Donostiarrak denboraldiko bigarren garaipena lortu du, Getarian
Helmugako argazkiak argitu behar izan ditu zalantzak: Donostiarra gailendu da Eusko Label Ligako hemezortzigarren jardunaldian, Getarian (Gipuzkoa) jokatu den estropadan. Pare parean helmugaratu dira Urdaibai eta biak, eta azkenean epaileek donostiarrei eman diete garaipena, zortzi ehunenekogatik. Zer ospatua, ordea, bi taldeek izan dute. Bandera Donostiarrak astindu du, bai, baina bermeotarrek gaur ziurtatu dute, matematikoki, ligako txapeldunak direla. Horretarako nahikoa zuten Zierbenaren aurretik amaitzearekin. Denboraldian zehar ez du aurkaririk izan Urdaibaik; hamabi bandera lortu ditu, eta bi jardunaldiren faltan ziurtatu du titulua. Azken estropadak, gainera, probak egiteko baliatzen ari da Iker Zabala prestatzailea, Kontxako Banderara begira. Azken jardunaldietan, ordea, indartsu dagoela erakusten ari da Donostiarra. Sasoi betean heldu dira denboraldi amaierara Igor Makazagaren mutilak. Gaurko estropada eremutik gertu, haiek irabazi zuten Zarauzko Ikurrina preziatua ere. Ez da ahaztu behar ligako bigarren postuan sendo dagoen Zierbena ere. Urdaibaik izerdia bota beharko du Donostian ere arraunak altxa nahi baditu. Donostiarraren trainerua ikurrinarekin, gaur, Getarian. JON URBE / FOKU Getarian, Zierbena izan da lehen ziabogara heltzen azkarrena. Bigarren luzean aurrea hartu diote Urdaibaik eta Donostiarrak, eta azkenean horiek izan dira bandera irabazteko lehian jardun direnak. Hirugarren ziabogan segundo bateko errenta zuen Bou Bizkaiak, horri eustea lortu du azken luze ia osoan, baina azken metroetan, olatuak baliatuta, aurrea hartu du Torrekua II-k. Zierbena izan da hirugarren, eta bigarren txandako garaile Orio laugarren. Horiek Hondarribiari aurrea hartu diote sailkapen nagusian, eta laugarren dira orain, bi puntuko tartearekin. Atzo loria dastatu zuen eta gaurn etxean aritu den Getariak zortzigarren amaitu du. Denboraldiko estropadarik garrantzitsuenaren txanda izango da orain: datozen bi asteetan Donostiako badiara begira izango dira arraunzaleak. Ligako azken bi jardunaldiak irailaren 14an eta 15ean jokatuko dituzte Bermeon eta Portugalete (Bizkaia), hurrenez hurren.
