Lizarrako festetan Puyko jaitsiera ez da amaitu, tentsioaren ondorioz
Tentsioa dago Lizarran. Arratsaldean, Puyko Andre Mari Basilikatik udaletxeraino udal batzak musikari eta dantzariekin egin ohi duen kalejira tradizionala ezin izan da amaitu, hainbat herritarrek kalea moztu dutelako, protestan. UPNko, PSNko eta PPko hautetsiei Foruzaingoak gomendatu die aurrera ez egiteko, eta bi furgonetatan sartu dituzte, udaletxeraino. Halaxe eman da amaitutzat ekitaldi hori. Arratsaldean, horren aurretik, manifestazio bat deitu dute Lizarrako udal gobernuaren debeku eta neurrien aurka. Azkeneko 28 urteetan, txosnak herriko erdigunean, autobus geltoki alboan, jarri izan dituzte, baina aurtengoan ez zieten toki hori eman. Beste bat proposatu zieten, eta, nahiko gertu izan arren, jaien eremutik kanporatu nahi izan dituztela uste dute txosnetako eragileek. Gainera, La Bota peñak jaietan izan ohi duen espazioa debekatu egin dio udalak. Hala, manifestazioa deitu dute gaurko, Jaiak lapurtu dizkigute. Txosnarik gabe jai herrikoirik ez lelopean. Manifestazio jendetsua izan da, eta amaieran foruen plaza erabat bete dute. Protestak bat egin du Puyko jaitsierarekin. La Botaren aldeko kartela handi bat paratu dute bertan, baita Txosnarik gabe ez dago jaitsierarik zioen beste bat ere. Dantzariak eta musikariak pasatu ahal izan dira kalean behera, baina txistuka kalea moztu dute manifestariek. Txosnak aurrera zioten kartelei heltzen zioten. Udal batza noiz jaitsiko zain zeuden, baina UPNko, PSNko eta PPko hautetsiak ez dira bertatik pasatu, azkenean. PPk ohar bidez kritikatu du ezin izan dutela Puyko jaitsiera amaitu, «arriskuagatik eta mehatxuengatik». Carlos Jimenez zinegotziaren arabera, «lotsagarria da indarkeria eta mehatxuak erabilita eurena ez den tradizio bat bereganatu nahi izatea». PSNk «guztiz» gaitzetsi du gertatutakoa, X sare sozialean. «Erabakiekin ados ez egotea guztiz zilegizkoa da, baina iraina, inposizioa eta jazarpena onartezinak dira». Elkartasuna adierazi diete hiru taldeetako hautetsiei. Alejandro Toquero UPNko presidenteordeak eta Tuterako alkateak honakoa idatzi du sare sozial berean, gertaerei aipamen eginez: «Elkarbizitza lasaiko giroa bizi omen dugu Nafarroan… Ezker aberlzaleak gobernatzen badu, noski». Tentsioa jaien hasieratik islatu da. Gaur eguerdian hasi dira festak, eta hainbat herritarrek txistuka hartu dute Marta Ruiz de Alda alkatea. Gainera, EH Bilduk ez du parte hartu, iazko gertakariengatik protestan. Iragan urteko jaietan, Eli Ziordia zinegotziak ikurrina bat atera zuen, eta Rodrigo Garcia de Galdeano Udaltzaingoaren buruak bortizki heldu eta astindu egin zuen ikurrina kentzeko asmoz. Abestiaren afera Testuinguru horretan, gainera, UPNk Raimundo El Canastero musika taldeari salaketa bat jarri dio, Beff D’ Alda abestian alkatearen aurkako «irainak» eta «mehatxuak» erabiltzea leporatuta. Taldearen abeslariaren bila aritu dira udaltzainak, eta haien aurrean deklaratzera joan da kantaria, eta aske utzi dute, deklarazioa hartuta. Lizarrako jaien harira udalak hartutako erabakien aurkako abestia egin du Raimundo el Canastero taldeak eta Lizarrako festak hasi baino bi egun lehenago argitaratu zuen kantua. «Gora Lizarrako txosnak; fuck [izorratu] UPN, PSN eta herri mugimenduari erasotzen dion edonor», irakur daiteke taldearen YouTubeko plataforman, abestiaren deskribapenean. Horren harira, Ruiz de Alda alkateak udalbatzarrerako deia egin zuen atzo, osteguna, «heriotza mehatxuak» egiten ari zitzaizkiola salatuta. Ezohiko bilkura horretan, Raimundo El Canasteroren aurkako mozioa onartzea lortu zuen, UPN, PP eta PSNren babesarekin. Hiru alderdiek abestiaren tonu «mehatxaria» eta «matxista» salatu dute. PPk, gainera, gaitzetsi egin du kantuaren esaldi hau, «bizikidetza» arriskuan jartzen duela adierazita: «Hala jarraitzen badute, udaletxea erreko da». EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin alderdiak, berriz, abstenitu egin ziren; alkateari elkartasuna agertu arren, abesti horri «erabilera alderdikoia» ematea deitoratu zuten. Musika taldeak sare sozialen bidez eman du udalbatzarrean egin zizkioten akusazioen inguruko iritzia. «Heriotza mehatxurik» egin izana irmo ukatu du, eta adierazi du uste duela «ulermen gaitasun falta galanta dagoela» salaketa hori egin dutenen artean. Horri gehitu dio, gainera, «garbi» ikusten dela «abestiaren tonua ironikoa eta komikoa» dela, eta hau ez dela «gorrotoaren adierazle», ezta festetan «indarkeria bultzatzeko» tresna bat ere. Nabarmendu du, ordea, abestia «Lizarrako gazteriak sentitu duen amorruaren isla» dela, «hainbeste urtetan» landu duten festen eredua «zein azkar hilobiratu duten ikusi duten horiena». «Abestiko hitzak ulertzeko esfortzu txiki bat egin ordez, biktima bihurtzea lehenetsi du gobernuak, guri mehatxuak egitea leporatzea, eta gure aurkako neurri legalak hartuko dituztela esatea; dena, ironikoki, giroa gehiago ez pizteko asmoarekin», salatu du taldeak. COMUNICADO AL HILO DE LA DETENCIÓN. pic.twitter.com/IK9Oc5DPpJ — Raimundo el Canastero (@telodiceray) August 2, 2024 Bestalde, taldeak zehaztu du abeslaria bere borondatez joan zela deklaratzera, abestia argitaratu zen egunean bertan udaltzainen hainbat mezu jaso zituelako goizaldeko ordu txikietan: «Atxilotu gisa deklaratu zuen, eta, ondoren, aske geratu zen». Ikerketa zabalik da, baina Raimundo El Canasterok nabarmendu duenez, abeslariak ez du esku hartu abestiaren sorreran, eta salatu du «jazarpen hori taldea desegonkortzeko estrategia bat» dela. Mehatxuen delituagatik, sei hilabete eta bi urteko zigorra jaso dezake akusatuak, eta irain larrien delituagatik, isun bat.




