Aintzane Pujana 32 urteko emakume donostiarra zena legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izana leporatu dieten bi herritarren aurkako epaiketaren emaitza jakinarazi du zinpeko epaimahaiak: akusatu biak erruduntzat jo ditu. 11 gizon eta emakumek osatu dute epaimahaia, eta horien eginkizuna izan da erabakitzea akusatuei leporatu zaizkien delituak frogatu dituzten ala ez. Atzo eguerdian elkartu ziren, eta gaur arte iraun du deliberazioa hartzeko hausnarketak. Fiskalaren tesiarekin bat egin du epaimahaiak, eta erruduntzat jo ditu bi akusatuak. Aho batez hartu dute erabakia epaimahaiko sei gizonek eta bost emakumeek, eta gaur iluntzean jakinarazi dute erabaki hori. 2021eko urtarrilaren hasieran jazo zen gertaera beltza, akusatuek 24 eta 23 urte zituztenean. Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira bi akusatuak; urtarrilaren 12an atxilotu zituzten, eta Azpeitiko instrukzio epaitegiak prebentziozko espetxeratzea ebatzi zuen bientzako, hilabete hartako 15ean. Orduan egindako ikerketaren arabera, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Gorpua, baina, hilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan. Urola ibaiaren ertzean garbiketa egiten ari ziren langile batzuek topatu zuten. Hala ere, biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta Polizia biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritu zen orduz geroztik. Gorpuari autopsia egin zioten Donostian, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan. Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu zuen epaiketa hasi zenean, aurtengo irailaren 26an, Pujana hiltzeagatik; bost urteko kartzela zigorra, emakumea legez kanpo atxikitzeagatik; eta hiru urte eta sei hilabetekoa, hura sexualki esplotatzeagatik. Lehenbiziko aldia izan da Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen duena. Eta epaimahaiak bide eman dio zigor hori gauzatu dezan epaileak, gizonari dagokionez. Hilketaren bi errudun Izan ere, epaiketa amaiera aldera, Pujana legez kanpo atxikitzea eta hura sexualki esplotatzea gizonari soilik egotzi dio fiskaltzak, eta hilketaren egilekide gisa aurkeztu ditu biak. Horrek zigor eskaeran eragin du, emaztekiari dagokionez; hark ospitale psikiatriko batean egon beharko duela eskatu du, gehienez ere hogei urtez, eta, hori bete ostean, hamar urteko kartzela zigorra betetzea eskatu du. Aldi horri orain kartzelan eman dituen urteak eta ospitalean emanen dituenak kenduko zaizkiola ere zehaztu du fiskaltzak. Epaimahaiak deliberatu du epailearen azken epaian hamar urteko kartzela zigorra gauzatu dezan. «Hilketa krudela izan zen, bistan da», esan dute. Eta erantsi dute ez dela frogatu emakumea «beldur gaindiezinagatik aritu zela». Horiek horrela, epaimahaiak hilketaren erruduntzat jo ditu biak, nahiz eta bietako batek gauzatu zuen heriotza. Emakumearen defentsak behin betiko ondorioetan gogoratu zuen «nahasmendu larria» duela, eta «okerrera» egin duela droga kontsumitzeagatik. Fiskalak eskatutako zigorrarekin bat egin zuen. Beste akusatuaren defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen harentzat. Epaiketaren azken saioan, akusatu horrek epaimahairi hitz egin zion, eta eskatu gertatutakoari «logika» aurkitzeko.
