EHUko irakasle batek sare sozialetan zabaldutako mezu «arrazistak, klasistak, matxistak eta misoginoak» salatzeko protesta bat egin dute gaur Leioan (Bizkaia), Zuzenbide Fakultatean, eta unibertsitateko buruei eskatu diete «berehalakoan» kaleratzeko unibertsitatetik. Zuzenbide Fakultateko ikasle asanbladak elkarretaratzerako deia egina zuen gaurko, 11:00etan, eta Ernaik eta Ikasle Abertzaleak taldeak babestu dute. Jendetsua izan da. EHUko segurtasun langileek lagunduta atera behar izan zuen lehengo astean irakasle horrek berak ikasgelatik; izan ere, sare sozialetan idatziak zituen mezuek asaldaturik, ikasle talde batek protesta egin zuen haren aurka. Elkarretaratzean, ikasleek onartu dute egindako «presioari esker» utzi behar izan zuela irakasleak bertan behera bere eskola ordua: «Campusetik irtetera behartu genuen». Defendatu egin dute jokabidea: «Izan ere, unibertsitateak arrazoizko eta garapen askerako espazioa izan behar du, eta inondik inora ere ezin ditu onartu kolektibo zaurgarrien aurkako, langile klasearen aurkako edota emakumeen aurkako jarrerak eta ideiak zabaltzen dituzten faxistak». EHUko errektoretzaren jarrera salatu dute. Batetik, ez zaie ondo iruditu hark idatzitako mezuen «jakitun» izan arren irakasleari eskolak ematen utzi izana. Bestetik, ikasleak haserre daude irakasleak unibertsitatean jarraitzen duelako oraindik. EHUk esan du ikertu egingo dituela irakaslearen iruzkinak, eta onartu du akaso irakasleak sare sozialetan idatzitakoa «bateraezina» dela unibertsitatearen kode etikoarekin. Orain arte haren kontra jakinarazi duten neurri bakarra behin-behinekoa da. Bertan behera utzi dituzte irakasle haren aste honetako eskolak: astelehenetan eta ostiraletan ematen ditu, eta asteon, behintzat, ez du eskolarik emango. Hortik aurrerakorik ez dute erabaki oraindik. Baina hori ez da nahikoa gaur protestan batu diren ikasleentzat, eta kritika egin diete unibertsitateko buruei: «Egin dituzten adierazpen bakarrak ikasleon aurkakoak izan dira. Lotsagarria da EHUren hipokrisia: errespetuaz eta tolerantziaz hitz egiten dute faxista bat babesten ari diren heinean». EHUk ostiralean jakinarazi zuen irakaslearen iruzkinak aztertzeko asmoa, prentsa ohar baten bidez. Ohar horretan bertan, ikasleek irakasle horren kontra erakutsi zuten «bortxa» salatu zuen, eta esan zuen portaera «onartezina» izan zela. «Irmo» gaitzetsi zuen gertatutakoa. Ostegunean Joan den ostegunean hasi ziren ikasleen protestak. Ernaiko kide batzuek irakasle horren bulegoko atea margotu zuten. Ernaik jakinarazi zuen ikasturte honetarako «irakasle faxista bat» kontratatu duela EHUk. Gazte mugimendu horrek eman zuen irakasleak idatziriko mezuen berri. Faxismoaren gorakadarekin lotu zuten haren jarrera: «Ez dugu jarrera erreakzionariorik onartuko».
Israelgo armadak Beirut erdialdea bonbardatu du gaur goizaldean. Libanoko hiriburuaren aldirietan egin ditu erasoak azken egunetan, baina hiriaren erdialdea bonbardatu duen lehen aldia da 2006ko gerraz geroztik. Zehazki, gehiengo sunita duen auzo bateko etxebizitza eraikin bati egin dio eraso Israelek. PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteak ohar baten bidez jakinarazi duenez, haien miliziako hiru lider hil dituzte eraso horretan; guztira lau lagun hil dituztela jakinarazi du Libanoko Osasun Ministerioak. Gainera, herrialdearen hegoaldean ere egin ditu bonbardaketak Tel Avivek. Horietako batean Hamasen Libanoko burua hil dute, Hamasek berak baieztatu duenez. Beiruteko Dahieh auzoa behin baino gehiagotan bonbardatu du Israelek azken bi asteetan. Libanoko hiriburuaren hegoaldeko auzo hori Hezbollah talde xiitaren indarguneetako bat da. Bertan hil zuten joan den ostiralean Hezbollahko buru Hassan Nasrallah. Gaur, baina, hiriaren erdiguneraino iritsi da Israelgo armada; Cola izeneko gune jendetsu batetik hurbil egin du bonbardaketa, eraikin bateko zenbait solairu suntsituz. Tel Avivek beste muga bat igaro du gaurko erasoarekin: Libanoren eta Israelen arteko 2006ko gerraz geroztik, lehen aldia da hiriburuko erdialdeari eraso diona. Joan den ostiralean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Erresistentziaren Ardatza izan zuen hizpide NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian; hura egin zuen Ekialde Hurbileko gatazken erantzule. Erresistentziaren