Joe Bidenek AEBetako presidentetzarako lehia utziko du
Joe Biden ez da berriro izango AEB Amerikako Estatu Batuetako presidente. Demokratak sare sozialetan argitaratu duen gutun baten bidez eman du albistea, bozetarako lau hilabete eskas falta direnean. Azken orduetan 38 ordezkarik eta lau senatari demokratak eskatu diote publikoki presidentetzarako lehia uzteko, iritzita lekukoa belaunaldi gazteari emateko «garaia» dela. Herenegun, kanpainari heltzeko «prest eta irrikan» zegoela esan zuen, baina iritziz aldatu du gaur. pic.twitter.com/RMIRvlSOYw — Joe Biden (@JoeBiden) July 21, 2024 Bidenek 81 urte ditu, eta azken hilabeteetan asko izan dira haren hautagaitza zalantzan jarri dutenak, nagusiki osasun kontuak aipatuta. Mugarri izan zen pasa den hilean Donald Trump errepublikanoaren aurka telebistan izan zuen eztabaida batean emandako irudi eskasa, eta ordutik bere asmoei uko egiteko jasan duen presioa erabakigarria izan da azkenean. Dena den, argi utzi du egungo agintaldia amaituko duela eta, beraz, presidente izango dela 2025. urteko urtarrilera arte. Hauteskundeak azaroan egingo dituzte. «Nire bizitzako ohorerik handiena izan da presidente izatea. Eta, bai, berriz ere aurkezteko asmoa nuen arren, uste dut nire alderdiarentzat eta herrialdearentzat onena dela ni erretiratzea eta datozen hilabeteetan presidente gisa ditudan betebeharretan kontzentratzea». Presidentetzarako lehia utzita, bidea erraztuko dio Kamala Harris egun presidenteorde denari. Emakume beltza den AEBetako lehen presidentegaia izango litzateke. Bidenek ez du aipatu bere agurreko idatzian; bai, ordea, sare sozialetan zabaldu duen bigarren mezuan. «Babes osoa eskaini nahi diot Kamalari gure alderdiaren hautagai izan dadin. Demokratok: batu eta Trump garaitzeko ordua da. Egin dezagun», idatzi du. Aste honetan azalpen gehiago emango dituela iragarri du. Trumpek bere sare sozialen egin dituen adierazpenak, Truthen: «Joe Biden ustela ez zen gauza presidente gai izateko, ezta zerbitzu hori emateko. Ez da inoiz izan! Presidente izatera heldu da gezurrei eta albiste faltsuei esker. Begira zer egin dion gure herrialdeari: milioika lagun ari dira gure mugak zeharkatzen kontrolik gabe, horietako asko kartzeletatik edo zoroetxeetatik datozenak, baita terroristak ere. Asko sufrituko dugu legegintzaldi honen ondorioz, baina egindako kaltea azkar konponduko dugu». Gutuna Gutunean, Biden harro agertu da «azken hiru urte eta erdian egindako aurrerapenengatik». Aipatu ditu ekonomia, «munduko indartsuena»; botiken prezioen beherakada eta osasun arretaren hobekuntza; armen kontrolerako legea eta AEBetako Auzitegi Gorenaren buru lehen aldiz emakume afroamerikar bat izatea. Guzti horrek, ordea, ez ditu konbentzitu ez bere alderdikideak, ezta bere herrikideak ere. Demokratek sekulako presioa egin dute Biden bozetara berriz aurkeztu ez zedin, besteak beste, Trump garailetzat jotzen duten inkestek bultzatuta. Presidentearen asmoak gaitzetsi dituzte diru emaileek, analistek, hedabideek, senatariek, kongresistek eta Alderdi Demokratako izen garrantzitsuek, hala nola Ordezkarien Ganberako presidente izandako Nancy Pelosik eta Barack Obama presidente ohiak. Dena den, ezustean heldu da Bidenen gutuna, eta ikusteko dago zein ondorio izango dituen. Demokraten Batzar Nazionala Chicagon izango da abuztuaren 19tik 22ra, baina alderdiak esana du abuztuko lehen asterako izendatu nahi duela presidentegaia, izan Biden edo izan beste bat. Harrisena da izen logikoena. «Beti pentsatu izan dudana pentsatzen jarraitzen dut: ez dago Estatu Batuak egiteko gai ez den ezer, beti ere bat eginda egiten badugu. Estatu Batuak garela gogoratu behar dugu», idatzi du Bidenek gutunaren amaieran. Dimisioa, gorazarrea eta Harrisi babesa Albistea jakin denetik, zenbaitek Bidenen dimisioa ere eskatu dute, tartean, Mike Johnson Ordezkarien Ganberako presidenteak eta J.D. Vance presidenteordu izateko errepublikanoen hautagaiak. «Ez bada hautagai izateko gai, ez da presidente izateko kapaz», idatzi dute biek. Demokraten zenbait buruzagik, berriz, Bidenen erabakia txalotu eta haren ibilbidea goraipatu dute, adibidez, Obamak. Kamala Harrisen hautagaitza ere babestu dute batzuek jada; esaterako, Bill eta Hillary Clintonek.