«Segurtasun arazorik izan ez dadin», Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak kalean bizi diren bizilagunei prestatzen dizkien otorduak debekatuko ditu Donostiako Udalak. Hala jakinarazi die Udaltzaingoak Egia auzoan behar horretan jarduten direnei, eta informazioa berretsi du Irutxuloko Hitza-k. Abisua ahoz eman die Udaltzaingoak. Poliziek paper bat zuten eskuetan, baina ez diete KASeko kideei eman nahi izan. Azaldu dieten bakarra da ez dutela afari solidarioak emateko baimenik, eta bihartik aurrera debekatua izango dutela hori egitea. «Gaur bai, ordea». KASeko kideek Irutxuloko Hitza-ri adierazi diotenez, lau urte daramate afariak ematen, era Donostiako Udala jakitun zen —besteak beste, haiekin bildu izan direlako—. Horregatik uste dute udalak «baimen tazitua» emana zuela. Bihar 18:00etan prentsaurrekoa egingo dute KASekoek Egian. Astelehenean, afariak partitzen dituzten leku berean, Egia auzoan, elkarretaratze bat egin zuten herritar batzuek, «segurtasun» eske, eta PPko zinegotziek parte hartu zuten. Are, Irutxuloko Hitza-k zabaldutako bideo batean, PPko zinegotzietako bat ageri da protestaren lehen lerroan, afariak ematen dituen kolektiboko kideren bati errieta egiten. [articles:2129101] Migratzaileak dira afariak banatzen dizkietenetako asko. Egian elkartzeko deialdi anonimo bat zabaldu zen aurreko egunetan, sare sozialetan, gaztelaniaz, «segurtasun» eske. Sare sozialetako kontu horietatik kalean bizi diren magrebtarren kontrako kanpainak hauspotzen ari dira azken hilabeteetan. Irutxuloko Hitza-k gogora ekarri duenez, bestalde, Donostiako Alderdi Popularrak iazko azaroan eskatu zuen afari solidarioak debekatzeko; bakarrik gelditu zen osoko bilkurako bozketan. Orain, ordea, udalak jaramon egin diola dirudi. Astelehenean, bi aldekoen artean tentsio handia sortu zen, eta ertzainak sartu ziren bi taldeak bereiztera. KASeko kideei «oxala zu ere uzkitik bortxatzea», «joan zaitezte popatik hartzera», eta halako irainak egin zizkieten; KASekoen aldean zegoen norbaitek «arrazista zikinak» oihu egin zien, eta orduan ertzainak harengana joan ziren. Hiru gazte atxiki zituzten lurrean, baina ez zituzten atxilotu. Gaur jakinarazi dute guztira sei identifikatu zituztela; lau desordena publikoak eragiteagatik, eta bi Poliziaren jarduna oztopatzeagatik. Migratzaileen kontrako sare sozial horietan iragarri dute astelehenero egingo dituztela elkarretaratzeak, KASek afariak banatzen dituen ordu eta leku berean. Asteleheneko gertakarien ondotik, KASek ohar bat zabaldu du, eta argi utzi du afariak banatzen segitzeko asmoa duela. Han, euren jarduna azaltzeaz gain, elkarretaratzea deitu zutenek eurak desagerrarazi nahi dituztela salatu dute, eta segurtasuna faltaren ardura eurei egotzi izana ere gaitzetsi dute. Etorkinak kanpora Donostiako 35 eragilek joan den abuztuaren 7an ohartarazi zuten jarrera arrazistak gora egiten ari direla Donostian. «Martutene auzoko bizilagun batzuek etorkinak jipoitzeko taldeak sortu dituzte», azaldu zuten orduan: «Segurtasun pribatuko langileek, udaltzainek zein ertzainek modu arbitrario bezain sistematikoan etorkinak jipoitu eta identifikatzen dituzte, eta lapurreta egiten diete; zenbait komertziotan sartzeko betoak orokortu dira; margoketa faxistak ikusten dira hiriko hainbat txokotan; eta Telegram eta Instagram sare sozialetako zenbait kontu pertsona arrazializatuen aurpegiak argitaratzen ari dira, biolentziarako deiak eginez». Donostian bakarrik ez, inguruko herri batzuetan ere agertu dira migratzaileen aurkako mezuak: irail bukaeran, esaterako, Etorkinak kanpora idatzita eta lauburu batzuk margotuta zituzten pankarta batzuk agertu ziren Hernanin.
