Naia Laso skaterrak diploma olinpikoa lortu du, eta Asier…
Naia Lasok diploma olinpikoa eskuratu du skateboardingeko park modalitatean. Asier Martinezek lortu du 110 metro hesidunetako finalerdietarako txartela; John Cabangek ezin izan du lehiatu proba horretan; eta Tessy Ebosele ere kanpoan gelditu da luzerako jauzian. Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga brontzezko dominaren lehian arituko dira, finalerdia galdu ondoren, Espainiako selekzioarekin. Futbolean, Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Elete eta Irene Paredesek finalerdiak jokatuko dituzte Espainiako selekzioarekin, 21:00etan, Brasilgoaren kontra. Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Skateboardinga Naia Laso zazpigarren izan da park modalitatean, eta diploma olinpikoa lortu du. 15 urte besterik ez ditu, eta lehen aldiz aritu da Olinpiar Jokoetan. Sailkatzeko proban, zazpigarren izan da, 82.49ko punturekin, eta, finalean, postu berean bukatu du, baina lan hobea eginda: 86.28 puntu lortu ditu. Atletismoa Bigarren aukeran ez du huts egin Asier Martinezek. Sailkatzeko lehen probetan ez zuen lortu 110 metro hesidunetako finalerdietarako txartela. Gaur, ordea, bigarren aukeran, bai. Lehen txandan aritu da. Ez du irteera ona egin, baina amaierarako buelta eman dio, eta bigarren lekuan iritsi da helmugara. Freddie Crittenden estatubatuarra baino ez du izan aurretik; dominak irabazteko hautagaietako bat da hura. Berak egin du gaurko txandetako denborarik onena. Crittenden zein Martinez bihar arituko dira finalerdietan (19:05). Nafarrak sailkatzea lortuko balu, ostegunean lehiatuko luke finala. Bestetik, John Cabangek ezin izan du bigarren aukeran aritu. Sare sozialetan argitu duenez, lesionatuta dago, eta horregatik, ez du parte hartu bere txandan. Luzera jauzian ere sailkatzeko probak egin dituzte gaur. Bertan aritu da Tessy Ebosele gasteiztarra, baina ez du lortu aurrera egitea. 6.09 metroko jauziarekin, azken lekuan geratu da bere multzoan. 6.02 metrokoa egin du lehen jauzia, bigarrena baliogabea izan da eta hirugarren aukeran egin du jauzirik luzeena. Halere, ez da nahikoa izan eta amaitu dira Eboselerentzat Parisko Olinpiar Jokoak. Finalerdietara sailkatu diren guztiek 6.59 metrotik gorako jauzia egin dute; horietatik hiruk 6.80 baino luzeagoa. Futbola Espainiak 4-2 galdu du finalerdietan Brasilen aurka. Irene Paredesek lehen 50 minutuak jokatu ditu, eta hark sartu du lehen gola, bere atean. Oihane Hernandez, berriz, bigarren zatiaren hasieran zelairatu da. Lucia Garcia, ordea, aulkian geratu da. Elene Lete, aldiz, ez da sartu deialdian. Espainiak hirugarren eta posturako partida jokatuko du ostiralean, Alemaniaren aurka, 15:00etan. Irabazleak brontzezko domina lortuko du. AEBek eta Brasilek jokatuko dute finala, larunbatean, 17:00etan. Belar hockeya Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga ez dira finalean arituko. Herbehereen aurka 4 eta 0 galdu dute finalerdietako partida. Aurrez ere herbeheretarrek garaitua zuten Espainiako selekzioa. Joan den ostiralean, multzokako faseko partidan, 5 eta 3 nagusitu ziren. Bada, gaur, emaitza are argiagoa izan da. Basterrak eta Villalongak brontzezko domina lortzeko aukera dute oraindik. Ostegunean jokatuko dute partida, Indiaren aurka, 14:00etan. Alemaniak eta Herbehereek 19:00etan jokatuko dute finala.