Ardatza deritzote Irani eta hark militarki eta ekonomikoki babesten dituen miliziei. Milizia horien artean aipatu zituen Hamas eta Hezbollah, eta bi fronteak —Gazakoa eta Libanokoa— irekita mantentzeko prest agertu zen Israelgo lehen ministroa. Hitzaldia amaitu eta ordu gutxira, Beirut bonbardatu eta Hezbollahko burua hil zuten. Hezbollahren eta Palestinako milizien aurkako erasoez gain, Erresistentziaren Ardatzari beste kolpe bat eman zion atzo Tel Avivek: Yemengo huthien aurka egin zuen eraso Al-Hudaida hiriko portua bonbardatuta. Iazko urrian Israelek Gazako oldarraldia gogortu zuenetik, Israelen aurkako eraso ugari egin dituzte huthiek; gehienak Itsaso Gorrian, Tel Aviv babesten duten herrialdeetako zamaontzien aurka. Sutea Yemengo Al-Hudaida hiriko portuan, atzo Israelgo armadak eraso egin ostean. EFE Gazan, Libanon zein Yemenen borrokatzeko prest dagoela erakutsi du Tel Avivek; eta Iranen eraso baten zain dago haren aurka egiteko. «Ekialde Hurbilean ez dago gunerik zeinetara Israel ezin den iritsi», ohartarazi du gaur Netanyahuk X sare sozialean zabaldutako adierazpenean. Eta ziurtatu du Iran «aske» izango dela «jendeak uste baino lehenago». Hain zuzen, Hezbollahren, Hamasen eta huthien erantzunak eta, batez ere, Teheranek hartzen duen jokabideak baldintzatuko du gatazka noraino hedatzen den. Gaur, Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Nasser Kanaanik, prentsaurreko batean, beste abisu bat eman dio Tel Avivi, baina ez du berehalako erasorik iragarri: «Ez ditugu erantzunik gabe utziko gure interes nazionalak urratzen dituzten erasoak». Ostiralean Beiruten egindako erasoan, Hezbollahko buruaz gainera, Irango Guardia Iraultzaileko jeneral bat ere hil zuen Israelgo armadak. AEB Ameriketako Estatu Batuek, berriz, Teherani ohartarazi diote ezen, egungo egoera «AEBen interesei» kalte egiteko baliatzen badute, Washingtonek defentsarako «beharrezko neurri guztiak» hartuko dituela. Pentagonoak bart zabaldutako oharrean gehitu duenez, AEBek «ahalmen handia» dute oraindik ere Ekialde Hurbilean. Izan ere, CNN hedabideak iturri ofizial bat aipatuta kaleratu duenez, Pentagonoak Iranen eraso bat espero du Nasrallahren hilketari erantzuteko. Horregatik, jakinarazi du AEBak Israelekin «lanean» ari direla eraso posible horren defentsa prestatzeko. Hain justu, gaur iluntzean Israelgo armadak eremu militar izendatu ditu Libanorekin mugan dauden hiru herri, eta, AP albiste agentziak jakinarazi duenez, soldadu israeldarrek sartu-irten bat egin dute Libano hegoaldean, milizia xiitaren «tunel bati» eraso egiteko. Hezbollah, lurreko erasorako prest Hezbollahko idazkariorde nagusi Naim Qassem ere mintzatu da gaur. Telebista bidez eginiko adierazpenetan, ziurtatu du talde xiita prest dagoela Israelen lurreko eraso bati erantzuna emateko. Era berean, jakinarazi du Hezbollahko lider berria «ahalik eta lasterren» izendatuko dutela. Libanoko Gobernuak, ostera, su etena lortu nahian jarraitzen du. Libanoko Berri Agentzia Nazionalak azaldu duenez, aurreko ostegunean AEBek, Europako Batasunak eta beste zenbait herrialdek egindako proposamena martxan jartzeko asmoa azaldu du Najib Mikati Libanoko lehen ministroak. Horretarako, lehen ministroa prest agertu da 2006ko gerra amaitzea eragin zuen NBEren 1701. ebazpena indarrean jarri eta, bakea mantentzeko asmoz, Libanoko armada herrialdearen hegoaldera bidaltzeko. Behin su etena lortuz gero, lehen ministroak esan du presidentea hautatzeko bozketa batera deituko duela parlamentuan. Izan ere, Libanoko presidente kargua hutsik dago 2022ko urritik. bahituen familiek protestan jarraitzen dute Iazko urriaren 7an Hamasek Israelen egindako erasoetan bahitutakoen familiek protesta egiten jarraitzen dute. Gaur, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren etxearen aurrean batu dira, Jerusalemen. Akordio bat egin eta bahituak askatzeko eskatu diote Netanyahuri. Tel Aviven arabera, iazko urrian bahitutako 251 herritarretatik 97 daude oraindik ere Gazan. Bestalde, Israelek uko egin dio preso palestinar baten gorpua bere familiari emateari. Hamasekin negoziatzeko baliagarria izango delakoan hartu zuen erabakia Yoav Gallant Defentsa ministroak eta, gaur, Israelgo Auzitegi Nagusiak berretsi egin du. Presoa apirilean zendu zen minbiziaren eraginez, 38 urte gatibu igaro ostean.
