Peio Dufau abertzalea lehen da seigarren hautesbarrutian
Bozen %29,43rekin, lehen atera da Peio Dufau Fronte Popular Berriaren izenean seigarren hautesbarrutian. Gibeletik, hurbil gelditu da Christian Deveze, Macronen gehiengoko hautagaia, %26,92ko emaitzarekin. Eta mila boz ingurutan dauka hurbil eskuin muturreko hautagaia Victor Lastecoueres, %25,29rekin. Azken honek jakinarazi du bigarren itzulira aurkeztuko zela. Ondorioz hiru hautagaien arteko lehia gertatuko da hautesbarruti horretan gaur zortzi. iFrameResize({ log: true },’#frleg24′); «Emaitza ederra baina dena egitekoa da», adierazi du Dufauk, eta kezkatua agertu da eskuin muturrak lortu duen boto kopuruarekin. «Lehen urratsa da, baina argi da gu garela eskuin muturrari alternatiba; aldaketa nahi duenarentzat gu gara alternatiba». Ideia horren inguruan kokatuko dute bigarren itzuliko kanpaina. Hauteskunde hauetan izan den parte hartze handia azpimarratu du Dufauk, eta haren alde egin duten guziak eskertu ditu. «Azken bi asteetan kanpaina biziki azkarra izan da, anitza, zabala, ezkerreko alderdi guzietako jendeekin; eta gehiago zabalduko dugu». Dufauren iritziz jende anitzek Macronen kontra bozkatu du: «Parisetik aipatzen zen eskuin muturra zela aukera hori». Kontrakoa erakusten entseatuko dira ondoko egunetan: «Gu gara bakarrak programa bat dutenak, etxebizitzari buruz aterabideak atzemateko, tokiko laborantza laguntzeko; Devezek ez du programarik eta RNk ere ez. Gu herriari loturak gara, erroak hemen ditugu, eta hori erakutsi nahi dugu». Esperantza mezu bat zabaldu nahi izan du. Emmanuelle Brisson Errepublikanoa, laugarren bukaturik ere (%11,62) kontent da bere emaitzaz. «Emaitza biziki ederra da testuingurua zein den ikusita. Lehen kanpaina nuen eta izen bat egin dut. Batasun Nazionaleko hautagaia ez bezala hemengoa naiz, baina zoritxarrez nazional mailako testuinguruak gainditzen gaitu. Ez dut lotsatzerik, segituko dut hautesbarrutian barna eta hauteskunde berriak izango dira, berdin». Haatik, ez du deirik egiteko asmorik bigarren itzulirako. «Hautesleak libre dira beren bozkarekin. Lagunekin mintzatuko naiz eta bihar ikusiko; baina, ez dut uste bozka kontsignarik emanen dudanik». Ez eta Christian Devezerentzat ere. «Christian Devezek ez nau deitu». Christian Deveze, hain zuzen pozik da lehen itzulian egin dituen emaitzekin. «Emaitza ona da. Argi zen, Peio Dufauk Fronte Popular Berriarekin alaintza eginik, eta bereziki Frantzia Intsumisoarekin, Melenchon eta guztiarekin, zaila izanen zitzaidala nire zentroko hautagaitzarekin hobeki egitea. Gainera, 1.200 bozez aitzintzen du Batasun Nazionala». Batasun Nazionalaren emaitzak kezkatzen duenez galdetuta, Devezek dio «baietz, bistan dena. Gure hautesbarrutian hain hurbil izatea, larria da». Bigarren itzuliko ulertzen du Brissonen oharra. «Emmanuelle Brisson libre da nahi duen jarrera izateko. Haren hautesleek ikusiko dute bigarren itzuliko hautagaien artean zein hauta». Bizkitartean, aitortzen du alde horretan bildu beharko dituela bozka. «Non diren bozak? Brisson aipatzen zenuen; badira hautesleak errepublikano historikoak direnak, [Eric] Ciotti ez dutena segitu Batasun Nazionalarekin egin duen aliantzan. Uste dut hor badela aliantza baten mentura guretzat. Saiatuko naiz lan egiten gure emaitzak nahikoak izan ez diren hirietan».