Euskararen aurkako oldarraldi judizialak ez du etenik. Oraingoan, Donostiako epaitegi batek ebatzi du Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak «neurriz kanpokoak» direla. Bi langilek salatu dute erakundea, oinarrizko eskubideen urraketa argudiatuta; epaileak arrazoia eman die, eta 2022an Kabiak onartutako 54 zaintzaile egonkortzeko deialdia bertan behera utzi du. Erakundeak kudeatzen dituen hamasei egoitzetako gehienetan B2 maila beharrezkoa da zaintzaileendako, baina badira B1 maila eskatzen dutenak ere. Eskakizun horiek 49 lanpostutan eskatu dituzte, eta, epailearen arabera, euskararen normalizazioa «maximizatzeko» nahiak langileen eskubideak urratu ditu, eta azaldu du euskara «gehiegi» baloratzen dela postu batzuetan. «Euskaraz dakiten eta gazteleraz dakiten langileen arteko aldea handia da». Epaileak dioenez, euskara eskakizunek enplegu publikorako sarbidea mugatu egin die bi langileei: «Langileek erakundeak deitutakoen artean 34 postu hartzeko aukera zuten, baina euskara eskakizunek 2ra murriztu dute aukera hori». Halaber, Aldundiak euskararen «halabeharrez bete beharreko» indizea Kabiarako lanpostuen deialdian kontuan hartu izana gaitzetsi du. Izan ere, indize hori gradualki aplikatu beharrekoa dela azaldu du epaileak, eta azpimarratu du lan deialdian euskara eskatzea ez dela hizkuntza horren normalizazioa lortzeko modu bakarra: «Mugikortasunarekin, lekualdatzeekin edota formakuntzak eskainiz ere lortu daiteke hori». Epaileak ere berretsi du ez dela zilegia langile guztiei hizkuntza eskakizun berdinak jarri eta euskalduntzearen indize esponentzialarekin alderatzea, horrek ez baitu bermatuko, epailearen arabera, aukera berdintasuna. «Administrazio publikoak ezin du euskara normalizatzeko helburua halako deialdi batean aplikatu, deitu dituen lanpostuen %94a euskaraz dakitenei esleituz». Halaber, esan du Gipuzkoako euskal hiztunen kopurua ez dela euskara eskatzen duten postuekiko proportzionala. Epaia ez da behin betikoa, eta helegiteak jartzeko aukera egonen da. Gipuzkoako Aldundia epaia aztertzen ari da. Kabia erakundea Gipuzkoako Aldundiaren organismo autonomoa da Kabia, eta 2014an sortu zuten, udalen esku dauden zahar etxeak diputazioaren eskuetara igortzeko xedez. Proiektu hori, ordea, erreferentea izan da, hizkuntza berdintasunaren ikuspegia txertatu duelako bere jardunean, euskaraz lan egiteko eta hala artatuak izateko abagunea bermatuz.
Bost urte baino ez dira, bost hamarkadatik gorako ibilbide artistikoan. Mutur bat baino ez. Hasierako muturra, zehazki. Baina, hain zuzen ere, mutur horretan ditu zutarriak Juan Luis Goenaga artistaren lanak (Donostia 1950-Madril, 2024). Madril, Erroma, Bartzelona eta Paris gurutzatu zituen bi urteko prestakuntza ibilbide baten ostean, 1969an heldu zen Goenaga Alkizako bere estudio-etxera (Gipuzkoa), eta buru-belarri sartu zen bertan bere esplorazio artistikoan. Naturan murgilduta. Jose Miguel Barandiaran ikerlariaren mundu sinboliko eta mitologikoak elikatuta. Land art piezekin esperimentatzen. Egiten zebilena inon erakusteko behar handirik gabe, eta, halere, munduan punta-puntan zebiltzan sortzaileen sintonia berean. Artistak 20 urte inguru zituenean egindako lehen lan haien indar sortzaile hori guztia bildu nahi izan du Bilboko Arte Ederren Museoak Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketan. Sasoi hartan sortutako 74 argazki eta margolan ez ezik, hogeitik gora dokumentu ere batu dituzte horretarako, eta eraikin zaharreko bost aretotan jarri dituzte ikusgai. 