Kike Diaz de Rada antzerki zuzendari eta idazlea hil…
Eneko Olasagasti zuzendari eta gidoilariaren bidez ezagutu da berria. Kike Diaz de Rada aktore, zuzendari eta idazle donostiarra zendu da, 64 urte zituela. Eszenatoki gainean ibili zen arren, pantailetan ere utzi zuen arrastoa. Film eta telesailetan aritu zen, esaterako, ETB2ko Mi querido Klikowsky telesailean. Euskal Herrian makina bat proiektutak aritutakoa izan zen. Bartzelonan egin zituen unibertsitate ikasketak —filologia ikasi zuen—. 1978an, Bartzelonan hau ere, bertako diputazioko Antzerki Institutuan antzerki ikasketak egin zituen, besteak beste, Pere Planella, Pavel Litbarsky eta José Sanchis Sinisterrarekin batera. Hor hasi zuen bere antzokietako ibilbidea. Orain antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zen. Modigliani lana sortu zuen konpainia horretan. 1983an Tanttaka teatroa sortu zuen kideetako bat izan zen, Mireia Gabilondo eta Fenando Bernuesekin batera. El florido pensil antzezlanarekin konpainia ezagun egiten hasi zen. 1996koan estreinatu zuten obra. Hezkuntza frankistari parodia egiten dio antzezlanak, eta hainbat urtez, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioak taularatu zituen Tanttakak. El florido pensil Niñas bertsioa ere egin zuten, emakumezko aktoreekin —Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Teresa Calo, Elena irureta eta Itziar Lazkano—. Dakota eta Novecento, ozeanoko pianista izan ziren parte hartu zuen beste lan ezagunetako batzuk. Lehenengoan Hipolito protagonisataren rola jokatu zuen. Bigarren antzezlanean aritzeagatik hainbat sari jaso zituen: Txema Zubia saria, Donostiako aktore onenari, eta Palentziako Hiria Saria, gizonezko aktore onenari. Mi querido Klikowskin jokatutako rola izan zen Euskal Herrian telebistan egin zuen lanik garrantzitsuenetako bat. Espainia mailan ere ekoizpen handietan parte hartu zuen. Filmetan ere aritutakoa izan zen. Kutxidazu bidea Ixabel eta Yoyes —Helena Taberna izan zen zuzendaria— izan ziren horietako batzuk.




