazi zituen 2016ko hauteskundeak. Komunitate musulmanaren kontrako eleak ere izan ditu. Ez hori bakarrik. Sexu berekoen ezkontzaren aurka agertu da Fico. COVID-19aren pandemia denboran maskaren erabiltzearen, konfinamenduaren eta txertatzearen kontra aritu zen. Urte hastapenetik, protestak piztu dira Eslovakian. Izan ere, otsailean, legebiltzarreko diputatuek ustelkeria kasuentzat plantan zegoen fiskaltza bereziaren bulegoa kentzea bozkatu zuten, eta diru-ustelkeria zigorren arintzea erabaki. Horrez gain, sexu-bortxaketa aferetan preskripzio epeen laburtzea erabaki zuten. Apirilean, Eslovakiako gobernuak irrati-telebista publikoaren ordezkatzeko neurria aurkeztu du. Oposizioak azkarki kritikatu du neurria, erranez gobernuak irrati eta telebista publikoen kontrola hartu nahi zuela. Apirilean, Peter Pellegrini Ficoren hurbilekoak irabazi zituen lehendakari hauteskundeak. Eslovakiako lehen emakume lehendakaria zenaren lekua hartuko du ekainean, Zuzana Caputovarena. Iaz, Caputovak jakinarazi zuen ez zela berriz aurkeztuko, eta heriotza mehatxuak ukan zituela.