2025eko otsailaren 16ra arte egongo dira ikusgai. [articles:2129327] Mikel Lertxundi Galiana arte historialariak egin du erakusketako bilketa eta komisario lana, eta, azaldu duenez, hamar urte eman ditu horretarako lanean. Artistarekin eskuz esku egin du bide horren parterik handiena adituak, baina Goenaga abuztuan hil zen, eta hura gabe egin behar izan dute erakusketaren aurkezpena azkenean. Lana amaitu izanaren poza lagunaren galeraren tristurarekin nahasi zaiola azaldu du horregatik komisarioak. «Ezohikoa da Goenagak erakusten duen heldutasuna; 22, 23 eta 24 urterekin, Juan Luis jadanik Goenaga da. Ez da oraindik ere beste erreferentzia bila dabilen artista bat»MIKEL LERTXUNDI GALIANA Arte historialari eta komisarioa Lertxundik aspalditik zuen Alkizan kokatutako erakusketa antolatzeko asmoa. Azaldu duenez, Goenagaren formazioan garrantzi handikoa baita espazio hori. «Orainaldia eta iragana oso estu batzen zituen leku bat zen hura», azaldu du. Eta artistak bertan topatu zituen bere nortasun artistikoa eraikiko zuten elementu nagusiak. «Ezohikoa da Goenagak erakusten duen heldutasuna; 22, 23 eta 24 urterekin, Juan Luis jadanik Goenaga da. Ez da oraindik ere beste erreferentzia bila dabilen artista bat. Bera da». ‘Land art’-aren aitzindari Nagusiki pintore modura egindako lanengatik da ezaguna Goenaga, baina bestelako Goenaga bat topatuko du bisitariak erakusketako lehen aretoan. Alkiza inguruan egindako txangoetan sortutako esku hartze efimeroak erakusten dituzten argazkiak zintzilikatu dituzte bertan. Eta, Lertxundik nabarmendu duenez, land art izeneko esparruan aitzindari bihurtzen dute lan horiek Goenaga. Tartean, badira artistak cromlech bat irudikatzeko sortutako formazio batzuk, esaterako. Edo mendi bide baten bazterrean pilatutako harri multzoak. Edo sokak erabiliz lurrean markatutako lerro zuzenak. Edo neurriaren arabera antolatutako egur puskak. Edo elkarri sokekin lotutako haitz arrailduak ere. Eta haiekin batera, artistak ekintza horiek guztiak dokumentatzeko sortutako argazki albuma ere ikusi ahalko du bisitariak aretoaren erdian jarritako bitrinan. Zeruan zintzilik dirudien makila bat erakusten du haietako batek, kasurako, eta artistak irudiarekin batera txertatutako testuak jartzen dio mugimendua gero: «Jeixten ari da». «Alkizan egon zen lehen hiru urteetan, berak ez zituen artelanak erakutsi. Gorde egin zituen. Sari bat eman zioten 1972an, eta ordutik aurrera soilik hasten da lanak erakusten»MIKEL LERTXUNDI GALIANA Arte historialari eta komisarioa Aurrez ere, Goenagari buruzko liburu mardul bat ere eman zuen argitara Lertxundik, 2018an, eta berak antolatu zuen Donostiako Kubo aretoan sortzaileari eskainitako atzera begirako zabala ere, 2020an. Goenagaren bost hamarkadako ibilbide artistikoa erakusten zuen erakusketa hark, eta baziren 70eko hamarkada hasierako lan batzuk ere tartean. Baina ez gehiegi ere. Lertxundik azaldu duenez, Bilboko Arte Ederren Museorako pentsatutako sasoi hari buruzko erakusketa espezifikorako gorde nahi izan zituelako pieza horiek. Komisarioa beldur zen, hasierako pieza horiek Donostiako erakusketa handi hartan txertatuz gero, ikusleak ez ote zituen «anekdotikotzat» joko, eta horregatik bildu ditu orain. «Nahiago nuen proposamen hauen nondik norakoak ondo uler zitezen». Emakume bat, Juan Luis Goenagaren koadro bati begira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Bakartu konektatua Maiz artista bakartutzat jo izan da Goenaga, sorkuntza lantzeko hartu zuen bide bakartiaren eta hitzaldi publikoekiko zuen errezeloaren kausaz, baina horrekin kontraste argia eginez, sortzaileak nazioartean egiten zen artearekin zuen «sinkronia» nabarmendu du Lertxundik behin baino gehiagotan. «Berak 70eko hamarkadan egiten duen horixe bera egiten ari dira Ingalaterran, AEBetan, Frantzian edo Herbehereetan». Lertxundik Jean Le Gac eta Jean Dibbets argazkilariak aipatu ditu Goenagaren erreferentzien artean, bai