Euskal Zinemaren Gala, euskal izarren gaua
Euskal izarrei eskainitako parada izaten da Euskal Zinemaren Gala urtero Zinemaldian, eta aurten ere ez da gutxiagorako izan. Euskal Herriko zinemagintzari aitorpena egiteko asmoz, Viktoria Eugenia antzokia jendez bete da. Leire Martinez La oreja de Van Gogh taldeko abeslariaren eta Gorka Aginagalde aktorearen esku geratu dira aurkezle lanak. Bestalde, gala girotzeaz Izaro abeslaria, Alos Quartet taldea eta Amaia Elizaran dantzaria ere arduratu dira. Duela hilabete inguru eman zuten jaialdiaren antolatzaileek albistearen berri, eta iritsi da egun handia Elena Iruretarentzat. Zinemira saria jaso du, bere ibilbidearen aitortza gisa. Baina Irureta ez da saritu bakarra izan. Edurne Azkaratek Bultzada saria jaso du Irati filmean egindako lanarengatik —Euskal Aktoreen Batasunak ematen du—. Hain zuzen, film horrek erdietsi du euskal film arrakastatsuenaren garaikurra, Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearen eskutik. Gidoigile onenaren saria ere banatu da, eta Michel Gaztanbideri eta Victor Erizeri eman diote. EITBk ere izan du bere saria, Egile Berriak izena duena, Victor Iriarterentzat izan da.