Zuzendaritzak eta enpresa batzordeak bilera egin dute astelehen honetan Euskadiko lantegi handienaren egoera aztertzeko. Aurten, 33 egunez gelditu behar izan dute ekoizpena, malgutasun neurriei helduta, aldi baterako lan-erregulazioa saihesteko.
Errexil sariketa berriko bigarren eta azken kanporaketa iragan zen joan den ostiralean, Urruñan (Lapurdi). Ondorioz, ezagunak dira urriaren 4ko, ostiraleko finalean kantatuko duten bertsolarien izenak: Eneko Lazkoz, Aissa Intxausti, Miren Artetxe, Eneko Abasolo Abarkas, Maddi Sarasua eta Ramuntxo Christy. Gai emaile Aritz Bidegain arituko da. Urruñako Herriko Etxeak lagundu sariketa berria irailaren 20an hasi zuten, eta Eneko Lazkoz nagusitu zen. Ostiraleko bigarren kanporaketan, Aissa Intxausti izan zen garaile. Ostiraleko finala 19:00etan hasiko da, Urruñako Posta gelan. Txapeldunari Errexil bertsolariaren seme Jean Louis Eizmendi Errexil II.ak jantziko dio txapela.
60ko eta 70eko hamarkadetan mutualitateetan kotizatu eta PFEZn gainerako langileen kenkari berberak izan ez zituztenen pentsioetan bidegabe atxikitako dirua da itzuliko dena.
Astearte honetan, hainbat elikagairen BEZa ordaintzeari ekin beharko diogu berriz ere. Ogia, esnea, arrautzak, oliba-olioa, lekaleak eta abar presio altuagoan ordaindu beharko ditugu urte amaiera bitartean, eta are gehiago ordutik aurrera.
Gaur eguerdian sute bat izan da Gasteizko Antonio Machado kaleko etxebizitza batean, eta sei pertsona zauritu dira. Horietako batek, etxebizitza horretan bizi zen bizilagun batek, erredura larriak jasan ditu. Beste lau pertsonak, bi ertzain eta beste bi bizilagun, kea arnastuta artatu dituzte. 13:00etan piztu da sua, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Seigarren pisuan dago etxebizitza, eta sua eta kea beste solairuetara zabaldu da. Eraikinak zortzi solairu ditu eta bizilagunak atera behar izan dituzte.
Igande arratsaldeko lehen orduan borroka bat izan da Barakaldon (Bizkaia), eta pertsona bat hil da. Borroka hainbat pertsonen artean izan da, eta beste bi lagun Gurutzetako ospitalean artatu dituzte. Lehen datuen arabera, suzko armak erabili dituzte borroka horretan, eta Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu, 26, 28 eta 36 urtekoak. 16:20ean izan da borroka, Burtzeña auzoan. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du baztertzen jende gehiago atxilotzea.
Berdindu egin dute, eta partida irabazteko zorian izan dira bai Athletic baita Sevilla ere gaur San Mamesen. Partida ikusta, ordea, argi dago Athletici egin diotela ihes bi puntuk etxean. Lehen gola Bermeotik iritsi da: Unai Gomezen pase bat baliatuta, Jauregizarrek 36. minutuan aurreratu du Athletic. Bigarren zatian abantaila handitzeko aukerak izan dituzten Ernesto Valverderen jokalariek, baina 82. minutuan erabaki da partida. Julen Agirrezabala atezainak gaizki kontrolatu du baloia, eta Sevillako aurrelari bati falta egin dio. Epaileak ez du zalantzarik izan eta txartel gorria atera dio. Agirrezabalaren ordez Padilla zelairatu da, eta ondo aritu bada ere, jokalari bat gehiagorekin arituta, Sevilla suspertu egin da Sevilla, eta luzapenean berdindu du, zorigaiztoko jokaldio batean. Partida irabazteko gol aukera oso garbi bat ere izan du, baina Yurik, Padillak eta zutoinak eragotzi dute Espainiako taldearen garaipena. Athletic: Agirrezabal; De Marcos (Yuri, 71. min.), Paredes, Nuñez, Lekue; Jauregizar, Vesga (Ruiz de Galarreta, 59. min); Nico Williams (Padilla, 85. min.), Unai Gomez (Guruzeta, 59. min.), Berenguer (Canales, 71.min); eta Iñaki Williams. Sevilla: Nyland; Carmona (Pedrosa, 80. min), Bade, Nianzou, Barco (Juanlu Sanchez, 46. min.); Agoume (Navas, 86. min), Gudelj; Lukebakio, Peque (Mejia, 80. min), Ejuke; eta Iheanacho (Suso, 59. min.) . Golak: Jauregizarrek (36. min.), eta Padillak bere atean (93. min.).