eta Richard Long eta Hamish Fulton land art artistak ere. Zehaztu duenez, ordea, formala da Goenagak haiekin duen antzekotasuna. Antton Elizegi argazkilaria lehengusua zuela ere gogoratu du Lertxundik, eta, aipatu duenez, elkarrekin egiten zituzten maiz mendi ibilbideak. Baina historialariak argitu duenez, gainerakoan, bakarrik egin zuen bere bilaketa Goenagak. Eta bada beste datu esanguratsu bat: «Alkizan egon zen lehen hiru urteetan, berak ez zituen artelanak erakutsi. Gorde egin zituen. Sari bat eman zioten 1972an, eta ordutik aurrera soilik hasten da lanak erakusten». Artistaren iturri literarioak ere izan ditu gogoan Lertxundik. Azaldu duenez, bereziki garrantzitsuak izan zitzaizkion Jose Migel Barandiaranen ikerketak, Pio Barojaren zein Edgar Alan Poeren literatura, bai eta Howard Phillips Lovecraften kontakizunak ere. Pinturara itzultzea Hasierako aretoan izan ezik, edonola ere, pintura da nagusi Bilboko erakusketan. Lertxundik gogora ekarri duenez, argazkigintzaren eta landa ekintzen ostean, 1973tik aurrera, pixkanaka joan baitzen artista berriz ere pinturara gerturatzen. Eta bilakaera horren eta bertan egindako garapenaren lekukotza ere biltzen du erakusketak horregatik. Bertan dira, besteak beste, Itzal euriak izeneko margolan abstraktu ikusgarriak, bai eta Belarrak, Sustraiak zein Esmalteak margolan serieetako piezak ere. Zuri-beltzetik gertu hasieran, eta gero eta kolore gehiagorekin ondoren. Mikel Lertxundi arte historialari eta komisarioa, Juan Luis Goenagaren koadro baten aurrean. LUIS TEJIDO / EFE Lehenagotik dator Bilboko Arte Ederren Museoaren eta Goenagaren arteko harremana. 2022an, esaterako, Dedikazio artistikoaren Xabier Saenz de Gorbea saria eman zion erakundeak artistari, eta orduan izandako solasaldia hartu du gogoan Miguel Zugaza museoko zuzendariak. Bere ustetan bere lanik «borobilena» zein ote zen galdetu zion Zugazak. «Galdera absurdo xamarra izaten da hori beti», onartu du zuzendariak, «baina are absurdoagoa milaka eta milaka margolan egin dituen artista batekin ari bazara». Baina, Zugazak azaldu duenez, berehalakoan eman zion erantzuna Goenagak. 1975ean margotutako Abstrakzioak grisetan hautatu zuen artistak, eta, hain zuzen ere, lan horrek ixten du orain zabaldu berri duten erakusketa. Zugazaren ustez, lan hura aipatuz, lan horrekin bere formazio bide propioa burututzat ematen zuela adierazi nahi izan ziolako artistak. Erakusketaren aitzakian, liburuxka formatuko argitalpen bat ere kaleratu du museoak orain, Mikel Lertxundiren testu batekin, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, eta katalogo sendoago bat ere badu bidean. Hura ere hiru hizkuntza horietan egongo da, eta Lertxundiren testu bat ez ezik, Joseba Zulaikak idatzitako beste bat ere izango du. Museoko arduradunek Durangoko Azokarako nahi dute kalean. Adanen nondik norakoentzako marrazkiak Joseba Zulaika idazleak 1975ean eman zuen argitara bere lehen liburua: Adanen poema amaigabea. Ordura arte euskal literaturan nagusitzen ari ziren joeretatik aldenduta, lehen gizakiaren sentimendu eta sentsazio elementalak deskribatu zituen bertan, eta idazkera oso behatzaile bat baliatu zuen horretarako. Kriseilu argitaletxeak eman zuen argitara lana, eta Joxe Azurmendiren hitzaurrea ez ezik, Goenagaren margolan abstraktu sorta bat ere bazuen argitalpenak; horregatik jarri dute ikusgai Bilboko erakusketan. Goenagaren lanak bestelako sorkuntza lanekin zuen sinkronizazioaren froga bat gehiago da. Lertxundik azaldu duenez, Alkizak batu zituelako Zulaika eta Goenaga. «1974an elkarrekin egon ziren bizitzen Alkizan, hilabete batez gutxi gorabehera, eta Juan Luisek [Goenagak] orduan egin zituen [Zulaikaren] liburua ilustratzeko marrazki horiek».
