Joan Duru surflaria final-laurdenetarako sailkatu da (euskal kirolariak Parisen,…
Hirugarren eguna du lehiaketa olinpiarrak, eta gaur, astelehena, euskal kirolariek ez dute apenas parte hartzerik izango. Sebastien Guerrero estreinatuko da: 09:00etan du hitzordua, tiro olinpikoan, hobi olinpikoko kategorian. Surfean, berriz, Joan Duruk jokatuko du gauean, 20:48 aldera, eta Nadia Erostarbe bihar goizaldean lehiatuko da, Euskal Herrian 02:12 inguru direnean. Eskubaloian, berriz, Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozola Espainiako selekzioarekin arituko dira, Suediaren aurka, 16:00etan. Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Surfa Joan Duru surflari baionarra final-laurdenetan arituko da. Epaileek bederatzi puntu baino gehiago eman dizkiote hartu dituen olatuetatik bitan. Horrela, 18.13ko puntuazioa lortuta, Alan Cleland mexikarra gainditu du —15.17—. Bihar, 19:36an jokatuko du final-laurdenetako proba. Finalerdietara sailkatzeko Kauli Vaast garaitu beharko du bere etxean. Tahitikoa (Polinesia Frantsesa) da Vaast eta bertan ari dira lehiatzen aurtengo olinpiar Jokoetako surfeko probak. Bestetik, Janire Gonzalez eta Andy Criere lehiaketatik kanpo gelditu ziren bart. Larunbatean ekin zioten lehiari, eta lehen txandan kanpoan gelditu ziren, eta atzo, bigarren jardunaldian, ez zuten lortu aurrera egiteko behar adina puntu. Nadia Erostarbek lehiaketan jarraitzen du: gauerditik aurrera izango du bere proba. Tiroa Sebastien Guerrerok oso zaila du hobi olinpikoan finalean aritzea. Baionarrak lehen hiru txandak jokatu ditu gaur, eta 70 puntu lortu ditu 75etik. Lehen seiak sailkatuko dira, eta 73 ditu seigarrenak; alde handia da hori. Guerrero bihar ariko da azken bi txandetan (09:00). Finalerako sailkatuko balitz, 15:30ean lehiatuko litzateke. Eskubaloia Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozola ari dira Espainiako selekzioan, eta galdu egin dute gaur ligaxkako bigarren partidan: 29-26 Suediaren aurka. Gartziandiak gol bat sartu du, Odriozolak batere ez, eta Hernandez ez da sartu deialdian.


