Noah Lylesek irabazi du 100 metroko finala
Noah Lyles estatubatuarra da 100 metroko txapeldun olinpiko berria. Hura zen faborito, eta final oso estu batean gailendu da, bost milareneko aldearekin. Denbora: 9.79. Bigarren izan da Kishane Thompson jamaikarra, denbora berarekin; eta, hirugarren, Fred Kerley, Lylesen herrikidea: 9.81. Lylesek bere inoizko markarik onena egin du, eta Olinpiar Jokoetan, 100 metroko proban egin den laugarren markarik onena izan da erdietsi duena. 20 urte ziren AEBetako atleta batek ez zuela 100 metroko gizonezkoen finala irabazten. Atenaseko 2004ko Olinpiar Jokoetan izan zen orduan, eta bertan Justin Gatlin gailendu zen, 9.85eko denborarekin. Moskuko 1980ko Olinpiar Jokoetatik ez zegoen hain final estu bat. Finalerdietako hiru lasterketak ere goi mailakoak izan dira. Oblique Seville jamaikarrak egin du denborarik onena: 9.81, eta bigarren izan da Lyles, 9.83. Txapeldun olinpikoak berak aurreratu du dominak garesti egongo zirela, eta 9.80 inguruko denbora egin beharko zutela eskuratu nahi zituztenek. Bete-betean asmatu du. Finalerdi horietan hamabi atletak korritu dituzte 100 metroak 10 segundotik behera. Faborito argirik ez zegoenez, final estua eta irekia espero zen. Eta hala izan da. Lylesek,Thompsonek eta Kerleyk buruz buruko ederra izan dute. Metro askotan bazirudien Thompson zihoala aurretik, baina azken pausoan nagusitu da Lyles. Hain parekatua izan da finala, helmugako argazkian erabaki dela. Hor epaileek Lylesi eman diote garaipena. Segundo batzuk itxaron behar izan da hori argitzeko. Frantziako estadioan bildutako 80.000 ikusleek zain egon behar izan dute, txapeldun olinpikoa nor zer jakiteko, baita atletek beraiek ere. Erabakia jakin bezain laster hasi ditu ospakizunak Lylesek, eta besteak beste amarengana gerturatu da. Tokiioko txapeldun olinpikoa, Marcell Jacobs italiarra, bosgarren helmugaratu da, 9.85eko denborarekin. Finalaren mailaren erakusle, azken sailkatuak, Oblique Seville jamaikarrak 9.91ko denbora egin du.Oso denbora ona. Lyles da egungo munduko txapelduna (9.83 Budapesten, iaz), eta marka pertsonala 9.81ekoa zuen, duela bi aste eskas lortutakoa,Londresen. Gaur hobetu egin du. Ezustea izan da Ferdinand Omanyala kenyarra finaletik kanpo geratu izana, hark baitzuen urteko bigarren denborarik onena (9.79)