Pasang Temba (Ghat, Solo Khumbu, Nepal, 1950) xerpa da euskal mendizaletasunaren historiako argazki esanguratsuenaren protagonista: Martin Zabaletak 1980ko maiatzaren 14an Everest gailurrean ateratako argazkian bera ageri da ikurrinarekin. Zabaletak hainbat
Zurian beltz jarri dute jakina zena: La Pau enpresak uko egin die Osakidetzarekin dituen kontratuei, eta, hortaz, aurrerantzean ez du kudeatuko Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzua. Atzo heldu zen lehen baieztapen ofiziala, Lorea Bilbao Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuordeak onartu baitzuen Kataluniako enpresak ez duela kontratuari eusteko asmorik, eta horren berri emana ziola Eusko Jaurlaritzari, administrazioarekin eginiko azken bileretan. Gaur, berriz, kontratuen eteteari buruzko xehetasunak eman dituzte. Eusko Jaurlaritzak ohar bidez adierazi duenez, Osasun Sailak eta La Pau enpresak akordioa sinatu dute, zerbitzua «era ordenatuan» bukatzeko, azaroaren 30a baino lehen. Edonola ere, Jaurlaritzak argi utzi nahi izan du anbulantzien zerbitzua «bermatua» egonen dela une oro, etenik gabe. Hori bermatu ahal izateko, behin-behineko kontratua eginen diote beste enpresa bati, osasun garraioari segida eman diezaion. «Erabaki honen bidez, Osasun Sailak lehentasuna eman die bai pazienteei bai enpresen langileei eta, nola ez, baita batzuek eta besteek dituzten eskubideei ere», gaineratu du Jaurlaritzak. https://www.berria.eus/euskal-herria/eusko-jaurlaritzak-baieztatu-du-pau-enpresak-uko-egin-nahi-diela-osakidetzarekin-dituen-kontratuei_2132324_102.html Erabakia «adostua» izan dela berretsi du Osasun Sailak, «aukera guztiak aztertu ostean». Bilbao sailburuordeak eta La Pau enpresako ordezkariek bilera egin dute gaur Gasteizen, eta horren ostean iragarri dute akordioa. «Hau da konponbide egokiena», laburbildu dute. Arazoak eta salaketak La Pau Kataluniako enpresak Arabako eta Bizkaiko anbulantziak kudeatzen ditu 2020. urteaz geroztik, bai larrialdietakoak, bai programatutakoak, eta urte hauetan guztietan makina bat gatazka izan ditu. Langileen lan baldintza kaskarrekin eta osasun zerbitzu desegokiarekin zerikusia duten salaketak pilatu zaizkio enpresari: atzerapenak nominen ordainketan, langile nahikorik ez izatea, anbulantzietan material eskasa egotea… Sindikatuek gogor jo dute La Pauren kontra, «hutsegite oso larriak» argudiatuta, eta nahiz eta Lan Ikuskaritzak behin baino gehiagotan zigortu izan duen, Jaurlaritzak ez du kontraturik eten. Are, salaketa eta isunak gorabehera, berriro esleitu zion enpresari anbulantzien kontratua. Larrialdietako kontratua 147 milioi eurotan adjudikatu zion, eta programatutakoa, 135 milioitan.